Hidrogenoa, azkena

Erregai alternatiboak gutxiago kutsatuko duen garraioarentzat

Ingurumen arauen eta petrolioa agortzearen ondorioz, industria energia alternatiboen aldeko aukera egiten hasi da.
1 maiatza de 2003
Img medioambiente listado 211

Erregai alternatiboak gutxiago kutsatuko duen garraioarentzat

Madrilen duela gutxi hidrogenoz elikatutako pila bidez higiarazitako autobusaren estreinaldia beste urrats apal modura uler daiteke gaur egun oraindik utopia den garraio jasangarriaren arorantz. Duen energi efizientzia handia eta bere ekoizpen eta erabileran eguratsa kutsatzen ez duela kontuan hartuta, badirudi hidrogenoa beste erregai batzuk baino alternatiba bideragarriagoa dela, gurea bezalako gizarte batean erregai kutsagarrien kontsumoak eragindako narriadura ekologikoa murrizteko; izan ere gizarte honen osaera ekonomikoak eta erabilera sozialek mugikortasun handiagoa eskatzen dute urtero.

Europan 400 auto daude 1000 biztanleko, eta uste da 2010. urtean proportzio hori 510 autoraino iritsiko dela. Milioi bat litro gasolinaren kontsumoak berekin dakar eguratsera 2,4 milioi kilo dioxido karbono isurtzea. Datu horiek inguruneari eta gizakion osasunari kalte txikiagoa eragingo digun erregaia aurkitzeak duen garrantzia adierazten dute.

Dirudienez, gero eta zorrotzagoak diren ingurumen arauez osatutako inguru legal estuen eta petrolio erreserben agortze geldo baina etengabearen ondorioz, industria erregai fosil konbentzionalez bestelako energia alternatiboak aukeratzen hasi da; horrela, hidrogenoa etorkizuneko aukera horietakoa bilaka daiteke, eta aro horretan planetaren kontsumo energetiko geldiezinak ezin dezake ekarri kutsadura eta ingurumenaren narriadura areagotzea.

Hidrogeno bidezko autobus hori egunero ibiliko da, eta orduan ikusiko da laborategian egindako proba teknikoetan hidrogenoak erregai gisa erakutsi duen bideragarritasuna. Hidrogenoa lurreko eta eguratseko osagai ugariena da eta sutze-maila handia du ezaugarri: oso sukoia da oxigenoarekin nahasten denean.

Erregaizko pilak: nola funtzionatzen dute

Erregaizko pila bateria baten modura funtzionatzen duen gailua da, agortzen eta berriz kargatzen ez den arren, eta erregai baten energia kimikoa energia elektriko erabilgarri bilakatzen du. Erregaizko pila horiek elektrolito batek banandutako bi elektrodoz daude osatuta, eta elektrizitatea sortzen dute baldin eta erregaiz eta oxigenoz hornitzen badira. Hidrogeno hutsa erabil dezakete zuzenean, edo beste edozein erregai (gasolina, metanola, metanoa, hidrogenoa, etanola, gas naturala, gas likidotua, etab.), erreformatzeko barne prozesu baten bidez hidrogeno asko duen gasa lortzea ahalbidetuko duena.

Seriean fabrikatutako hidrogeno bidezko lehen autoa

7 Serieko BMW honen motorrak -12 zilindro ditu eta hidrogeno bidez higiarazten da- 150 kW-ko potentzia dauka, 0tik 100km/orduko azelerazioa 9,6 segundotan, eta bere gehienezko abiadura 226 km/orduko da. 140 litroko tanke kriogenikoari esker, 350 kilometroko irispidea dauka. Horri erantsi behar zaio nafta bidezko elikadura konbentzionala -oraindik hidrogeno bidezko hornikuntza sare osatugabea dela eta-, beti barruan daramana. Motorrak desberdintasun nabarmen bakarra dauka konbentzionalekiko: injekziozko balbula gehigarriak ditu hidrogenoarentzako.


Abantailak

  • Ez du inolako kutsadurarik isurtzen.
  • Auto konbentzionalen pareko prestazioak ditu.
  • Egungo edozein autok baino kontsumo eta mantenimendu txikiagoa du.


Desabantailak

  • Ez du azpiegiturarik hidrogenoa, metanola edo gas naturala hornitzeko.
  • Osagai batzuek fidagarritasuna erakusteke dute.
  • Gastu handia du, izan ere osagai batzuk gutxi ekoizten dira. Gaur egun, erregaizko pila duen auto batek antzeko prestazioak dituen gasolina edo dieselezko batek baino %30 gehiago balio du, gutxi gorabehera.

Erregaizko pilaren teknologiak urrats handiak egin ditu azken urteotan, eta auto fabrikatzaile batzuk hasi dira jada teknologia horrekin entseatzen esperimentuzko autoen propultsioan edo energia alternatibo iturri gisa. Nolanahi ere, prototipo horiek pisuegiak eta garestiegiak dira oraindik, erregaizko pilak handiak, pisuak eta garestiak direlako. Estatu Batuetan, hiru auto fabrikatzaile handienek, konpainia espezializatuen lankidetzaz, erregaizko pila sistema bidezko auto propioak lantzen dituzte.

Beste erregai alternatibo batzuk

Petrolioaren erregai alternatiboa izateko lehen hautagaia da hidrogenoa orain, eta bere garapenak bigarren mailan utzi ditu ibilgailu elektrikoak; baina erregai alternatibo horiekin ez gara ahaztu behar, izan ere emaitza onak eskaintzen dituzte, batez ere hiriko zirkulazio geldoan. Gainera, motor elektrikoa barne erregaizko propultsore txiki batekin konbinatzeko aukera ahalbidetzen dute, errepiderako aproposak eginez. Gas naturala orain dela berrogei urte baino gehiago erabiltzen den erregaia da, baina gordetzeko zailtasunak eta autonomia urriak hiriko garraiora alboratu dute. Beste aukera bat eguzki energia da, baina ibilgailuetan panel handiak jarri beharrak bateraezinak egiten ditu merkatuak auto gero eta arinagoak eta azkarragoak sortzeko duen joerarekin. Beste alternatiba bat etanolak eta metanolak osatzen dute; beren alde arrazoi asko dituzten alkohol bi dira, izan ere likido sukoiak dira, koloregabeak eta toxikotasun txikikoak, oktanaje eta disolbagarritasun handia dute gasolinatan eta, gainera, etanola gasolinari gehitzen zaion aditibo gisa erabiltzen da berau oxigenatzeko, errekuntza arin eta garbiagoa bultzatzen baitu. Zoritxarrez, gaur egungo teknologiak eta bere ekoizpenak eragindako prezio altuak direla eta, erregai horiek konbentzionalak baino askoz garestiagoak dira eta, beraz, ez dute oso etorkizun itxaropentsurik.

Zer egin dezakegun gutxiako kutsatzeko
  • Erabil dezagun garraio publikoa ahal dugun guztietan, gutxiago kutsatzen baitu. Gainera, ia beti norberaren ibilgailua baino merkeago ateratzen da.
  • Erabil dezagun berunik gabeko gasolina. Gas isurien berunak gizakiaren gibela, garuna eta giltzurrunak kaltetzen ditu, eta berotegi efektua eragiten du.
  • Erabil dezagun bizikleta ahal dugun guztietan. Ekologikoagoa da, ez du kutsatzen, oso osasungarria da ariketa fisikoa egitera behartzen gaituelako eta ez du zaratarik ateratzen.
  • Behar bezala puztutako pneumatikoek %5eraino aurrezten dute gasolina kontsumoa. Horrek esan nahi du gastu eta kutsadura gutxiago eragiten dutela.
  • Motorra puntu-puntuan edukitzeak erregaia alferrik xahutzea galarazten du eta gas isuria murrizten du.
  • Autoari olioa aldatzen badiogu, erabilitako olioa ez dezagun errekara, itsasora, bainugela edo komunera bota: olio pote batek 5 kilometroko luzera duen orbana sortzen du eta litro bat oliok edangarria den milioi bat litro ur kutsatzen du.
  • Ez dezagun erre erabilitako olioa: karterrak dituen 5 litro olioren errekuntzak pertsona batek hiru urtean arnasten duen aire kopurua kutsatu dezake. Errekuntzaren bidez dioxinak eta furanoak sortzen dira, eta horiek kutsatzaileak eta kantzerigenoak dira.
  • Gida dezagun neurrizko abiaduran. 90-100 km/orduko abiadura jarraituari eutsiz gero, gasolina kontsumoa eta kutsatzaileen isuria txikiagoa izango da azkarrago gidatzearekin alderatuta.
  • Ez dezagun eraman autoan alferrikako pisurik, eta eduki ditzagun leihatilak itxita. Bi neurri horiek hartuta, erregai gutxiago kontsumitzen da.