MP3

Sarearen bitartez musika entzun, bidali eta partekatzea

Musika geroz eta espazio askoz txikiagoan sartzeko aukerari esker, diskogintzaren oinarriek astinketa eta dardarizo larriak nozitu dituzte
1 martxoa de 2001
Img internet listado

Sarearen bitartez musika entzun, bidali eta partekatzea

Grabatutako musikak okupatzen duen tamaina dezente murrizten duen MP3 izenekoarenak dira erru guztiak. Asmakuntza zer den hobeki uler dezagun aski da entziklopedia digital bat (CD-ROM batean ederki kabitzen dena) eta compact bat elkarrekin konparatzea: toki horretan bertan nekez jaso daiteke ordu eta laurdeneko doinu-bilduma. MP3 berriari esker, ordea, konpaktu bakar batean hamabi orduko saioa sartzen da (nahiz eta ordenagailuan edo berariazko gailuan bakarrik irakurri daitekeen). Horren guztiaren funtsean dagoen premisa erraz ulertzen dugu: gizakiaren entzumena soinu-espektro guztia harrapatzeko gauza ez izateaz jabeturik, MP3 gailuak gordetzen duen musikak belarriak atzeman ezin dezakeena bazterrean utzi duenez, karga dezente arindu da.

Tamaina murriztea ez da arazo xume bati emaniko konponbidea; aitzitik ordea, musika bidali eta jasotzeko oraindik hutsaren hurrengo diren Interneteko konexioak hobeki aprobetxatzeko modu bat da. Hortxe sortu da legeekiko arazoa. Formatua berez ez da legez kanpokoa, baina formatua bidez kontra baliatzeak izena duten diskoak munduko jende guztiarekin partekatzeko aukera ematen dio egile-eskubide guztiak sistematikoki urratu izan dituen kolektibo zabal-zabalari. Arrazoi hauek direla bide, disko-ekoizle guztiek MP3 jokoz kanpo utzi beharreko asmakuntza dute.

Gama ertaineko ordenagailua, nahikoa

Soinu-sistema horretaz baliatzeko aski da gama ertaineko ordenagailua izatea. Pentium edo antzeko (hau da, bost bat urteko bizitza duen konputagailu) batetik aurrera, musika-artxibo horiek edozein ordenagailutako ekipoak CD tradizionalek bezainbesteko kalitatearekin erreproduzituko ditu. MP3an bildutako minutu bakoitzak mega bat informazio okupatuko du gutxi gorabehera, hau da, diskete baten bi herenak. Formatu horretan grabaturik dagoen musika entzuteko programak ere doanekoak dira. Denetan ezagunena Winamp da eta, aurkezpen soil-soilekoa bada ere, pertsonalizatzeko aukera ikaragarriak ematen ditu. Soinua norberaren gustura ekualizatu eta molda daiteke eta, gainera, musikak berak markatzen duen erritmoaren arabera, irudiak sortaraziko dituzten efektu ikusgarriak erakusten ditu. Dagoeneko, irten zenez geroztik dezente hobetu den haren bigarren bertsioa dago eskuratzeko moduan; eta, pentsatzekoa denez, hirugarrena ere ateratzear dago. Nolanahi ere, sistema horrekin sortu eta moldatzen diren musika-artxibo eskergak erreproduzitu eta kudeatzeko programen katalogoa amaigabea da. Doaneko aplikazioak dakartzaten orrietan –Shareware.com o Tucows.com – hamarka agertzen dira. Oso diseinu zaindua dutelarik, gehientsuenek sekulako eginkizunak bete ditzakete (hala nola bat-batean eta prestakizun berezirik gabe disc-jockey aritzea, automatikoki soinu baten amaiera eta hurrengoaren hasiera nahasten dituztelako).

Napster, aitzindariak

Fenomeno korapilatsu honek ez luke aparteko garrantzia izango, artxibo horien banakuntza kea bezain erraz hedarazteko sistema bat agertu ez balitz. Napster bataiatu dute konpainiaren orritik bertatik Napster.com doan eskura daitekeen programa. Ekipoan instalatuz gero, ordenagailuan bildutako musika Sarean konektaturik dauden gainontzeko erabiltzaileekin partekatzeko aukera ematen digu.

Era horretan moldatu da milaka doinuz osaturiko datu-base birtuala -eskura dauden datuen arabera, musika-biltegi birtual horretan hamahiru urte etengabe osatzeko bezainbeste soinu-material dagoela kalkulatzen da- eta, gainera, erabiltzaile bakoitzak bere ordenagailuan nolako doinuak dituen adierazten da bertan. Hortik abiatuta eta entzun nahi dena hautaturik, konputagailuen arteko komunikazioa automatikoki zabaltzen da: beraiek nahi den musika guztia trukatuko diote elkarri, Napster-en zentralak zerikusirik izateke. Sistema hori, besterik badirudi ere, baliatzeko erraz-erraza da eta erabiltzaileak ez du berariazko ezagutza teknikorik izan behar.

Legezkotasuna, auzi-mauzian

Napster konpainiak adierazia duenez, urtearen erdialdean zerbitzu hau ematearren hilean pare bat mila pezeta kobratzen hasiko da. Gaur egun, Estatu Batuetako konpainia diskografiko gehienak biltzen dituen RIAA elkartearekin auzitan dabil eta, galtzaile gertatzekotan, itxiera ekar liezaioke liskarrak. Sistemak, berez, legez kanpoko alderdirik ez du, ez bakarrik fair-use (bidezko erabilera, hau da, erabiltzaileak, pertsonalki baliatzeko, diskoen segurantzi kopia gordetzeko eskubide osoa duen alderditik) deitzen den horretatik begiratuta; baita, ordea, bere obra inongo eragozpenik gabe zabaldu nahi duten egileei eskaintzen dien aukeragatik ere.

Kontua da Interneten hamaika orrik kopiatzeko eskubiderik ez duen musika eskaitzen dutela, eskubiderik sekula ere izan ez dutelako, edo eskubide horiek indargabetu egin direlako. Halaz ere, Napster-en ordezkari izango diren programak aurreikusten ez ezik eratzen ere hasiak dira. Eta ez dira gutxi, alajaina. Horietako batzuk -Gnutella, esate baterako- nekez jazar daitezke legearen ikuspegitik, fluxua eten dezakeen gune neuralgikorik ez baitute. Erabiltzaile bakoitza gainontzekoekin zuzenean konektatzen da, ez dago artekaririk. Horregatik, horiek suntsitzeko egintza judizialak banan-banan ezarri beharko lirateke, baina horrek makina bat arazo ekarriko lituzke.

Nahi adina nabigatzeko

Zeharo zaharra ez den ordenagailua baldin badaukazu, egokiak diren programez hornitu eta bertako bozgorailuak piztu baizik ez dago, ziberrespazioan barrena txango bat egiteko. Areago, MP3 horiek paseatzera ateratzeko -walk-man modernoak bailiren- aparailu elektroniko txikiak ere azaldu dira dendetan. Klabea da musika deskargatzera nora eta nola jo, inongo egileren eskubideak urratu gabe. MP3 horiez gain, bestelakorik ere badu espazio digitalak. Horiek bezain interesgarriak izan daitezke karaokeko soinu-artxiboak: hauen azken kalitatea, jakina, ekipoaren soinu-txartelaren araberakoa izango da.

  • Hispamp3 Indarrean dagoen soinuaz eta bere inguruko guztiaz arduratzen den orri espainiarra. Eskaintzen dituen programa eta erreprodukzioen sekzioa nekez konpara daiteke argitalpen anglosaxoiekin.
  • MP3.com Interneten barrenako egile-eskubiderik gabeko musikaren banakuntza librearen aitzindari ez ezik, azken programak eta kontu berriak erakusten dituen agerkaria ere bada hauxe.
  • Noticias MP3 Musika-munduko informazioa eta musika-estilo guztietako eskaintza.
  • Cancionero MP3an doinuak entzun eta letrak irakurtzeko, sistema honetako Winamp erreproduzitzaile ezagunarekin
  • Cantautores Kantautore berria berezitasun duen orria.
  • Karaoke Kantak erreproduzitu eta editatzeko programak edukitzeaz gainera, karaoke berariazko aukera ere ematen du.
  • Napster Audio-fitxategiak trukatzeko programarik ezagunena. Inolako zailtasunik gabe, era guztietako doinuak atzeman eta deskargatzeko aukera ematen du
  • Winamp MP3ko erreproduzitzaile nagusi honek, ohiko irudia aldatu edo osagarri ikusgarriez hornitzeko aukerak ematen ditu.
  • ChangeMusic Besteek argitara ematen dutena ederki osatzen duen bilatzaile tematikoa.
  • Musicsearch.com Datu-base ikaragarria: bertan, egile, talde, letra eta gainontzeko parafernalia digitalaz nahi den datua bilatzeko aukera ematen du.