Osoko erreformaren kostua, 6.000 euro inguru
Bainugela da, seguruenik, erreforma gutxien jasotzen dituen etxeko gela, nahiz eta egunero erabiltzen dugun. Etxegile eta arkitektoen erantzun zibileko aseguruak 10 urteko indarraldia izaten duen arren -instalazio batek epe horixe iraun omen dezakeela bermatzen da-, iturgintza lanak egoera on-onean 25 edo 30 urtez (baita gehiago ere) mantentzen dira. Estetika alorreko arrazoiek edo jabea aldatzeak aurreratzen dute, maiz, erreformak egiteko premia. Etxe zaharrenetan erreforma horiek direla eta, berunezkoak (metal hau, jakina, osasunarentzat kaltegarri eta ur-presioaren aldaketen aurrean samurregi da) ohi ziren hodiak aldatu eta kobrezkoak jarri izan dira.
Kontua ez da beti bainugela goitik behera aldatzea: aparatu eta armairu berriak jartzea ere aski izan daiteke eskuarki. Baina erreformak osotasuna hartzen duenean garestia da, inondik inora, hainbat lanbidez osatu beharrekoa baita: iturgin, argiketari, eskaiolista eta pintoreak hartuko dute esku. Aparatuak ez dira batere merke, denbora luzeko erabilerak hondatu gabe irauteko diseinaturik daudenez, kalitate on-ona izaten dute. Hortaz, zeramika, aparatuak, hodiak, pintura eta bukaera jasotzen dituen erreformaren aurrekontua eskatzean ez da harrigarri gertatzen kostua (merke antzean ari gara, jakina) 6.000 euro ingurukoa izatea.
Zatikako erreformak
Bainugelako obra planteatzean, egiaz aldatu behar denaz hausnarketa zuhurki egin behar da. Altzariak, aparatu guztiak edo haietako batzuk eta txorrotak berritzea izan liteke konponbidea, hodiak eta hormak oraino egoera onean daudenean. Ederra geratuko da bainugela eta, obra egun gutxitan egingo denez, familiaren bizimodua ez du bortizki eraldatuko, hauts gutxiago harrotuko du eta merkeago gertatuko da.
Gutxi gorabeherako prezioez ari garela, gama soil baina kalitate bikaineko lababoaren, bidetaren eta konketaren gutxieneko prezioak 600 euro inguru dabiltza; goiko muga norberak ezartzen du, eskaintza zabal-zabala baita kontu hauetan. Bainera da horren adibide argia: 300 eurokoak ere badiren arren, beste batzuek masajeak eman, ur- eta xaboi-zorrotadak jaurtitzen dituzte, zenbaitek irratia, telefonoa edota CDak erreproduzitzeko aparatua daukate… horien prezioa 1.800 eurotik gora doa. Txorrotei dagokienez, bertan inbertitzea komeni izaten da, horixe baita gehien erabiltzen den, eta hortaz, matxura gehien izan ditzakeen elementua. Sekulako erresistentziako txorrotak ere badira 70 eurotik hasita.
Erabateko obra
Gremio bakoitzak sartuko dituen lanorduak jasotzen dituen aurrekontua zehaztu eta onarturik, egin dezagun kontu lanak astebetez luzatuko direla eta, ordu batzuetan behintzat, ezingo dela komuna erabili. Planoaren gainean eztabaida egin eta ezarriko diren materialak erabakiko dira. Azulejoen metro karratuaren gutxieneko prezioa 15 euro den arren, bera da, dudarik gabe, bainugelako apainketan elementu behinena. Merkatuak eskaintzen dituen alternatibak (xelebrekerietatik kanpo) biziki ugariak izanik, zeramika-katalogo batzuek 120 euroko laginak jasotzen dituzte. Aldatu, gelaren osoko egituraketa alda daiteke, hodiak bestela antolatuko baitira, baina etxeko hodi orokorrak nondik nora doazen jakitea ezinbesteko da. Horietatik urrutiratzea ez da eragozpena: bainugela batek, eskuarki, ez du izaten 8 metro karratu baino gehiago, baina zeinahi irtenune edo bihurgune edertzeak euro gehiago gastatzea ondorioztatuko du. Bainugela bakarraren ordez, bi edo gehiago dituzten etxeetan, obrak bainu guztietan batera egiteko aukera aztertu beharra dago: materialen kostua bikoiztu arren, gremioen eskulana merkeago gertatuko da segurutik.
Lanbideak, hurrenez hurren
Obran sartzen den aurrena igeltseroa da: berak azulejoa kendu eta, ondoren, zorua eta hormak prestatuko ditu. Ondotik argiketaria eta iturgina datozkio. Azken orduko banaketa-aldaketarik izatekotan, lanean hasi aurretik bi profesional horiei jakinarazi beharko zaie: hodi eta argi-uneak alda daitezke oraindik (igeltseroak azulejoa ipini arte bada astirik oraino), kostua garestitu egin daiteke, profesional horiek orduka dihardutelako lanean. Eginkizuna, beraz, lanean hasi aurretik gaztigatu behar zaie, argi eta garbi dakigula altzariak, entxufeak eta aparatuak non kokatu behar diren.
Segurtasun arrazoiak medio, zeinahi ur-gunetatik gutxienez metrobetera urrundu behar dira entxufeak. Hodiei dagokiela, etxebizitza gehienetan ura bertan itxi eta irekitzeko hartune indibiduala dagoenez eta obrak etxe horretako elementuetan bakarrik izango duenez eragina, ez da zertan jabeen komunitateari lanaren berri eman. Nolanahi ere, iturginak arriskurik aurreikusten baldin badu -etxe zaharretan, bereziki-, eraikineko hartune orokorra kontrolpean edukitzea komeni izaten da. Gela prestaturik, igeltseroak zorua eta hormak azulejoz jantzi eta, azkenean, aparatuen eta txorroten instalazioa egiten da. Altzari neurrirakoak nahi izanez gero, entrega hilabetea geroratuko da, eskuarki.
Bainua ala dutxa?
Aztura sozialen gainean arestian eginiko ikerlan batek zioenez, espainiarren %92k dutxatzea nahiago du bainua hartzea baino. Ez da harritzekoa, beraz, geroz eta bainera gutxiago instalatzen direlarik, dutxa-platerak ugalduz joatea. Badu horren hainbat abantaila, hala nola: toki gutxiago betetzen du, bertan sartzea errazagoa da (funtsezkoa, mugikortasun urriko pertsonentzat) eta bertan istripu edo ezbehar gutxiago jazotzen da. Ingurumenak ere garrantzi handia du horretan: dutxa azpian behar den denbora bakarrik ematen badugu, bainerarekiko ur-aurrezki galanta egiten da. Lorturiko arrakasta dela medio, aspaldi honetan bainu-industrietako I+G departamentuetan interes handiagoa piztu du dutxak. Horrenbestez, eskaintza erakargarria da benetan.
Zoruak eta pintura
Zoruak ez du inola ere labaingarri izan behar, ezta eroale ere. Tradizioz jendeak zeramikaren alde jotzen bazuen ere, bestelako materialak (kortxoa, adibidez: bizitza luzekoa izaki, hezetasuna ondo pairatzen du) ari dira geroz eta indar handiagoa hartzen. Pinturetan, berriz, bainugelan pintura plastikoa baztertu beharra dago: hezetasunik ezin jasan dezakeenez, berehala hondatzen da eta. Hobe da esmaltea edota iztukatua aukeratzea. Sabaietan, eskaiolan edo, areago, bainugelako paretaren batean bada ere, pinturak sekula ez du azulejoaren erresistentzia ageriko: urarekin kontaktuan dauden aldeak, beraz, azulejoz estali behar ditugu, ezinbestez.
Ura egoki erabiltzea
Etxe batean baliatzen den uraren erditik bi herenera garbiketan, bainuan eta dutxan erabiltzen da. Horrez gainera, etxebizitzan kontsumitzen den energiaren %15 ur hori berotzera doa.
Teknologia berriei esker (ur-bolumen txikiko komunak edota txorroten ura aurrezteko mekanismoak), premia horietarako uraren kontsumoa erdira ekar daiteke. Halaz ere, horrelako baliabideak ez dira era jeneralizatuan erabiltzen. Gastua kontrolatzeko ikerketek iragarri dutenez, erabilera horietan gastatzen dugun uraren %10 aurrezteak, 100 hektometro kubikodun urtegia sortzearen parekoa litzateke. Hori modu soil batean lor daiteke: dutxako txorrota minutu bat lehenago itxiko bagenu.