Metal astunak

Arrisku

Aurten utziko zaio berundun gasolina saltzeari. Neurri horrekin giroko metal astunen partikulak gutxitu nahi dira. Hala ere, elementu hori bera baterietan ikusten jarraituko dugu. Beste hainbeste gertatzen da merkurioarekin ere: oso toxikoa izan arren, etxeetako termometroetan erabili egiten da oraindik
1 martxoa de 2001
Img medioambiente listado

Arrisku

Zientifikoki egiaztatu ahal izan denez, ingurugiro arloan arazorik latzenak eragiteaz gain, hainbat egoeratan metal astunen eragina da landaretza, ibai eta animalien degradazio eta heriotzaren eragile eta gizakiari ere zuzenean egiten dio kalte.

Gizakiak ezagutzen dituen 106 elementuetatik, 84 metalak dira eta, beraz, ez da harritzekoa giroa metalez kutsatzeko hain arrisku handia izatea ere. Ez da ahaztu behar metalak materia naturalak direla eta (burdina aroaz geroztik) funtsezko eginkizuna izan dutela zibilizazioen bilakaeran. Erabilera industriala neurriz gainekoa denean sortzen dira arazoak. Eta eguneroko bizitzan gero eta gehiago erabiltzeak ere azkenean kalte egiten dio osasunari. Hiriguneetako geografia hazkundeak eta industrializazio azkarrak kutsadura arazo larriak eta giroaren narritadura latza ekarri ditu, garapen bidean diren herrialdeetan batez ere. Baina metal guztiak ez dira arriskutsuak; batzuk, toxikotasun handia izan arren, oso urri eta era disolbaezinean agertzen dira eta, horrenbestez, gutxi batzuk baino ez dira osasunarentzat kaltegarri jotzen diren produktuak.

Horien artean beruna eta merkurioa aipatu behar dira, eta atzetik berilioa, barioa, kadmioa, kobrea, manganesoa, nikela, eztainua, banadioa eta zinka. Naturan duten presentziak arriskutsu izan behar ez lukeen arren (naturaren orekaren barruan sartuko lirateke), Industri Iraultzaz geroztik oso bizkor hazi da metal horien produkzioa: 1850 eta 1990 bitartean hamar aldiz biderkatu zen berun, kobre eta zinkaren presentzia, eta horien isurketa kopurua, jakina.

Zer da metal astunengatiko kutsadura?

Industria eta meategietako jarduerak metal toxikoak isurtzen ditu airera, hala nola beruna, merkurioa, kadmioa, artsenikoa eta kromoa, guztiak ere oso kaltegarriak giza osasunarentzat eta izaki bizi gehienentzat. Gainera, gizakiak sorturiko emisio-iturrietako metalak (antropogenikoak), berundun naftaren errekuntza barne, materia suspenditu gisa daude atmosferan eta hori arnastu egiten dugu. Bestalde, tratamendurik gabeko hondakin-urak, meategi edo lantegietatik datozenak, ibaietara iristen dira eta hondakinek kutsatu egiten dituzte urpeko urak. Girora metal toxikoak isurtzen direnean lurzorua kutsatu eta metatu egiten dira landare eta ehun organikoetan.

Metal astunen arriskua handiagoa da, kimikoki eta biologikoki degradagarri ez direnez. Isuri ondoren, ehunka urtez iraun dezakete giroan. Gainera, izaki bizidunetan duten kontzentrazioak gora egiten du beste bizidun batzuek irentsi ahala eta, beraz, landare edo animalia kutsatuak jateak toxikazio sintomak eragin ditzake. Izan ere, metal horien toxikotasuna dokumentaturik geratu da historian zehar. Mediku greziar eta erromatarrek ere diagnostikatzen zituzten beirazko pozoitze akutuak, toxikologia zientzia bihurtu aurretik.

Osasunerako kalteak

Berriki egin den hainbat ikerketak metal astunek ekosistemaren egoeran eta gizakiaren osasunarengan duten eragin kaltegarria aztertu du. Gaur egun askoz gehiago dakigu elementu horien efektuez eta metal horien eraginak zerikusia du garapeneko atzerapenetan, hainbat minbizi motatan, giltzurruneko kalteetan eta baita hainbat heriotza kasutan ere. Merkurio, urre eta berun maila handiekin kontaktuan egotea autoinmunitatea garatzearekin lotu izan da (sistema inmunologikoak bere zelulei eraso egiten die, erasotzaile direlakoan). Autoinmunitateak gaitzak eragin ditzake artikulazioetan eta giltzurrunean, artritis erreumatoidea besteak beste, eta zirkulazio sistemako edo nerbio sistema zentraleko gaitzak ere bai.

Osasunarengan duten eragin kaltegarri hauez froga ugari dagoen arren, oraindik ere jarraitu egiten du metal astunen esposizioak eta areagotu egin daiteke politika adostu eta zehatzik ezaren eraginez. Merkurioa erruz erabiltzen da oraindik Latinoamerikako urre meategietan. Artsenikoa, kobrearen eta kromoaren konposatuekin batera, osagai arrunta da oraindik egurra kontserbatzeko produktuetan. Eta ikatzaren erabilera gehitu izanak areagotu egingo du metalen eragina jasateko arriskua, errautsetan metal kutsakor asko baitago eta birika barruraino joan daitezke arnasaren bidez.

Groenlandian ere beruna

Hainbat ikerketak agerian uzten dute metalak ugaritu egin direla mundu guztian. Horrela, Groenlandian urtero pilatzen diren izotz geruzen berun edukiak bistan uzten du etengabeko gehitze hori, Europan meatzaritza gehitzearekin batera. Metal horren presentzia normala baino ehun bider handiagoa da, ondorioz. Meatzaritza bera, eta ez metal astunena bakarrik, ikatzarena eta beste mineral batzuena ere bai, beste arrisku bide bat da.

Egia da aurrerapen garrantzitsuak egin direla langileen segurtasunean eta produkzio garbiagoa lortzeko bidean, baina meatzaritza ingurugiroarentzat jarduera kaltegarri eta arriskutsuenetakoa da oraindik. Bolibiako Andeetan, zink meategi bateko hondakin toxikoek deuseztatu egin zuten 300 kilometroan ibaietako uretako bizitza 1996an eta arriskutan jarri 50.000 nekazariren bizitza. Fundizio kontrolatu gabeen eraginez ingurumeneko gune hilik txarrenak sortu dira eta landaretzak doi-doi irauten du. Adibidez, Ontarioko (Kanada) Sudbury-n, nikel fundizioek 10.400 hektarea baso suntsitu zuten, fundiziotik zetorren haizearen eragina zuen eremuan.

1953an, Japoniako Minamata badia ertzean bizi ziren arrantzale familia batzuek gaixotasun neurologiko misteriotsu baten jipoia jasan zuten. Berrogeita lau pertsona hil ziren eta bizirik atera ziren asko paralisiak jota geratu zen. Gaitzaren jatorria ezin izan zen argitu, harik eta itsasoko hegazti eta etxeko katuetan antzeko sintomak antzeman ziren arte. Horretaz ohartzeak guztiek jaten zituzten elikagaietan erreparatu zuten: arrain eta itsaskietan, hain zuzen. Azkenean, gaitzaren arrazoia plastiko lantegi batek badiara isurtzen zuen metilmerkurioa zela deskubritu zen; substantzia hori arrain eta itsaskietan kontzentratu zen eta biktimek jan egiten zuten. 1970eko martxoan, Laku Handietako arrainen merkurio maila onartua baino %20 handiagoa zela deskubritu zuen zientzialari norvegiar batek. Arrain salmenta debekatu egin zen merkurio maila jaitsi arte.

Estudios con musgos

Bistan da, beraz, kontsumitzaile batek ezer gutxi egin dezakeela kutsadura mota honen aurrean eta gasolinak berdea izan behar duela kontuan hartu edo etxeko botikinetik merkuriodun termometroak kendu besterik ezin du egin. Baina, gainerakoan, nazioarteko erakunde eta instituzioek dute neurriak hartzeko erantzukizuna. Esparru horretan, duela hilabete batzuk Errioxako eta Santiago Konpostelako Unibertsitateetako lau ikertzailek lehen ikerketa egin zuten hainbat probintziatan metal astunengatiko kutsaduraren adierazle biologikoei buruz. Txostenak aipatzen duenez, Errioxa, Soria eta Burgosen azterturiko herrietan nahiko garbi dago atmosfera, inon ere ez baitira gainditzen azterturiko guneei dagozkien maila baxuak eta egoera susmagarriko kasu gutxi dago.

Bildutako informazioaren ondorioz esan daiteke kutsadura hori oso ahula dela edo ez dagoela kutsadurarik, gune horietako nekazaritza-giroari dagokion bezala, foku kutsatzaileetatik urruti baitaude herriok. Ikerlana egiteko organismo bioadierazleetan oinarritutako teknikak erabili ziren, goroldioetan oinarrituak bereziki. Landare horiek metal astunak pilatu egiten dituzte zeluletan, bizi diren ingurunean baino kontzentrazio handiagoan pilatu ere. Horrenbestez, metal astunen pilaketa errazago neurtzen da goroldien bidez zuzenean airean edo uretan baino. Datu itxaropentsu horiek gorabehera, ikerketaren amaieran ohartarazpena egiten da: metal astunek eragin larriak izan ditzakete pertsonengan, landaretzan eta faunan.