Irakurzaletasuna, gurasoen esku
Euren denboraren zati bat letra artean murgilduta emateko eta hegoaldeko itsasoetako abentura liluragarririk bizi izateko ohiturarik gabe hazi daitezke gaur egun neska-mutikoak. Eta bizitzako lehen hamarkadan hartzen du, hain zuzen, pertsonak ohitura hori; hamar urte horietan izaten da irakurtzeko plazera beharrizan onartu eta desiratu gisa eskuratzeko aukera. Pedagogoek diote irakurketaz gozatzen ikasi egiten dela eta, horrenbestez, irakatsi egin daitekeela izan behar da kontuan.
Horretarako funtsezkoa da familia. Irakurtzen gurasoek irakatsi behar diete seme-alabei, beti ere haurraren izaera, motibazioak, zaletasunak eta interesak kontuan izanda. Azken batean, liburuenganako jakin-mina suspertzea da erronka.
Zer egin dezaket nire seme-alabek irakur dezaten?
- Ez behartu irakurtzera. Jarduera guztiek bezala, irakurketak konstantzia behar du ohitura bihurtuko bada. Sekula ez da irakurtzera behartu behar, baina eguneroko kontu bihur daiteke (bihurtu behar du). Aisialdiko zati bihurtzea da kontua, telebista ikustea eta jolas egitea diren bezala. Txiki-txikitan aitak eta amak izango dute zuzenean funtzio hori. Denborarekin zabalduz joango da irakurketari eskaintzen zaion tartea eta haurrek eurek erabakiko dute zenbat, noiz eta non irakurriko duten.
- Liburuak eskura jarri. Jostailuak ez badira ere, liburuek eskura egon behar dute, norbereak zein besterenak. Garrantzitsua da liburuari apalategiak apaindu besterik egiten ez dituen gauza garrantzitsuaren estatus hori kentzea. Are gehiago, haurrak jaiotzen denetik bere liburutegia izatea bultzatu behar da, liburuak, irakurri ondoren, gainditu egiten baitu gauza material hutsaren izaera.
- Liburu dendak bisitatu. Azokak eta erakusketak denbora pasa atsegin bihur daitezke eta haurrak literaturara hurbiltzen lagundu. Hainbeste aukera inguruan izateak ezagunago egiten dio haurrari produktu mota hori eta erakargarritasuna eransten dio. Gainera, gogoko duen izenburua aukera dezan diru kopuru bat ematen bazaio, erosketa-irizpideak garatzen hasiko da eta zein obra erostea merezi duen bereizten hasiko da.
- Eguneroko ohitura. Txikienei gauero ipuin bat irakurtzea eguneroko irakurketa ohitura bihurtuko da, denborarekin.
- Zalantzak argitu. Ulertzen ez diren terminoak elkarrekin bilatu behar dira hiztegian. Hiztegia aberasteko ohitura hartzen da horrela.
- Libururik ez debekatu. Adoleszentziako adin kritikoari bereziki erreparatu behar zaio, oso irakur zaleak diren haur asko galtzen baitira adin horretan. Horretarako erabakigarria izango da aukeratzeko askatasuna izatea. Sekula ez da titulurik debekatu behar. Horren ordez, garrantzitsua da azaltzea zergatik ez den ulertuko irakurtzen dena eta zergatik ez duen merezi denbora galtzeak. Horrela, haurraren espiritu kritikoa esnatzea lortuko da.
- Liburutegiko bazkide izan. Eskura dugun ohitura erraz bat txikitatik seme-alabekin batera liburutegira joatea. Espainiako estatuan 4.519 liburutegi publiko daude, bibliografia gehiago edo gutxiagorekin, baina sartzeko aukera erraza ematen dutenak. Diru kopuru handirik gastatu gabe liburuak eskuratzeko aukera eskaintzen dute. Gainera, liburuak nola aukeratu irakasteko balio dute eta irakurle txikiak erantzukizuna barneratzen hasten dira, maileguan hartutako liburua itzuli egin behar baitute.
- Zaletasunetara egokitu. Edozer gauza bihur daiteke irakurketara hurbiltzeko aitzakia: gaurkotasuneko gai bat, pertsonen efemerideak, atentzioa ematen dieten gertaerak edo oso gustuko izan duten film bat, aukera paregabea dira liburuenganako grina pizteko.
- Irakurketa konpartitu. Seme-alabak handi egiten direnean, gurasook irakurtzen ari garen liburuak eskaintzeko aukera dugu. Adibidez, izango da atsegina Pio Baroja eta Zalakainen abenturak irakurtzea eta gero haren ibilerez hitz eginez tarte atsegin bat pasatzea. Irakurketa elkarrizketa gai erakargarria izango da guraso eta seme-alaben artean.
Adin bakoitzari, bere liburua
Haur eta gazteentzako literatura eskaintza oso aberatsa da. Egunean egotea zaila da eta, batzuetan, haurrek eurek eskatuko dituzte modan jartzen diren izenburu eta bildumak. Izan ere, Editoreen Federazioaren azken datuen arabera, Espainiako estatuan literaturako 18.145 izenburu jarri ziren salgai 1999an eta horietatik erdia baino gehiago haur eta gazteentzakoak ziren.
- Lehen bi urteetan deskubritu, haginka egin eta ukitzeko elementu bat gehiago izango da liburua. Merkatuan badira oihalezko eta plastikozkoak, soinudun eta sentsorialak.
- 2 eta 4 urte artean, liburua liburu bezala bereizten hasiko da haurra. Ikasten ari diren elementuak beste era batera irakasten dutenek izango dute arrakasta: hotza eta beroa, goian eta behean, barruan eta kanpoan… bereizten irakatsiko diote. Errealitate handiak -Eguzkia, Ilargia eta Planetak- azaltzen dituztenak ere gomendagarriak dira.
- 4 urtetik 7ra, bere norbanako identitatea garatzen hasten da haurra. Garai horretan funtsezkoa da irudimena, baina logikaren barruan kontatutako historiak eta amaiera zoriontsua dutenak. Gainera, baloreak bereganatzen hasten dira, adibidez Jannel Cannon-en Verdi obraren bitartez: oihaneko animaliek arrazakeriaren aurkako historia solidarioa kontatzen dute. Zer esanik ez, arrakasta izugarria dute Violeta Denouren Teo pertsonaiaren abenturek. Ipuin literaturan mundu guztian ezaguna den Roald Dahl idazle galestarrak ere idatzi ditu adin honetako haurrentzako moduko ipuinak, besteak beste Cuentos en verso para niños perversos, Errauskiñe, Edurne zuri eta zazpi ipotxak, Txano Gorritxo eta abarren oso bertsio originala.
- 7 urtetik 9ra. Zergatien adina zazpi urterekin hasten da eta bederatzi arte irauten du, gutxienez. Garai horretan guztia da zuria edo beltza: pertsonaia onak oso onak dira eta txarrak oso txarrak, eta irudimen dosi handiak ageri dira leku guztietan. Gloria Fuertes-ek Diccionario estrafalario idatzi zuen. Bernardo Atxagak Xola eta basurdeak, lehen aldiz bizitzako garai honetan irakurtzeko. Michael Ende (La sopera y el cazo eta El secreto de Lena), Eduardo Galeano (Harria sutan), Maite Carranza (Larunbatetan euria debekatua), egileek ere adin honetarako idatzi dute. Eta ezin ahaztu René Goscinny y Sempé-ren Nikolas Txiki, edo Elena Fortúnen Las Aventuras de Celia.
- 9 urtetik 12ra abenturen garaia da, zientzia fikzioarena eta melodramarik gabeko maitasunarena. Horrelaxe hasten dira misterio eta abenturazko eleberrietan sartzen, adin bereko pertsonaia umoretsu, herrikoi eta ausartekin. Adin egokia da fantasma eta sorginekin topo egiteko ere eta beldurrak gainditzeko formula ona da. Etapa hau hasteko onak lirateke Altxor uhartea Roberto L. Stevenson-ena, edo duela hamarkada bat arrakasta bihurtu zena obra, Hitlerek untxe arrosa lapurtu zuenean, Judith Kerr-ena. Eta zer esanik ez, Elvira Lindok sortutako pertsonaia ere agertuko zaigu: Manolito Lau Begi, eta horrekin lehia gogorrean Harry Potter, Joanne K. Rowling idazlearena. Julio Verne (La vuelta al mundo en 80 días, 20.000 leguas de Viajes Submarino), Tolkien (El Hobbit, El señor de los anillos), Mark Twain (Tom Sawyeren abenturak), Quino (Mafalda), Richmall Crompton (Guillermo el Travieso) eta L. M. Alcott (Mujercitas) ere adin honetarako idatzitako literatura zabalaren adibide ditugu. Baina batez ere, adin honetan neskak eta mutilak Enid Blytonek idatzitako orrialdeetan murgildurik ikusiko ditugu eta Bostak, Los Siete Secretos edo Las mellizas pertsonaia intenporalekin; eta baita R.L. Stine-en Hotzikarak bilduma, Fiona Kelly-ren El Club del Misterio edo Alfred Hitchcock eta R. Arthur-en Tres investigadores.
- Azkenik, etaparik zail eta erabakigarrienera iritsiko gara: adin nagusitasunera heldu arteko adinera. Irakurketaren xarmari eutsi egin behar zaio, pertsona bakoitzaren izaeraren arabera bultzatu, baina gurasoek ezer gutxi egin ahal izango dute hemendik aurrera liburuen aukeraketan. Haur eta gazte literatura utzi eta genero guztietako literaturaren aurrean jarriko da gaztea. Edozein modutan ere, nerabe edo gazteak istorio mota jakin baterako joera erakutsiko du eta agian ez du jakingo bilatzen duena non aurkitu. Beraz, ongi hartuko ditu beti aholkuak.
Idazle kontsagratuek ere beti izan dute joera euren obran haur eta gaztei zuzendutako lanak ere idazteko. Roald Dahl eta Bernardo Atxaga ditugu batez ere haur eta gazteen obrak idazten dituzten bi idazle, euren liburuak adin guztietako jendeak irakurtzen dituen arren. Baina badira autore serio askoak ere, besteak beste Graham Greene (Todo marcha sobre ruedas), Ana María Matute (Todos mis cuentos), Rosa Montero (Las barbaridades de Bárbara), Juan Ramón Jiménez, Federico García Lorca eta Rafael Alberti (Mi primer libro de poemas), Lewis Carroll (Aliceren abenturak lurralde miresgarrian), Kipling (O), Carmen Martín Gaite (Caperucita en Manhattan), Manuel Rivas (Bala perdida), Tolstoi (Cuentos para niños), Pedro Antonio de Alarcón (Historietas nacionales), Carlos Dickens (Las recetas del doctor Mari Gold), Emilia Pardo Bazán (Cuentos) edo Becquer (Las leyendas) txikienentzako obrekin osatu dituzten euren bildumak.
Literatura unibertsaleko maisulan asko ere ez dira alferrik haur eta gazte literaturakoak. Adibidez, Altxor uhartea (Stevenson), Tom Sawyeren abenturak (Mark Twain), Amaigabeko istorioa (Michael Ende), El Señor de los Anillos (Tolkien), Don Camilo (Guareschi), Printze Txikia (Antoine de Saint-Exupéry), Adiós cordera (Leopoldo Alas Clarín), Las aventuras de Zalacain el Aventurero (Pio Baroja), Corazón (E. de Amicis), La abeja Maya (Bonsels), Peter Pan (Barrie), Emilio eta detektibeak (Kastner) edo La llamada de la selva (Jack London). Guztien artean hizki-zopa erakargarri-erakargarria osatzen dute.