Mirarizko dietak

Pisua galtzeko formula magikorik ez

Kaloria gutxiegi kontsumitzea proposatzen duten dietak ez dira fidagarriak
1 maiatza de 2005

Pisua galtzeko formula magikorik ez

/imgs/20050501/alimentacion01.jpg
Mirarizko dieta izenekoez eman daitekeen aholku zuhurrena, horiei alde egitea da. Horrela aldarrikatzen dute dietista, endokrinologo eta kontsumitzaileen elkarte zenbaitek. Horrelako erakunde eta elkarteak urte sasoi honetan mugitzen hasten dira osasun alorreko agintariek eta iritzi publikoak balizko erregimen “magiko” horietaz dabilen informazio bihurri ugariaz kontzientzia har dezaten. Ahalegin gutxi eginik eta azkar-azkar pisua galtzea agintzen duten -baina oinarri zientifikorik bat ere ez daukaten- metodo horien arriskuak nabarmentzen dituzte. Hainbat hedabidetan ezagutarazten diren dietez datu zehatzik ez dakigun arren, plazaratu diren dieta-plegu askotxok izen hori dute eta bestelako jarraibideak ematen dituztenez, jendea nahasi egiten dute. Hona hemen dieta zuzenak identifikatzen lagunduko diguten bi pista: elikagai-multzorik galarazi ordez, zeharo kontrakoa agintzen dute eta, bestetik, pisua pixkanaka galduko dela jakinarazi behar dute (kiloa edo kilo eta erdia asteko).

Mirarizko dieta motak

Mirarizko dieta guztiak biltzen dituen sailkapen unibertsal zehatzik ea dagoenez, ikuspuntu desberdinen arabera multzoka ditzakegu. Nutrizioaren ikuspegitik, dieta bakoitzaren energia eta nutrizio parametroen arabera egin daitezke sailkapenak, esate baterako

Balio energetiko apaleko dietak (400 – 1.000 Kcal. eguneko)

/imgs/20050501/alimentacion.02.jpgBeren balio energetikoa den-denek jakinarazten ez dutenez, horrek ere arriskua sortzen du. Dieta batzuek ez dute eguneko bizi-funtzioak burutzeko adina energia kontsumitzen uzten, eta horrek organismoan epe ertain eta luzera -gizakiaren hasierako osasun egoeraren eta dieta egin den epearen arabera- agertuko ditu eragin eta ondorioak, hala nola urdail eta hesteetako alterazioak, ondoez orokorra, zorabioa, hotza ez pairatzea, larruazala lehortzea, azkazalak erraz haustea, ilea erortzea, kontraktura muskularrak, amenorrea, insomnioa, antsietatea, suminkortasuna eta, areago, depresioak ere.

Honelako dieten oinarria landarezkoak ia-ia bakarrik kontsumitzea da, batzuetan protidoen (haragi, arrain eta arrautzen) eta olioen agerpena hutsaren hurrengoa izaki. Adibidez, 40 gramo haragi eguerdiko bazkarian eta pare bat koilarakada olio egun osorako. Dieta orekatu baten -are dieta hipokalorikoen- euskarria izan beharko luketen karbohidrato ugariko elikagaiak (ogia, arroza, oreak, patata, lekaleak, laboreak, etc.) apenas sartzen diren dietan.

Eguneko 1.200 kaloria baino gutxiagoko dieta batekin, elikagai arruntak bakarrik kontsumituz, nekez bete ditzakegu mikronutrienteen (bitamina eta mineralen) premiak.

Karbohidrato gutxi eta gantz ugariko dietak
Dieta hauek haragia, hestekiak, gazta, arrautzak, gurina eta gainerako elikagai proteikoak hartzea aholkatzen dute, ore eta arrozen kopurua biziki murriztuta. Honelako elikadura makina bat dietatan -horietako batzuk biziki ezagunak, hala nola Atkins, Scardale-rena edota Mayo Klinikakoa- agertzen da. Elikagai gantzatsu eta kaloria ugarikoak soil-soilik kontsumituz gero emaitza azkarrak lortuko direla agintzen dute baina elikagai horiek dira, hamaika ikerlan eta azterketa zientifikoren arabera, murriztu behar direnak, pazienteak hartu ohi duen dietako gehiegizko proteina, gantz eta kaloriak orekatzeko eta gehiegikeria horien ondoriozko trastornoak prebenitzeko (arazo kardiobaskularrak, adibidez).

Horrelako elikabideen ondorioz ager daitezke zorabioak, nekea, deshidratatzeko arriskua, kolesterol-, triglizerido eta azido urikoko tasa altuak. Beste aldetik, zuntz ugariko elikagai gutxi (barazkiak, frutak, labore integralak, etc.) hartzeak idorreria probokatzen du.

Karbohidrato ugariko dietak

Honelako erregimenen bereizgarria karbohidratoak ugari-ugari kontsumitzea da, gantz eta proteinadunak zorrozki mugatuta. Era horretan, funtsezko gantz azidoen, bitamina liposolubleen eta proteinen ekarpen eskasa nozitzeko arriskuan dago pazientea. Horrez gainera, gehiegizko zuntza kontsumitzeak mineral gatzen (burdina, zinka) absortzioan du eragina eta hesteetan hainbat trastorno eragin ditzake: diarrea, sabeleko kolikoa eta flatulentzia, adibidez.

Dieta “monografikoak” eta “xelebreak”

Horrela esango diegu aurrenekoei, eskuarki dieta bataiatzen duen elikagai bakar baten kontsumoa sustatzen dutelako (“orburuarena”, “ananarena”, etc.); elikagai horri aparteko propietateak egosten zaizkio, hori bai, inongo oinarri zientifikorik gabe. Horrelako dietak egitea aspergarria gerta dakioke pertsonari eta, gainera, trastorno digestibo eta psikikoak eragin diezazkioke, ohiko elikatzeko erritmoa hautsi egiten dutelako. Era berean, “oinarri zientifiko osoa” pertsonai ezagunen izena edo eskarmentua baliatzea, elikagai exotikoren bat tartekatzea edo mezu xelebreak igortzea baizik ez duten dieta ezagunak ez dira gutxi, hala nola “umore oneko dieta”.

Gehiegizko pisua tratatzeko zutabeak

Gehiegizko pisua edukitzea probokatzen duten faktoreak ugari-ugariak direnez, gaixotasun horren tratamendua egiteko diziplina askoren arteko azterketa egitea ezinbestekoa da:

  • Medikuntzatik: kausa identifikatu eta, kasuaren arabera, botika zein kirurgiaren bidezko balizko tratamendua balioztatzea.
  • Dietetikatik: pertsona horren eguneroko dietako kaloriak murriztea eta, hezkuntza dietetikoaren bidez, bere okerreko elikabidea zuzentzea. Esate baterako, egunean 1.800 kaloriako dieta egokia gerta dakioke pertsona jakin bati argaltzeko baina 1.300 kaloria aski izan daiteke beste batentzat. Nutrizionista izango da, pazientearen ezaugarrien arabera, dieta egokiena xedatuko duena.
  • Psikologiatik: janariaren aurrean pertsona horrek nolako jokaera erakusten duen aztertzea, alegia.
  • Ikuspegi fisikotik: norberaren araberako ariketa fisiko egokia egitea, energiaren gastua areagotzeko.
Noiz ez fidatu dieta batekin
  • Erregimenean sartzen diren elikagaien kopurua, anoak eta kontsumitzeko maiztasuna argi eta garbi zehazten ez dituenean.
  • Adierazitako elikagaien kopurua aipatu bai baina gordinik ala prestatua behar duen zehazten ez duenean; horrelakoetan, subjektuak datuak bere komenientziaren, ezagutzaren edo ulermenaren arabera interpretatzen ditu.
  • Eguneko janarien kopurua zehazten ez denean.
  • Errezeta zehaztu gabe, jaki konplexuak proposatzen dituenean. Adibidez: bakailao carpaccioa, luzokertxoak eta kabiar gorri pittin bat, ganbaz beteriko alberjinia erreak, etc.
  • Nutriente multzo bat kontsumitzea debekatzen duenean.
  • Denbora gutxian pisu asko galtzea agintzen duenean.