Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Etxeko gailuak presaz konpontzea : Zerbitzu garestia eta gorabeheraz betea

Etxeraino joatea eta eskulana ez ezik, gaueko lanaren plusa edo presazko lanarena kobratzen dute enpresa askok, eta beste hainbatek, biak

Profesionaltasuna eta denbora

Aurrekontuak: profesionaltasun gutxi

Enpresa hauek ezin izaten dute aurrekonturik aurkeztu telefonoz deitu eta berehala, ikusi arte ez baitakite zer matxura mota konpondu behar duten, baina kontsumitzaileari jakinarazi behar diote gehigarri edo plusik kobratzen duten, eta etxeraino joatea eta eskulana zenbat izaten den. Egin behar bai, baina oso gutxik egiten dute! Enpresen % 15ek ez dute aurrekontu egokirik egiten, ez telefonoz, ez etxera joan ondoren. Jarduerarik ohikoena hau izaten dute: telefonoz ez dute jakinarazten zer eta zenbat kobratuko dioten bezeroari, etxera joandakoan ere ez diote erakusten informazio orririk (tarifak banan-banan ikusi ahal izateko), ordainagirian derrigor agertu behar duten datuak falta izaten dira (teknikariaren izena eta NA), eta piezaren bat aldatzen badute, ez dute zehazten zenbat balio duen.

Gainera, ordainagirietan ez dute zerrendatzen zer kobratzen duten eta zenbat (teknikarien % 20k soilik egin ohi dute), eta, horrez gain, konponketak zenbat denborako bermea duen ere ez dute adierazten (ordainagirien erdiek soilik adierazten dute hori behar bezala). Gorabehera eta hutsegite asko izaten dituzte, beraz, kobratzeko orduan; izan ere, aurrekontua egiten dutenean ere, uste baino gehiago kosta bada konponketa egitea, beste aurrekontu bat egin ohi dute. Bere burua Interneten aurkezten duten enpresek ere berdintsu jokatzen dute, horiek ere ez baitituzte erakusten euren tarifak.Aurrekontu bati uko egitea, berriz, 40 euro inguru kostatzen da, nahiz eta kopurua asko aldatzen den hiri batetik bestera, prezio hori eskulanak balio duenaren araberakoa izaten baita.

Beti ez dira berehala etortzen

Larraildi zerbitzu batera deitzen duenak, hasteko behintzat, gauza bat nahi izaten du, berehala etor daitezela. Teknikariak ongi lan egitea ere garrantzitsua da, jakina, eta atsegina izan dadila, baina funtsean, azkar etortzeagatik ordaintzen dugu hainbeste. Batez beste, ordu eta erdi baino zertxobait gehiago behar izaten dute enpresa horiek deia jaso eta teknikaria etortzeko (100 minutu inguru), hori egunez deituta, ohiko lan ordutegian; gauez deituz gero, ordubete igaro baino lehen azaldu ohi dira teknikariak etxean (55 minutu behar izaten dituzte). Hiri batetik bestera, hala ere, aldatu egiten dira denborak. Eta harrigarria gerta badaiteke ere, eguneko 24 orduetan zerbitzua ematen dutela iragarri arren, enpresen % 28 ez dira etortzen egunean bertan matxura konpontzera. Teknikari batzuek 48 orduren buruan agertuko direla esaten dute, eta gertatu izan da lau egunen buruan ez azaldu izana ere.

Sarrailagileek bai, horiek berehala erantzuten diote deiari, eta ordu erdi igaro baino lehen agertzen dira, bai egunez eta bai gauez (hala egin ezean, horien zerbitzuak ez luke zentzu handirik). Iturgina azaltzeko, ordea, bi ordu behar izaten dira maizenik, eta galdara konpontzeko teknikariari larrialdi batean deituta, hiru ordu igaroko dira hura agertzeko.

Beste gorabehera eta hutsegite batzuk ere izaten dituzte teknikariek, nahiz eta ez diren izaten hain ohikoak: matxura konpondu eta ingurua garbitu gabe utzi ohi dute; ordainagiria hobeto zehazteko eskatu eta ez dute askorik laguntzen; edo zehazki zein zerbitzu kobratu duen zehazteko eskatuta, ez dute informazio handirik ematen.

Nortasun Agiririk eskatzen ez dute sarrailagileak

Giltzak etxean utzita ateratzea zorte txarra izan daiteke, baina auzoan norbaiti uzteko ohitura badugu edo senideren bat hurbil bizi bazaigu, erraz konpondu liteke. Inguruan inork giltzarik ez badu, aldiz, sarrailagileari deitu behar. Eta behin etorrita, ordaintzea beste aukerarik ez da izaten: lan ordutegian, 90 euro kostatzen da, batez beste, eta hortik kanpo, 20:00-21:00etatik aurrera, % 45 gehiago. Hiritik hirirako aldeak, hala ere, bereziki nabarmenak dira atal honetan (A Coruñan 60 euro balio duen zerbitzua 130 euroraino igo daiteke Valentzian). Ordu erdi inguru behar izaten du sarrailagileak etxera etortzeko, eta gehien-gehienek telefonoz esaten dute behin betiko aurrekontua zenbatekoa izango den (% 83k). Zerbitzu hori ere ez da, ordea, gorabehera eta hutsegiterik gabea: telefonoz ematen duten aurrekontuak ez du izaten BEZa erantsia, eta, ondorioz, uste baino garestiagoa izaten da zerbitzua.

Sarrailagilea etorrarazi ondoren, etxea berea dela egiaztatzera behartzen du legeak bezeroa, baina sarrailagileek ez dute ohiturarik Nortasun Agiria eskatzeko (% 20k baino gutxiagok egiten dute). Deitu duen pertsonak ez balu dokumentu hori eskura (hori ere etxean ahaztu duelako, adibidez), sarrailagileak Polizia deitu behar luke, eta haiek han direla ireki behar luke atera, edo, bestela, atezainari eskatu behar lioke laguntza, pisua alokatuta balego.

Kontuak garbi

  • Laguntza Teknikoko Zerbitzuek behin bakarrik kobratu dezakete etxera joateagatik. Bidaia bat baino gehiago egiten badituzte matxura bat konpontzeko, lehena soilik kobratu behar dute.
  • Teknikariak erreklamazio orriak eraman behar ditu eta erabiltzailearen eskura jarri. Enpresak edo teknikariak uko egingo balio dokumentu hori aurkezteari, Polizia etxera joan eta salaketa jarri behar du kontsumitzaileak. Erreklamazio orria aurkeztea derrigorrezkoa da zerbitzua eman digun enpresa auzitara eramateko, eta orri hori eduki ezean, salaketak ere balio du. Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegoan egin daiteke erreklamazioa. Espainiako Kontsumo Institutu Nazionalaren web orrian ageri da zerrenda osoa (www.consumo-inc.es).
  • Aurrekontuan ageri diren materialen ordainagiria eskatu. Laguntza Teknikoko Zerbitzuek eskura eduki behar dituzte materialari buruzko dokumentuak, nondik datorren, zer eratakoa den, aldatu dituzten piezek zer balio duten. Material horiek jendearentzat daukaten prezioa soilik kobratu dezakete enpresek.
  • Ordezko pieza guztiek berriak izan behar dute. Kontsumitzaileak idatziz baimena ematen badu soilik erabil daitezke pieza erabiliak, berreskuratuak edo jatorrizko ez direnak, baldin eta balio badute erabili nahi diren horretarako, eta berriak baino merkeagoak badira (eta merkatuan aurki badaitezke).
  • Matxura konpondu ondoren, aurrekontu sinatua eta azken ordainagiria bat datozela egiaztatu behar da. Aurrekontuan ageri den kopurua asko igoko bada arrazoi teknikoak direla medio, berehala jakinarazi behar digute, onespena eman edo ez erabakitzeko. Aurrekontua asko aldatzen badu, beste aurrekontu bat egiteko eska dezakegu.
  • Konponketa eta instalazio guztiek hiru hilabeteko bermea izaten dute, gutxienez.
  • Zerbitzuarekin gustura geratu ez eta kexu bat aurkeztu nahi badugu, erreklamazio orri bat eskatu behar diogu enpresari, eta Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegoan aurkeztu. Bi aldeak aurrez aurre jarri, eta ebazpen kolegio batek hartzen du erabakia, eta, hala badagokio, kontsumitzaileari kalte-ordaina emateko aginduko du. Bitartekari lanak fruiturik emango ez balu, beti geratuko litzateke auzitara jotzeko aukera.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak