Emakume gazteek gizonezkoek baino gehiago erretzen dute
50eko hamarkadara arte, tabakoa kontsumitzeak osasunean sortzen duen eragina aztertzen hasi ziren arte, erretzea ohitura hutsala zen, bizitzeko modu bat. Baina Doll eta Hill ikerlariek egindako azterketek adierazi zuten tabakoak edonori egin diezaiokeela kalte adina, sexua, arraza, maila soziala eta tabako mota edozein izanik ere. Horretaz gain, azterketa horiek erakutsi zuten eragin zuzena duela leku ezberdinetako minbiziagatiko heriotzekin eta arnas aparatuarekin edo gaixotasun kardiobaskularrekin duen harremana ere garbia eta zehatza dela.
Hala ere, honen guztiaren berri izan arren, eta tabakismoaren aurkako kanpaina gogorrak martxan jarri arren, kalte handia eragiten ari da mundu guztiko osasun publikoan. Espainian biztanle helduen %36k tabakoa kontsumitzen du usu -14 milioi biztanle baino zertxobait gehiago- eta urtean 56.000 heriotza ohitura honi egotzi ahal zaizkio. Azken hamarkadan tabakoak eragindako heriotza kopuruak gora egin du gure herrialdean, 1987tik 1997ra bitartean %38tik %36ra jaitsi arren. Kontraesana dirudien honek badu bere azalpena, hamarkada batean emakume erretzaileen batez bestekoa bikoiztu egin baita -1987an emakume erretzaileak %8 izatetik 1997an %15 izatera pasa baitziren- eta gora egin baitu tabakoak eragindako heriotza kopuruak emakumeen artean. Baina, zalantzarik gabe, datu deigarri eta kezkagarriena 15 eta 18 urte bitarteko nesken artean dagoen batez besteko erretzaile kopuru altua da: %31 neska dira erretzaileak adin bereko mutilen %23ren aurrean.
Nerabe erretzaileak, heldu gaixoak
Nerabeen artean erretzaile kopuru altu hori izatea kezkagarria da adin tarte honek dakarren guztiagatik: bizitza mota eta portaeran jasaten diren aldaketengatik markatutako garaia da, norbere pertsonalitatea edo izakera sendotzen den garaia. Garai honetan hartutako bizitza ohiturei eutsi egiten zaie nagusi izatean eta behin ezarri direnean oso zailak dira aldatzen.
Gizonezkoengan eragina izaten duten gaixotasunez gain, -biriketako minbizia, laringekoa eta beste gorputz atalen batekoa, gaixotasun koronarioak edo arnasbideetakoak- emakumeengan tabakismoak menopausia garaia aurreratzen du, eta osteoporosia eta hezurren haustura izateko arriskua handitzen du. Era berean, ez da gomendagarria haurdunaldian fetuan eragin ditzakeen osasun arazoengatik.
Emakumeengan tabakismoak sortzen duen beste datu kezkagarri bat: gaitz koronarioak izateko arriskua handitu egiten da antisorgailuak hartzen dituen emakumeak erre egiten badu, baina batez ere biriketako tronboenbolismo arriskua handitzen da, erretzaileen artean 20 edo 40 aldiz handiagoa baita.
Emakumeen tabakismoaren etorkizuna ez da bat ere pozgarria, eta oraindik emakumearen osasunean zoritxarreko ondorio guztiak agertzeko behar adina denbora pasa ez den arren, herrialde industrializatuetan hasi dira lehenengo ondorioak nabaritzen: Europan emakumeen arteko biriketako minbizi kopurua bikoiztu egin da, 1973an 18.822 heriotza izatetik 1992an 36.772 izatera pasatu baitziren, eta Estatu Batuetan dagoeneko bularreko minbiziagatik baino heriotza gehiago gertatu da biriketako minbiziagatik.
Emakumeak prebentzioan duen rola
Tabakismoaren aurkako borroken ondorioz lortutako emaitzak begi bistakoak dira, baina lorpenak ez dira nahikoa oraindik, bereziki bizitzako adinik kritikoenetan, hau da, haurtzaroan eta nerabezaroan, eta batez ere emakumeen artean. Ohitura hau zenbateraino den kaltegarria ezagutzera emateko garatutako programek emaitza mugatua izan dute eskoletan. Aditu batzuen iritziz kontzientziazio programa hauentzako aukeratutako adin tartea izan daiteke arazoa, 11 urtetik 18 urtera bitarteko hau eta nerabeak hartu baitira kontuan, eta agian adin hauetarako noizbait tabakora hurbildu baitira zigarroen bidez. Hortaz, haurrei bizitza ohitura osasungarriak erakustea proposatzen dute eta arlo horretan funtsezkoa da emakumearen zeregina, gaur egungo gizartean duen rolagatik. Emakumea familietako muina da, eta bere osasun ordezkari eta hezitzaile papera txikienak kontzientziatzeko erabil daiteke. Haurrek ama erretzen ikusten badute ez dute sekula pentsatuko ohitura arriskutsua denik, berak behin eta berriz hala esan arren.
Publizitatearen indarra
Gizarteko hainbat alderdik eragiten dute tabakoa kontsumitzera. Droga gogorra izan arren, erraza da lortzea, gizartean onartutako ohitura baita. Ezin dugu aipatu gabe utzi publizitatearen indarra, erabakigarria izan baita emakumeetan ohitura hau sortzen eta mantentzen. Lehenengo gizonarekin parekatzeari buruzko ideia erabili zen publizitatean, ondoren erretzeari utziz gero loditzeko arriskua zegoela. Emakumeak gizartean duen rola edo eginkizunek izandako aldaketa ere erabakigarria da ohitura honi eustean. Lan munduan sartu eta aldi berean etxeko lanik gehienen kargu egiteak emakumeengan gehiegizko presioa sorrarazi du: jardun lanpetu baten ondorengo zigarro lasaigarriaren irudia ere ondo esplotatu dute tabako enpresek. Light kontzeptua ere behin eta berriz gogorarazi digute tabako enpresek. Emakumeen artean light zigarroak asko kontsumitzen dira, osasunarengan normalek adina kalte ez dutela egiten pentsatuta, ez direlakoan hain kaltegarriak, beraz askorentzat ez dirudi hain beharrezkoa erretzeari uztea. Ideia oker horrek zigarro mota honen kontsumoak zaletu gehiago izatea ekarri du, eta ondorioz tabakoa uztea oztopatu.
- Akupuntura, paramedikuntzak, magia, hipnosia, psikoanalisia, bakarkako eta taldekako psikoterapia etab. probatu izan dira erretzeari uzteko. Baina oraindik ez du metodo bakar batek ere lortu ideala izango litzatekeena: erretzaile guztientzako egokia izan eta behin betiko erretzaile ohi bihurtu.
- Erretzaile guztiak berdinak ez izateak zaildu egiten du. Nikotinarenganako menpetasuna, eta menpetasun psikologikoa, erretzen den zigarro kopurua, ohitura horrekin zenbateraino zeuden gustura eta erretzeari uzteko borondatea, besteak beste desberdinak dira erretzaile bakoitzean eta ohitura uzteko metodoa bakoitzaren ezaugarrietara egokitu behar dela.
- Loditzeko beldurrez, emakumeengan eragin handiagoa du ideia honek, erretzeari uzten diotenen erdiak porrot egiten du, beraz mota honetako ohitura bati uzteko terapia batek estrategia dietetikoak eta pisua kontrolatzeko neurriak ere hartu behar ditu kontuan.
- Gaur egun erretzeari uzteko tratamenduetan bi zutabe nagusi ditugu, batez ere menpetasun handia dutenentzat: laguntza psikologikoa eta farmakologikoa (nikotina, bupropion…). Harreman garbia dago laguntza psikologikoaren indarraren (sesioen maiztasuna, iraupena, ziur egotea….) eta eraginkortasunaren artean, tratamendu farmakologikoekin handitzen direnak beharrezkoa denean. Arrakastarako aukera gehiago dago tratamendu hauek talde lanaren bidez egiten direnean. Talde dinamikak laguntza emozionala ematen du, antzeko egoeretan dauden beste batzuen esperientzien berri izateko aukera ematen du eta irtenbide praktikoak eskaintzen ditu.