Elikagaietako transgenikoak

Hutsaren hurrena bada ere, nekez saihets daitekeen kontaminazioaren ondorio

1 urria de 2002
Elaboratutako 107 elikagai aztertu dira, genetikoki eraldatutako organismoak (GEO) edo horien deribatuak zeuzkatenak identifikatu ahal izateko eta, bidezkoa balitz, eduki transgeniko hori zein proportziotan zegoen kuantifikatzeko. Era berean, material transgenikoa zeukaten produktuek etiketei buruzko araua betetzen zuten egiaztatu zen.

Hutsaren hurrena bada ere, nekez saihets daitekeen kontaminazioaren ondorio

Genetikoki eraldatutako organismo (GEO) mordoa ezagutzen den arren, gure artean adierazgarrienak, artoari dagozkion hiru (Bt-176, Bt-11 eta Mon-810) eta sojari dagokion bat (RR-soja) dira. Azterlan honetan GEO horiek ikertu dira: Batasun Europarrak laurak onetsiak baditu ere, gizakiak elikatzeari dagokionez bi bakarrik onartzen ditu: RR-soja eta Bt-176. Lan honetan Bt-11 eta Mon-810 sartu dira, beroriek baitira Europan erabilienak.

Genetikoki eraldatutako organismo (GEO) bat, espezie baten ADN-aren zati bat beste espezie baten ADN-an sartzean erdiesten da. Era horretan lortzen dena organismo nagusi bera da, baina beste espezie bati dagokion informazioa erantsia du. Batasun Europarrak gizakiaren elikaduran GEO bat onartu ahal izateko, segurtasun kontrol eta protokolo zorrotz-zorrotzak gainditu behar ditu produktuak.

Gaurko 107 produktuak ez dira txiripaz hautatu: alderantziz, bere osagaietako bat artoa, soja edo horien deribaturen bat denez, oso litekeena da bere baitan transgenikoak edukitzea. Analisiak erakutsitako emaitzek, beraz, elikadura merkatuan transgenikoen sarreraren berri gaztigatzen digute.

Analisian betetako metodologiari goazkiola (PCR: polimerasaren kate erreakzioa), GEOak detektatzeko teknologian eginiko azken aurrerakadan oinarrituta dago: Europan balioztaturik dagoen teknika kualitatiboa (GEOrik badagoen ala ez dagoen hautematen duena), alegia; teknika kuantitatiboa (guztirako arto edo sojarekiko, GEOen portzentajea zehazten duena) CSIC organismoak erabili eta bermatutakoa da, Estatu espainiarrean. Bi-biak dira ohikoenak, hedatuenak eta zientziak onartutakoenak: beraz, emaitzarik sinesgarrienak eskaintzen dituztenak.

Analisiko ondorio nagusia hau da: bi produktutan bakarrik (hau da, azterturiko guztien %2 baino gutxiago) detektatu zen transgenikoen presentzia, bietan ere artoa osagai izaki, presentzia hori hutsaren hurrena bazen ere (arto-edukia baino hogei aldiz txikiagoa). Proportzio horretatik aurrera EEE-ko arautegiak produktuaren etiketan GEO dauzkala jakinaraztea hertsatzen dio fabrikatzaileari. Bi produktu horiek, berriz, hizkera teknikoan “kutsadura gurutzatu edo halabeharrezkoa” deritzona erakutsi zuten, fabrikatzaileak nekez ekidin dezakeena, alegia. Izan, gaur egun ia ezinezkoa da elikagaietan transgenikoen erabateko gabezia era estandarizatuan bermatzea, funtsezko bi arrazoirengatik: batetik, herrialde askotan landare transgenikoak lantzeak kutsadura-bide anitzak hedagarriago bihurtzen ditu eta, bestetik, GEOrik erabat eta sekula ez dagoela bermatzeak produktuei jarraipen osoa, konplexua, zorrotza eta koste handikoa egitea ondorioztatuko lieke fabrikatzaileei (lehen jatorritik hasita, saltokiraino; gainera, praktikan horren eraginkortasuna erakutsi beharko litzateke) .

Beste alde batetik, transgenikoen lorratzak zituzten bi produktuek etiketari dagokion araua ederki betetzen dute, bere burua ez baitute zertan transgenikotzat ezagutarazi, GEOak arto edo sojaren guztirako edukiaren %1 baino gehiago ez dira eta.

Kutsadura gurutzatuaren arrazoiak

Kulturan (hazkuntzan), bai ereintzan baita uztan ere, kontaminazio gurutzatuak gerta daitezke, eragiketa horiek makineriaz egiten baitira: tresneria sakon eta arreta osoz garbitu beharra dago genetikoki aldaraziko landareetatik aldarazi gabekoak lantzera iragatean. Kutsatzeko bideetako bat polinizazioa da: intsektuen bidez ez ezik, airearen bitartez ere gertatzen da kutsadura hori. Kultura transgeniko eta ez-transgenikoen arteko polinizazio gurutzatuari aukerak murrizteko modu bakarra isolamendu fisiko edo biologikoa baliatzea da: GEO maneiatzen duten kultura eta GEOrik maneiatzen ez dutenen artean 200 edo 400 metrotik gorako distantzia errespetatzea komeni izaten da; bestetik, berriz, batzuen eta besteen loraldien artean 4 eguneko tartea uztea aholkatzen dute adituek.

Era berean, GEOren kontaminazioa lehengaia fabrikara eramatean gerta daiteke. Hazien leku aldaketa andel handietan (izan gogoan, esate baterako, edukiera eskergako itsasontzien deposituak, esate baterako) egiten da: karga bat hustu eta bestearekin bete bitartean arreta osoz garbitu behar dira ontzi horiek, GEO duten hazien eta ez dutenen arteko kutsadurarik gerta ez dadin. Amaitzeko, produktuak prozesatzean ere gerta daiteke kontaminazio hori, gogoz kontra bada ere. Enpresa batzuek, GEO duten lehengaiak zein GEOrik gabekoak baliatzen dituzte elikagaiak ekoizteko, tresneria bera erabiliz lehengai desberdinak lantzeko. GEO duten eta GEO gabeko lehengaien arteko kontaktuari saihets egiteko, makina horiek kontu handiz garbitu behar dira, hodiez eta irispide zaileko zuloez kontu bizia eginez.

Ondorioz, kontaminazio gurutzatua saihestea bereziki nekeza gertatzen da, are GEOrik gabeko elikagaiak eskaintzeko konpromisoa hartu duten fabrikatzaileentzat ere.

Emaitzetara goazela…

Analisiak hautemaniko transgenikoen bi positiboak gosaritarako laboreak izan ziren (eztiz estalitako artozko bolak, Kellog´s markakoak) eta artozko snack bat, Grefusa markakoa. Azken produktu honetan Bt-176 eta Mon-810 hauteman ziren (biak ere artoari dagozkionak, hutsaren hurrengo kopuruz: %0,02 eta %0,048); Kellog´s markako eztiz bildutako arto boletan, aldiz, Mon-810 atzeman zen, kopuru ñimiñoan era berean: %0,032. Batasun Europarrean Mon-810 onartua dago industrian, kulturaz ari garela, baina elikadura industrian ez dago onetsita oraingoz. Arto transgenikoaren lorratzak hauteman diren bi kasuetan, fabrikatzaileek CONSUMER-i erakutsi ziotenez, nola hornitzaileek ekarritako lehengaiak hala lantze prozesuan kontrolatze-eragiketak estandarizatuta zeuden; horrez gainera, beren lehengaietan GEOrik ez baliatzea gainbegiratu eta egiaztatzeaz gainera, beren produktuen elaborazio prozesuan kontaminazioa ekiditeko ahalegin guztiak egiten dituzten firmaz kanpoko erakundeen ikuskatzea ere gauzatzen dute. Horiekin batera, bi enpresak (elikadura sektoreko beste hamaikatxo legez) beren produkzio sisteman hasi dira, jatorritik bertatik salgai jartzeraino, produktu guzti-guztien kalitatearen jarraipen eta kontrol zorrotz, xehekapenezko eta dokumentatuak ezartzen. Era horretan, transgenikoei dagokienez, Europar Batasunak eskuartean dituen arautegi-proiektuei aurrea hartu diete.

Etxeko animalientzako elikagaiez, ordea…

Gizakientzako elikagaiak ez ezik, maskotentzakoa ere aztertu zituen analisiak. Horietako bitan bakarrik (Pedigree markako “Zakurrentzako elikagaia, idiki eta barazkiduna” eta Whiskas Supreme-ko “Katuentzako elikagai osatua, idiki, ardiki eta untxiduna”) , hauteman zen transgenikoen presentziarik. Pedigree markakoan, diagnostikoa “kontaminazio gurutzatua” izan zen, arrastoak baizik ez zuelako (%0,09, RR-soja), baina Whiskas markakoan atzemaniko proportzioa handiagoa izan zen: %6,63, RR-soja). Oso litekeena da, osagaietako bat soja denez, lehengai hori berez transgenikoa izatea. Nolanahi ere, lagin bakar batek ere ez du araua urratzen, legeriak ez baitu behartzen animalientzako elikagaietarako lehengai transgenikoak etiketatzerik.

Transgenikoak zer diren

Iraultza bioteknologikoaren oinarria azido desoxirribonukleikoan (ADN) datza; funtsezko molekula horretan, izakiaren informazio genetikoa oso-osorik dagoelarik, bere egitura 1953 urtean idoro zuten eta, harrezkero, laborategian (in vitro) egin ziren eraldaketa genetikoaren estreinako entseguak. Teknika horiek nekazaritzan, medikuntzan, ingurumenean eta elikadura industrian aplikatu izan dira eta, beraiei esker, espezie batetik bestera geneak transferitzea ez ezik, sortzen diren aldaketak azkartu eta aztertu ere egin daitezke, naturak berezkoa duen patuaren aukerak murrizteko xedez.

Transgenikoen gailurrera 1994 urtean iritsi ziren, AEBko Food and Drug Administration (FDA, elikagaien eta botiken segurtasun-gaiak arautzen dituen erakunde ofiziala) izenekoak, espezie hari arrotz zitzaion gene bat zeukan landarezko lehen produktuaren komertzializazioa baimendu zuenean: “Flavr-Savr” tomatea zen, Calgene konpainiakoa, eta tomateak bere-berea duen zimeltze eta samurtzea geroratu egin zen, eraldaketa genetikoari esker.

Hona GEO horien definizioa: “estalketaz edo beste sistema naturalez bestelako modu baten bitartez, material genetikoa eraldatua daukan gizakia ez bestelako organismoa” (EBko 2001/18/CEE Araua). Material genetikoaren eraldaketa hori, izakiaren geneak ezarri, kendu edo aldatu izanari esker gerta daiteke. GEOtzat hartzen dira bere burua ugaltzeko gauza diren organismo biziak: soja haziak, esate baterako. Soja lekalea izaki, proteina-iturri legez baliatzen da gizakien eta animalien elikaduran, eta soja horren haziak ere landare berriak sortzeko gauza dira. GEO horietatik eratorritako produktuak, berriz, manipulatuak izan direnez, genetikoki eraldatutako materiala daukate baina ez, ordea, organismo biziak. Horren adibidea da soja-lezitina: batez ere emultsionatzaile gisa erabiltzen den produktu hori soja-hazietan datzan olioak hainbat birfintze-prozesu nozitu ondoren erdietsi ohi da. Gaur egun dezente darabilgun “transgeniko” hitza GEO plegu berezi bati dagokio: organismo horretan bere material genetikoari arrotz zaizkion geneak, nahita, horrelakorik ez baititu organismoak.

Transgenikoen eztabaida soziala

Elikagai transgenikoak merkaturatzeak eztabaida sozial eta zientifiko latza piztu du, horrelakoek ekartzen dituzten mesede eta kalteez. Alderdi bateko zein bestekoak agortzeko asmorik gabe, honela labur daiteke, gutxi-asko:

GEO horiek nekazaritzari eskaintzen dizkioten abantailak, landarezkoen produkzioko kostuak murriztea eta kalitatea hobetzea dira, batik bat. Landare transgenikoetako batzuek produktu konbentzionalaren kalitatea zaintzen dute: ezaugarri organoleptikoak (kolorea, zaporea, ukitua, etab.) hobetzea, frutaren iraunkortasuna luzatzea, heltze prozesua geroratuz, elikagaien samurtzea geroratuz edo hark dituen gantz azidoen edukia eraldatuz. Horiekin batera, beste batzuk ere har daitezke abantailatzat: kulturei erasotzen dieten bakterio, onddo, intsektu, nematodo eta birusen kontrako erresistentzia areagotzea, herbiziden aurreko tolerantzia handiagoa, ur premia gutxiago izatea eta, ondorioz, lehortearen aurreko erresistentzia handiagoa, landarean dautzan nitratoak gutxitzea eta muturreko tenperaturen aurkako erresistentzia handiagoa, besteak beste.

Eragin kaltegarriei dagokiela, hiru multzotan bil ditzakegu nabarmenenak, eragina zertan duten kontuan izan: gizakiaren osasunean, ingurumenean edo ekonomian.

Elikagai transgenikoek gizakien elikaduran dituzten eragin kaltegarriak burutazio alorreko hutsak dira, zientifikoki frogaturiko egiaztapenik ez baitute oinarri: egindako ikerlan ugariek horri buruzko kezkarik izateari ateak zabaldu balizkiote elikagai horien kultura eta ekoizpena ez zen baimenduko. Nolanahi ere, GEO elikagaietan dauden erresistentzia antibiotikodun geneak gizakiei, animaliei eta bakteriori transferituak izan eta botika antibiotikoen efektua neutralizatzeko ahalmenez espekulazio ugari egiten da. Era berean, gaixotasun berriak sortzeaz eta giza organismoaren arrapostu inmunologikoan balizko alterazioak gertatzeaz gogoeta ugari egin izan da, hala nola alergi alorreko arazoak (manipulaturiko ADNak adierazita, giza organismoak ez halakotzat ez aintzat hartuko ez lituzkeen proteina berriek sortutakoak: proteinak dira alergi sortzaile eta eragile behinenak eta, adituen aburuz, oso litekeena da “txertaturiko” ADNak proteina berriak kodifikatzea) eta espero ez ziren nutrizio alorreko balizko desoreka berriekin. Dena den, GEOen segurtasunari buruzko ikerlanetan bilatzen diren ebidentzietako bat, produktu berria eta ez-transgenikoa funtsez baliokide hertsiak (nutrizioarekin zerikusia duten ezaugarriak barne) izatea da.

Elikagai transgenikoek eta hauen ekoizpenak ingurumenean sor ditzaketen kalteari goazkiola -hauek omen dira errealitatean zein entsegu zientifikoetan funts sendoena daukatenak- GEO kontrolik gabe hedatzea egozten zaie: landarezko konbentzionalek ez bezalako geneak izaki, horien aurrean abantailak izan eta lehia desorekatuan aritzeko aukera omen dute: horrela jardutekotan, landare-dibertsitatearen murrizketa jazoko litzateke eta, horrenbestez, herbiziden aurrean erresistente diren landareen sorrera eta ugalketa.

Azkenik, landare transgenikoen kulturaren ondoriozko kalte ekonomiko eta sozialen artetik, nekazaritza sektorearen mendekotasunaren areagotzea nabarmentzen da genetikoki aldarazitako haziek eta berariazko produktu fitosanitarioek osatutako pakete teknologiko izenekoaren aurrean: horrek, landare eta hazi transgenikoak ekoizten dituzten enpresa multinazional gutxien oligopolioaren aurrean laborariek nozitzen duten mendekotasun estrategikoa dakar. Genetik hasita hipermerkatuko saltokiraino, elikagaien produkzio sistema kontrolatuko duten enpresa multzo txiki batek har dezakeen botere eskergaren arriskua larritzen da horrela, laborariei ia inongo autonomiarik uzteke. Urtetan, bioteknologiaren ikerkuntzan milioi asko inbertitu dituzten multinazional horiek beren produktua “zerga teknologikoa” erantsita saltzen dute, erostunari jabetasun- eta patente-eskubideak ordaintzera behartuta.

Genetikoki eraldatutako landareen belaunaldia

Besteren ADN landare-zelulen barnean txertatzeko hamaika metodo garatu izan dira, produktuei ezaugarri batzuk aldatu edo berriak gehitzeko helburuz. EB-an onetsitako nekazal hazkuntzen eraldaketan gehien erabili diren metodoen funts edo oinarria, bektore biologiko eta metodo fisikoak baliatzea izan da. Landare transgeniko bat erdiesteko, bere ADN-an beste espezie batetik datorren informazio genetikoa integratu behar da. Prozesu horretan hurrengo urratsak emango dira:

Lehendabizi, eraldatu beharreko landarean txertatu nahi den genea identifikatu behar da. Gene hori beste landare, bakterio, birus edo, areago, animalia batetik ekarritakoa izango da. Ondoren, delako genea isolatu beharra dago. Isolaturik, gene hori landarearen zelulan bektore biologikoen bidez sar daiteke (garraiobide gisa bakterio bat erabiliz, esate baterako) edo, bestela, metodo fisikoetara joaz (genea zuzenean sartzea, adibidez).

Bektore biologikoak

Isolaturiko genea plasmido (kromosomatik kanpo dauden ADN-ren sekuentzia laburrak) batean sartzen da. Ondoren, osotasun hori Agrobacterium (landare-zelulak infektatzeko gauza direnak) generoko bakterio batean txertatu behar da. Lortutakoan, eraldatu beharreko landarearen landare-zelulak dauden nutrizio-medio batean murgilduko da bakterioa eta, horrela, bakterio horrek zelula horiek infektatuko ditu, plasmido-genea txertatuz. Plasmidoa barruan daukala, zelula laborategian ugalduko da.

Metodo fisikoak

Erabiliena “mikro-bolez” bonbardatzea da: bolatxo ñimiño horiek ADN landare-ehun edo -zelulan sartuko dira, zuzenean sartu ere. Kasu honetan, txertatu nahi den genearekin milaka partikula metaliko mikroskopiko tapizatuko dira. Gorpuzño horiek “gene-pistola” izeneko sistema batean sartuko dira eta, horri esker, landarezko zeluletara ADN hori sekulako abiaduran igorriko dira, jaurtigaiak balira bezala. Landare-zelulen barrualdeko fluido zelularrek osagai metalikoa ikuzi eta ADN nukleo zelularra sartuko da, bertan integratzeko. Horrez gero, zelulak laborategian ugalduko dira.

Ez pentsa gene bat landare-zeluletan txertatu den guzti-guztietan zelulak berezkoa duen ADN-an era egokian integratu denik gene hori. Eraldatutako zelula eta eraldatu gabea begi bistan bereizi ezinezkoak direnez, ezinbestekoa da eraldatutakoei gene markatzaileak txertatzea, zelula-kulturarako medioan antibiotiko edo herbiziden aurrean erresistentzia areagotuko dietenak. Era horretan, zelula guztietan antibiotikoak edo herbizidak aplikatzean, genea modu egokian txertatua ez duten zelulek ez dute erresistentziarik agertuko eta, horrenbestez, hil egingo dira: horrela hautatuko dira eraldaketa genetikoa arrakasta izan duten. Azkenean, zelula horiek, eraldatuta, lurrean landatuko dira: landare normalak bezala etorriko dira, baina genetikoki eraldatutako landareak erdietsiko dira.

Analisian baliatutako metodologia

Lehen-lehenik, elikagai bakoitzetik bina aleren homogenizazioa egin zen, azterturiko 113 produktuen lagin ordezkatzailea ikertu ahal izateko. Ondoren, azido desoxirribonukleikoa (ADN) erauzi egin zen, hainbat protokolo desberdin erabiliz, elikagai motaren arabera. Gene horri PCR teknika (polimerasaren kate erreakzioa) aplikatu zitzaion: proba horrek, produktuan material transgenikorik ba dagoen bakarrik salatzen du. Horrelakorik detektatu ezean, elikagaia gene transgenikorik gabekotzat jotzen da. Positibo gertatuz gero, aldiz, bestelako PCR-ren bitartez (funts teoriko berberekoa, baina bestelako taktika baliatzen duena) laginak zenbat GEO dituen zehaztuko da.

PCR (Polimerasaren kate erreakzioa)

ADN zati berariazkoak hauteman eta handitzean oinarritutako azterketa-metodoa da PCR prozesua, handitu behar den gunea zehazten duten ADN sekuentzia txiki biri (“pitzarazgailuak”) esker. PCR prozesua hiru urratsez osaturik dago eta zikloa hainbestetan errepikatzen da beti, naturan jazotzen den errepikatze-prozesua mimetizatuz:

  1. ADN bereiztea
  2. Pitzarazgailuak elkartzea
  3. Hedapena

ADN kateak elkarrengandik bereizi eta, hortaz, pitzarazgailuen elkarketa eta polimerasaren eragintza errazten dituzten tenperatura desberdinen eraginari esker gauzatzen da teknika hori.

GEOen askapena

Hainbat segurtasun-prozedura aplikatu behar zaizkio zeinahi GEOri, horren erabilera herrialde jakin batean baimenduko bada. Prozedura horiek berdintsuak dira mundu zabalean eta genez gene aplikatzen dira. Funtsean, hurrengo abantailak erdietsi behar dira:

  • Txertaturiko material genetiko guztia aztertzea
  • Gene hori beste landare edo organismoei transferitzeko arriskua balioztatzea
  • Genetik eratorritako produktuen segurtasuna aztertzea.

GEO diseinatu duenak erreferentzi materiala hutsik entregatzeko obligazioa du eta, horrekin batera, kontzentrazio ezagunekin eginiko nahaskiak, sekuentzia interesgarriekin batera, PCR teknologia oinarri duten sistemek txertaturiko genearen eta berarekin sartu direnen sekuentziez xehekapeneko informazioa jaso behar baitute, gene jakin horren detekzioa garatu ahal izateko.

Hein handi batean, dena biltzen da OCDE erakundeak garatu eta FAO (Nazio Batuen Antolakundea, Nekazaritza eta Elikadurarako) eta MOE (Munduko Osasun Erakundeak) organismoek aholkaturiko “baliokidetasun substantzial” delako printzipioan. Kontua da, eraldatu gabeko ama-landarea eta eraldatutako landarea elkarren ondoan hainbat lekutan bi urtez behintzat landatuta eduki ondoren, landare transgenikoaren ezaugarri guztiak (osaketa nutrizio-propietateak, toxina eta alergenoen edukia, gizakien eta animalien elikadura-erabilerak, prozesatze-mota, talde erasangarriek eginiko kontsumoa, ingurumenean izan dezakeen eragina, etab.) sistematikoki konparatzea. Printzipio horren arabera, Europar Batasunean gizakien elikaduran baliatzeko baimendutako biak (soja RR eta artoa Bt-176), besteak beste, positiboki balioztatu ziren.

Transgenikoak direla eta, Legeak xedatzen duena

1997ko Europako Arteztarauak xedatutako irizpideak bete behar dituzte produktu transgenikoek: “Beharrezko eta baliagarri izan behar dute, gizakiaren osasunarentzat eta ingurumenarentzat seguru, adierazitako ezaugarri horiek berak izan behar dituzte eta, gainera, aldaezin iraun behar dute luzera”.

Legeztaturikoan, genetikoki eraldatutako elikagaietan eragina duten alderdietarik eztabaidatuenetako bat etiketa izaten da. Arauak dioenez, edukiaren %1 GEO duten osagai guzti-guztiak (aditiboak eta aromak barne) etiketatu behar dira, honelako esaldia agerraraziz: “Genetikoki eraldatutako soja/artoa oinarri harturik fabrikatua”. Ehunekoan ezarritako muga horren helburua, gogoz kontrako kontaminazioen ondorioz, elikagai konbentzionaletan ezbeharrez ager litezkeen osagai transgenikoak arautik at uztea da. Animaliak elikatzeko produktuek, oraingoz, ez dute zertan esaldi hori ezarri etiketan, osaketan material genetikoaren presentzia guztirako edukiaren %1 baino handiagoa bada ere.

Genetikoki eraldatutako organismoen eta produktu deribatuen etiketez ari garela, sekulako desadostasunak agertzen ditu legeriak, eta hainbat kasutan batzuk eta besteak elkarren kontrakoak dira. Esate baterako, AEB da GEO produktuen ekoizle nagusia mundu osoan, baina baimendutako GEO dauzkaten elikagaien etiketan horrelakorik azaltzerik ez du behartzen, horien presentzia guztirako edukiaren %1 baino handiagoa bada ere. Egoera horrek zailtasun latzak sortzen ditu Europar Batasunean, berton kopurua edukiaren %1 baino handiagoa denean berariazko etiketa ezartzea xedatuta baitago. Areago, inportatzeko garaian, elementu transgenikoen eta ez-transgenikoen produkzio-lineek elkarrengandik bereiz egon behar dute. Egoera hori soja eta antzeko produktuei dagokiela, are eta larriago da. Hazi horren gabezia dela medio, gehien bat soja transgenikoa ekoizten duten Ameriketako herrialdeetatik eginiko inportazioaren mendeko da Europa egun.

Elikagaietan zenbait GEO detektatzeko sistemetara ere iritsi da eztabaida. Teknika kualitatiboa aintzat hartuta dago Europar Batasun osoan, GEO horien presentzia teknika berarekin (PCR kualitatiboa) eta irizpide berekin hautematen da. Teknika kuantitatiboari dagokionez, kontsensurik ez dagoenez, metodologian eta irizpideak bateratzean desadostasunak sor daitezke emaitzetan. GEOen detekzioan atzemaniko arazoek hainbat alderdi dituzte, landaketatik beretik hasita. Badira kontaminazio gurutzatuak, adibidez, dela eraldatu gabeko landareen kulturetan landare transgenikoen polinizazioak gertatzearren, dela landare transgenikoen kontrolatu gabeko haziak ereitearren. Horrez gainera, legeen garapena mantsoa da eta, sarri, eguneroko ekoizpen-praktikarako arrotz samarra.

Hona eztabaidan ezarri beharreko beste kontu bat, eragozpentzat jo daitekeena: makina bat GEO sar daitezke merkatuan kontrolik gabe; beraz, nekez hauteman daitezke, horiek eraldaketak ez baitira ezagutzen.

Europar Batasunean garatzen ari diren legeriek, biziki jorratutako hainbat kontu funtsezko xedatzen dituzte, hala nola GEOen trazabilitatea (hau da, elikagai baten fabrikazio-urrats guzti-guztien jarraipena, erabilitako lehengaietatik hasita saltokian ezartzeraino). Etorkizuneko legeek zehatz-mehatz adieraziko dute nolako kontrola ezarri behar zaien, merkaturatze-urrats guztietan, bai GEO diren edo daukaten produktuei, bai GEO oinarri (aditibo eta aromak barne) duten elikagai edo pentsuei. Ildo horretan barrena, GEOei berariaz legokiekeen kodeen formulazio eta izendatze sistema aztertzen ari dira.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Zientzia alorreko metodologia teknikorik onartuenaz aztertu ziren 107 elikagai, genetikoki eraldatutako organismorik (GEO) zeukatenak identifikatzeko. Horrelakoak agertzen ziren proportzioa kalkulaturik, araua betetzen ote zuten egiaztatu zen (guztirako edukiaren %1etik gora GEO direnean etiketak horrelaxe adierazi behar du).
  • Azterturiko lagina, soja, artoa edo horien deribatuetakoren bat dutelako, GEO edukitzeko aukera gehien duten produktuak (ez markak, produktu-familiak baizik) izan dira. Europar Batasunak gizakien elikaduran onartuak dituen GEO bakarrak RR-soja eta artoaren Bt-176 dira.
  • Analisi honetako emaitzek, beraz, transgenikoak egun gure elikagaien merkatuan nola sartzen ari zaizkigun zehazki gaztigatzen digute.
  • GEO bat, espezie baten ADN-aren zati bat beste espezie baten ADN-an sartzean erdiesten da, organismo nagusi bera, baina beste espezie bati dagokion informazioa erantsia duen organismoa lortzeko.
  • Europan, elikagaien katean GEO bat onartua izan dadin, zientzi protokolo eta segurtasun kontrol zorrotz-zorrotzak gainditu behar ditu.
  • Azterturiko 107 produktuetatik bik bakarrik zeukaten GEOrik eta, izan, bi kasuetan ere “lorratzak” baizik ez ziren (edukiaren %1 baino 20 aldiz gutxiago). Produktuek “kontaminazio gurutzatu edo ezbeharrezkoa” erakusten zuten, fabrikatzaileek nekez galaraz dezaketena, alegia: egungo baldintzetan ia ezinezkoa da elikagaiek ez dutela inongo transgenikorik bermatzea.