Pepa Fernandez, RNE katean "No es un día cualquiera" irratsaioaren aurkezle eta zuzendaria

Irratia ez da inoiz hilko, hedabiderik hurbilena delako

1 mayo de 2009
Img entrevista listado 543

Kostatu egiten zaizu larunbat eta igandeetan goizeko seiretan jeikitzea?

Ene, beti esaten dut soldata ez didatela ordaintzen programa egitearren, goiz jeikitzearren baino! Gozatzen dudanarekin neuk ordaindu beharko nuke baina goizaldean esnatzea, ostera, horixe gogorra.

Arratsaldekoa eskaintzen badizute, beraz, hortxe joango zara?

Ez da ideia txarra. Pentsatuko nuke. Badakizu zer ezingo nukeen egin? Astean bost egunetako programa. Nire lankideek astean bost aldiz egiten duten ahalegina miresgarria iruditzen zait. Baina nik asteburua atsegin dut. Bi programa baino ez dira eta biak ezin hobeto zaintzeko aukera daukat. Liburuak irakur ditzaket, pelikulak ikusi, neuk neure gidoiak prestatu… eta eguneroko saioaren erritmoak ez du horretarako astirik uzten. Ezingo nuke.

Zerbait emango dizu irratiak goiz jeikitzearen truke

“Telebista modan jarri
zenean, irratia hilko zela
esaten zuten baina ez da
inoiz hilko, urbiltasuna
duelako. Urbiltasun hori
oso pozgarria da niretzat.
Asebete egiten nau”

Ederto pasatzen dut! Topikoa da, beti esaten dena. “Ene, ze talde zoragarria dudan, ze harreman bikaina dugun” baina egia da. Lehen mailako profesionalekin egiten dut lana, lagunak gara eta asteburuetan elkar ikusteak poztu egiten nau. Ze, kontutan izan behar da asko bidaiatzen dugula eta jendeak askotan esaten du “begira, horiei, beti dantzan, hemendik hona, primeran” eta ez da egia. Gogorra da horrenbeste bidaiatzea, bereziki kolaboratzaileentzat. Pentsa behar da bakoitzak irratitik kanpo bere lana duela, normalean. Bidaiatzen dugunean, lan hori ostiral arratsaldean utzi behar dute eta igande gauerarte ez dira etxera itzultzen. Eta ahalegin handia da hori. “Ze ondo pasatzen duten hauek” esaten dutenak ez dute horretan pentsatzen eta askotan intentzio txarra dute.

Maila handiko kolaboratzaileekin, Forges edo Manuel Toharia, adibidez, erraz egiten da lana?

Beti esaten diet nire jefeei saioa gaizki badoa, neu bota behar nautela kalera. Lankideen lana bikaina baita, lehen mailako kolaboratzaileak ditugu, ingurumenaz hitz egiteko, musikaz, humoreaz… jende benetan ona, horixe du programa honek bere alde.

Jantzia eta arina esaten diote programa honi. Ez dira kontraesankorrak?

Hortxe dago koska. Informazioa eta hausnarketa egiten ditugu baina inor aspertu gabe. Programa honen apustua beti izan da iritzi borobilak eman beharrean, hausnarketa egitea. Badira aste batzuk zuhurtziari buruzko tertulia egin genuela. Pentsatu genuen baduela bere garrantzia eta batzuei balioko ziela, zuhurregiak zirela pentsatzeko edo ez behar bezain zuhurrak. Ez diogu inori zer pentsatu behar duen esan nahi. Hausnarketa egin nahi dugu.

Kronika arrosa deitzen dutena egiteko presiorik ez duzu izan?

“Ez naiz filologoa baina
kazetaria naiz eta nire lan
tresna zaintzea gustatzen
zait. Hitzaren zuzentasuna
errespetatzeko ahalegin
handia egiten dugu”

Bihotzeko konturik ez. Horixe izan da beti neure apustua. Ez da niretzat gai interesgarria. Inori gustatzen bazaio ba, ederto baina niri ez. Irratiak ematen dizkidan orduetan ez dut hitz egin nahi inora ez doazen kontuei buruz. Zerbait ikastea gustatzen zait. Ongi pasatzea, dibertitzea, baina etxera eskuak beteta joatea. Nik beti ikasten dut zerbait saio honetan. Ezagutzen ez dudan berbaren batekin noa edo ulertzen ez nuen zerbait, gai ekonomikoren bat, adibidez, hobeto ulertuta. Beti zerbait.

Zure programa entzuten dutenei “aditzaileak” deitzen diezu. Zer dela eta?

Ba, hain zuzen ere, aditzaile batek proposatu zigun. Deitu eta “hara” esan zigun, “zuon programa ez da entzuteko modukoa, aditzeko modukoa da eta ni aditzaile sentitzen naiz”. Ikaragarri gustatu zitzaidan! Hitz egiten dugunok beti nahi izaten dugu besteek ulertzea, adi-tzea. Euria entzun egiten da edo fuetak. Baina interesatzen zaizuna aditu egiten duzu. Batzuek irratia jarrita izaten dute, besterik gabe, baina guk, helburua, behintzat adituak izatearena jarri diogu geure buruari.

Irratiak badu zerbait berezia, zuzeneko saioa bukatu eta bila etortzen zaizkizu zure aditzaileak, sinadura eske.

Telebista modan jarri zenean, irratia hilko zela esaten zuten baina ez da inoiz hilko, hedabiderik hurbilena delako. Jendeak zera esaten dizu “gosaria zurekin hartzen dut beti, zure ahotsarekin jeikitzen naiz, ohean entzuten zaitut”. Eta horrek harreman goxoa sortzen du, jakina. Oso pozgarria niretzat. Asebete egiten nauena. Bereziki, jendeari laguntzen diozulako. Asteburuan lan egin behar duenari, gustatzen ez zaion beharretan ari denari, etxea atontzen edo arropa lixatzen edo gaixo dagoen per-tsonari arreta egiten. Hortxe gaitu gu, konpainia egiten eta zoragarria da hori.

Nor duzu buruan hitz egiten zaudenean, mikrofono aurrean?

Saioa egiterakoan ez dugu pentsatzen halako eta halako pertsona batentzako ari garenik. Halako adina duena, halako gizarte maila. Ez. Era guztietako jendeari zuzentzen gatzaizkio, denek entzuten gaituztelako. Batzuek “nire eskola zarete” esaten digute, eskolara joan gabeak direlako, edade batekoak. Beste batzuk katedradunak dira. Zuzeneko programa egiten dudanean, jendearen aurpegiei begiratzen diet eta “begira” esaten diot neure buruari, “denetarik dago”. Batek esan zidan behinola mahastian lanean zegoela entzuten ninduela baina irakasleak ere baditugu audientzian, ingeniariak, arkitektoak.

Krisiarekin igo egin da irratiaren audientzia, antza denez.

Tira. EGM-k egin duen azken neurketak halaxe dio baina begirada luzea behar da audientziari buruz hitz egiteko, urtean zehar igo eta jeitsi egiten baita. Zuhur ibiltzea gustatzen zait, irratiaren audientziarekin eta gure programarenarekin, bereziki. Azken EGM honek 120.000 entzule gehiago aitortu dizkiogu baina nik ez dut sinisten hiru hilabetetan bapatean irabazi ditugunik horrenbeste. Urte osoari begiratu behar zaio, nik uste, eta joerak hartu kontuan.

Audientziari egunez egun begiratu behar diote telebistan, ostera. Zuek lasaiago bizi zarete?

“Telebistak min handia
egiten die profesionalei,
epe luzera begiratu
beharko luke gehiago.
Baina ez du egiten, hortxe
baitauka publizitatearen
pisua, iragarkiak jartzen
dituztenen presio eta
horrela ezin da programa
onik egin”

Dudarik ez! Telebista egiten dutenek eta bereziki, egunero egiten dutenek audientzia izan behar dute buruan eta denek esango dizute amesgaiztoa dela. Besterik ez bada, ikusleak zergatik galdu edo irabazten diren jakitea ez delako batere erraza. Zuk egingo duzu gaur, adibidez, ezin programa hobea, geratuko zara ezin gustorago elkarrizketatuarekin eta urrengo egunean, danba, audientzia behera. Telebistak min handia egiten die profesionalei, epe luzera begiratu beharko luke. Julio Cesar Iglesias lankideak beti esaten du saioek ez dutela irauten onak direlako, irauten dutenak on egiten direla. Denbora behar da, gauzak ongi egiteko. Eta telebistak hortxe dauka publizitatearen pisua, iragarkiak jartzen dituztenen presioa, audientzia lortzeko. Horrela ezin da. Programatzaileek ez dute pazientziarik baina izango balute, jarri eta hilabete desagertu diren programa eta telesail asko arrakasta-tsuak lirateke egun.

Telebistatik egingo zizkizuten eskaintza ugari

Egin dut lan telebistan eta egiten dut orain ere. Baina inoiz ez didate eskeini benetako lan zoragarririk. “Honi ez, honi ezin diot ezetzik esan” esateko modukorik. Eta beste alde batetik, telebistan ez nago irratian bezain eroso. Ez da hain naturala, niretzat. Beharbada ez dudalako hain ongi ezagutzen. Telebistan ez naiz ni neu, irratian bezala.

Programa hau egitea eskainiko balizute ere ezetz esango zenioke telebistari?

Batek baino gehiagok esan dit arrakasta izango lukeela. Baina nik ez dut uste. Programa honek irratiaren erritmoa du. Gainera irrati publikoan egiten dugu eta irrati publikoaren ezaugarriak dituela esango nuke. Ez daukat argi irrati pribatu baten arrakastarik izango lukeenik.

Zergatik?

Zenbait programak irrati publikoan baino ez dute lekurik. Hau beharbada ez da horietako bat izango, duda daukat baina zenbait saio ezin dira eremu publikotik kanpo ulertu. Horregatik behar dugu irrati publikoa, saio horiek entzuleengana iritsiko direla bermatzeko. Iragarkia jartzen duenak audientzia nahi du baina badira audientziarik ez duten egin beharreko programak ere.

Irrati publikoa publizitate gabe eta telebista publikoa iragarkiekin. Hori da eredurik zuzenena?

Ez dakit. Hortxe dago orain kanonaren inguruko eztabaida. Baina, jendea prest legoke kanona ordaintzeko? Esan orain TVE ikusten duen norbaiti publizitatea kenduko diotela baina trukean dirua ordaindu beharko duela telebista ikusteko. Ezetz esango luke, ia seguru. Eta dagoen krisiarekin, are gehiago. Kanonarekin beste era bateko telebista egingo litzateke. Edo egin beharko litzateke, behin-tzat. Salerosketaren jokuan sartzen ez dena.

Hizkuntzari arretaz begiratzen diozue saioan.

Behinola entzule batek galdetu zidan ea filologoa ote nintzen. Ez naiz filologoa, ez, baina kazetaria naiz eta nire lan tresna zaintzea gustatzen zait. Ez da soilik kazetarion lan tresna, gainera. Askok egiten dute lan beste pertsona batzuekin harremanetan eta zuzen komunikatu beharra dute. Denok erabiltzen dugu lengoia eta denok hitz egin nahi dugu ahalik eta zuzenen. Gure saioan garran-tzi handia ematen diogu zuzentasunari

Eta komunikabideetan orohar, ez?

Zenbait akats errepikatzearen errepika-tzeaz zuzentzat jotzen hasiko gara, laster. Eta kazetariok erru handia dugu. Denok sartzen dugu hanka noiz edo noiz, neuk ere bai. Baina okerra egiten dudanean, zuzentzen saiatzen naiz.

Kritikak edo laudorioak, zeintzuk gogoangarriago?

Justifikaturik ez dauden kritiken digestio txarra daukat. Arrazoituak diren kritikak eskertzen ditut, gustatzen zaizkit. Baina barru txarreko kritikak edo errespeturik gabeak ezin ditut jasan. Ezin dizute esan “gorroto dut ez dakit ze kolaboratzaile, kalera bota beharko zenuke”. Ez, jauna. Nik beti erantzuten diet halakoei gauza berbera, “zuk erabaki dezakezu zer en-tzun, nik ezin dut erabaki nork entzuten nauen”. Ez entzuteko eskubidea hortxe dute, beti.

Asteburuan egiten duzu lan baina ahazten duzu aste barruan lana?

Ez. Ezin dut! Horixe da arazoa zure egun libreak astelehena eta asteartea dituzunean. Nahi edo ez, jendeak deitu egiten dizu, beste ordutegi batzuekin ari direlako. Baina lana gustatzen zaizunean, hain zoragarria denean, oso esker txarreko nintzateke kexatuko banintz.

Ez duzu krisia nabaritu zure lanean?

Halakoetan gaizki pasatzen dutenak, gehien bat eta tamalez, publizitatetik bizi direnak dira. Zorionez, ez da nire kasua. Nahiz eta, zeharka bai, irrati publikoak telebista publikoaren publizitatetik lortzen duen dirua. Eta han iragarki gutxiago badaude, hemen dirua falta da. Aurten kazetari gutxiagorekin ari naiz programa bera egiten.

Internetek zer aldatu du irratian?

Aukera zabalak ireki ditu, zabal-zabalak. Eta hasi baino ez da egin, askoz gehiago izango dira etorkizunean. Posta elektronikoak ere ikaragarri aldatu du entzuleekin dugun harremana. Zerbait gaizki esaten badugu, hortxe daude, momentuan zuzenketa egiten. Are gehiago, dudaren bat badugu, galdetu eta hiru edo lau erantzun ditugu, momentuan. Zoragarria da.

Gogoan duzu zure lehen programa?

Amesgaiztoa izan zen! Nire lehen saioa zen gaztelaniaz. Ordurarte katalanez egiten nuen lan. Oso urduri nengoen, arduraren pisua sentitzen nuen. Uste dut munduko pertsonarik goibelena ematen nuela. Atzo bertan, entzule batzuek esan zidaten “hasieran ze gaizki egiten zenuen!”. Eta arrazoi zuen!

Orain urduri jartzen zara zuzenean?

Urduri ez. Baina erantzunkizuna sentitzen dut. Urduri jartzen naiz, noiz edo noiz, gonbidatua agertzen ez denean baina jakiten dut lasaitasuna gordetzen. Irratian lasaiagoa naiz nire eguneroko bizimoduan baino. Saioa bukatzen denean, ostera, asko pentsatzen dut egindako lanean. “Hau beste modu honetara egin beharko nuke, beste hau ez dut ongi esan…” Horrela ibiltzen naiz. Batzuek pentsatzen dute, “pikutara! Egina egina dago, ondo egina ez bada ere!” Nik ezin dut. Neure burua zigortzen dut eta buelta asko ematen dizkiet gauzei. Gainera hanka sartzen dudanean konturatu egiten naiz. Neure buruaren kritiko zorrotza naiz.

Sariak sari, beraz, ez zara lasaitzen.

Ez ni! Ez naiz lasaitzen den horietakoa. Ez naiz lotan geldituko, ez pentsa. Atzo, hasieran oso txarra naizela esan zidaten entzule hauek, zera ere esan zidaten: “gero ikasi zenuen eta oraindik ere ikasten ari zarela nabaritzen da”. Eskertu nien, hori baitut asmoa. Duela hamar urte baino gehiago dakit orain eta erritmo honi eusteko gorputzean indarra badut, beste hamar urte barru gehiago jakingo dut.