Famili eredu berria
Familiak duen adierak eta gizartearen funtsezko erakundetzat hartua izateak indarrean diraute, familia horren estrukturak aldatu diren eta elkarbizitza-pleguak aniztu diren arren. Sabai berean aiton-amonak, gurasoak, seme-alabak, anai-arreba edota izeba-osaba ezkongeak biltzen zituen estruktura atzean geratu zen modu berean, gurasoak eta seme-alabek osaturiko familia tradizionalak erabateko hegemonia galdua du eta, egun, famili gunearen antolamendu horrekin batera beste hainbat formula ere ikusten ditugu: pertsona bakarreko etxebizitzak, guraso bakarra eta seme-alabak, seme-alabarik gabeko bikoteak, gurasoen seme-alaba neba-arreba ez direnak, etc.
Aspaldi honetan onartu dugu pixkanaka bi bikotekide homosexualek osaturiko familiak izatea baina oraindik gizarteak ez ditu erabat onartzen eta, areago, zenbaitetan, mesfidantza, fobia eta bazterketa nozitzen dute horrelako familiek. Kalean horrelakoak ikusten hasteak galderak egiten dizkio gizarteari eta orain honek erantzunez zuzkitu behar du bere burua
Zer dioten ikerlanek
Famili eredu berri horretatik gizartea gehien asaldatzen omen dena ez da existitzea edo gizartean pixkanaka ugaltzen joatea, bertan haziko diren seme-alaben baitan formatu horrek izan lezakeen eragina baizik, hots, pertsona diren aldetik garatzea, eta eredu honek haurren psikean negatiboki eragiten duen ala ez. Horregatik, hainbat erakundek -tartean, haurrak zaintzea xede duten batzuk- bertan hazten diren haur eta umeei hezkuntza- eta garapen-marko egokia eta nortasun-eredua emateko familia horiek egokienak ote diren auzitan jartzen dute. Sexu bereko gurasodun familian haztean haur eta gaztetxoen garapenaren inguruko itaunei luze-zabal ihardetsi zaie hainbat herrialdetan -Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan, batik bat- eginiko txostenen bitartez. Hona horietako gehientsuenen ondorioak:
- Sexu bereko gurasodun familietako haur eta gaztetxoek ez dute inolako alderik sexu desberdineko gurasodun familietan hazitakoekin garapen intelektualeko edo nortasunaren garapenaren inongo areatan (auto-estima, doitze pertsonala, kontrolaren maneiua, garapen morala, etc.)
- Sexu-identitate, genero-identitate nahiz sexu orientazio aldetik ere ez dute inolako alderik besteekin.
- Beren ikaskideekin harreman normalak dituzte eta, horien artean, sexu desberdineko gurasodun familietakoak bezain onartuak dira.
- Bi famili pleguetan hazitako neska-mutikoen artean alderik sortzen denean, alde horiek sexu bereko gurasodun familietan hazitako neska-mutikoen aldekoak izaten dira, hauek familia heterosexualetakoak baino malguagoak direlako eta dibertsitatea onartzeko prestuago agertzen direlako.
Nolanahi ere, Espainian zer gertatzen den jakin beharra zegoen: emaitza berberak gertatzen ote ziren, alegia, ordura arte ikertu zirenak homosexualtasuna espainolok baino areago integratu eta onartua zuten familia anglosaxoiak zirela kontuan izaki.
Espainian, berriz…?
Madrilgo Psikologoen Kolegio Ofiziala, Sevillako Unibertsitateko Psikologia Departamentua eta antzeko erakunde, organismo pribatu eta plataformek ikerlan zabala burutu dute, funtsezko galderari erantzutea xede harturik: Nolakoa da guraso lesbiana edo gayekin bizi diren neska-mutilen garapena eta doitze psikologikoa? Horrelako familietan bizi izaniko neska eta mutikoei ebaluazioak ezin zitzaizkien, baita horien ikaskide (eta guraso heterosexualen seme-alaba) zirenei ere. Ikerturiko area desberdinetan erdietsitako emaitzak hauek izan ziren:
GAITASUN AKADEMIKOA: datuak irakasleek eman zituzten, berariazko alor horretan aditu den aldetik. Ikerturiko taldeen arteko alde esanguratsurik ez zen aurkitu.
GAITASUN SOZIALA: guraso homosexualen familietako neska-mutikoen trebezia sozialei dagokienez, lorturiko batez bestekoak eskalan erdi parean kokatzen ditu. Aurreko atalean bezala, aldeak ez dira nabarmenak.
ANIZTASUN SOZIALAREN GAINEKO IDEIAK: ikerturiko beste taldeetan agerturiko guztirako batez bestekoekin alderik ez zen hauteman hemen ere. Dena den, guztirako eskala osatzen zuten azpi-eskalen azterketek inolako zalantzarik gabe erakutsi zuten sexu bereko gurasoek osaturiko familietako neska-mutilek, generoez zuten ikuspegian beste taldeetakoekin alderik agertzen ez zuten arren, batez besteko kalifikazio altuagoak erdiesten zituzten sexu-orientazioaren aniztasunaren onarpenean eta homosexualtasunaren onarpenean.
AUTO-ESTIMA: guraso homosexualen seme-alaben balio adierazleak, familia heterosexualen taldeko neska-mutikoenen gainetik agertzen ziren, alderdi positiboagoan eta maila garaiagotan.
SEXUEN ROLAK: gizarte honek gizaseme edo emakumeentzat egokien jotzen duenaz -sexuek rolak, alegia- ezagutzen dutenari dagokiola, talde bietako esku hartzaileen artean ez dago alderik; ezta, halaber, jokoei edo etorkizunerako lanbidezko jarduerez dituzten zaletasunei dagokienez ere. Alde nabarmenak agertu ziren, ordea, objektu jakin batzuk gizasemeek zein emakumeek erabiltzea kontsideratzean agertu zuten malgutasunean. Datuak ikusirik, aise ondorioztatzen da sexu bereko gurasodun familietako neska-mutikoek ez omen daudela besteak bezain estereotipatuak, emakumearentzat eta gizonezkoarentzat egokiena denaz kontsideratzean malguago agertzen dira.
DOITZE EMOZIONAL ETA KONPORTAMENTALA: sexu bereko gurasodun familietako neska-mutikoei eginiko ebaluazioek erakusten dutenez, gaztetxo horiek doitze emozional edo jokabide-arazo berezirik ez dutela. Gainerako kontrol-taldeekiko konparazioek frogatu zuten bezala, azterturiko talde desberdinetako kideen artean ez zen nabarmentzen inolako alderik, estatistikoki ari garela, behintzat.
ONARPEN SOZIALA ETA INTEGRAZIOA: sexu bereko gurasodun familietako neska-mutikoei ikaskideek kalifikazio ertaina eman zieten; zehazkiago, kalifikazio horri esker, onarpenari dagokion batez bestekoaren gainetik agertzen dira. Ikaskideen aldetik ere, onarpenean ez zen alde nabarmenik hauteman, ez gela barruan eta gelatik kanpo adiskiderik edukitzeari, ezta lagun eta adiskideengan sortarazten zuten satisfazio-graduari dagokionean ere.
Madril eta Andaluzian bizi diren sexu bereko gurasodun familien lagin batez eginiko ikerlan honetan erdietsitako emaitzak aintzat harturik, Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta antzeko herrialde anglosaxoietan eginiko antzeko azterketek erakutsi zituzten emaitzekin konparatuta, alde nabarmenik ez dagoela ondoriozta dezakegu.
Azterketa hauetatik atera daitekeen beste ondorioetako bat hau da: sexu bereko gurasodun familietan neskato-mutiko eta neska-mutilen garapen psikologikoak maila intelektualean, emozionalean edota erlazionalean arazorik ez agertzeaz gainera, familia konbentzionaletako seme-alaben antzeko parametroetan mantentzen da eta, areago, aniztasun soziala onartzeari dagokionez, tolerantzia eta malgutasun handiagoa agertzen du.