Basoak: ezin zuretik bizi
Atzerritik datozen zur batzuk merkeagoak dira, eta horiekin lehiatu behar dute tokiko basoek; zuraren bidea ez da irtenbide bakarra, ordea: aisialdiak hainbat negozio aukera ematen ditu, eta berdin karbono dioxidoari lotutako ekimenek eta bioaniztasuna zaintzea helburu dutenek. Horrek guztiak erronka berriak ekarri dizkio baso-kudeaketari
Zuraren prezioa ia ez da igo azken hogei urteetan, eta Europan zuretarako erabiltzen diren basoentzat gero eta zailagoa da merkatuan lehiatzea, baita Espainiakoentzat ere. Basotik zura ateratzea gero eta garestiagoa da, inguru menditsuetan, batik bat, horietan nekez automatizatu baitaiteke prozesua (ateratzea eta garraiatzea). Pirinioetako basoetan, adibidez, gainbehera doa zura ateratzeko jarduera. Beste gauza askorekin gertatzen den bezala, errazagoa eta merkeagoa da zura beste herrialde batzuetatik ekartzea, inguruko mendietatik lortzea baino. Kataluniako Basoen Zentro Teknologikoak eman dituen datuen arabera, urtean 500.000 metro kubiko zur ekoizten dira Katalunian, eta bi milioi metro kubiko kontsumitzen dira.
Tokiko ekoizpena ez da errentagarria. Tropiko inguruko herrialdeak eremu handiak bete dituzte zuhaitzez, eta oso-oso merke eskaintzen dute zura Europako prezioekin alderatuta. Gauza bera gertatu da Landetan, Frantzia hego-mendebaldean: eremu laua da oso, eta horri esker, pinudi handiak landatu eta zura ateratzeko prozesua mekanizatu egin dute. Ondorioz, merkatuan lehiatzeko prezioetan eskaintzen dute.
Zuhaitzak, zurak eta zikloak
Espainiako basoak, Europako gehienak bezala, gizarte aurreratu baten beharretara moldatu dira. Telefono sarea hedatzen eta hedatzen hasi zenean, adibidez, pinu asko behar izan ziren telefono zutabeak egiteko, eta pinudiak erruz ugaritu ziren. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, Pinus radiata erako pinudiek hainbat eremu hartu dituzte, garai batean nekazaritzarako edo abeltzaintzarako erabili zirenak. Pinuak oso egokiak dira inguruak basoberritzeko, baldintza txarretan eta lur pobreetan hazteko gaitasuna baitute; arteak eta haritzak, aldiz, ez dute dohain hori, eta elikagai ugariko lurra behar izaten dute. Pinua, gainera, bakartuta eta eguzki galdatan hazi daiteke, eta beste espezie batzuk, berriz, beste zuhaitz batzuen babesa behar izaten dute. Eta hazkunde zikloa, gainera, haritzarena edo intxaurrondoarena baino azkarragoa du pinuak, eta hori dela eta, basojabe askok haren alde egin dute.
pinua gailendu da penintsulan; makala ere
dezente erabiltzen da, eta eukaliptoa ere bai,
papera egiteko gehienbat
Besteak beste arrazoi horiengatik gailendu da pinua penintsulan zuretarako erabiltzen diren basoetan. Baso-Egiaztatzeen Behatokiaren arabera (PEFC), 451.331 hektarea pinu daude Espainian, 6.726 hektarea makal, 73.278 eukalipto, 85.311 pago, 97.092 haritz, eta beste espezie hostodunenak, 12.965.
Espainian pinu zura ekoizten da batik bat, baina papergintzarako ere erabiltzen dira beste zur batzuk, eukaliptoarena nagusiki (Australiakoa da jatorriz zuhaitz hori, eta Espainia iparraldean eta hego-mendebaldean landatzen dute gehienbat); pago zura ere dezente ekoizten dute, altzariak egiteko eta zurgin lanetarako, batik bat. Makala ez dago beste horiek bezain hedatua, baina hori ere erabiltzen dute zenbait gauzatarako (azkar hazten da hori ere), kontratxapatuak eta paper-pasta egiteko, nagusiki. Beste zur batzuk askoz gutxiago agertzen dira: Asturiasen, adibidez, gaiztainondo ekoizpen txiki bat badute, eta Espainia iparraldean, intxaurrondo eta harizti batzuk ere bai; haritz horiek mantso hazten dira, baina babes ona ematen diete desagertzeko arriskuan dauden zenbait espezieri, basoilarrari eta hartz arreari, adibidez.
Tokiko zuretan inbertitzea ideia ona izan daiteke. Zenbait enpresak aukera eskaintzen diete kontsumitzaileei inbertsio txikiak egiteko bertako zuhaitzetan, gero zuretarako erabili ahal izateko. Maderas Nobles del Segura enpresak, adibidez, hamar intxaurrondo gazte eskaintzen ditu 3.000 euro pasatxoren truke. Hogei urteren buruan, lehen mailako zura ematen badute, inbertitzaileak 40.000 eskuratu ahal izango ditu, eta zur apalagoa bada, 13.000 euro. Bost gaztainondo eta beste bi espezietako bi zuhaitz 1.700 euroan saltzen dituzte. 25 urteren buruan, 14.794 euro edo 5.794 euro aterako ditu inbertitzaileak, zura nolakoa den.
Basoak kudeatzea
FAO erakundeak txosten batean aztertu du zein egoeratan dauden munduko basoak 2009. urtean (Nazio Batuen baitako erakundea da hori, eta Elikadura eta Nekazaritza gaiez arduratzen da); han esaten denez, basoei lotutako industriak lehiakortasuna galtzen jarraituko du Europan, baina zerbitzuen bidetik etorriko zaie irtenbidea basoei, batik bat ingurumen zerbitzuetatik. Munduko merkatuan gero eta gogorragoa da lehia; prezioak behera eta behera ari dira, eta zura eta zuntza ateratzea ez da errentagarria industriarentzat. Gainera, Europa Ekialdetik datorren zura ere -biribil handietan etortzen da- merkatu egin da. Ondorioz, Europa zaharreko basoek beste aukera batzuen bila hasi beharra izan dute.
Eta aukera horietako bat biomasa izan daiteke, biomasa energia sortzeko erabiltzea, alegia. Ingurumenaren Kongresu Nazionalak (CONAMA) aurkeztu duen azken lanak dioenez, biomasa erabiltzea egokia izan daiteke energia eskari gero eta handiagoari erantzuteko, eta, aldi berean, errentagarriago bihurtuko lituzke zuretarako erabiltzen diren basoak.
badaki produktu bat ez datorrela baso
birjinetatik edo baso birjinak suntsitu
ondoren landatu dituzten zuhaitzetatik
Espainiako leku askotan, basoak ustiatzeari utzi diote, zurak ez baitu etekinik ematen. Eta baso bat bertan behera uzten denean, garbitzeko eta bakantzeko lanik hartu gabe, trinkotu egiten da, itxi; leku eta argi faltan, zuhaitzak ahuldu egiten dira, eta errazago harrapatzen dituzte gaixotasunak. Horrez gain, suteak gertatzeko arriskua ere handitu egiten da, eta haizeari eta elurrari aurre egiteko gaitasuna urritu. Biomasaren aukera, beraz, ez da txarra: zur industriako hondakinetatik lortzen da biomasa, zur moduan saldu ezin diren hondarretatik, eta basojabeek etekin gehigarri bat eskuratuko lukete.
Basoek beste funtzio bat ere badute, garrantzitsua gainera: paisaia mota baten euskarri dira, karbono dioxidoarentzat isurbide bihurtzen dira eta bioaniztasuna hedatzeko eta iraunarazteko leku. Basoak, beraz, gizarte osoarentzat dira onuragarri, eta administrazioei dagokie horien aldeko politikak eta tresnak abian jartzea, eta basojabeei laguntzak ematea, behin betiko desagertu ez daitezen.
Egiaztagiria duten zur eta basoak
Europan merkaturatzen diren zur tropikal asko -kaoba, ipea, sapellia, teka…- oihan birjinetatik datoz, edo oihan horiek errotik moztu ondoren landatu dituzten zuhaitzetatik. Oihan birjinak era horretan ez suntsitzeko, kontrol eta egiaztatze mekanismo bat jarri zuten abian mundu osorako, FSC izenekoa (Forest Stewardship Council), eta horren bidez bermatu nahi izaten da baso ustiaketa iraunkorra eginez lortzen dela zura. Zigilu bat jartzen zaie produktuei, eta horri esker, kontsumitzaileak jakin dezake modu iraunkorrean ustiatzen duten baso batetik datorrela erosi duen hori.
Europa mailan, berriz, PEFC sistema sortu dute basoen kudeaketa kontrolatzeko. Espainian 2007. urtean ezarri zuten, eta geroztik, milioi bat hektarea egongo dira PEFC sistemaren bidez egiaztatuta (guztira, 18 milioi hektareako gainazala hartzen dute zuhaiztiek). PEFC sistema hobeto moldatzen da Europako egoerara: basorik gehienak jabe pribatuen esku daude, eta basoak modu iraunkorrean kudeatzeko legeak ere aspaldi samarrekoak dira. Egoera ez da perfektua Europan ere, baina herrialde tropikaletakoa baino askoz hobea bai; han ustelkeria handia dago, interes ekonomiko itzelak, eta enpresa handiek erosten dituzte lur asko, epe motzean etekinak atera ahal izateko. Horrek guztiak, jakina, arriskuan jartzen ditu baso birjinak eta horiek duten bioaniztasuna.