Zorrak auzitan

Zorra zor

Zorra 900 eurotik beherakoa bada, abokaturik eta prokuradorerik kontratatu gabe jo daiteke auzitara, horretarako aukera ematen baitu Prozedura Zibilaren Legeak
1 maiatza de 2009
Img derechos listado 147

Zorra zor

Onez onean ezin bada, beste bide batzuk bilatu behar izaten dira. Eta legearen eremuan, onez onean konpondu ezin den guztia epaitegian egin behar izaten da. Baita zor kontuak ere. Jendeak gero eta arazo gehiago ditu aspaldian zorrak ordaintzeko, eta horrek eragina izango du auzitegietan ere. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aurreikusi duenez, hipoteka-betearazteak % 234 igoko dira aurten, eta epaiketa arruntak % 29 ugarituko dira 2007. urtearekin alderatuta. Ahozko epaiketak, berriz, % 5 igoko direla uste du, eta ohartarazpen-epaiketak % 76 (horiek izaten dira ugarienak auzi zibiletan). Egoera hori dela jakinik, ongi etorriko zaigu jakitea Legeak zer prozedura aurreikusten dituen besteri dirua eskatzeko, eta lagungarri izango zaigu argi edukitzea nola jokatu behar dugun bestek guri eskatzen badigu. Zor kontuak auzitara eramateko, adibidez, beti ez da beharrezkoa abokatu bat eta prokuradore bat kontratatzea.

Zer prozedura erabil daiteke abokaturik gabe?

Ohartarazpen-prozedura eta ahozkoa. Prozedura Zibilaren Legeak aukera ematen du erreklamazioa egiteko ohartarazpen-prozedura bidez (30.000 euroraino eska daitezke), abokaturik eta prokuradorerik kontratatu beharrik izan gabe; betiere, jakina, legeak eskatzen dituen baldintza eta dokumentu guztiak tarteko badira. Honako artikulu hauetan arautzen du hori Prozedura Zibilaren Legeak: 812tik 818ra bitartekoetan. Ahozko prozeduraren bidea ere ontzat ematen du arau horrek, eta 900 eurotik beherako kopuruetan, ez da profesional horien beharrik izaten.

Abokaturik gabe moldatzeko bezain errazak dira prozedura horiek?

Hain zuzen, horixe da helburua. Guztia errazagoa izan dadin, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren web orrian lor litezke inprimakiak (http://www.poderjudicial.es/). Hala eta guztiz ere, ohartarazpen-prozedura bat abian jarri eta zordunak uko egingo balio, ahozko prozedura edo prozedura arrunt bihurtuko litzateke, eta orduan bai, abokatua eta prokuradorea beharko lituzke hartzekodunak, non eta kopurua ez den 900 eurokoa baino txikiagoa.

Zein prozedura da hobea, ohartarazpen bidezkoa edo ahozkoa?

Baldintzak egoki betetzen badira, beti da hobea ohartarazpen bidezkoa, nahiz eta, azkenean, hori ere ahozko epaiketa batean buka litekeen.

Zein baldintza bete behar dira ohartarazpen-prozedura baterako?

Dokumentu bat eduki behar da, non esaten den diru zor bat dagoela kitatu gabe, zor likidoa dela eta zilegi dela itzul dezaten eskatzea; prozedura abokaturik gabe egin ahal izateko, zorrak 30.001 eurokoa baino txikiagoa izan behar du. Dokumentu horren lagungarri, zordunari zenbat diru utzi zaion eta zenbateko zorra duen erakusten duten dokumentuak bildu behar dira: ordainagiriak, emate agiriak, ziurtagiriak, telegramak, telefaxak eta bestelakoak. Etxejabe elkarteetan, baliagarri izaten dira ordaindu gabe dauden gastuen ziurtagiriak, guztiek ordaindu behar izaten dituzten gastuei dagozkienak.

Nola joaten da ohartarazpen-epaiketa bat?

  1. Lehen Auzialdiko Epaitegiari eskatuko zaio zordunaren helbidea eman dezala.
  2. Epaileak eskaria aztertuko du, eta hala badagokio, epai baten bidez deituko du zorduna epaitegian agertzera, eta aurrez ohartaraziko dio ordaindu ezean, edo epaitegian agertu ezean arrazoiak ematera, ondasunak bahituko dizkiotela.
  3. Zordunak ez badu ordaintzen eta ez badu arrazoitzen zergatik ez duen ordainduko, betearazte-titulua sortuko da eta ondasunak bahituko dizkiote.
  4. Zorduna epe barruan agertzen bada epaitegian eta arrazoitzen badu zergatik ez duen ordainduko, ohartarazpen-prozedura utzi eta beste prozedura-bide batean sartuko dira. Diru kopurua 900 eurotik gorakoa denean, abokatu batek eta prokuradore batek sinatuta egon behar du salatuaren arrazoiak agertzen dituen dokumentua. Kopurua egokia bada ahozko epaiketa bat egiteko -3.000 euro artekoa-, epaiketa saio bat egingo dute. Aldiz, kopurua hortik gorakoa bada, salatzaileak hilabeteko epea izango du salaketa jartzeko deklarazio-epaiketa arruntaren bidez.

Zer egin daiteke norbaitek salaketa jartzen badu gure aurka zor bat dela eta?

Hartzekodun batek eskatzen badu ohartarazpen-prozedura bat abian jartzeko eta epaileak onartzen badu, zorra ordain dezala eskatuko dio epaitegiak zordunari. Behin eskari hori jaso ondoren, zordunak ordaindu egin dezake edo epaitegian ager daiteke, eta idatzi batean arrazoitu dezake zergatik ez duen ordainduko zorra, edo zorraren zati bat. Zorra 900 eurotik gorakoa bada, eta ez ordaintzea erabaki badu, abokatu bat hartu beharko du epaitegian agertu aurretik.

“Zorraren zati bat” ez ordaintzea, zer da hori?

Zordunak esan dezake bere idatzian ez duela zor eskatu dioten guztia, zati bat baizik.

Zer gertatzen da zorduna ez bada epaitegian agertzen?

Hogei egunen buruan idatzirik aurkeztu ez badu eta zorrik ordaindu ez badu, ondasunak bahitzeko prozedura abiaraziko du epaitegiak.

Edozein ondasun?

Ondasun higiezinek zor den kopurua baino gehiago balio badute, horiek ez dituzte bahituko, non eta zordunak beste ondasunik ez duen. Lanbidearteko gutxieneko soldatara iristen ez diren soldata eta pentsioak ez dituzte bahitzen, eta etxe bateko altzariak eta tresneria ere ez. Dirua bahitu nahi izaten dute lehenik, kontu korronteak eta titulu eta balioak.

Aholkuak:
  1. Arretaz irakurri epaitegietatik iristen zaizkigun ohar guztiak.
  2. Ez utzi epeak pasatzen. Oharra jaso eta hurrengo egunean hasten da kontatzen denbora, eta azken eguna barne hartzen du.
  3. Lanegun ez diren egunak ez dira kontatzen: larunbat-igandeak, abenduaren 24a eta 31, Espainian festa nazional jotzen dituztenak, autonomia erkidegoetan lanegun ez direnak eta abuztuko egun guztiak.
  4. Epaitegian idatziak eta dokumentuak aurkeztu behar ditugunean, kopiak egin: prozeduran parte hartzen duen alde bakoitzarentzat bat.
  5. Edozein zalantza sortuz gero, aldeak epaitegira joan daitezke zer ekinbide egin diren jakitera eta horiek aztertzera.

Kontuan hartzekoak:

  • Epaitegiari hasierako eskaria eginez abiarazten da ohartarazpen-prozedura bat, eta ondoren, ordain dezala eskatzen zaio zordunari.
  • Zordunak hogei eguneko epea du: ordaintzeko, ordaintzeari uko egiteko edo epaitegian ez agertzeko.
  • Ordaintzen ez badu eta agertzen ez bada, ondasunak bahitzen hasiko zaizkio.
  • Agertzen bada eta idatziz arrazoitzen badu zergatik ez duen ordainduko, epaiketa saioa egiteko eguna jarriko du epaileak, kopurua 3.001 eurotik beherakoa bada. Hortik gorakoa balitz, epaitegiak hilabeteko epea emango lioke hartzekodunari salaketa jar dezan epaiketa arrunta egiteko.
  • Hilabeteko epea pasatu eta epaiketa arrunta egiteko salaketarik jartzen ez badu, guztia artxibatu eta epaiketaren kostuak ordaintzera zigortuko dute hartzekoduna.
  • Prozedura abokaturik gabe has daiteke, baina gerta daiteke bukaeran haren beharra edukitzea.