Arropatik orban zailak kentzea

Zikindutakoa ikuzteko funtsezkoa, azkar ibiltzea

1 maiatza de 2005

Zikindutakoa ikuzteko funtsezkoa, azkar ibiltzea

/imgs/20050501/consejos01.jpg
Garbigailuan arropa bat sartu orban ori kentzeko baina, ohiko kontua da, orban horrexekin atera dugu berriro. Hori ez gertatzeko, arropa garbigailuan sartu aurretik orban hori berariaz tratatu beharra dago. Substantzia asko ehunean sakon-sakon sartzen direnez, aurretiaz tratatzen ez bada, garbitu soil batekin marka ez da kentzen. Hona hemen orban horiek suntsitzeko aholkuren bat:

  • Oihaletan erortzen den zernahi garbitu berehala; ehunean sartuz gero, garbitzeko garaian eragozpen handiagoak izango ditugu.
  • Ez igurtzi; xurga ezazu isuritako substantzia hori.
  • Ez erabili ur beroa: horrek substantzia “egosi” egiten du eta, horrela, orbana iraunkor bihurtuko da.
  • Orbana atzealdetik errazkiago kentzen da.
  • Ikuzi beti eskua zirkuluan eraginez, kanpotik erdialderantz.

Orbana “Lehen sorospenak”

  • Substantzia hori solidoa bada, kendu espatula batez.
  • Produktu azidoa erori bada, jarri arropa hori iturripean. Ondoren, amoniako edo bikarbonato sodikoarekin nahasitako ur hotzetan blaitu duzun belakiarekin igurtziko duzu.
  • Gantzezkoa baldin bada orbana aplikatu bertan detergente likidoa eta igurtzi; ondoren, ikuzi arropa ur bero-beroan.
  • Fruta zukua edo ardoa erori bada, bota gatza, likidoa xurgatzeko. Bestelako likidoak badira, lehortu paper xukatzaile edo zapi batekin. Ondoren, beratu ur hotzetan arropa hori.
  • Ikuzteko modukoa ez den arropa batean likidoa eroriz gero, erabili buztin edo talko hautsa, hori lehortzeko. Ondoren, garbitu orbana.

Produktu kosmetikoen orbanak

  • Ezpain-barra. Balia ezazu lehorreko garbiketarako disolbagarri bat edo alkohol metilikoa; ondoren, prestatu detergente likidoa eta amoniakoa, nahasirik, eta ikuzi bertan.
  • Oinarri-krema. Igurtzi detergente likidoz eta garbitu uretan.
  • Azkazaletako esmaltea. Eman azetona. Ondoren, garbitu agoarrasez eta ikuz ezazu.
  • Perfumeak. Kendu amoniakoz, botilatik zuzen aplikatuz. Ikuz ezazu detergente likido batekin.

Orban biologikoak

  • Gorotzak. Hondakin solidoak suntsitu ondoren, beratu arropa hori ordu erdi batez borax-uretan (drogerietan salgai ohi dagoen azido boriko, sosa kaustiko eta urez osaturiko produktua). Ondoren, ikusi detergentearekin.
  • Gernua. Aplika ezazu gatz ugaria, honek xurga dezan. Ondoren, garbitu ur hotzarekin. Hondakinei eman amoniakoa. Garbitu uretan, eman ozpin zuria eta ikuzi detergentez.
  • Odola. Ikuzi ur hotz eta gatz pittin batekin. Odola lehorra badago, igurtzi eskuilarekin eta jarri arropa beratzen detergente biologikoz aberastutako ur hotzetan (drogerietan salgai oi dagoen xaboia berezia, proteinadun orbanak garbitzen dituena) edo ur oxigenatuan.
  • Okada edo goitikina. Sifoi ur zorrotada bat aplikatu ondoren, boraxetan blaituriko belakiarekin igurtziz kenduko da. Ondoren, ikuzi arropa hori detergentearekin.

Elikagai eta edarien orbanak

  • Landare-olioak. Blaitu arropa eta eman alkohol metilikoa eta tanto bat ozpin zuri. Geratu den orban hori kentzeko, aplikatu behin baino gehiagotan lehorreko garbiketarako disolbagarria.
  • Kafea edo tea. Horrelako orbanak kentzeko, beratu arropa detergentedun ur epeletan. Ondoren, eman arropa horri alkohol metilikoa. Hondarreko orbanak kentzeko, erabili ur oxigenatua. Kafesnea garbitzeko ikuzi arropa ur epeletan, detergente biologiko batekin.
  • Garagardoa. Beratu arropa ozpin zurian eta, beharrezkoa bada, detergente biologiko batekin. Garbitu uretan. Ikuzi ur bero-beroan.
  • Txiklea. Sartu arropa izozkailuan edo igurtzi jela pusketekin, txiklea izoztu eta erraz askatu arte. Hondakinei eman alkohol metilikoa edo agoarrasa.
  • Arrautza. Garbitu arropa ur hotzetan eta, ondoren, ikuzi detergente biologikoarekin. Beratu orban iraunkorrak bost tanto amoniakoz nahasiriko ur oxigenatuan.
  • Tomate saltsa. Garbitu ur hotzetan eta beratu detergente likidoan. Beharrezkoa bada, eman alkohol metilikoa.
Nola baliatu disolbagarriak (alkohola, agoarrasa, azetona, etc.) eta orban-kentzekoak
  • Baliatu kopuru txikiak.
  • Zabalik dagoen leihotik gertu, sutatik urruti.
  • Lehenago, egin proba bat, ea tindua galtzen duen.
  • Ez nahasi disolbagarriak.
  • Jarri paperezko musuzapia orbanaren azpian, hezetasuna eta disolbagarria xurgatzeko.
  • Blaitu zapitxo bat produktuarekin eta igurtzi orbana zirkuluan, kanpoaldetik erdialderantz.
  • Garbitu ur askotan eta ikuzi, arropa ikuzgarria bada. Bestela, egurastu ezazu edo lehortu ile-lehorgailuarekin, garbitzean bezala, kanpotik barrurako zirkuluak eginez.