Haurrentzako poteko janaria: frutak eta oilaskoa arrozarekin

Baliagarriak eta ongi elaboratuak

Ume txikiari zapore berriak ezagutzen ez ezik, elikagaiak murtxikatzen eta irensten ikasten ere laguntzeko, etxeko purearen alternatiba.
1 maiatza de 2005
Img analisisap

Baliagarriak eta ongi elaboratuak

/imgs/20050501/analisis-alimentos.01.jpg
Haurraren lehendabiziko urteko elikadurak berealdiko garrantzia dauka bere garapenean, orduantxe ari baita sekula baino azkarrago hazten eta, beraz, nutrizio-premia handi-handiak ditu. Etapa horretantxe esnea edoskitzen ari den umea (12 hilabete baino gutxiagokoa) erasoen biktima erraza denez, funtsezkoa da bere nutrizio-premiak aseko, balizko patologiak prebenituko eta elikadura-aztura osasuntsuak sortzen lagunduko duen elikadura egokia ematea.

Hiru etapa bereizten dira haurtzaroko garai horretan: edoskitzaroan (4-6 hilabete arte) elikadurak esnea du oinarri: amarena (gehien aholkatzen dena), artifiziala (hastapeneko formulak) eta mistoa izan daiteke. Beikost, trantsizio edo titia kentzen den garaian (4 – 6 hilabetetik aurrera) bai dietako energia, bai nutrienteen kopurua areagotu egin behar zaizkio umeari. Horregatik sartzen zaizkio elikagai erdi-solidoak (etxean eginiko edota poteko pureak), amak edoskitzen segitzen badu ere (nahiz garai honetan esnea artifiziala den, gehienbat: jarraipenerako formulakoa). Pixkanaka eta pediatraren oniritziarekin, esneaz bestelako elikagaiak emango zaizkio haurrari, bere heltze eta garatze prozesuei egokituak, behar adina eta egokiro prestatuak. Era horretan, ume txikiak murtxikatzen eta irensten ikasiko du eta zapore berriak ezagutu ahal izango ditu. Heltze digestiboa iristean bestelako elikagaiak gehituko zaizkio bere dietari.

Esnea ez da aski

/imgs/20050501/nene.gif Urte erdira gerturatzen ari den umeak hartu behar dituen energia eta nutrienteak ez dizkio esneak eskainiko. Pertsona horren digestio funtzioak heldu egin direnez elikadura osagarria eman behar zaio. Elikagai berriak lehenago sartzea komeni ez den bezala, horrelakoak ematea geroratzea ere ez zaie aholkatzen gurasoei, ordura arte ezagun ez zituen elikagai desberdinak ez hartzea apetituaren gabeziaren arrazoi nagusietako bat ohi delako eta, gainera, dastamena hezten eta elikadura orekatuan hasteko garai ezin hobea galduko litzateke.

Kristalezko txarro edo potetan ontziraturik merkaturatzen diren bi elikagai-barietate aztertu dira: lau, “frutak” dauzkana eta beste laurak, “oilaskoa eta arroza” osagai dituena, Hero, Hipp (ekologikotzat agertzen du bere burua), Nestlé eta Nutribén markakoak; prezioak 3,36 eurotik 7,82 euroraino doaz, kiloko. Zuzenena osagaiak (haragia, frutak, etc.) aukeratu eta purea etxean prestatzea bada ere, horrelako poteetara jotzea ere zuzena da, azterketa honek frogatu duen bezala.

Etiketa eta ontzia

Zeinahi elikagai ontziratuk derrigorrez adierazi behar dituen datuez gainera, poteko janari hauen etiketak informazio osagarria ere eman behar dute: osaketa nutrizionala, prestatzeko argibideak, glutenik badaukan eta kontsumitu ahal izateko umeak izan behar duen adina (4 hilabete, gutxienez). Irregulartasun bakarra atzeman da azterketan: Hipp markako bi laginek ez dituzte hainbat datu erakusten (salmentako izendapena, pisu garbia eta kontsumitzeko data egokiena, alegia) ikuspen-eremu berean, araua urratuz.

Zortzi ontziek dute itxidura hermetikoa: irekitzeko, estalkiaren erdialdean (beste kolore batean margotua) zanpatu beharra dago. Estalki hori mugitzen bada edo, irekitzean, “pop” soinutxo bat aditu ezean, elikagai hori ez da kontsumituko.

Zer daukaten frutadun poteek

Umeak lauzpabost hilabete betetzean, bere dietari frutak -zukua nahiz purea- gehitu behar zaizkio, bitaminen ekarpena ezinbestekoa baitu. Frutak, ostera, ez du esne hartzea ordezkatzen, haurtxo txiki horri behar adina kaltzio eta proteina hartzen duela bermatu behar baitzaio. Esnea eta fruta elkarren osagarri izango dira, beraz. Gogoan izan, fruta berez gozoa denez, ez dela beharrezkoa azukrez gozatzea. Pote hauek denek sagarra edo laranja daukate eta, laginen arabera, beste fruta batzuk ere hauteman ditugu: abrikota, melokotoia, anana, banana, udarea, etc.; Hipp laginak azenarioa ere dauka. Potetxo hauek badute bestelako osagairik ere, hala nola ura edo zukua, lodigarriak (irina, almidoia), C bitamina eta azukrea (Hipp markakoak izan ezik). Etiketen arabera, fruta gehien ematen duena Nutribén da (produktuaren %91) eta urrienekoa, Nestlé (%66). Hipp laginak produktuaren %76 fruta dauka eta Hero markakoak, %85. Kalorietan ere aldeak daude, lagin batetik bestera: ehun gramoko 55 kaloriatik (Hipp) 84 kaloriaraino (Nestlé). Nutriente nagusia karbohidratoa da: produktuaren %13 – %20 bitartean dabil. Karbohidratoak azukre soilek (hala nola fruktosa, frutak berez daukana) edota sakarosa (azukrea erantsi bazaio) osatzen dute, funtsez. Karbohidrato konplexuen ordezkaria, lagineko likidoa loditzeko gehitu zaion almidoia da.

Proteina (%0,5) zein gantzen (%0,1) edukia hutsaren hurrena da. Traktu gastrointestinalak arras mesedegarria duen zuntzaren edukia, berriz, handia da (%1). Frutadun lau laginei C bitamina erantsi zaie; 250 gramoko txarroa hartuta aise beteko ditu alor honetan ume txikiak dituen eguneko premiak.

Oilasko eta arroza daukatenak

/imgs/20050501/analisisa02.jpg Osagaiak, etiketek diotenez, hauek dira: oilaskoa, arroza, oliba olioa (Hero laginak ekilore olioa baliatu du), gatza eta, laginetako batzuek, barazkiak. Hipp laginean (“barazkiak eta arroza oilaskoarekin” izendapena daukana) osagai ugariena barazkia da. Barazkirik ez daukan bakarra Nutribén da eta Nestlé, berriz, esnea erantsi duen bakarra (osagai nagusia esnea du, hain zuzen). Nutribén eta Hero markek almidoia baliatu dute, edukia loditzeko. Produktuak, ehun gramoko, 68 – 87 kaloriaz hornituko du umea, hau da, eguneko energi premien laurdena. Pote hauetan ere karbohidratoa da osagai ugariena, baina %7 – %8ra apenas iristen den. Bestetik, ehun gramok zuntz asko eskainiko diote umeari: 0,5 gramotik (Hero) 1,7 gramoraino (Nutribén). Proteina gehien daukatenak Nestlé (%4,8) eta Nutribén (%4,2) dira, Hipp %2,4an agertzen delarik. Gantza (olioak eta oilaskoak ekarritakoa) produktuaren %3 eta %4 artean dabil Almidoia lau laginetan atzeman zuten azterketek: %11etik (Nutribén) %6raino (Hipp), frutako poteetan baino ugariago. Baliteke almidoi hori produktua loditzeko erantsi zaion patatarena izatea.

Lau potetatik hirutako izendapenean oilaskoa aurrenik agertzen denez, osagai horrek produktuaren %10 izan behar du, gutxienez; proteinen edukiak, berriz, 4 gramo ehun kaloriako izan behar du; gantzena, 6 gramo ehun kaloriako, gehienez; hiru poteek zehazki betetzen dituzte baldintza hauek. Oilaskoa lehendabizi aipatzen ez denean (Hipp laginean bezala) produktuaren %8 gutxienez izan behar du, proteinen edukiak, berriz, 3 gramo ehun kaloriako; gantzenak, 4,5 gramo ehun kaloriako, gehienez ere. Hipp (4,7 gramo 100 kaloriako) gainditu du gantz kopurua. Potetxoak, bestetik, ehun gramoko, 200 mg sodio baino gutxiago eduki behar du, baina muga horretatik urrun agertzen dira lagin guztiak: frutadunek, ehun gramoko, 7 – 19 mg tartean daude eta oilaskodunak, aldiz, 46 – 158 mg tartean.

Alergenoak, pestizidak eta egoera sanitarioa

Ume txikien dietan elikagai berriak pixkanaka sartu behar dira, pediatraren aholkuen arabera. Adin horretan aldaketa bortitzak izugarri nozitzen ditu umeak; areago, elikagaien intolerantziak eta alergiak ager daitezke. Glutena (gari, olo, garagar, zekale eta antzeko laboreek berezkoa duten proteina) hartzea, adibidez, oraindik sei hilabeteak bete ez dituen umeari ez zaio aholkatzen, zeliakia nozitzeko arriskua uxatzeko. Glutena dietan zenbat eta geroago sartu, gaitzaren hasiera orduan eta arinagoa izango da (izatekotan). Beste hainbat elikagai (arrautza, arraina, esnea eta hainbat fruta) potentzialki alergeniko dira umeari goizegi, ugari eta maiz ematen bazaizkio. Oraingo zortzi laginek esnea, arrautza edo glutenik (kasu batzuetan arazo-iturri gertatzen baitira) ba ote daukaten aztertu da laborategian. Zortzien etiketan agertzen da “glutenik gabe” berariazko logotipoa (horrela legeztatua baitago). Eta zazpi laginetan ez zen atzeman gluten, arrautza zein esnerik; Nestlé markako “oilasko arrozarekin” laginak, berriz, esnea dauka (eta horrelaxe adierazten du osagai zerrendan).

Haurrentzako elikagaiek, beste aldetik, ez dute pestiziden arrastorik izan behar, kasik: kontsumitzeko edo berrosaturiko produktuaren kilo bakoitzeko 0,01 mg izan dezake, gehienez ere. Gehien aplikatzen diren pestizidak zortzi laginetan bilatu baziren ere, ez zen lorratzik agertu.

Elikagai hauen egoera mikrobiologikoak bikaina izan behar du, haurtxoak produktua dagoen bezala (frutak) edo pittin bat berotu ondoren (oilaskoa arrozarekin) kontsumituko du eta. Zortzi potetxoetan germenik ez zegoela egiaztatu zuten azterketek. Beraz, laginen kalitate higieniko-sanitarioa zuzena da.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Haurrentzako zortzi poteko lagin (“frutak” eta “oilaskoa arrozarekin”) aztertu dira oraingoan, Nestlé, Hero, Nutribén eta Hipp markakoak, arreta berezia etiketa, osaketa nutrizional, kalitate eta egoera higieniko-sanitarioari zuzenduta. Lagin horien prezioak 3,36 eta 7,82 euro artean daude, kiloko.
  • Umeari zapore berriak bilatzen eta murtxikatzen zein irensten ikasten laguntzen diote etxean eginiko pureen alternatibazko hauek. Etxean eginikoak bezala, esne-elikadura osatzen dute eta umearen dietan, lau edo seigarren hilabetea betetzean sartzen zaio, energia eta nutrienteen ekarpena osatzeko.
  • Frutakoak gantz eta proteina gutxiago daukate, osagai ugariena karbohidratoa delarik. Osagaien artean frutak, ura edo zukua, azukrea (Hipp laginean izan ezik) eta almidoia agertzen dira. C bitamina erantsia daukate eta fruta-edukia produktuaren %66tik (Nestlé) %91raino doa (Nutribén).
  • Oilasko eta arrozdunek olioa, gatza eta barazkiak dauzkate (Nutribén laginak izan ezik). Frutakoek baino gantz eta proteina gehiago dute baina karbohidrato gutxiago.
  • Ondo elaboratuak daude denak, ongi betetzen dute beren zeregina eta ez daukate pestiziden arrastorik.
  • Lagin bakar batek ez zeukan gluten zein arrautzarik; bakarrak esnea zeukan. Hiru substantzia horiek potentzialki alergeniko dira, adin goiztiar horietan, batik bat.
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena Hero markako bi laginek ematen dute.
Hero “Oilaskoa arroza-
rekin”
Nestlé “Oilaskoa arroza-
rekin”
Nutribén “Oilaskoa arroza-
rekin”
Hipp “Barazkiak eta arroza oilas-
koarekin”
Prezioa (euro kiloko) 3,36 3,75 5,5 7,82
Kontsumitzeko adin txikiena 6 hilabete 6 hilabete 6 hilabete 4 hilabete
Etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Ez dago zuzen
Pisu garbia (g) 250 250 200 190
Hezetasuna (%) 85,5 82,4 81 85,4
Proteina (%) 3,9 4,8 4,2 2,4
Gantza, guztira (%) 2,9 4,0 4,1 3,2
Saturatuak (%) 24,3 34,1 25,7 20
Mono-
saturatuak (%)
45,1 54,4 63,8 63,4
Poli-
saturatuak (%)
30,6 11,5 10,5 16,6
Karbo-
hidratoak guztira
6,7 7,3 8,2 7,3
Azukreak (%) 0,3 1,1 Ez da atzeman 1,1
Almidoian (%) 1 6,9 7,2 10,9 6,1
Kaloria-
balioa (Kcal/100 g)
68,5 84,4 86,5 67,6
Zuntza (%) 0,5 0,9 1,7 1,1
Alergenoak2
Esnea Negatibo Positibo Negatibo Negatibo
Arrautza Negatibo Negatibo Negatibo Negatibo
Glutena 3 Negatibo Negatibo Negatibo Negatibo
C bitamina (mg/100 g) Ez da bidezko/TD> Ez da bidezko Ez da bidezko Ez da bidezko
Sodioa (mg/100 g) 4 93,4 46,2 158,5 81,3
Pestizida-
hondakinik 5
Absentzia Absentzia Absentzia Absentzia
Hero “Era askotako frutak” Nutribén “Era askotako frutak” Nestlé “Era askotako frutak” Hipp “Multifruta”
Prezioa (euro kiloko) 3,46 4,4 5,31 6,84
Kontsumitzeko adin txikiena 4 hilabete 6 hilabete 4 hilabete 4 hilabete
Etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Ez dago zuzen
Pisu garbia (g) 250 250 260 (2×130) 250 (2×125)
Hezetasuna (%) 79,8 79,9 78,1 84,9
Proteina (%) 0,4 0,5 0,5 0,6
Gantza, guztira (%) 0,1 Ez da atzeman 0,1 0,1
Saturatuak (%)
Mono-
saturatuak (%)
Poli-
saturatuak (%)
Karbo-
hidratoak guztira
18,2 18,3 20,3 13
Azukreak (%) 14,5 14,4 16,1 9,6
Almidoian (%) 1 4,3 4,3 4,6 3,7
Kaloria-
balioa (Kcal/100 g)
75,3 75,2 84,1 55,3
Zuntza (%) 1,2 1,0 0,8 1
Alergenoak2
Esnea Negatibo Negatibo Negatibo Negatibo
Arrautza Negatibo Negatibo Negatibo Negatibo
Glutena 3 Negatibo Negatibo Negatibo Negatibo
C bitamina (mg/100 g) 31 48 64 26
Sodioa (mg/100 g) 4 18,9 13,3 7,4 12,1
Pestizida-
hondakinik 5
Absentzia Absentzia Absentzia Absentzia

(1) Almidoia: loditzeko edo jele itxura emateko baliatzen den substantzia.

(2) Alergenoak: behar baino lehenago eta behar baino ugariago esne-haurraren elikaduran sartu ohi badira, substantzia hauek potentzialki alergeniko dira.

(3) Glutena: hainbat laborek (garia, oloa, garagarra edota zekalea) daukaten osagai proteikoa.

(4) Sodioa: elikagai hauetan arauak xedatua duen gehieneko kopurua, produktuaren 100 gramoko, 200 mg da.

(5) Pestizida edo izurrite suntsitzaileak: landareetako izurriteak suntsitzeko baliatzen diren substantzia kimikoak.

Banan banan

Haurrentzako zortzi potetxo, banan-banan

Hero "Oilaskoa arrozarekin"

/imgs/20050501/hero.jpg 3,36 euro kiloko: denetan merkeena.
Oilaskoa eta arroza daukaten pototxo denetan, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Sei hilabetetik aurrera kontsumitzea aholkatzen da. Gantz eduki txikiena (%2,9). Azukre soilen ekarpen txikiena (%0,3).

Nestlé "Oilaskoa arrozarekin"

/imgs/20050501/nestle.jpg 3,75 euro kiloko
Sei hilabetetik aurrera kontsumitzea aholkatzen da. Proteina gehienekoa (%4,8) baina gantz saturatu ugarienekoa ere bai (%34). Gantz proportzio handienetako bat (%4). Esnea daukan bakarra (haurtxo txikientzat potentzialki alergenikoa da esnea), osagaien zerrendan adierazten du hori.

Nutriben "Oilaskoa arrozarekin"

/imgs/20050501/nutriben.jpg 5,5 euro kiloko
Sei hilabetetik aurrera kontsumitzea aholkatzen da. Gantz eduki handienetako bat (%4,1) baina ez dauka azukre soilik eta zuntz kopuru handiagoa du (%1,7). Sodio (158,5 mg/100 g) eta almidoi (%10,9) gehien dauzkana, bigarren hau produktua loditzeko.

Hipp "Barazkiak eta arroza oilaskoarekin"

/imgs/20050501/hipp.jpg 7,82 euro kiloko, denetan garestiena
Nekazaritza ekologikoaren arabera erdietsitako elikagaia dela adierazten du. Lau hilabetetik aurrera kontsumitzea aholkatzen da. Etiketa ez dago zuzen: eman beharreko informazioa ez du ikuspen-alor berean agertzen. Proteina gutxienekoa (%2,4). Produktu honi onartzen zaion gantz kopurua gainditu du.

Hero "Frutak"

/imgs/20050501/hero2.jpg 3,46 euro kiloko, frutako pote denetan merkeena.
Poteko frutetan, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena ematen du lagin honek. Lau hilabetetik aurrera kontsumitzea aholkatzen da. Etiketak dioen arabera, produktuaren %85 fruta da.

Nutriben "Frutak"

/imgs/20050501/nutriben2.jpg 4,4 euro kiloko.
Sei hilabetetik aurrera kontsumitzea aholkatzen duen bakarra da. Etiketak dioen arabera, produktuaren %91 fruta da.

Nestlé "Frutak"

5,31 euro kiloko
/imgs/20050501/nestle2.jpg
Lau hilabetetik aurrera kontsumitzea aholkatzen du. Etiketak dioen arabera, produktuaren %66 baizik ez da fruta. Azukre soil gehien (%16,1) eta karbohidrato gehien (%20,3) dauzkana. Berau da, logikaz, energetikoena (84 kaloria /100 g) eta C bitamina gehien daukana (64 mg/100 g).

Hipp "Multifruta"

/imgs/20050501/hipp2.jpg 6,84 euro kiloko, frutako potetxoetan garestiena
Nekazaritza ekologikoaren arabera erdietsitako elikagaia dela adierazten du. Lau hilabetetik aurrera kontsumitzea aholkatzen du. Etiketak dioen arabera, produktuaren %76 da fruta. Etiketa ez dago zuzen: adierazi beharreko informazio guztia ez du sartu ikuspen-eremu berean. Azukre erantsirik ez daukan bakarra, azukre eta guztirako karbohidrato gutxien (%13) dauzkana. Kaloria urrienekoa (55 kaloria /100 g) eta C bitamina gutxien daukana (26 mg/100 g).