Soil eta eraginkorrak
Zitrikoentzako zortzi zukugailu elektriko aztertu dira oraingoan; horien prezioak 17,22 eurotatik (Ufesa “Citraris EX7233”) 25,37 eurotaraino doaz (Taurus “Turbo Centrifugo 6”). Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Philips “Cucina HR 2744” lagina da: 19,55 euro kostatzen delarik, osoko kalitate on-ona ematen du eta erabilera proban kalifikazio hoberena eran zaio. Ufesa ere aukera polita da: denetan merkeena izaki, proban nota ona atera du, mamia kentzeko sistemarik ez daukan arren; prestazio hori ezinbestekoa da kontsumitzaile batzuen arabera.
Hainbat zitrikori -laranja, limoi, pomeloari- zukua erauztea errazten du zukugailu elektrikoak, eskuzkoak eskatzen duen esfortzua egin gabe. Zukua lortzeko ez da zertan zanpatu, aski da fruta alea erditik ebakita konoaren gainean utzi eta pittin bat kalkatzea mekanismo elektrikoa biraka hasi eta zukua igurztearen bidez erauz diezaion. Zortzi zukugailuen prestazioak eta erresistentzia egiaztatzeko, CONSUMER EROSKI-k hainbat proba ezarri zizkien laborategian.
Zukugailu hauek hainbat osagai dauzkate: estalki babeslea, zukua jasotzen duen ontzi ateragarria eta haria biltzen duen sistema, aparatua gordetzeko unean molestiak arintzen dituena. Motore guztiak bi norabideetan (“errotazio bikoitza” sistemari esker) ibiltze horrek frutari zukua erauztea errazten du.
Aldeak tamainan
Honelako etxetresna elektrikoek bolumen gutxi okupatzea ezinbestekoa dute. Luze-zabal, zortzi aparatuak txiki eta arinak dira, batetik bestera aldeak nabaritzen badira ere: denetan txikiena Kenwood “Je270” da (17,4x20x13,9 cm) eta handiena Braun “Citromatic MPZ9” (25,7×20,7×17,6 cm, hots, ia aurrekoaren bikoa). Gainerako seiek Kenewod laginak baino %25 eta %50 gehiago okupatzen dute. Pisuari dagokiola, Taurus laginak bakarrik du kilotik gora (1.050 gramo); Ufesa, berriz, 771 gramo baizik ez dela, denetan arinena da.
Etiketen arabera, zukugailu hauen potentzia 20 wattetatik (Braun) 30 wattetara (Taurus eta Tefal) doa. Baina egiazko kontsumoa ez da beti adierazita dagoena: adierazitakoa baino gutxiago kontsumitzen dute Tefal, Ufesa eta Philips laginek (9 W, 6 W eta 7 W, hurrenez hurren), alderdi hori arauak zigortzen ez duelarik. Premia energetikoetan zurrunenak Russell Hobbs “Classic citrus press” (17,3 W) eta Philips (17,5 W) dira; Taurus, aldiz, beste muturrean dago (31 W). Hari luzeak aparatua entxufetik urrun ipintzeko askatasun handiagoa ematen du. Denetan luzeena Taurus laginarena da (133 zentimetro), ondotik Ufesa (128 cm) eta Tefal (127 cm) datozkiola. Haririk laburrena, aldiz, Moulinex zukugailuarena da (94 cm). Gainerakoak 110 zentimetro inguruan dabiltza.
Zukua jasotzen duen ontziak aparatutik ateratzeko modukoa denez, zukua zerbitzatzeko eta, ondoren, ikuzteko erosoago gertatzen da. Edukiera handienekoa Braun da (litroa), hots, atal honetako txikienaren bikoa (Russell Hobbs).
Konoa, funtsezkoa
Zukugailu elektriko baten kalitatea neurtzeko unean funtsezko irizpideetako bat, fruta alearen erdia kokatzen den konoa da: kono horren tamainak, formak eta bera erabiltzeko egin beharreko presioak erdietsiko den zuku kopuruan eragin zuzena izango dute. Tefal eta Ufesa laginek bina kono ematen dituzte (gainerakoek, bana baizik ez), tamaina desberdinekoak; horri esker, zukua fruta txikienei errazkiago erauzten zaie.
Mamia zanpatzeko sistema soila da: konoari atxikitako bi belarri edo hegaltxok, hura biratzen hastean, zabaldu eta mamia zanpatu egiten dute, oraino izan dezaken zukua erauzteko (bide batez, mami horren parte bat zukua daukan ontzira doa). Taurus laginaren mekanismoari “modu zentrifugatzaile” deritzo eta aurrekoak baino konplexuagoa da: martxan jartzeko aski da zukugailua itxi eta estalkia zanpatzea: horrela mamia “zentrifugatu” egiten da, honek eduki dezakeen zukua ere erauziz. Kenwood da mamitik zukua erauzteko sistemarik ez daukan bakarra.
Laranjen zuntzaren parte handi bat mamian dagoen arren, kontsumitzaile askok zukua ahalik eta likidoen hartzea nahiago izaten dute. Braun, Russell Hobbs, Moulinex eta Philips laginek edariak izango duen mami kopurua hautatzeko aukera ematen dute. Lau horietan, Moulinexen iragazki fin-fina da eraginkorrena mamirik iragaten ez uzteko. Tefal laginak -likidoan mami arrastorik izan ez dadin, elementu hori ez daukaten aparatuetako bat- argibideetan ohartarazten du kono handiak mami gehiago pasatzen uzten duenez, eginkizun hori partzialki beteko luke. Mami-iragazki guztiak plastikozkoak dira, Kenwood laginean izan ezik (altzairu herdoilezinezkoa du honek). Zortzi aparatuak dira teknikoki antzekoak, batetik bestera alderik ere hauteman bada ere: Braun, Russell Hobbs, Moulinex eta Philips osatuenak dira eta Kenwood, aldiz, funtzio gutxien dituena.
Erabilera proba
Honelako aparatuak baliatu ohi dituzten sei erabiltzailek probatu zituzten zukugailuak, laborategitik kanpo eta benetako erabilera-baldintzetan nolako jokaera agertzen zuten ikusteko. Horretarako, hainbat aspektu 1etik 10eraino balioztatu zituzten. Kalifikazio hobereneko diseinuak Braun eta Ufesa laginenak izan ziren eta Kenwood laginaren heldulekua deserosotzat jo zen. Aspektu funtzionaletan, hurrengo parametroak baloratu ziren: iragaten uzten duten mami kopurua, garbitzeko erraztasuna, erabiltzeko erraztasuna eta muntatzeko eta desmuntatzeko erraztasuna. Mami kopurua balioztatzeko, iragaztea erregulatzeko ekipoek dituzten aukerak baliatu direnez, horretarako sistemarik ez duten ekipoek puntuazio kaskaragoa eraman dute atal honetan. Horrez gainera, mamia hautatzeko sistema eta iragazkien eraginkortasuna ere probatu da: aparatuek eginkizuna eraginkortasun osoz betetzen dutela, hau da, erdietsitako zukuak mami arrastorik ez daukala egiaztatu da. Atal honetan lorturiko batez besteko puntuazioak “ongi” eta “oso ongi” dira. Moulinex, Braun eta Philips bakarrik iritsi dira funtzionaltasunean “oso ongi”-ra, gainerako bostak “ongi” hutsean geratuta. Garbitzeko errazenak Braun eta Kenwood dira eta eragozpen gehien agertzen dituena, berriz, Taurus. Erabilera errazenekoa Philips da eta Kenwood, aitzitik, alor honetan puntuazio eskasenekoa.
Osoko kalitateari goazkiola, zukugailuak etxetresna soil-soilak dira, erabilera ezin errazekoak; beraz, azterturiko guztiek aise gainditu dute gure proba, batetik bestera alde handirik hauteman gabe. Azterturikoetan, hoberenak Philips, Braun, Russell Hobbs eta Moulinex dira: denak “oso ongi” kalifikazioa irabazi dute; ondotik Ufesa, Tefal eta Taurus datozkie (“ongi”). Kenwood da “onargarri” hutsean geratu dena, bere prestazioak eskasak baitira.
Lagin denetan segurtasunari buruzko informazioa eta argibide-liburuak zuzen daude. Baina berme-agiriak, berriz, ez daude zuzen Taurus eta Kenwood laginetan, erabateko bermea urtebetez ematen baitute, arauak xedatuak dituen bi urteen ordez. Hala eta guztiz, kontsumitzaileak erreklamazioa jartzeko eskubidea du eta, berme-agiria zuzen ez dagoen arren, legearen babesa izango du erostunak. Kenwood laginak bermeen inguruko legea urratzen du, testu osoa ingelesez baizik idatzita ez dagoelako (espainieraz ere beharko luke) eta berme hori Erresuma Batuan bakarrik dela baliagarria adieraztearren.
Segurtasun proba zorrotz-zorrotzak gainditu behar izan dituzte zukugailuek: beroaren, suaren, korronte elektrikoen, motorraren blokeoaren aurreko erresistentziak neurtu ziren eta, gainera, behatzekin atal arriskutsuetara iristerik ez zegoela egiaztatu zen. Proba horiek guztiak zortziek gaindituta, ondoren martxan normaltasunez segitu zuten.
Laranja eta bere zukua C bitaminaren, flabonoideen eta beta-karotenoaren iturri hobezinak direnez, osasun kardiobaskularra zaintzea dela eta, fruta horixe dugu egokiena. Laranjan dautzan substantziek “kolesterol txar” (LDL-c) izenekoaren oxidazioa eragozten dute, zainen paretetan metatzea galarazten dute eta arterosklerosia prebenitzen dute. Horiez gainera, erradikal asken eragin kaltegarriari aurre egiten diote.
Pertsona helduak egunean hartu behar duen C bitamina kopurua (60 mg) laranja ertain batek edo zuku baso batek betetzen dute. Pertsona batzuek laranja zukua barau hartzerik ezin dute, laranjak -laranja zukuak, bereziki- behazun-xixkua bat-batean hustea proboka dezake eta, ondorioz, goragalea edota sabeleko pisua. Gaitz horiek ez dira larriak eta, gainera, konponbidea aurretiaz beste elikagaien bat hartzea izaten da.
Zitrikoen zukuak daukan C bitaminak burdinaren bioerabilgarritasuna (absorbitzen den portzentajea) bikoiztu egiten duenez, anemia nozitzen duenari komeni zaio zuku hori hartzea, burdina ugari duten elikagaiekin batera. Horregatik aholkatzen da haurtxo txikien labore-ahia laranja zukuaz laguntzea.
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Oraingoan aztertu diren zitrikoen zukua erauzteko zortzi aparatu elektrikoen prezioak 17,22 euro (Ufesa) eta 25,37 euro (Taurus) bitartean daude.
- Taurus eta Kenwood laginen bermeak ez daude zuzen, arauak xedatua duen gutxienekoa (bi urte) eskaintzen ez dutelako. Kenwood laginaren testu ez dago espainieraz eta ez du adierazten Espainian baliagarria dela. Segurtasun proba zorrotz-zorrotzak ekipo guztiek gainditu zituzten..
- Aparatu soilak dira hauek, erraz maneiatzekoak. Batetik besterako alde nabarmenenak eginkizun jakin batzuetan hauteman ziren, hala nola mamia iragaztea edo, zuku guzti-guztia erauzteko, mamia zanpatzea.
- Aparatu txikiena Kenwood markakoa da eta handiena, Braun. Tefal, Ufesa eta Philips zukugailuen egiazko potentzia, argibide-liburuetan adierazitakoa baino txikiagoa da. Mamia hautatzeko sistema guztiek beren eginkizuna ondo betetzen badute ere, hoberenak Russell Hobbs, Philips eta Moulinex dira. Garbitzeko errazena Braun da eta erabiltzeko konplexuena, Taurus.
- Erabilera proban puntuazioak 6,6 puntuetatik (Kenwood, denetan txarrena) 7,6 puntuetaraino (Philips) doaz.
- Kalitateaz ari garela, hiru multzo bereizi dira: Braun, Russell Hobbs, Philips eta Moulinex laginek kalitate “oso ona” erakutsi dute; Ufesa, Tefal eta Taurus laginek, “ona”; eta Kenwood laginarena “onargarria” baizik ez da.
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Philips da: kalitate on-onekoa izaki, kalifikazio hoberena irabazi zuen erabilera proban. Ufesa ere, denetan merkeena, aukera polita da, mamia iragazi nahi ez bada, bederen.
Marka Modeloa | Philips “Cucina HR2744” | Ufesa “Citraris EX7233” | Braun “Citromatic MPZ9” | Russell Hobbs “Classic Citrus Press” |
---|---|---|---|---|
Prezioa (euro) | 19,55 | 17,22 | 21,53 | 19,90 |
Kontsumitzailea- rentzako informazio eta babesa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Garantía producto | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Segurtasuna | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Elkarga- rritasun elektro- magnetikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Ezaugarri teknikoak | ||||
Dimentsioak (mm) | 237×191 x165 | 226×173 x160 | 257×207 x176 | 194×218 x156 |
Pisua (g) | 858 | 771 | 968 | 798 |
Adierazitako potentzia (W) | 25 | 25 | 20 | 22 |
Gehieneko kontsumoa (W) | 17,5 | 18,8 | 20,4 | 17,3 |
Hariaren luzera (cm) | 122 | 128 | 118 | 107 |
Ontziaren edukiera (ml) | 600 | 580 | 1000 | 500 |
KoEz-kopurua | 1 | 2 | 1 | 1 |
Mamia zanpatzeko sistema | Bai | Bai | Bai | Bai |
Mami-kontrol erregulagarria | Bai | Ez | Bai | Bai |
Mailaren adierazlea | Bai | Bai | Bai | Bai |
Iragazkiaren materiala | Plastikoa | Plastikoa | Plastikoa | Plastikoa |
Erabilera-proba (1 – 10) | 7,6 | 7 | 7,5 | 7 |
Osoko kalitatea | Oso ongi | Ongi | Oso ongi | Oso ongi |
Marka Modeloa | Moulinex “Vita Press 600” | Tefal “Prep?line” | Taurus “Turbo Centrigugo 6” | Kenwood “Je270” |
---|---|---|---|---|
Prezioa (euro) | 20,33 | 20,30 | 25,37 | 19,85 |
Kontsumitzailea- rentzako informazio eta babesa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Garantía producto | Zuzen | Zuzen | Ez dago zuzen (urtebetea) | Ez dago zuzen (Ez dator espainieraz) |
Segurtasuna | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Elkarga- rritasun elektro- magnetikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Ezaugarri teknikoak | ||||
Dimentsioak (mm) | 226×187 x178 | 221×165 x166 | 250×170 x174 | 174×200 x139 |
Pisua (g) | 788 | 873 | 1050 | 886 |
Adierazitako potentzia (W) | 29 | 30 | 30 | 25 |
Gehieneko kontsumoa (W) | 27,7 | 21,2 | 31,1 | 26,5 |
Hariaren luzera (cm) | 94 | 127 | 133 | 102 |
Ontziaren edukiera (ml) | 600 | 580 | 580 | 700 |
KoEz-kopurua | 1 | 1 | 1 | 1 |
Mamia zanpatzeko sistema | Bai | Bai | Bai | Ez |
Mami-kontrol erregulagarria | Bai | Ez | Ez | Ez |
Mailaren adierazlea | Bai | Bai | Bai | Ez |
Iragazkiaren materiala | Plastikoa | Plastikoa | Plastikoa | Altzairu herdoilezina |
Erabilera-proba (1 – 10) | 7 | 6,8 | 6,9 | 6,6 |
Osoko kalitatea | Oso ongi | Ongi | Ongi | Aceptable |
Banan banan
Zortzi zukugailu elektrikoak, banan-banan
Philips "Cucina HR2744"
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Bere egiazko potentzia, etiketan adierazitakoa baino 7 W txikiagoa da. Gutxien kontsumitzen duen bigarrena da (17,5 W). Mamia zanpatzeko eta nahi den mami kopurua aukeratzeko sistemez hornitua.
Erabilera proba: 7,6 puntu, denetan hoberena. Argibide-liburua eta aginteak ulergarriak direlako, aparatua erabiltzeko erraza izatearren eta zukuan mami kopurua murrizteko gaitasunagatik gustatu zaie epai mahaikideei. Osoko kalitatea: oso ona.
Ufesa "Citraris EX7233"
Denetan arinena (771 gramo). Bere egiazko potentzia, etiketan adierazitakoa baino 6 W txikiagoa da. Bi kono dauzka, tamaina desberdinekoak. Zukuan mamia murrizteko aukerarik ez du ematen; bai, ostera, mamia zanpatzeko eta zuku gehiago ateratzeko.
Erabilera proba: 7 puntu. Diseinua gustatu zaie epai mahaikideei baina, mamia kentzeko unean, denetan okerrena da.
Osoko kalitatea: ona.
Braun "Citromatic MPZ9"
Denetan handiena, edukiera handieneko ontzia dauka (litroa). Mamia zanpatzeko eta nahi den mami kopurua aukeratzeko sistemez hornitua
Erabilera proba: 7,5 puntu, bigarren hoberena. Diseinua, garbitzeko eta muntatzeko erraztasuna, ez ezik gainerako funtzioak ere gustatu zaizkie epai mahaikideei.
Osoko kalitatea: oso ona.
Russell Hobbs "Classic Citrus Press"
Gutxien kontsumitzen duena (17,3 W) baina edukiontzi txikienekoa da (litro erdia). Mamia zanpatzeko eta nahi den mami kopurua aukeratzeko sistemez hornitua
Erabilera proba: 7 puntu. Aginteen ulergarritasuna, dimentsioak eta pisua, eta likidoan mami kopurua dezente murrizteko gaitasuna gustatu zaizkie epai mahaikideei. Baina muntatu eta desmuntatzeko erraztasun aldetik, puntuazio kaskarrenekoa da.
Osoko kalitatea: oso ona.
Moulinex "Vita Press 600"
Hari denetan laburrena (94 cm). Mamia zanpatzeko eta nahi den mami kopurua aukeratzeko sistemez hornitua
Erabilera proba: 7 puntu. Mamia likidoan erortzea galarazten duen sistema egokiena.
Osoko kalitatea: oso ona.
Tefal "Prep´Line"
Bere egiazko potentzia, etiketan adierazitakoa baino 9 W txikiagoa da. Bi kono dauzka, tamaina desberdinekoak. Zukuan mamia murrizteko aukerarik ez du ematen; bai, ostera, mamia zanpatzeko eta zuku gehiago ateratzeko.
Erabilera proba: 6,8 puntu. Argibide-liburuaren eta aginteen ulergarritasun alorrean eta zukuan mamia murrizteko gaitasunean eman zitzaizkion kalifikazio apalenak.
Osoko kalitatea: ona.
Taurus "Turbo Centrifugo 6"
Bermeen gaineko araua urratzen du (urtebetea baino ez du eskaintzen). Denetan astunena (1,05 kilo), kontsumo handienekoa (31,1 W) eta hari luzeenekoa (133 cm) da. Mami kopurua murrizteko aukerarik ez du ematen, baina mamia zentrifugatzen duen sistemaz hornitua dago.
Erabilera proba: 6,9 puntu. Muntatzeko erraztasunagatik gustatu zaie epai mahaikideei, baina mami kopurua ez erregulatzearren eta garbitzeko aldrebesena izatearren eman zaizkio balorazio kaskarrenak.
Osoko kalitatea: ona.
Kenwood "JE270"
Bermeen gaineko araua urratzen du (urtebetea baino ez du eskaintzen, ez dago espainieraz eta ez dio Espainian baliagarria dela). Denetan txikiena da. Mamia zanpatzeko eta aukeratzeko sistemarik ez du, ezta maila-adierazlerik edukiontzian ere. Altzairu herdoilezinezko iragazkia daukan bakarra.
Erabilera proba: 6,6 puntu, denetan txarrena. Diseinuan, mamia murrizteko gaitasunean, erabiltzeko erraztasunean eta, orokorki, prestazioetan, eskasena. Osoko kalitatea: onartzeko modukoa.