Lozakua ere ohe ona da
Lau laguneko familiak 30 eurotan aurki dezake kanpin denda jartzeko lekua eta luxuzko aukerak ere badaude, eroso-eroso egon nahi duenarentzat. Batera zein bestera, zerbitzuaren kalitatea beti izan behar da zuzena. Beteta dago. Ez dago lekurik. Eman izena itxarote zerrendan. Kanpin sarreretan halako afixak aurkitzeko arriskua izango dute udatiarrek, gero eta eskari handiagoa baitute. Kanpinetara doan jendeak begiratuko dio eguraldiari aurten ere, baina hotelak edo autokarabanak baino dezente merkeagoak direla jakinda, errazago eramango dituzte euri egunak, kazkabar erasoak eta 30 ºC-tiko gorako beroaldiak. Espainiako Turismo Ministerioak emandako datuen arabera, iaz sei milioi lagunek aukeratu zituzten kanpinak oporraldia igarotzeko (280.000 leku eskaintzen dituzte kanpinek Espainian). Kanpin-denda izaten da aukerarik merkeena; 30 euro kostatzen da egun bakoitza 4 kideko familia batentzat, baina horrek ez du esan nahi zerbitzua eta kalitatea eskasagoak izaten direnik, eta erreklamazioren bat jarri nahi duenak zailtasun gehiago edukiko dituenik.
Kanpina hautatzeko irizpideak: guztien gustukoa izatea
- Familia osoa joango bagara oporretan, kide bakoitzak zer nahi duen entzun behar da, eta guztien gustua egingo duen leku bat hautatu: igerilekua duena, txakurrak onartzen dituena, herriren batetik hurbil dagoena…
- Kanpin-dendan lo egitea da aukerarik merkeena; lau kideko familia batek 30 euro ordaindu beharko ditu eguneko, denda jartzeko eta autoa uzteko eremua barne; karabana edo autokarabana edukiz gero, 6 edo 7 euro gehiago ordaindu beharko dituzte elektrizitate-lotura egin ahal izateagatik.
- Mobil home edo bungalow batean lo egiteak 75 eta 120 euro artean balio du gau bakoitzeko.
Tokirik onena bilatu
- Kanpinera egunez iristea komeni da, zer aukera dauden ikusteko eta denda lekurik egokienean jartzeko. Garrantzitsua da inguruan ez izatea objektu arriskutsurik (ebakitzekorik), inurri habiarik, adaxkarik, etab.
- Lehendik dauden kanpin-dendei erreparatu, eta nora begira dauden ikusi; gure denda muntatzeko lagungarria izango zaigu, haizeak buruhausterik sor ez diezagun. Eguraldi hotza egiten duen leku batean bagaude, eguzkia nondik nora joaten den aztertu behar da, eta arratsaldeko azken orduetan ere eguzkiak jotzeko moduan muntatu behar da denda.
- Lasai eta zaratarik gabe lo egin nahi badugu, denda ez dugu jarri behar komunetatik edo tabernatik gertu, jendea maiz ibiltzen baita leku horietara joan-etorrian.
- Behe samarrean geratzen diren lekuak ez dira egokienak, euri urak horietara biltzen baitira.
- Itsasotik gertu kanpatzea gustatzen bazaigu, ez ahaztu honako hau: zenbat eta gehiago gerturatu itsasora, orduan eta gehiago sumatuko ditugu haizearen eragina eta tenperatura aldaketak.
- Ibaien erriberan ez da dendarik jarri behar, nahiz eta ibaia ur gutxirekin joan. Ibaia hazten bada, arriskutsua izan daiteke.
- Itzal guztiak ez dira berdinak. Adaburu sarriak eta erdi pareko altuera duten zuhaitzek ematen dute itzalik onena eta gehien irauten duena.
Denda funtsezkoa da
- Kanpin-denda aukeratzerakoan, hainbat irizpide har daitezke kontuan, baina honako hauek dira garrantzitsuenak: kalitatea, neurria eta muntatzeko sistema (erraza izatea komeni da).
- Era askotako dendak daude merkatuan, eta hainbat osagarri eskaintzen dituzte: motxilarentzako absideak, aurrealdeko portxea, zoru integratua, material bereziak… Horiei guztiei esker, askoz erosoagoa izan daiteke gure kanpaldia.
- Igloo erakoak dira dendarik ezagunenak. Arinak dira eta azkar eta eroso muntatzen dira. Gainera, ez dute izaten mastarik barrualdean, eta absiderik ere ez (bi elementu horiek, egia esan, traba dezente egiten dute).
- Lur lehor eta trinkoaren gainean jarri behar da denda; belarra hazita dagoen lekuak edo sastrakadunak ez dira egokiak. Harea eta harria ere ez dira onak. Burdin ziriek ongi sartuta geratu behar dute, eta harean, adibidez, atera egingo lituzke lehen haize kolpeak, eta harri artean, berriz, ez lirateke lurrean sartuko eta okertzeko arriskua egongo litzateke.
- Ongi garbitu behar da denda jarriko dugun lekua, gure bizkarraldeak eskertuko du.
- Tenkasokek eta burdin ziriek ahalik eta simetrikoen jarrita egon behar dute. Oso garrantzitsua da hori gogoan hartzea denda muntatzen ari garenean, Dendaren hormek ez badute tentsio berdintsua, oihala zartatzeko arriskua legoke, eta, gainera, ez litzateke eraginkorra izango euria edo haizea eginez gero.
- Haizeak kalte handia egin diezaioke dendari, eta horregatik, babestuta jartzea komeni da, haizeari kontra egingo dion zerbaiten babesean (zuhaitz multzo bat edo beste zerbait). Haizeak zuzenean jo beharrean 45 º-ko angeluarekin jotzen badu, indar asko galtzen du.
- Eguzki ordu beroetan ari bagara denda muntatzen, ez da komeni sokak asko-asko tenkatzea, gaueko hezetasunak ere tentsio indarra egiten baitu, eta indarra gehiegizkoa bada, sokak eten daitezke, burdin ziriak atera edo sabai bikoitza zartatu.
- Tenkasokak egunero doitu behar dira, denda ez deformatzeko.
- Denda gorde behar dugunean, ezin da bustia egon edo zikina; ongi lehortu gabe gordetzen badugu, hondatu egingo da.
- Ez da erratzik pasatu behar denda barruan, zikinkeriak markak egiten baititu estalkian. Ongi astindu behar da, eta gero zapi leun bat pasatu.
Haurrekin joanez gero
- Oporraldira haurrak ere etorriko badira, kanpinak gutxieneko zerbitzu eta instalazio batzuk edukitzea komeni da: kirol guneak, igerilekua, astialdiko jarduerak…
- Adin guztietako jendeak ez du berdin ordaindu behar izaten, eta hori ere kontuan hartzekoa da. Gehienetan, kanpina doan izaten da hiru urtetik beherako haurrentzat, eta 10 urtetik beherakoek zertxobait merkeago izaten dute.
- Arriskuak saiheste aldera, ez muntatu kanpina igerilekutik edo itsasotik gertu.
- Oporlekua toki arrotza izaten da haurrentzat, eta arreta handia jarri behar da galdu ez daitezen. Kanpina erakustea komeni da, gauza bakoitza non dagoen jakin dezaten, eta nola orientatu ere erakutsi behar diegu; horrez gain, leku arriskutsuak zein diren ikusaraztea ere garrantzitsua da.
- Haurrak beti begi bistan eduki behar ditugu. Haur bakoitzari identifikazio txartel bat ematea komeni izaten da, haren izenarekin eta telefono zenbakiarekin.
Egonaldi atsegina eta arazorik gabea
- Kanpinetako instalazioek gutxieneko baldintza batzuk bete behar dituzte: komunak sexuka bereizi behar dituzte, gutxieneko eremu bat eduki behar dute erabiltzaile bakoitzeko, larrialdi irteerak seinale eta argi bidez adierazita, su-itzalgailuak, edateko ura, ur zikinak tratatzeko eta kanporatzeko sistemak kanpin osora hedatuak, botikagunea, zaborrak biltzeko zerbitzua, zerbitzu bakoitzaren prezioa jendaurrean jarria… Beste informazio batzuk ere egon behar dute jendearen bistan: kanpinaren kategoriari dagokiona, barne araudia eta erreklamazio orriak.
- Kanpinek eskaintzen dituzten zerbitzuak aldatu egin daitezke kategoriaren eta autonomia erkidegoaren arabera.
- Erabiltzaileek arau batzuk errespetatu behar dituzte, eta hala egin ezean, kanporatu egin ditzakete: ezin da surik egin, galarazita dago animalia arriskutsuekin edo lotugabeekin kanpatzea, zaborrak eta hondakinak jaso beharra dago, ezin da beste inor dendan hartu aurrez kanpineko arduradunei jakinarazi gabe, eta debekatua dago inor eragotziko duten jarduerak egitea.
- Ordaintzeko unean, ordainagiria eskatu behar dugu, zer zerbitzu ordaindu ditugun ikusi ahal izateko. Erreklamazio bat egin beharko bagenu, ziurtagiri bezala erabiliko genuke.
- Kanpinari buruzko dokumentazio eta publizitate guztia gordetzea komeni da.
- Zerbait ongi ez dagoela ikusten badugu edo hondatuta dagoela, argazkiak ateratzea komeni da; froga grafiko eta guzti aurkeztu ahal izango dugu erreklamazioa.
- Kexuren bat edo erreklamazioren bat egin nahi badugu, kanpineko arduradunarengana jotzea da onena. Haren erantzunak ez badigu ezertarako balio, erreklamazio orria eskatuko dugu. Beste edozein saltoki edo zerbitzurekin egingo genukeen bezala, kanpinekin ere lasai asko jo dezakegu kontsumitzaile elkarte batera edo Kontsumoko Ebazpen Sistemara.
- “Luxuzko” kanpinak. Sarrerako kartelean lau kanpin-denda -triangelu- eduki ohi dituzte. Denda jartzeko eremu bakoitzak elektrizitatea izaten du, ur beroa izaten da komun eta dutxa guztietan, eta bakoitzak bere kutxa gotorra eduki dezake.
- 1. mailako kanpinak. Hiru denda-triangelu ageri dituzte kartelean. Banakako telefono kabinak izaten dituzte, ur beroa komun guztietan eta dutxen % 50etan, eta banakako kutxa gotorrak. Denda jartzeko eremuen % 50-75etara iristen da elektrizitatea, eta zerbitzu osagarriak aski osatuak izaten dira, goren mailakoen antzekoak.
- 2. mailako kanpinak. Bi denda-triangelu izaten dituzte. Ez dute alde handirik izaten 1. mailako kanpinekin; 2. mailako hauek ez dira egoten aurrekoak bezain leku “onean”, baina zerbitzu aldetik antzekoak dira.
- 3. mailako kanpinak. Denda-triangelu bakarra eduki ohi dute. Alderik handiena honako alderdi hauetan izaten dute: komun kopurua, zoruaren ezaugarriak, pertsona bakoitzari dagokion gainazala…