Ingurumena zaintzeko ardura etxean hasten da
Gure eguneroko ohitura errotuenek zerikusi handia dute planetaren degradazio globalarekin. Zaborra bereiztu gabe botatzeak, erabili eta botatzeko tresnak eta ekologiaren aurkako material birzikla ezinetan ontziratutako elikagaiak erosteak eta pentsatu gabe egiten dugun beste hainbat ekintzak lagundu egiten dute hein handi batean ingurumena kutsatzen.
Murriztu ezazu
- Saiatu era guztietako produktuak berriz erabiltzeko moduko tamaina handiko ontzietan erosten. Ez hartu erabilera bakarreko ontzirik.
- Erosketetara zoazenean, eraman poltsa etxetik.
- Berreskuratu ohitura zaharrak, ogiaren poltsa edo arrautzen ontzia esate baterako.
- Ahal baduzu, ez erosi alferrikako bilgarriak dituen produkturik. Garrantzitsuena produktua da, ez bilgarri erakargarria edukitzea.
- Ahala duzun heinean, erosi produktuak pisura.
- Ahal den neurrian ez erabili botatzeko produkturik, hala nola paperezko mukizapi, sukaldeko paper, kartoizko edalontzi eta plater, plastikozko mahai-tresna eta abarrik. Erabili eta botatzeko produktuen industriak sortzen du mundu osoan zaborrik gehien.
- Jakiak gordetzeko erabili ontzi iraunkorrak. Aluminiozko papera, berriz, neurriz.
- Eskuz egin daitezkeen lanetarako, ez erosi etxetresna elektriko txikirik, latak irekitzeko makina eta antzekorik.
- Saiatu pilak behar dituzten tresna eta jostailurik ez erosten. Beharrezko badira, erabili berriro kargatzen diren pilak edo kutsatzen ez duten pila berdeak.
Berrerabil ezazu
- Idazteko papera erabiltzean, ez bota orria alde batetik idatzita dagoenean. Erabili beste aldea oharrak eta zirriborroak egin, apunteak hartu, marrazkiak egin eta abarretarako. Paper zaharra gauzak biltzeko ere erabil dezakezu.
- Fotokopiak alde bietatik egin.
- Lorategia baduzu, birziklatu materia organikoa.
- Erabili berriro supermerkatuko plastikozko poltsak zaborrarentzat.
- Ez bota kristalezko tarrorik. Oso baliagarri izaten dira pasta, irina, lekariak eta antzekoak gordetzeko. Itsulapiko, lapitzen ontzi edo hazitegi gisa era erabil daitezke.
Birzikla ezazu
- Bereiztu zaborretarako materialak, behar bezala birziklatzeko. Poltsa banatan gorde zabor organikoa, papera eta kartoia, beirazko ontziak eta gainerako ontziak (brik, plastikoa, latak…). Eta bota hondakin mota bakoitza kalean hartarako jarritako edukiontzietan.
- Behar bezala erabili bilketa selektiborako edukiontziak. Aluminiozko tapoi bakar batek edukiontzia bete beira honda dezake.
- Tona bat paper egiteko 5,3 hektarea baso bota behar da. Espainiako urteko kontsumoa asetzeko 20 milioi arbola handi bota behar izaten da. Har itzazu neurriak: kontsumitu paper gutxiago, erosi paper birziklatua eta bidali birziklatzera ahalik eta paperik gehien.
- Ez bota paperaren edukiontzira bestelako hondakinik, plastiko, esne-ontzi (plastikoa eta aluminioa dute), lata eta abarrik.
- Egunkarien papera errazagoa da birziklatzen, egur-zuntzez egina baita. Espainiako estatuan urtebeteko egunkarien hamarren bat birziklatuko balitz, 700.000 zuhaitz salbatuko genituzke.
- Edalontzi eta bonbilen beira ezin da ontzien beirarekin batera birziklatu. Beira edukiontzietan edozein koloretako botilak edo beirazko ontziak bakarrik bota behar dira. Kendu tapa eta egiaztatu botilak barruan ez duela ezer.
- Ez bota zaborretara botiken ontzi hutsik edo botika-hondar nahiz botika iraungirik. Eraman itzazu farmazietako edukiontzietara.