Ortodontzia, erosoagoa eta adin mugarik gabea

Irria hortzetan

Hortzetako ortodontzia ez da haurren eta nerabeen kontua soilik; adin guztietako jendeek erabiltzen dituzte egun gailu horiek
1 maiatza de 2009
Img salud listado 621

Irria hortzetan

/imgs/20090501/salud1.jpg
Dentisten itxarongeletan honako argazki hau ikusi liteke gutxi-asko: 8 urteko haurra, 20 urteko gaztea, 34 urteko gizasemea, 43ko beste bat eta 50 urtetik gorako emaztea. Hortzetan dute arazoa guztiek, jakina: batek barrurantz okertuak ditu, kanporantz besteak, higatu egin zaizkio beste honi, masailezurra lokatu beste hari… Tratamendua ez da berdin-berdina izango guztientzat, baina bai antzekoa: ortodontzia.

Duela gutxi arte, haur eta gazteek soilik eraman ohi zuten aparatua, eta nekez ikusiko zen adin nagusikorik halako gailuekin. Orain, aldiz, adin guztietakoek jartzen dituzte, eta azken bost urteetan, adibidez, hiru halakotu da ortodontzia kopurua helduengan. Ortodontzia Ikusezinaren Espainiako Elkarteak emandako datuen arabera, 18 urtetik gorakoei egiten dizkiete egun ortodontzien % 35, eta gehien-gehien, 25 eta 45 urte bitartekoei. Irribarre ederra eta hortz osasungarriak erakustea, horixe da jendearen helburua, hurrenkera horretan, gainera (halaxe erakutsi du erakunde horrek egin duen azken inkestak). Galdekatuen % 70ek adierazi dutenez, prest egongo lirateke halako tratamendu bat hartu eta euren irribarrea edertzeko.

Ez da adin kontua

Azken aldiko aurrerapen teknologikoei esker, ortodontzia mota sofistikatuak erabiltzen dira egun, eta adin guztietako jendearekin, gainera. Ortodontzia gehienak 25 eta 45 urte artekoei jartzen dizkiete, baina 50 eta 60 urteko gizon-emakumeek ere eraman ohi dituzte. Halako tratamenduak hasteko adinik egokiena 12 eta 15 urte inguru horretan izaten da (orduan egoten dira osatuta hotz-haginak), eta hortzetan bestelako arazorik izan ezean, ez da zertan joan espezialistarengana haurrak 7 urte bete baino lehen. Hainbat faktorek eragiten diote ahoaren bilakaerari, elikadurak, ohiturek eta herentzia genetikoak, besteak beste, eta hortz-haginetan arazoren bat sortzen bada haurra hazten ari den garaian, lehenbailehen jarri behar zaio konponbidea, etorkizunean kalte larririk sor ez dezan.

/imgs/20090501/salud2.jpg
Helduen ahoak ez dira haurrenak bezain moldagarriak. Ahoak bere forma hartua izaten du, hezurrak bere neurrira etorriak egoten dira eta aurpegiaren beheko aldeak ere itxura jakina edukitzen du. Behin hazkunde garaia pasatu ondoren, ezinezkoa izaten da hori guztia aldatzea. Helduek, gainera, hortz-hagin batzuk galduta izaten dituzten, edo hortzoietan gaixotasunak ere bai beste tratamendu batzuen ondorioz; horiek ere arazo bihurtzen dira ortodontziarekin lortu nahi izaten dutena lortzeko: hortz-hagin ongi ahokatuak erakustea, irribarre erakargarria eta begitarte harmoniatsua. Horrek guztiak aho osasunari egiten dio mesede, eta osasun psikikoari ere bai, autoestimua handitzen baitu.

Gehienbat arrazoi estetikoek bultzatzen dute jendea ortodontzia bat luzaroan eramatera, baina osasun arazoak konpontzeko ere erabiltzen ditu zenbaitek. Adibidez, masailezur laburraren patologia sendatzeko; zurrunga eta lo apnea agertzeko arriskua sortzen du patologia horrek, eta, horrez gain, intubazio orotrakeala egiteko zailtasunak ere bai. Gaitz hori dutenentzat, oso egokia izaten da masailezurra luzatzea, eta horretarako, ortodontzia eta kirurgia erabili behar izaten dituzte.

Gero eta gehiago helduak dira ortodontzistaren
kontsultara doazenak eta estetika axola zaienez,
ikusten ez diren aparailuak nagusitzen hasi dira

Arrazoi horiengatik guztiengatik gertatzen da zailagoa helduen hortz-haginak egoki kokatzea eta ahoak ongi funtzionatzea, eta espezialista batek baino gehiagok esku hartu behar izaten du lan horretan: ortodontzista (dentista espezializatu horren ardura izaten da hortzetan eta inguruko egituretan sortzen diren gorabeheren prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua egitea), periodontzista (gaixotasun periodontalen, hau da, hortzoietako gaixotasunen prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendua egiteko ardura izaten du), dentista eta, azkenik, masail-aurpegietako kirurgialaria. Helduengan garrantzi gehiago hartzen du alderdi estetikoak haurrengan baino, eta gutxien nabarmentzen diren gailuak jartzera jotzen dute askok, baita gailu ikusezinak ere; horrek, jakina, espezializazio eta prestakuntza gehiago eskatzen dio ortodontzistari.

Era eta prezio guztietakoak

Ortodontzia mota guztiak bi multzotan sailkatzen dira: kentzekoak eta finkoak.

Kentzekoak: jarri eta kendu egiten dira, eta haurrak hazten ari direnean erabiltzen dira gehienbat, gorabehera funtzionalak eta hezurdurakoak zuzentzeko, eta sortzen ari diren joerak moldatzeko. Haurrari nolako gorabehera agertu zaion, halako gailua jarri beharko diote.

Finkoak: euskarriek (brackets esaten diete ingelesez) eta metalezko uztaiek osatzen dituzte. Euskarriak metalez edo zeramikaz eginak izaten dira, eta hortz-haginetan itsasten dituzte; euskarri batetik bestera, metalezko uztaiak joan ohi dira.

Ortodontzia, bestalde, ikusten den horietakoa izan daiteke -ohikoena-, edo ikusezina ere izan daiteke (helduek hori eskatzen dute gehien, apenas antzematen delako eta besteak bezalako emaitzak ematen dituelako). Esan bezala, alderdi estetikoak asko kezkatzen ditu helduak (alderdi ekonomikoak ere bai, jakina); ortodontzia oharkabean geratzea nahi izaten dute, eta hori lortzen duten zenbait teknikaren berri emango dugu jarraian:

Zeramikazko euskarri edo bracket-ak: Gardenak izan daitezke edo zeharrargiak, eta hortz-haginen kanpoaldean itsasten dira. Hortzen kolorea hartzen dute, eta ia ez da antzematen ortodontziarik. Metalik ez dute izaten agerian, nahiz eta uztaiak metalezkoak izaten diren. Hitz egiteko trabarik ere ez dute egiten, eta oso denbora gutxian egokitu daiteke horietara. Alderdi estetikoa zaintzen dute, eta emaitza onak ematen dituzte. Prezioa: 3.000 eta 3.5000 euro inguru, normalean baina 1.600 eurotakoak ere badira eta baita 4.300 euro kostatzen direnak ere.

Invisaling: Teknika honek hortz-lerrokatzaileak erabiltzen ditu, guztiz gardenak eta jarri eta kendu egin daitezkeenak. Sistema honek ez dauka ez metalezko uztairik eta ez euskarririk, neurrira egina izaten da eta oso erosoa da. Prezioa: 2.500 euro sinpleenak eta 6.500 garestienak baina normalean 5.500 euro inguruan ibiltzen dira.

Mihi-ortodontzia: Hortz-haginen barruko aldetik jartzen dira gailu horiek, eta ezkutuan geratzen dira. Ortodontzia mota honetan, Inkognito izeneko sistema da azken asmakizuna, eta aurrerapen handia ekarri du ortodontzia ikusezinen arloan. Prezioa: 3.000 euro merkeena eta 8.000 garestienak baina ohikoena 6.500 euro inguru ordaintzea izaten da.

‘Inkognito’ sistema, aurrerapen iraultzailea

Azken urtean % 200 ugaritu dira teknika honen erabiltzaileak. Gailuak hortz-haginen barruko aldean itsasten dituzte, eta, beraz, ez dira ikusten. Ahoan ez du trabarik egiten eguneroko eginbeharretarako, eta beste teknikek baino azkarrago zuzentzen ditu hortz-haginak.

Teknika honi esker, bestalde, gailuak banan-banan egiten dituzte erabiltzaile bakoitzarentzat. Ahoaren irudi digitala lortzen dute ordenagailuan, hiru dimentsiotan, eta hortz bakoitzaren euskarria banan-banan diseinatzen dute, hori ere ordenagailu bidez; eta berdin metalezko uztaiak ere. Gailu fin-finak sortzeko aukera ematen du sistema honek, eta, ondorioz, hortzen mugimendua oso ongi kontrolatu daiteke, eta hitz egiterakoan ez du trabarik egiten (lehen bi asteetan bai zertxobait). Mihi-ortodontzia guztien artean, hauxe da bereziena.

Iraupena eta emaitzak

Ortodontzia tratamenduen iraupena asko laburtu da azken hamar urteetan, eta aurrerapenen ondorio izan da hori. Profesionalek goi mailako teknologia erabil dezakete egun: metalezko uztai memoriadunak (informazioa ematen zaio eta horren arabera jokatzen dute aurrerantzean) eta euskarri berriak, bestelako hortz mugimendu bat eragiten dutenak, indar arinagokoa, leunagoa, gutxiago eragozten duena eta hortzak azkarrago mugiarazten dituena. Teknologia berri horri esker, tratamenduek 12 eta 18 hilabete artean irauten dute egun, lehengoaren erdia.

Hortzak, hala ere, bizi guztian mugi daitezke, kontu fisiologikoa da hori, eta, ondorioz, euskailuak erabiltzeko gomendioa egiten dute ortodontzistek, tratamendua bukatu eta hortzei mugitu gabe eutsi ahal izateko. Gailu sinpleak izaten dira, eta ia sumatu ere ez dira egiten ahoan. Haurretan, euskailuak zenbait urtez eramatea komeni izaten da, eta helduetan, berriz, bizi osoan.

Bizi guztirako inbertsioa

Ortodontzia mota bat hautatu edo bestea, ez da berdin ordaindu behar izaten. Kanpo ortodontzia batek -ohiko horietakoak- 3.000 euro inguru balio izaten du, eta ikusezinak, berriz, 7.000 euro ere bai zenbaitetan. Osasun publikoak ez ditu bere gain hartzen tratamendu horiek, baina aseguru pribatu batzuek estali ohi dituzte tratamendurik oinarrizkoenak.

Ortodontzia Ikusezinaren Espainiako Elkarteak txosten bat egin du, ‘Sonrisa’ izenekoa, eta han esaten denez, honako ezaugarri hauek behar ditu irribarre batek “polita” izateko: ezpainak bereizi eta hotz zuriak agertu behar dute, simetria testuinguru batean, ongi lerrokatuta, hortz-arku zabalean, forma erregularrekin eta neurri proportziodunekin, eta hortzoiak altuera egokian dituztela. Heldu askok, ordea, hortzak gaizki ahokatuak izaten dituzte, nahiz eta hori ez den helduen gaitza soilik; adin guztietan ager daiteke, eta guztiek ez daukate neurri bereko eragina (izan daiteke hortz bat edo bi ateratzea hortz-arkutik, edo izan daiteke hortz-hagin guztiei eragiten dieten mugimenduak gertatu izatea). Urteak igaro ahala, ia hortz-arku guztietan gertatzen dira aldaketak, bai ahokatzeko moduan bai hortzen kokapenean. Eta hortzak oker badaude eta elkarren artean gaizki ahokatuak, horiek azkarrago higatuko dira, eta hortzoietan gaixotasunak agertzeko arriskua handitu egingo da. Eta horrek, azken buruan, ahoaren funtzionamenduari eragiten dio.

Ortodontziak, gainera, beste gaixotasun batzuei aurre egiteko ere balio du, zeharka bada ere, jendeak diziplina gehiagorekin hartzen baititu ahoko higiene eta garbitasun kontuak. Ahoa gehiago zaintzeko joera izaten dute, eta gutxiago sortzen zaizkie arazo periodontalak edo txantxarra. Ortodontzia, beraz, modu ona da ahoa zaintzeko ohiturak sustatzeko eta epe luzera iraunarazteko.

Garbitasuna ezinbestekoa da

Ortodontzia daramanak gauero egin behar du ahoa txukun-txukun garbitzeko saioa. Hortzetan, hortzoietan eta gailuetan egunero pasatu behar da eskuila, hiru minutuz, gutxienez. Horretarako oso lagungarriak izaten dira hortz tartean sartzeko eskuilak, ongi iristen baitira euskarriak eta uztaiak garbitzera. Otordu bat egin ondoren, arin-arin pasatu behar eskuila, janari hondarrak kentzeko. Eguneroko garbiketa saioen osagarri, profesionalarengana ere joan behar da maiztasun jakinarekin, hark ere garbitu dezan ortodontzia, eta ortodontzistari egiten dizkiogun bisitetan ere garbitzen badute noizean behin, hortzak garbi eta hortzoiak osasuntsu egongo dira.

Hortzen barrualdean ortodontzia finkoa jarriz gero, hortzen kanpoaldeari ez zaio arreta berezi-berezirik eskaini behar. Barruko aldea zaindu behar da, eta eskuila han erabili, euskarri eta hortzak ahalik eta ongien garbi ditzan. Garbiketa kontuez gain, beste kontu batzuk ere hartu behar dira aintzat ortodontziekin: metalezkoak badira, gerta daiteke interferentziaren bat sortzea erresonantzia magnetikoarekin (txikia izan ohi da, hala ere).

Oroitu......
  • Ortodontzistarengana joateko adinik egokiena haurrak 7 urte dituenean izaten da.
  • Egungo ortodontzia teknikei esker, helduek aukera dute gailu ikusezinak jartzeko, minik ematen ez dutenak eta iraupen laburragoa dutenak.
  • Ortodontzistak zaindu behar ditu hortzetan sortzen diren gorabeherak, bera da espezialista, eta haren ardura da dentistarekin eta gainerako espezialistekin koordinatzea.
  • Mantentze-lana zertxobait zainduz eta eragozpen handirik sortu gabe, ortodontziarekin lortutako emaitzei luzaroan eusteko modua izaten da.
  • Hortzak edozein adinetan mugi daitezke, eta ortodontzista on batek asmatuko du zein irtenbide eman.
  • Aurrerapen teknologikoei esker, urtebetean egin daitezke ortodontzia tratamenduak.

Iturria: Arturo Vela, Ortodontzia Ikusezinaren Espainiako Elkarteko lehendakariordea