Hobe aukerak aztertzea, kreditua onartu aurretik
Urtarrileko aldapari, Eguberrietako xahutzeei, ikasturte berriaren hasierari, etxebizitzako erreformei, kotxe berria ekartzeari edo uste gabeko gastuei, etxe askotan, kreditu pertsonalen bitartez egiten zaie buru. Hipoteka-kreditutan ez bezala -hauetan amortizazio epea 30 urtekoa izan daiteke eta-, mailegu pertsonalen ezaugarrietako batzuk hauek dira: dirua itzultzeko epe laburra da (hilabete eta bost urte bitartekoa), utziriko dirutza ez da oso handia (3.000 eta 60.000 euro artekoa) eta, banketxearekiko negoziazioaz kanpo, aski interes tasa altua (%7 eta %10 artekoa), diru gutxi epe laburrera uztea aurrezki erakundeari errentagarri gerta dakion.
Interes altu hori ezartzeko zergatietako bat, erakundeak onarturiko arriskua da: mailegua ordaintzen ez bada, erakundeak ez du inolako abalik; hipoteka-maileguetan bermea ondasun higiezinen bat izaten denez, horrek eskuduntza ematen dio banketxeari hipotekan harturiko ondasun hori desjabetzeko, berak utzitako dirua ordaindu ezean.
Estatu espainiarrean 2000 urtean, kontsumo-kredituen munta 30.718 milioi eurora iritsi zen, hau da, 1999an baino %4,2 gehiago. Horrelako maileguen %44 automobilak erostera bideratzen da eta gainerako %56 bestelako ondasun eta zerbitzuak finantzatzera, horko lehen postuan etxebizitzako erreformak agertzen direlarik. Nolanahi ere, kreditu pertsonala ez da beti konponbide egokiena aparteko gastuei aurre egiteko edo egoera zailetik irteteko. Ordainketak epeka ordaintzea edo epekako erosketak egitea izan daiteke baleko alternatiba banketxeen interes garestiak ordaindu nahi ez baditugu; bestetik, paper gutxiago betetzea aginduko zaigu.
Kontsumo maileguak
- Finantzatzen den kapitala: 3.000 euro
- U.T.B.* (Urteko Tasa Baliokidea): %7’06 eta %10’04 artekoa
- Hileko kuota: 260 eta 264 euro artekoa
- Ordaindu beharreko interesak, guztira: 116 eta 172 euro arte
- Finantzatzen den kapitala: 12.000 euro
- Amortizatzeko epea: 5 urte
- U.T.B.*: %7’06 eta %10’04 artekoa
- Hileko kuota: 238 eta 252 euro artekoa
- Ordaindu beharreko interesak, guztira: 2.277 eta 3.312 euro arte
*U.T.B: urteko tasa baliokidea. Maileguagatik ordainduko diren gastu guztiak sartzen dira bertan: interes nominala, azterketa- eta irekiera-komisioak, bizi-asegurua, etab.
Gogoan izatekoa. Banketxe batzuek kreditu mota bakarra eskaintzen dute, eskaturiko dirutza nola erabiliko den kontuan izateke; ez dute ikasketak egiteko, automobila erosteko edo etxebizitzan erreformak egiteko berariazko krediturik ematen. Kasu bakoitzean aplikatzen den interes tasa, beraz, mailegua eskatzen duen pertsonaren eta honen historialaren arabera aldatuko da.
- Finantzatzen den kapitala: 12.000 euro
- Amortizatzeko epea: 5 urte
- U.T.B.*: %8’06 eta %9’84 artekoa
- Hileko kuota: 244 eta 254 euro artekoa
Ordaindu beharreko interesak, guztira: 2.620 eta 3.241 euro arte
Gogoan izatekoa. Banketxe edo aurrezki kutxan ez ezik, eskatu informazioa automobila erosi behar duzun establezimenduan. Zenbaitetan, kontzesionario horiek finantza enpresekin duten harremanari esker, banka-erakunde batzuk baino interes egokiagoa eskain diezaiokete bezeroari.
Kontzesionarioaren finantza erakundearen bitartez automobila ordaintzeak dituen abantailetako bat, gerora etorriko da: hurrengo batean, banketxean beste kreditu pertsonal bat eskatzeko beharrean gertatzen bagara aiseago eman diezagukete, aurretik beste kreditu-espedienterik ez baitugu. Hona aholkua: lana bada ere, galdetu, konparatu eta negoziatu kontzesionarioaren finantza erakundearekin banketxearekin bezala. Ez onartu sekula jasotzen duzun lehen eskaintza.
- Finantzatzen den kapitala: 3.000 euro
- Amortizatzeko epea: urtebetea
- U.T.B.*: %5’11 eta %6’69 artekoa
- Hileko kuota: 257 eta 260 euro artekoa
- Ordaindu beharreko interesak, guztira: 84 eta 110 euro arte
Gogoan izatekoa. Ikasketa kredituek (gazteei zuzenduak, unibertsitate karrera, master, doktoretza, hizkuntza ikasketak eta antzekoak finantzatzeko) bi urterainoko hutsaldia izan dezakete. Hau da, bezeroak bi urteko hutsaldiko kreditua eskatzen badu, eskaturiko diru kopurua ez da itzultzen hasiko bi urte horiek igaro arte. Interesek, dena den, ez dute hutsaldirik: kontratua sinatu den unean bertan hasi beharko dira ordaintzen. Zenbaitetan, ikastegiak berak hartzen du bertako ikasleentzako baldintza egokienak hainbat erakunderekin negoziatzeko ardura. Oso litekeena da baldintza horiek, ikasle bakarrak bere kabuz erdiets ditzakeenak baino hobeak izatea. Nolanahi ere, ikasleak ez du zertan onartu ikastegiak proposatzen dion finantza-erakundea.
Diru gutxi epe laburrera uztea errentagarri izan dakien, finantza erakundeek interes tasa altuak ezartzen dizkiete maileguei. Horrenbestez, kreditu pertsonala eskatzeko egokitasuna tentu handiz hausnartu beharreko kontua dugu: aparteko gastuak finantzatu behar direnean, hori bezain larriak ez den irtenbideetako bat aukera dezakegu; gainera, kreditu eskaerak bere-bereak dituen izapide eta joan-etorri piloa ez dugu egin beharko, segurutik.
Kreditu txartelei esker, zerbait erosi eta ordainketa epeka egin (zatikako ordainketa hautatzen baldin badugu) edo esku dirua eduki nahi badugu. Kasu honetan, hileko interesa %2 eta %4 artean dabil (dirua norberari dagokion sarean ala beste batean jaso den arabera). Hala eta guztiz, kontuz ibili beharra dago, ordaindu ezean interesak bikoiztu egiten direlako; beraz, ordainketa atzeratuz, baliteke urteko %26ko interesak nozitzea. Gogora dezagun, dena den, kreditu txartelak egokiago direla ordainketak epeka luzatzeko esku dirua jasotzeko baino.
Azalera handiek, hipermerkatuek, bidai agentziek eta bestelako establezimenduek ere bezeroei erosketak epeka ordaintzeko aukera ematen diete -sarri, interesik gaineratu gabe, hiru hilabetearen barruan eginez gero-, gerora ordaintzen hasteko. Hiru hileko hori gainditutakoan, berriz, zenbait establezimenduk ezartzen duten U.T.B. hori aurrezki kutxa eta banketxeena baino garestiago izaten da.
Ordainketa edo finantzaketa geroratzeko moduari dagokionez, geroz eta hedatuagoak dauden tokian tokiko erosketa-txartelen bitartez eska daitezke edo, bestela, establezimendu horrek agerian dituen zeinahi kreditu txartel erabiliz, ordaintzeko unean.
Mailegu pribatuen sektorean ere dabiltzan hamaikatxo kreditu-erakunde pribaturen bereizgarria, publizitatearen oldarkorra eta eskaera-tramitazioaren azkarra baina, horren ordainetan, erakunde tradizionalek baino komisio handiagoak kobratzea da.
Finantza enpresa horien espezialitatea “mikrokredituen” segmentua da, hau da, 3.000 eurotik beherako kopuruak maileguan uztea. Finantzazio koste handikoak izaki, horien interes nominala urteko %20 inguruan dabilen arren, %22’9ra ere iristen da batzuetan eta U.T.B %24’6rainokoa da.
Kontsumorako kreditua eroso eta azkar emate horren letra txikian bidegabekeriazko baldintzak tartekatzen dira batzuetan; ezusteko gastu bati aurre egiteko aukera paregabetzat agertzen dena, espero baino kostu handiago bihurtzen da maiz. Esate baterako, 3.000 euroko kreditu batengatik. UTB %24’6koa izaki, 12 hilabete igarotakoan 415 euro ordaindu ditu hartzaileak interesetan.
Horrela bada, kreditu erraz eta berehalakoek eskaintzen dituzten abantailak hertsikiago dagozkio erosotasunari (gestio guztiak telefonoz egiten dira) diru-etekinei baino.
- Kontratua egin baino lehenago, finantza erakundeak titularrari maileguaren baldintzak agertzen dituen eskaintza loteslea entregatu behar dio eta baldintza horiek gutxienez 10 asteguneko epean bete beharrekoak dira. Era horretan, eskaintzak konparatzeko aukera izango du bezeroak.
- Mailegua produktu baten erosketari lotua dagoenean, produktua itzultzen baldin bada kontratua indargabeturik dago, inolako kosturik gabe.
- Amortizazio taula baten bitartez, aldian behin ordaindu beharreko kuoten muntaz informazioa jasotzeko eskubidea du.
- Komertzio jakin batean egindako erosketei loturiko maileguetan, bezeroak nahi duen erakundearekin egin dezake eragiketa, establezimenduak adierazten duenarekin ez baitu zertan egin.
- Finantza erakundearen eskaintza onartzekotan, sinatu aurretik poliza aztertzeko eskubidea du; hori arreta handiz egitea komeni izaten da, interes tasa, komisio, berme, epe eta gainerako baldintzei zehazki erreparatuz.
- Mailegua eskatu aurretik, aztertu zeure kreditu-historia pertsonala. Zure diru sarrerak irregularrak izan badira edo zenbaki gorritan maiz ibili baldin bazara, nekezago emango dizute kreditua.
- Baliozta ezazu objektiboki zure zorpetze-ahalmena; izan errealista zeure buruari onar diezaiokezun kontsumo mailaz.
- Ezarri zure aukeren araberako amortizazio epea. Gogoan izan, epea zenbat eta luzeagoa izan, hileko kuota orduan eta txikiagoa bada ere, gerora interes gehiago ordainduko dituzu. Epe txikiagoan, ordea, kontrakoa gertatzen da.
- Munta txikiko ordainketei aurre egiteko, bila itzazu mailegu pertsonalei aplikatzen zaizkien interesak baino apalagoak dituzten bestelako irtenbideak.
- Aztertu sakonki finantza erakundeen publizitatea. Ez begira bakarrik publizitatearen pagotxara, eska ezazu premiazkoa duzun informazio guztia. Nolanahi ere, badakizu publizitatean eskainitako kontratu-baldintzak bete behar dituztela erakunde horiek.
- Konparatu produktu bera erakunde bat baino gehiagotan. Eskaintza desberdinen artean erreferentzia hoberena produktuaren U.T.B da, maileguaren egiazko kostua erakusten baitu (interes nominal, komisio, aseguru eta gainerakoak jasotzen dituelako). Dena den, jakin ezazu zehatz-mehatz nolako gastuak eta komisioak ordaindu behar diren.
- Hainbat eskaintza batera aztertzean, eska ezazu maileguaren amortizazio koadro osoa jasotzen duen simulazioa. Koadro horri esker egin ahal izango dituzu kasuan kasuko konparazioak.
- Negozia ezazu, kezka izpirik gabe, interes tasa eta kreditu erakundeak kargatu nahi dizkizun komisio guzti-guztiak.
- Egiaztatu kontratuan hurrengo alderdiak agertzen direla:
- U.T.B., zehazki. Horrelakorik azaltzen ez bada, zure obligazioa izango da legezko interesa bakarrik ordaintzea, hitzarturiko epeetan.
- Kreditua itzultzeko zuk ordaindu beharko duzun dirutza, epeen kopurua, eta maiztasuna zehatz-mehatz adierazita. Horrelakorik zehazten ez bada, prezioa eskuan edo kredituaren nominala hitzarturiko epeetan ordaindu beharko da, besterik gabe.
- Kredituaren guztirako kostua osatzen duten elementuen zerrenda. Era berean, titularraren heriotza, gaixotasun, ezintasun edo langabeziagatik kreditua amortizatzeko asegurua izenpetzeko beharra ere adieraziko da. Horrelakorik adierazi ezean, ezin dakizkizuke eskatu kontratuan aipatzen ez diren gastuen ordainketa, ezta inongo bermerik sortu edo berriztatzerik ere.
- Eskatu -eta gorde- ezazu kontratuaren eta maileguarekin zerikusia duten agiri guzti-guztien kopia.
- Egiazta ezazu maileguaren ordain-agirietan kontratua egitean hitzarturiko baldintzak aplikatzen direla; dudarik izanez gero, edo kuota baten karguarekin ados ez bazaude, jo ezazu sukurtsalera arazoari konponbidea emateko.
- Erakundeek, fede-emaile publikoak esku hartzea eskatu ohi dute kontsumorako kredituak eta mailegu pertsonalak oro har hitzartzean. Horrela egiten dute, izan ere, kontratu horiei ekintza exekutiboaren eskumena emateko, titularrak ordaintzen ez badu. Eskuarki gastu hori bezeroak ordaintzen badu ere, ez da horrela izan behar. Negozia ezazu nork bereganatuko duen notarioaren kostua.