Araudia errespetatzen dute, baina erabiltzailearengan pentsatu gabe
Bi edo hiru hilabetetik behin hainbat faktura jasotzen dugu etxean eta gehienetan ordaindu egiten ditugu, kontsumoa zenbaterainokoa izan den pentsatu ere egin gabe, kopurua aurreko ordainagirietakoaren aldean larregikoa iruditzen ez bazaigu behintzat. Neurri batean, fakturak ulertezinak izaten direlako jokatzen dugu horrela, askotan kontsumitzailearentzat garrantzitsuen den informazioa ez baita argi eta ulertzeko moduan agertzen. Zalantzarik gabe, zaila da jakitea gastuaren zein zati den ezinbestekoa eta zein kontrola litekeen. CONSUMERek dozena bat faktura aztertu ditu (hiru konpainia elektrikoenak, bi gas hornitzaileenak, lau telefoniako operadoreenak eta uraren kudeaketako enpresenak beste hiru), legezkotasunaren ikuspuntutik eta erabiltzailearentzako duten erabilgarritasunaren ikuspegitik.
Datuak aurkezteko irizpideetan desberdintasun handiak antzeman ditugu, sektore bereko konpainien fakturen artean ere. Eta legeak ezarritako baldintzak faktura guztiek betetzen dituzten arren, salbuespenak salbuespen ez dira bat ere argiak, irakurterrazak eta erakargarriak. Sektoreka, energia enpresen fakturek gainditu dute ondoen CONSUMERen azterketa: elektrizitatea eta gasa hornitzen duten enpresek. Okerrenak urarenak izan dira eta telefoniakoak erdibidean geratu dira. Enpresaka, positiboki aipagarri dira Iberdrola (elektrizitatea) eta Jazztel (telefonia); faktura kaskarragoak erakutsi dituzte Telefonica eta Aljarafesa (Sevilla) eta Aigües de Barcelona enpresek (azken biak ur hornitzaileak). Agiri horiek irakurtzea nahasgarria da, ez baitago inolako kontraste eta laukirik eta letra ere txikiegia delako.
Fakturako kontzeptuak zehatz bereizten badituzte ere, sarritan ez dituzte azaltzen kobratzen diren kontzeptuak. Eta guztiek ez dituzte eskaintzen azken fakturetako kontsumoen historialari buruzko grafikoak; dena dela, fakturazio-eperen bateko batez besteko kontsumoa jasotzen dute pezetatan, eta datu hori oso baliagarria da kontsumoaren bilakaera egiaztatzeko.
Bestalde, faktura guztietan adierazten da bezeroaren arretarako telefono zenbakia; hala ere, deia oso gutxitan izaten da doakoa erabiltzailearentzat eta kasuen %75en ordutegi mugatua du zerbitzuak, egokiena 24 orduko zerbitzua izatea litzatekeen arren. Azterturiko fakturetan antzeman den beste akats garrantzitsu bat: ordaindu beharreko zenbatekoa beste zenbaki eta informazio pila baten artean bilatu behar izaten da sarritan; kontsumitzaileari datu horixe interesatzen zaio gehien eta nabarmendu egin behar litzateke.
Elektrizitatea
Estatuan hainbat konpainiak eskaintzen duten zerbitzua izan arren, erabiltzaileak ezin du oraindik argindarra hornitzen dion enpresa aukeratu eta irizpide bakarraren arabera inposatzen zaio enpresa: bizi den gune geografikoaren arabera, alegia. Gainera, enpresa guztiek prezio finkoak eskaintzen dituzte, Gobernuak finkatuak. Bi arrazoi horiengatik, elektrizitatean aurrezteko bide bakarra tarifa mota egokia aukeratzea eta zentzuzko kontsumoa egitea izango da.
Hainbat tarifa daude (1.0, lokal txikientzat; 2.0, etxebizitza normalarentzat; 2.0 N, gaueko tarifako harpidedun direnentzat; 3.0, enpresentzat…). Etxeetan ohikoena 2.0 tarifa izaten da. Horren barruan, 0,77 eta 15 kilowatt artean kontratatu ahal izango dugu.
Kostua kalkulatzeko Adibide gisa hartu dugun fakturaren titularrak 4,4 kilowatt ditu kontrataturik..
- Kontrataturiko potentzia: kopuru finkoa, kontrataturiko potentziaren arabera ordaintzen da. Beti ordaintzen da, ezer kontsumitu ez bada ere bai. Hainbat gailu elektriko aldi berean erabiltzen baditugu eta kontratatu dugun potentzia aski ez bada, “automatikoak” salto egingo du. 4,4kW (titularrak kontrolaturiko potentzia) x 242 pezeta (kWaren hileko prezioa, Gobernuak ezarria) x 2 (hilabeteak)= 2.130 pezeta
- Kontsumitu den energia: kopuru aldakorra, kontsumitu den elektrizitate kopuruaren araberakoa. 306 kWh (kontsumitu den elektrizitatea) x 13,18 (kWaren hileko prezioa, Gobernuak ezarria) x 2 (hilabeteak) = 4.201 pezeta
- Elektrizitatearen gaineko zerga: zenbateko aldakorra, kontsumoaren arabera ordaintzen dena. Ikatz meatzaritza diruz laguntzeko balio du. Formula finkoa: %4,864 (elektrizitate zerga) x s/6.331 pezeta (potentzia kontrolatuaren gastua eta energia kontsumituarenaren baturatik ateratzen da) x 1,05113 (koefiziente finkoa) = 324 pezeta
- Neurgailuen alokairua: kopuru finkoa. Horren truke, enpresak kontagailuaren mantentze-lanak eta konponketak egin behar ditu. 108 pezeta (kontagailu eta etengailuaren alokairuaren tarifa) x 2 hilabete = 216 pezeta
Fecsa (Grupo Endesa). Katalunia, Teruel eta Huescan. Araudia betetzen du. Faktura argia, kontsumoa xehetasunez desglosaturik dakar, baina kopuru osoa bakarrik ageri da eurotan. Bezeroarentzat hiru telefono zenbaki (gestioak, matxurak eta euroa). Enpresaren web gunearen helbidea dakar, baina ez posta elektronikoko helbiderik. Kontsumo historialaren grafikorik onena. Fakturatu diren kontzeptuen azalpena falta da. Ez da ageri fakturazio-epeko batez besteko kontsumoa, ez pezetatan, ez kWh/egunekotan, baina bai azken fakturak pezetatan eta kWh/egunetan. Bezeroaren arretarako zerbitzua 24 orduz.
Iberdrola. Euskal Autonomia Erkidegoa, Kantabria, Nafarroa, Errioxa, Gaztela-Mantxa, Gaztela-Leon, Madril, Valentziako Erkidegoa, Murtzia eta Extremadura. Araudia betetzen du. Faktura argia eta fakturazioa zehatz desglosaturik (baita eurotan ere). Bezeroaren arretarako telefonoa, 24 orduz. Kontsumoaren historikoa biltzen duen grafikoa. Enpresaren web gunearen helbidea dakar, baina ez posta elektronikoko helbiderik. Faktura azaltzen duen informazioa atzeko aldean dator, baina ez azterturiko guztietan. Ez da agertzen fakturazio-epeko batez besteko kontsumoa pezetatan, baina bai azken fakturen batez besteko zenbatekoa..
Sevillana de Electricidad (Grupo Endesa). Andaluzia, Cadiz hiriburua izan ezik, eta Badajoz. Araudia betetzen du. Faktura argia, kontsumoa xehetasunez desglosaturik dakar, baina kopuru osoa bakarrik ageri da eurotan. Bezeroaren arretarako doako telefono zenbakia. Fakturatu diren kontzeptuen azalpena falta da. Ez du web gunearen helbiderik eta posta elektronikoarenik adierazten. Ez da agertzen fakturazio-epeko batez besteko kontsumoa pezetatan, baina bai fakturazio-epeko eguneko batez besteko gastua. Aurrez egindako gastuak (urtebete lehenago arte) zenbakietan ageri dira, grafikorik gabe. Ez du adierazten bezeroaren arretarako ordutegirik.
Gasa
Gas naturala erabiltzailearen etxeraino kanalizatzen da eta gehienetan bi hilabetetik behin ordaintzen da, tarifaren eta kontsumoaren arabera. Gasa ez da beti etxera kalitate maila berarekin iristen. Eskualde batzuetan puruagoa izaten da eta gaitasun kalorikoa ere aldatu egiten da. Horregatik, Gobernuak thermiatan (beroa neurtzeko unitatetan) ezartzen ditu gasaren tarifak.
Bezeroak kontsumitu duen gas kopuruari ahalmen kalorikoaren faktorea ezartzen diote hornitzaileek. Zifra hori aldatu egiten da leku batetik bestera eta kontsumitu diren gas metro kubikoekin biderkatzen da. Horrela, beti kopuru bera kobratzen digute thermia bakoitzeko, gasaren kalitatea gorabehera. Etxerako tarifak D1 (berogailu-galdara indibidualik ez duten etxeetarako), eta D2 (eta gasezko galdara bidezko berogailu indibiduala duten etxeetarako) dira eta D3, berriz, kontsumo handietarako, bizilagun elkarte bateko berogailuentzat, adibidez.
Gasnalsa. Vitoria Gasteiz Argia, fakturazioaren desglose xehearekin, baina zenbateko osoa bakarrik agertzen da eurotan. Bezeroaren arretarako lau telefono zenbaki (zentrala, bezeroaren arreta, kontagailu-irakurketak eta matxurak eta larrialdiak). Azken urteko kontsumoaren historia biltzen duen grafikoa. Gomendiok emateko fakturaren atzeko aldea erabiltzen du. Fakturatu diren kontzeptuen azalpena falta da. Ez du adierazte web gunerik eta e-mailik. Ez da ageri fakturazio-epeko batez besteko kontsumoa, ez pezetatan, ez kWh/egunekotan, eta urtekoa ere ez. Ez du adierazten bezeroaren arretarako zerbitzuaren ordutegirik.
Prezioan hiru faktorek hartzen dute parte. Adibideko fakturan, esate baterako:
- Termino finkoa: kopuru finkoa, 903 pezeta, gasik kontsumitu ez arren ordaindu behar izaten dena.
- Gas kontsumoa: kontsumitu den gas kopuruaren arabera ordaindu beharrekoa. 12m3 (kontsumitu den kopurua) x 86,49 pta/m3 (enpresak zona bakoitzerako kalkulatzen duen prezioa) x 1,014 (konbertsio-faktorea, zona bakoitzean desberdina, gasaren purutasunaren arabera) = 1.052 pezeta
- Kontagailuaren alokairua: etxera irits litekeen gehienezko emariaren arabera dago (m3/orduko). 170 pezeta (kontagailuaren alokairua) x 2 hilabete = 340 pezeta
Telefonoa
Tarifak aldatu egiten dira operadore batetik bestera, , elektriko eta gas naturalarenak ez bezala, . Deiak zein operadorerekin egin nahi ditugun aukera dezakegu. Dei motaren eta kontratatu den enpresaren arabera, %50 arte aurreztuko dugu hainbat konexioren prezioan. Baina oraindik estatuko hamar kontsumitzailetatik zortzik Telefonica bakarrik dauka eta %10ek beste operadoreren bat ere erabiltzen du, Telefonicaz gain.
Jazztel Onenetakoa informazioaren argitasun eta gardentasunean, xehea eta desglosatua baita. Zenbateko osoan eta zerga-oinarrian ere kontzeptu guztiak bereizten dira. Kontsumoko historiala, fakturaren azalpena eskema bidez eta nazioarteko zonen xehetasunak ematen ditu. Deiei buruzko informazioa, oso argia: bereiztu egiten ditu probintzia arteko deiak eta telefono finkotik sakelakora egin direnak eta dei mota bakoitzaren batez besteko prezioari buruzko informazioa ematen du. Atzeko aldean, faktura interpretatzeko aholkuak ematen ditu. Ez du bezeroen arretarako zerbitzuaren ordutegirik adierazten.
Retevisión Fakturatu diren zerbitzuak eta BEZaren zerga-oinarria desglosatu egiten ditu. Kontsumoko historiala, fakturaren azalpena eskema bidez eta dei moten araberako desglosea dakartza. Atzeko aldean, faktura interpretatzeko aholkuak ematen ditu. Fakturazio-epe bakoitzeko kontsumoa adierazten du grafiko batean. Bezeroaren arretarako zerbitzua 24 orduz. Fakturazioko letra txikiegia. Kontsumoari buruzko informazio kronologikoa; hobe litzateke irizpide baliagarriak erabiliko balituzte, adibidez dei motaren araberako sailkapena. Kontsumoari buruzko xehetasunak ez dira lehen orrialdean ageri..
Uni2 Fakturaturiko zerbitzuak desglosatu egiten ditu (probintzia arteko deietan eta telefonia mugikorrerako deietan). Bereiztu egiten ditu zerga-oinarri osoa eta BEZa eta eurotara bihurtzeari buruzko informazioa ere badakar. Bezeroaren arretarako doako telefonoa, baina ez du adierazten ordutegirik. Web gunea oso baliagarria da kontsumoa aztertzeko. Dei gehieneko 10 zenbakien zerrenda eta horien kostua adieraztea, oso ongi. Kontsumoaren historikoa biltzen duen grafikoa ere badu (azken sei hilabeteak zehaztuta). Letra txikiak zaildu egiten du irakurketa. Kontrasteak hobetzeko koloreak falta dira eta faktura ulertzeko argibideak.
Telefónica Desglosatu egiten du epealdiari dagokion kuota eta kontrataturiko zerbitzuen zenbatekoa, dei mota guztiena eta beste kontsumo batzuena eta deskontuak barne. Eguneko kontsumoaren batez besteko zenbatekoa ere sartzen du. Bigarren orrialdean dei automatikoen zerrenda dakar. Bezeroaren arretarako hainbat telefono zenbaki. Web gunearen helbidea ere badakar. Oso faktura zehatza baina monotonoa, kolore eta kontrasterik gabea. Ordaindu beharreko zenbatekoa oso argi ikusten da. Deien ordena, kronologikoa. Kontsumoko historialaren grafikorik ez. Dei bakoitza telefonia mugikorreko zein konpainiatara egin den adieraztea faltan sumatzen da.
Ordainagiri gehienetan atal finko bat izaten da eta bestea kontsumoaren araberakoa. Enpresa bakoitzak bere deskontu-formulak eskaintzen ditu.
- Abonu-kuota: kopuru finkoa, “zerbitzu tasa” edo “kuota” ere deitzen zaio. Konpainia batzuetan ordaindu egiten da, deirik egin ez arren. Eta, gainera, kobratzen den beste zerbitzuren bat kontratatu baldin bada, fakturako atal honetan agertuko da. 1.542 pta (linearen alokairua) x 2 hilabete: 3.084 pezeta
- Deien kontsumoa: kontsumoaren arabera izaten da. Dei mota bakoitzaren gastu osoa jasotzen da. Konpainia batzuen fakturetan bereiztu egiten dira probintzia arteko deiak, nazioartekoak eta sakelako telefonoetara egindakoak eta informazio baliagarria eskaintzen da (iraupena, kostua…).
Ura
Etxeko uraren hornidurak oso prezio desberdinak ditu hiri batetik bestera. Erabiltzailearen hiriko enpresaren arabera izaten dira prezioak eta bezeroak ezin du hornitzailea aukeratu. Horrenbestez, hiruhileko faktura honetan aurreztu ahal izateko, ura arretaz eta zentzu erabili beharra dago.
Inbertsio kuota: estolderia edo azpiegitura hidraulikoen mantentze-lanetarako.
Uraren fakturaren gure analisia Aljarafesa (Sevilla)
Araudia betetzen du. Bezeroaren arretarako zerbitzua, 9:00-21:00. Fakturak ez dira erakargarria, monotonoak baizik, ez baitute kolore eta kontrasterik. Fakturazioa xehetasunez desglosaturik dago, baina zenbateko bat ere ez da ageri eurotan. Fakturatu diren kontzeptuei buruzko azalpena falta da. Argitasun gutxi eta fakturaren beheko zatian letra txiki-txikia. Web gunerik eta e-mailik ez. Ez da ageri inongo epealditako batez besteko kontsumorik. Ez dago azken urteetako kontsumoaren historiala jasotzen duen grafikorik.
Aigües de Barcelona Araudia betetzen du. Faktura xehetasunez desglosaturik, baina azken zenbatekoa bakarrik ageri da eurotan. Bezeroaren arretarako telefonoaren ordutegia: 8:00-20:00, baina matxuren telefonoak 24 orduz funtzionatzen du. Bezeroaren arretari buruzko informazioa fakturaren atzeko aldean dakar. Diseinua ez da oso erakargarria, ez baitarabil kolorerik eta kontzeptuak bereizteko koadrorik. Ez du fakturatzen diren kontzeptuei buruzko informazio eta azalpenik ematen. Web gunerik eta e-mailik ez. Ez du eskaintzen epealdiren bateko batez besteko kontsumorik eta kontsumoaren historiala biltzen duen grafikorik.
Emalgesa (Algeciras) Araudia betetzen du. Faktura xehetasunez desglosaturik, baina azken zenbatekoa bakarrik ageri da eurotan. Atzeko aldean, ordainketari buruzko informazioa eta kontadoreari buruzko aholkuak. Diseinua ez da oso erakargarria. Letra txikia eta irakurtzeko zaila. Fakturatu diren kontzeptuei buruzko azalpena falta da. Web gunerik eta e-mailik ez. Ez du eskaintzen epealdiren bateko batez besteko kontsumorik eta kontsumoaren historiala biltzen duen grafikorik. Faktura ez da oso erakargarria. Bezeroaren arretarako zerbitzuari buruzko informaziorik ez.
Bi tarifa mota daude: etxekoa eta industriala. Aztertu dugun fakturan etxeko tarifa ageri da eta bloketan bereizten da. Uraren prezioak gora egiten du bloke bakoitza gainditu ahala eta ur larregi erabiltzea zigortu egiten da.
- Zerbitzu kuota: kopuru finkoa, etxebizitzara ura daraman hodi nagusiaren kalibrearen (diametroaren) arabera. Kasu honetan, bereiztu egin dira hornidura (etxean sartzen den ura) eta saneamendua (hustubidetik doan ura). Hornidura: 2.538 pta. Saneamendua: 2.106 pta.
- Kontsumo kuota: kontsumoaren araberakoa. Zatituta ager daiteke: hornidura eta saneamendua.
- Hornidura: I blokea; 20 m3 (kontsumitu den kopurua) x 33 pta. (m3-ren prezioa, enpresak finkatzen duena) = 660 pta. II. blokea: 13 m3 (I. blokean onartutako kopurua gainditzen duena) x 100,5 pta. (II. blokeko m3-aren prezioa) =1.307 pta.
- Saneamendua: I blokea; 20 m3 (kontsumitu den kopurua) x 23,5 pta. (m3-aren prezioa, enpresa hornitzailea finkatzen duena) = 470 pta. II. blokea: 13 m3 (I. blokean onarturiko kopurua gainditzen duena) x 73,5 pta. (II. Blokeko m3-aren prezioa) = 949 pta.
Etxetresna elektrikoak, energia gastuaren arduradun nagusi
- Berokuntzak, ur beroak eta sukaldeak gastuaren %24 eragiten dute. Etxeko tenperaturak ez du 22 gradutik gorakoa izan behar. Ez da komeni dutxa luzeegirik edo ura tenperatura handiegian erabiltzerik ere.
- Hozkailuak, gastu elektrikoaren %21. Atea irekita uzteak edo alferrik irekitzeak areagotu egiten du kontsumoa. Hozkailuak gainetik hozten duen gradu bakoitzeko %5 gehituko da gastua.
- Telebista, gastuari dagokionez hirugarren aparailua: %12. Ikusi behar ez denean itzalita edukitzea komeni da.
- Garbigailua, energia gastuaren %5, ontzi-garbigailuak baino gehiago, %1 gastatzen baitu horrek. Kasu bietan ere, ez jarri martxan beteta ez badaude.
- Beste etxetresna elektrikoak, bideoak, zurgagailuak… argindar gastuaren %13 eragiten dute.
- Zenbait tresnak kontsumo txikia dute, baina etengabe entxufatuta egotean, azkenean gastu handia izaten da. Horregatik, “stand by” sistema dutenak itzaltzea komeni da erabiltzen ez direnean.
- Etxea isolatzeak energia gastuan %40ra arte aurrezten laguntzen du.
Aurrezteko trikimailuak
- Plaka edo egosketa gunearena baino diametro handiagoko kazola eta zartaginak erabili eta jarri ontziei tapa, berorik alferrik gal ez dadin. Azkarrago egosi eta energiatan %20 arte aurreztuko duzu. Ontzi batek egosketa-guneko bi edo hiru cm agerian uzten baditu, kontsumitu den energiaren zati bat galdu egiten da.
- Presio-lapikoak energia gutxiago kontsumitu eta denbora aurrezten du.
- Hondar-beroa aprobetxatzeko, itzali sua ontzia kendu baino 5-10 minutu lehenago (bitrozeramikan hiru minutu lehenago).
- Labea itxita eduki eta saiatu ez irekitzen; pilatutako beroaren %20 gal daiteke.
- Erabili erloju programatzailea eta txirrina.
- Mikrouhin labeek denbora eta energia asko aurrezten dute ohiko labe eta plaken aldean
- Erabil itzazu tenperatura baxuko garbiketa programak. Garbiketa 90ºCtan egin ordezk 60ºCtan eginda, ia erdira jaisten da energia gastua.
- Ez jarri martxan beteta ez badaude. Horrela, gutxitu egingo duzu ur, garbikari eta energia gastua eta etxetresnak luzaroago iraungo du.
- Ikuzgailu berria erosi behar baduzu, aukeratu abiadura lasterreko zentrifugatua duena, 1.200 bir/min (biraketa minutu) zentrifugatua duenak 700 bir/min-koak baino %20 gutxiago kontsumitzen baitu.
- Egiaztatu zailtasunik gabe eta ongi ixten direla ateak.
- Ez sartu janari berorik; utzi kanpoan hoztu arte.
- Berria erosi behar baduzu, aukeratu modelo eraginkor eta ekologikoa. Energia gutxiago kontsumitzen dute.
- Betiko bonbillen ordez jarri kontsumo txikiko lanparak: %80 arte aurreztuko duzu energia elektrikoan. Bestalde, lanpara halogenoek, garestiago diren arren, argi gehiago egin eta berdin kontsumitzen dute eta bi edo hiru bider bizitza luzeagoa dute.
- Hodi fluoreszenteek bonbilla arruntek baino hamar bider gehiago irauten dute eta eraginkorrago dira. Argi gehiago eta luzaroago behar den lekuetarako, gomendatzen dira. Lanpara fluoreszente bat itzali eta berriro piztu arte 20 minutu baino gutxiago pasa behar bada, merkeago ateratzen da piztuta uztea.
- Kontsumo txikiko lanpara elektronikoek ohikoek baino zortzi aldiz gehiago iraun eta laurdena kontsumitzen dute.
- Etxebizitza erostean, erreparatu orientazioari. Zenbat eta argi-ordu gehiago, orduan eta gutxiago gastatuko duzu berogailutan.
- Egunez, altxa itzazu pertsianak: eguzkiak argia eta berotasuna emango dio etxeari. Iluntzean itxi gortinak eta pertsianak: berotasun gutxiago galduko da horrela.
- Leihoak aldatzen badituzu, kristal bikoitzekoak jarri.
- Ate-leihoei juntak eta buletak jarrita, %10 gutxituko duzu bero-ihesa. Ongi isolaturiko etxebizitzetan %30 arte aurrezten da berokuntzan.
- Gela bat aireztatzeko aski dira 10 minutu.
- Jarri termoa etxe barruan eta erabiliko den lekuetatik, sukalde eta bainugelatik hurbil.
- Bainuaren ordez, erabili dutxa: laurdena kontsumituko duzu ur eta energiatan.
- Termoaren irteeran jarri balbula nahaslea; horrela, tenperatura egonkorrean aterako da ura: erosoago izateaz gain, gutxitu egingo da kontsumoa.
- Termoa 60ºCtik gora jartzen baduzu, energia alferrik galdu eta gailuaren bizitza laburtuko duzu.
- Hauta ezazu beti ontzien zikinaren araberako programa.
- Bete garbigailua ahalik eta gehien. Beteta erabiltzean ur, garbikari eta energia gutxiago kontsumituko du. Eta ontzi-garbigailuak luzaroago iraungo du. “Karga erdiarekin” martxan jarri behar baduzu, erabili programa ekonomikoa.
- Ontzi-garbigailua erostean, aukeratu modelo eraginkorrak. Ur eta detergente gutxiago kontsumitzen dute eta %20 aurrezten dute energian.
- Mikrouhin labean basokada bat esne berotzea: 0,37 pezeta.
- Goritasun-bonbilla, ordubetez piztuta edukitzea: 1,03 pezeta.
- Ontzi-garbigailua, beteta: 24 pezeta.
- Oilasko bat erretzea: 23,95 pezeta.
- Arrautza bat frijitzea: 2,50 pezeta inguru sukaldea elektrikoa bada eta pezeta bat inguru gasezkoa bada.
- Dutxatzea: bost minutuko dutxa bat 65 eta 90 pezeta kostatzen da berogailua elektrikoa bada eta 25 eta 50 artean gasezkoa bada.
- Lisatzea: ordubetez lisatzea, aparailuaren arabera, 25 pezeta inguru kosta liteke.
- Arropa garbitzea: garbiketa normal bat 45 pezeta inguru kostatzen da.
- Berogailua: ordubetez berogailua martxan izatea 60 eta 85 pezeta artean kostatzen da elektrikoa baldin bada eta 40 eta 50 pezeta artean gasezko galdararen kasuan.