Diagnostikoa ezagutzeko ikara
Gure garaia hobekien definitzen duen bereizgarrienetako bat, osasunari dagozkion gaien aurreko sentsibilizazio bizia da: elikadura orekatu eta osasuntsua, kutsadura, alkohola, tabakoa eta bestelako produktu kaltegarrien kontsumoa, ariketa fisikoa egiteko beharra…
Bizimodu osasuntsuaren gaineko kezka sozial hori hiru elementuk, gutxienez sortu dute: lehendabizi, bizi-kalitate hobeaz gozatzeko aukera, batez besteko bizi-itxaropenak luzatzea eta bizimodu konfortagarri eta seguruagoa, besteak beste; horrek guztiak kontserbatzaileago eta zuhurrago bihurtu gaitu. Bigarrenik, osasun-alorreko agintarien heziketa-kanpainak. Hirugarren, hedabideek eginiko lana.
Azken atal horri gagozkiola, aise egiaztatuko dugu egunkari zein aldizkari, Internet zein irratietan (telebista kateez ezin horrelakorik esan, salbuespenak salbuespen) osasun gaiekin loturiko informazioek sekulako protagonismoa hartu duela, gaurkotasunezko albisteetan eta berariazko sekzioetan ez ezik, garrantzi behineneko informazio gisa ere bai.
Gure arbasoen osasunagatiko kezka gaixotasuna agertzean pizten bazen ere, egun herritar askok prebentzioz jokatzea deliberatu dugu, gure kanpo aldeko itxuraz gainera, elikadura eta ongizate emozionalaz ere biziki arduratzen garelarik. Fenomeno sozial horren beste agerpenetako bat, organismoak azalerazten dituen ohiz kanpoko sintomei gizaki askok bideratzen dieten arreta da, medikuntzan esanahirik izan dezaketelakoan. Bere osasuna zaintzean herritarrak ezarritako inplikazioa normal eta mesedegarritzat jotzen dugu egun, bizi-aztura osasuntsuagoen bila bultzatzen gaituztelako eta patologiak garaiz detektatzea, pazientearen osasunean inpaktua arintzen eta gaitzaren kaltegarritasuna urritzen lagungarri gertatzen delako gehien-gehienetan.
Obsesio eta izuan amiltzeko arriskua
Dena ez da mesedetarako, ordea. Osasunari dagozkion informazioen aurrean interesa agertzen duten gehienek ezaguera horiek (bizimodu osasuntsua egiteko lagungarri gertatzen zaizkien heinean) zuzen interpretatzen dituzten arren, pertsona batzuk gaitzekin obsesionatu egiten dira eta, azkenean, zeinahi sintoma halako edo bestelako patologiaren agerpena dela ondorioztatzen dute. Beste zenbait, berriz, gaixotasun larriaren beldur bizi dira, izuturik, balizko sintoma guztien aurrean erneegi. Jokaera horren sorburuan faktore asko bilatu nahi baditugu ere (indarrean dagoen hedonismoa, modek ezarritako gorputz perfektua kosta ahala kosta erdiestea eta larriena: heriotzari bizkarra emanik bizitzea nahiago izan duen gure kultura honetaz gozatzea, nahitaez nozitu beharko dugun bizipen larri horri errealismoz aurre egiteko astirik hartu gabe), osasunaz gehiegizko informazioak, hainbat pertsonari etengabe kezkaturik bizitzea eragin dio; bada, bestetik, erru-sindromearen antzekoa: honen ondorio nagusia, paradoxazkoa bada ere, bizimodua txartzea izaten da. Jende gehientsua osasunaren gaineko informazio-olde hori era mesedegarrian bideratu eta irensteko gauza bada ere, osasunaz arduratzea obsesio bihur daiteke gizaki batzuentzat. Orain ez gara ari hipokondria izeneko gaixotasun psikologiko kronikoaz, gehiegizkoa den arren, erabat funtsik gabekoa ez den (gaitz larrienak izan litezkeen sintomen agerpenarekin loturik dagoen neurrian) izu-mota batez baizik.
Hobe informazio on-ona ez izatea, akaso?
Osasun gaiei buruzko gehiegizko informazio horren eragin kaltegarrienetako bat, pertsona bere buruaren ia-ia sendagile bihurtzea da. Berak dena omen dakienez, bere soluzio-aukera antolatu ahal izango du baina horrek ondorio txarrak ere ekar diezazkioke: automedikaziotik hasita, sintomen okerreko interpretazioraino. Egoeraren gorria agerian jartzeko eman dezagun adibide argigarri bat: entziklopedietara, aldizkari eta egunkarietako informazioetara joz, Interneten kontsultatuz, bere organismoaren agerpen zenbait minbizi-mota batenak izan daitezkeela egiaztatu du pertsona batek. Badaki sendagilearengana joan behar duela, diagnostikoa emateko bidezkoa den azterketa teknikoa egin diezaion baina berariazko informazio hori guztia ezagutzearen erruz antsietate eta izu-egoeran amildu denez, ezinezkoa du orain sendagilearengana joatea. Egunak joan, egunak etorri… azkenean, benetan gaixo balego, gaitza tratatzeko ezinbestekoa den denbora alferrik pasatzen utzi du.
Horrenbeste informazio ez daukan pertsonak, hamaika lukubrazio egin ordez, medikuaren kontsultara joango zen, bere sintomek zer adierazten duten ulertuko ez zukeenez, atzeman bezain laster bidezko den tokira joan da informazio bila: medikuarengana, alegia. Era horretan, erabaki egokia hartu du eta, gainera, informazio hobea zuen lagunak nozitu dituen kezka eta beldurrei, nahi izan gabe ere, saihets egin die.
Diagnostikoa (gaixotasun larri-larrienekin lotutakoa, bereziki) jakitearen aurreko izu-sindromea geroz eta hedatuago dago eta, jakina, kaltegarria da, oso. Hori nozitzen dutenek gainditzen ahalegindu behar dute, beraien oreka psikologikoan ez ezik, azterketa medikoa egitera joatea galarazten dien heinean, osasun orokorrean ere sekulako hondamen sendaezinezkoak ere sor ditzakeelako. Diagnostikoaren beldurra gainditzeko lagungarri gerta daitezke hurrengo ohar eta aholkuak:
- Garaiz eginiko detekzioa eginik, geroagoko terapia eraginkorrago izan daiteke.
- Probak egin eta diagnostikoa jakiteak ez du zerikusirik gaitzaren geroagoko balizko eboluzioarekin. Gaitz hori nozitzen badugu, bere erritmoan bilakatuko da.
- Diagnostiko proba sine sie geroratzen badugu, oso litekeena da posibilitate terapeutikoen eraginkortasuna geroz eta urriago gertatzea eta, gainera, arazoa ez dugu horrela burutik kenduko; beraz, gaixotasunaren, kezka eta beldurraren biktima ere izango gara horrela.
- Horrelako diagnostiko-proba baten aurrean kokapen emozional egokiena zuhurtziazko baikortasuna da, horri esker proba egin bitarteko epean kezka arinago egingo zaigulako eta, horrez gainera, diagnostikoaren emaitza tamalezkoa baldin bada ere, nolabait ere prestaturik egongo gara eta horren errealitate dramatikoari bat-batean aurre egin behar izateko baino adore handiagoz biziko dugu unea.
- Gaixotasun larriekin loturiko azterketa eta diagnostikoek, gehienetan, emaitza lasaigarriak eskaintzen dituzte.
- Izua eta kezka bidazti txarrenak dira: zaputz, petral, goibel eta ezkorrago bihurtzen gaituzte eta horrek guztiak gure (eta gure ingurukoen) bizi kalitatean eragin latzak izaten ditu, azkenean.
- Une latzei -bare edo ahal den moduan- buru egiteak eta arazoak heldutasun eta arduraz onartzeak, pertsona sendoago eta gure aukeretan konfiantza handiagoko bihurtzen gaitu, hau da, gure autoestimua indartzen du.
- Sentitzen den beldurrak, gaindituz gero (are diagnostikoa nahi genukeen bezalakoa ez denean ere) bizitzan bestela kokatzen gaitu, eguneroko lasaitasunaz eta atsegin txikiez bizikiago gozatzeko bidea eta egiaz garrantzia daukanari (ez, ordea, edozeri) aitortzeko parada ematen digu.