Ezin zaie bilakaera aurreikusi
Zefalea edo buruko mina gizakien minen artean modurik arruntenetakoak dira. Gizonezkoen %93k eta emakumezkoen %99k jasan dute gutxienez bizitzan behin, eta lehenbiziko kontsulta medikoen %5en arrazoia dira eta neurologoen kontsultetan maizen azaltzen dena. Eguneroko arazoa den arren, diagnostikoak eta tratamenduak batzuetan arazoak izaten ditu, eta zefalea gehienak historial kliniko osatu baten bitartez baino ezin dira detektatu, hau da, sintomak aztertuz, noiz agertzen diren, zer-nolako maiztasunez, zein faktorek sortzen duten…
Oso sintoma aldakorrak
Zefalea ez da gaixotasuna, sintoma bat da, eta bere ezaugarria da garezur gangaren aldean mina edo sentsazio desatsegina sentitzen dela. Daitekeena da mina jasangarria izatea, amorru txiki bat bezain arina, baina oso gogorra ere izan daiteke, pertsona bat bolada batez ezgaitzerainokoa. Momentu txiki bat iraun dezake, baina baita hainbat ordu eta, are, egun ere; noizean behin agertu, baina baita ia egunero ere. Beraz, oso min aldakorra da eta, hain zuzen ere agertzeko moduaren, kokapenaren, indarraren eta sortzen duten kausen aldakortasun hori dela eta, sailkapen ugari egin izan da ustez hain gauza sinplea den buruko minaren inguruan.
Gehien erabiltzen den sailkapena 1988an Zefalea Aztertzeko nazioarteko Elkarteak egin zuena da, zeinak oro har lau talde handi bereizten dituen: migraina, zefalea tentsionala, sorta moduko zefalea eta hainbat prozesuri lotutako zefaleak, horien artean hanturazkoa, toxikoa, medikamentosoa, tumorala, baskularra… Zefalea kroniko, iraunkor edo errepikakorren artean ohikoenak migrainak eta tentsioko zefaleak dira, gutxi gorabehera zefalea kroniko guztien %90 direlarik.
Migraina edo buruko mina
Antzinatik deskribatua eta k.a. 4.000 urteko sumertar analetan jada aipatua, migraina edo buruko mina oinarri hereditarioa daukan arazo moduan defini daiteke, eta bere ezaugarria buruko minezko episodio errepikakorrak izatea da. Hasieran garezurreko alde batean lekukotzen bada ere, ondoren zabaldu egiten da, eta gauza arrunta da digestioari lotutako seinaleak erakustea, hala nola goragalea edo gonbitoak, baita lur jotze sentsazioa eta ondoez orokorra. Migrainaren oinazea bizia eta pultsuaren araberakoa izan ohi da (kolpeak sentitzen dira kopetan, lokietan, masailezurrean, belarrietan eta begi inguruan). Kasuen %25en, krisiaren 10 edo 30 minutu aurretik, ohikoa da aura agertzea (gorabeherak ikusmenean, hala nola dirdirak, orban beltzak ikus eremuan, sigi-saga itxurako lerroen irudiak, bat-bateko argi biziak, inurridura aurpegian…). Buruko mina biziagotu egiten da burua zakar mugitzean, eztul eta doministiku egitean edo esfortzu fisikoa egitean. Krisiak 4 eta 72 ordu bitarte irauten du.
Emakume gazteengan gehiago
Migrainak bi sexuei erasaten dien arren, ohikoagoa da emakume gazteengan agertzea, eta haurtzaroan ere ager badaiteke ere, eskuarki 10 eta 35 urte bitartean azaleratu ohi da. Erlazioa 5 emakumezkotatik gizonezko bat da. Migraina haurtzaroan edo nerabezaroan hasten da. Migrainak jasaten dituen umeak automobilean zorabiatzeko joera handia dauka, eta kasu batzuetan somnanbulismo krisiak ere deskribatu zaizkio. Migrainaren bilakaerak kronikotasuneranzko joera dauka, zenbait kasutan krisiak desagertu edo lantzean behineko bihurtzen badira ere; beste kasu batzuetan, aldiz, krisiak maizago azaltzen dira, eta egunerokoak ere izan zaitezke. Ez dago ezer gaitzaren bilakaera zein izango den adierazten duenik, eta krisien maiztasuna berezia da pertsona bakoitzaren arabera.
Migrainen tratamendua
Guztien elementu komuna mina baldin bada ere, migrainak oso desberdinak dira pertsona batetik bestera intentsitateari, maiztasunari eta elementu eragileei dagokienez; horren ondorioz, tratamendu pertsonalizatua beharko dute. Hala eta guztiz ere, denentzako gomendio zenbait eman daitezke:
- Bizimodu osasuntsua eraman: loa eta atsedena erregularrak izateaz gainera, ariketa fisiko moderatua komenigarria da. Estresa saihestu egin behar da -edo erlaxazioaren bitartez orekatu-, baina baraualdi luzeegiak ere.
- Elementu eragileak identifikatu eta gero, horiek ahal den neurrian ekidin behar dira.
- Lehen aipatutako elementu eragile dietetikoei dagokienez, ez diete pertsona guztiei eta beti eragiten eta, ondorioz, dietak direla-eta ez da zorrotzegi jokatu behar.
- Krisi larrietan, lagunduko digutelakoan, ez norbere kabuz medikamenturik eta analgesiko gehiegi hartu.
Krisi akutuari aurre egin
Onena gela ilun eta isil batean sartzea da, eta lo egiten saiatzea. Zenbait kasutan hori nahikoa da krisiak alde egin dezan, baina beste batzuetan medikamentuen bidezko tratamendura jo behar da: ergotamina tartratoa, parazetamolarekin eta kodeinarekin nahastuta oso eragingarria izaten da (goragalea eta gonbitoak daudenean supositorio moduan hartu behar da). Triptanak ere oso eraginkorrak dira, serotoninaren hartzaileen gainean eragiten baitute. Baina bai ergotamina, bai triptaneak, hodi uzkurtzaileak dira eta, ondorioz, hipertentsoek eta kardiopatek oso kontu handiz ibiliko beharko dute horien administrazioari buruz, eta beti medikuaren aginduz eta horren kontrolpean hartu beharko dira. Botika zenbat eta lehenago hartu orduan eta eragingarriagoa da eta, horrenbestez, aura agertzen den kasuetan, adibidez, lehendabiziko sintomak agertu eta berehala hartzea komeni da. Krisiak aurrera egin ahala eta prozesu arterialak eta neurokimikoak aurreratuta daudenean, eragina txikiagoa izango da. Goragalea eta gonbitoak izanez gero, horiek kentzeko antiemetikoak hartu beharko dira.
Buruko minaldiak prebenitu
Sakoneko prebentzio tratamendua krisiak oso maiz edota oso biziak izaten direnean prebenitzeko erabiltzen da. Alternatiba ugari dago, bakar bat ere ez baitago kasu guztietan eragingarria denik. Betablokeatzaileak probatu izan dira, kaltzioaren antagonistak, antiserotoninikoak, antidepresibo triziklikoak eta serotoninaren berrartzearen inhibitzaileak, esteroideak ez diren antiinflamatorioak (AINE), antiepileptiko zenbait… Gaur egun flunarizina, amitriptilina eta propanolol erabiltzen dira, eta horiekin emaitza onak lortu izan dira. Oro har hiru eta sei hilabete bitarteko aldian ematen dira, monoterapia gisa. Baina tratamendu farmakologikoa handia baldin bada, zalantzarik ez da bizimodua funtsezko elementua dela. Kirola, erlaxazioa, elikadura osasuntsua eta oreka emozionala, horiek dira migraina kontrolatzeko funtsezko zutabeak.
- Hormona femeninoen eta migrainaren arteko harremana ez dago oso garbi, baina horren susmoa hartzeko arrasto batzuk badaude: emakume askok hilekoarekin eta obulazioarekin krisiak izaten dituzte, eta haurdunaldian, berriz, horiek desagertu egiten dira. Batzuek menopausiaren ondotik jasaten dituzte lehenengo krisiak, eta beste batzuek, berriz, menopausiaren aurretik bazituzten eta ondoren ez dute gehiago jasan behar izan. Ahoz hartzeko antisorgailuek migrainari eta beste zefalea batzuei eragiten dieten ere ez dago oso garbi, baina emakume askok okerrera egiten dute horiek hartzen dituztenean, eta krisiak sarriago agertzen zaizkie eta sakonago.
- Estresa eta antsietatea ere, lan arazoak, etxekoak edo bestelakoak direla kausa, pertsona askorentzat buruko minerako iturri dira.
- Lo falta edo gehiegizko loa ez dira komenigarriak: 7-8 orduz lo egiteak eta ordu berean oheratzeak eta jaikitzeak lagundu egiten dute migraina prebenitzerakoan. Pertsona batzuek jaiegunetan izaten dituzte migrainak, ohean ordu gehiago ematen diren egunetan alegia (asteburuko migraina esaten zaio).
- Alkohola hartzea, batez ere ardo beltza edo cava, oso kaltegarria da buruko mina jasaten duten askorentzat.
- Elikagai zenbait, hala nola txokolatea, arrautzak, jogurta, intxaurrak, babak, arrain keztatua, fruitu garratzak eta, batez ere, glutamato monosodikoa daukaten saltsak (saltsa txinatarra eta beste batzuk), tiramina (gazta hartzitu eta onduetan) eta nitritoak eta nitratoak (kontserbako haragietan, hot dog-etan) krisi sortzaileak izan daitezke, baita baraualdi luzeegia eta horrek dakarren gluzemia jaitsiera ere.
- Eguzkitan denbora gehiegi egotea.
- Tabako gehiegi erretzea.
- Zarata, giro itogarriak, argi, foku eta distirak… horiek ere krisi eragileak izan daitezke.