Arropa ere ondo zaindu behar da

Berokiak nola gorde

Negua eta eguraldi hotzak amaitzen direnean, beroki, bufanda, bota eta jertseen ordez kamisetak, prakak, soinekoak eta sandaliak jartzen ditugu armairuan. Baina neguko arropak hurrengo denboraldira arte gorde aurretik hainbat neurri hartu behar da, hurrengo udazkeneko lehen hotzekin berriro behar ditugunean orban edota bestelako akatsekin sorpresa desatseginik izan ez dezagun
1 martxoa de 2001

Berokiak nola gorde

  • Hurrengo udazken-negura arte gorde behar duzun arropa gordetzerakoan, garbikari gutxi erabili.
  • Gorde behar duzun arropari ez bota leunkaririk, lixibarik edo bestelako produktu kimikorik. Arropa gorde behar duzun lekuko hezetasun eta tenperaturaren baldintzak kontrolatu ezin direnez, jantzietan orbanak eta usain txarrak ager daitezke.
  • Ongi errepasatu jantziak eta ziurtatu ez dutela orban edo zikinik, denborekin finkatu egiten baitira, batez ere zuntz naturaletan.
  • Ez lisatu arropa. Jantziak duen edozein zikinkeria-hondar, txiki-txikia izan arren, gehiago erantsiko zaio.
  • Arropa gorde behar duzun lekuan ez dadila hezetasunik izan. Jantziek ere erabat lehor egon behar dute.
  • Tolestu jantziak eta lotu botoiak, krisketak, kremailerak eta abar.
  • Parpaila finezko jantziak baldin badituzu, bildu zetazko paper urdinean (zuriak argia pasatzen uzten du).
  • Edredoiak plastikozko poltsan sartu eta gorde armairuko goiko apaletan edo ohe azpiko kajoietan, zanpatu eta honda ez daitezen.
  • Lumazko jantziekin (funda, edredoi, beroki eta abarrekin) egin “pilota” bat eta sartu poltsa batean, aire guztia aterata.
  • Artilezko jantziak ez gorde oso estu, zuntzak hondatu eta betirako zimurrak sortuko dira eta.
  • Jantzi luze eta astunak (beroki, traje eta larruzko jantziak) gordetzeko erabili egurrezko pertxak. Hobeto eusten diote jantziari.
  • Ez zintzilikatu arropa kakoetan; jantzien sorbaldakoek eta lepoek euskarri ona izatea komeni da.
  • Gorde arropa kaxa hermetikoetan edo plastikozko estalkiak dituzten saskietan edo eskegi sitsaren aurkako plastikozko poltsa berezietan.
  • Arropa artean jarri sitsaren aurkako produkturen bat. Ez erabili aerosolik, usain handia izateaz gain hondatu egin baitezakete hainbat zuntz, larrua adibidez.

Larrua

  • Arreta berezia jarri larruzko jantziekin. Garbiketa utzi espezialisten esku.
  • Astindu larruzko jantziak gorde aurretik, forma galdu eta zimurrak markatuta gera ez daitezen.
  • Eskegi pertxa berezi batean, plastikozko estalki batean bilduta, jantzia osorik babestuta.
  • Gorde leku aireztatu eta lehor batean, edo edukiontzi itxi batean barruan paradiklorobenzenozko kristalak dituela, sitsik izan ez dezan. Eta, agian hobeto, egin kontsulta jantzia saldu zizuten dendan; seguru asko izango dituzte jantziok gordetzeko hozkailu bereziak.

Oinetakoak

  • Ez pilatu zapata eta botak bata bestearen gainean. Eta ez daitezela arropa ukitzen egon.
  • Eros ezazu zapata pare bakoitzarentzat orkoi bat, eta botak bete egunkari paperez.
  • Kalitatezko botak gorde ahoz behera eta zeihar jarritako zurezko makiletan sartuta edo bestela, lotu biak pintza batekin eta eskegi kako batean..