Segurtasun proba lagin bik bakarrik gainditu dute
Elikagaiak erretzeko zazpi plantxa elektriko aztertu dira oraingoan. Horien prezioak 35 euroetatik (BJM) 84 euroraino (Fagor) doaz: bi lagin horiexek izan dira, hain zuzen, segurtasun-proba guztiak gainditu dituztenak. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena BJM laginak agertu du: plantxa on horrek kuzinatzeko azalera handiena dauka baina, kontsumitzaileek eginiko erabilera proban, kalifikazio eskasena jaso du. Fagor da denetan garestiena baina interesgarriena ere bai, kalitatea lehenesten duen kontsumitzailearentzat eta, gainera, erabilera-proban puntuazio hoberena eraman zuen.
Plantxa horiei esker jaki goxoak presta daitezke ia-ia oliorik erabili gabe (gantz eta kaloria gutxiago hartzen da horrela) eta, bestelako ontze eta ontzien aldean, nutriente-galera arintzeaz gainera, erabilera eta garbiketa errazekoak direnez, geroz eta gehiago baliatzen dira.
Azterturiko zazpi parrillak aluminiozkoak dira eta azaleran polimerodun substantziez estalitako metalezko lama daukate, elikagaiak bertara itsatsi gabe ia oliorik gabe kuzinatu ahal izateko.
Laborategiak egiaztatu zuenez, tenperatura bizi-bizietan ere plantxen estaldurari ez zerion elikagaia kutxa zezakeen substantzia toxikorik.
Segurtasuna, funtsezkoa
Zazpi laginei ipini zitzaizkien segurtasun-proba zorrotz guztietatik BJM eta Fagor markakoek bakarrik gainditu zituzten den-denak. Heldulekuek behar bezain isolatzaile zirela frogatu zuten: arauak xedatua duen tenperatura baino dezente apalagoa hartu zuten; nolanahi ere, araudia biziki zorrotza denez, kirtenari heltzen zaionean aparatuaren atal arriskutsuak (plakaren azalera, adibidez) eskuekin ukitzerik ere ez du baimentzen. Proba horretan Delonghi, Ariete, Princess, LeBonVivant eta Ufesa laginek huts egin zuten: heldulekuetan dauden hatzak plakako gune bero-beroek erre ditzaketen horretan hain zuzen.
Beste hainbat proba ere egin ziren, hala nola honelako aparatuek agertu behar dituzten adierazpen eta marka guztiak dituztela, elektrizitate-karga duten ataletara hatzekin iristea ezinezkoa dela, ihes-korrontea eta zurruntasun dielektrikoa legez pairatutakoa baino handiagorik ez direla, okerreko funtzionamenduan nola jokatzen duten, suaren eta azaleko korronteen aurka heldulekuek nolako erresistentzia duten, 10º-ko plano inklinatuan mugitzen ez direla, duten erresistentzia mekanikoa eta helduleku nahiz kirtenak ohiko erabileran laxatzen ez direla, etc. Zazpi laginek dauzkaten heldulekuak bero-isolatzaile onak dira, denak plastiko edo altzairuzkoak. Zazpiek dute aparatua piztu eta itzaltzen duen termostatoa, plaka erabiltzaileak nahi duen tenperaturan manten dezan, eta argi txiki bat, funtzionamenduan noiz dauden hautemateko.
Zazpi laginetan ere, haria plantxatik bereizteak garbiketa errazten duen arren, horrek hari-biltze sistema ezartzea galarazten du. Plaka urrutien jartzeko aukera ematen duen haria (luzeena) Princess laginarena da: 260 zentimetro luze da, besteetatik urrun, 111 cm (BJM) eta 125 cm (Fagor) baitabiltza gainerakoak.
Delonghi, Ariete, Fagor eta BJM laginek daukaten koipe-ontziari esker, elikagai hondakinak batzen dira bertan, garbiketaren mesedetan. Hona beste pieza osagarri batzuk: zipriztinak galarazteko estalki gardena (Delonghi eta Ariete laginek daukatena), brotxetak moldatzeko Delonghi laginaren zotzak, BJM laginak daukan janariak zerbitzatzeko erretilua eta, amaitzeko, Fagor, Princess, LeBonVivant eta Ufesak dauzkaten egurrezko espatulak, azalera ez markatzeko.
Proba praktikoa
Plantxak hamaika erabiltzailek probatu zituzten, beraiek adierazitako argibide eta aholkuen arabera eta, azkenean, puntuazioa eman zieten hainbat alderdiri, 1etik 5era arte. Kontua zen sukaldeko ohiko erabileran plaka horiek nolako erantzuna ematen duten agertzea. Fagor lagina da jokorik hoberena ematen duena eta azkarren berotzen dena (4 minutu behar ditu), ondotik Ariete (4 minutu eta 15 segundo) datorkiola. Mantsoena, aldiz, BJM (6 minutu eta 30 segundo) da. Azalera homogeneoki berotzean hoberena, era berean, Fagor da (5 puntutik 5), ondotik Princess datorkiola (4,7 puntu). Ufesa eta BJM dira atal honetan eskasenak. Garbitzeko eta erabiltzeko erraztasunari dagokionez, Delonghi eta Ariete laginek ez dute proba gainditu, osagai desmuntagarri gehiegi dauzkatelako. Azalera ondulatua daukaten laginak, oro har, laukoak baino nekezago garbitzen dira. Erabilgarritasun eskaseneko gidaliburua BJM laginarena da eta osatuena, aldiz, Fagor laginarena. Deskonexio automatikoaren adierazlearen argitasunean, berriz, proba gainditzeke utzi dute zazpi laginek ere. Estreinakoz erabiltzeko argibideen atalean Fagor laginak jaso zuen kalifikazio hoberena; proba horretan, aitzitik, LeBonVivant, BJM, Ariete eta Princess laginek suspenditu egin zuten.
Gantz, koipe eta hondakinak batzeko ontzia edukitzeari oso ongi deritzote erabiltzaileek; Fagor laginekoa bereziki nabarmendu dute, izan ere, baina Delonghi, BJM eta Ariete laginarenek ere puntuazio ona eman zuten. Segurtasun kontuez ari garela, Delonghi eta Ariete laginak seguruenak dira, erabiltzaileen iritziz, eta BJM eta Princess laginek gainditu gabe utzi zuten proba, horrelako aparatuei eskatu behar zaizkien baldintzak agertzen ez dituztelako. Hori, laborategian egiaztatu zenez, ez dator bat BJM laginaren izaera objektiboarekin (hauxe da, izan ere, segurtasun proba gainditu zuten bi laginetako bat).
Kontsumitzaileek eginiko azterketa gainditu ez duen lagin bakarra BJM da (5 puntutik, 2,8). Ufesa (3 puntu) eta LeBonVivant (3,1 puntu) “aski” soilean geratu dira (alderdi teknikoetan balorazio onak ez lortzearren, batik bat). Ariete (3,4 puntuz), Delonghi (3,5) eta Princess (3,3) aurrekoen gainetik dabiltza.
Erabilera probako hoberena, askozaz ere, Fagor izan da (5 puntutik, 4): adierazitako alderdi guztietan ez ezik, diseinuari erabiltzaileek oso egokia (“modernoa”) deritzote eta.
Argibide eta gidaliburuak
Betebeharrekoa den bezala, aparatua itzalita dagoela “0” batez (“off” hitzarekin edo agian erabiltzaileak ezagutzen ez duen piktograma batekin egin ordez) adierazten duten bi lagin bakarrak Delonghi eta Ufesa dira. Princess laginak bere gidaliburuan ez du adierazten egokiro haria ekipo teknikoak bakarrik alda dezakeela.
Ariete eta Princess laginen berme-agiriak ez dira egokiak: lehena, italieraz soilik idatzita dagoelako; bigarrena, itzulpena gaizki-gaizki egina baitago eta, gainera, urtebete bakarrik eskaintzen duelako (legezko bermea bi urte izaki). Horrek, dena den, ez du galarazten 2003 urteko Kontsumo Ondasunen Bermeen Legeak xedatua duen bi urteko berme-aldia indarrean egotea, kontsumitzailearen mesedetan.
Arautegi-urraketa ez bada ere, nahiago genuke Princess, LeBonVivant eta BJM laginek aparatuaren estreinako erabileraz informaziorik emango balute. BJM laginak ez du aipatu ere egiten garbitze edo mantentze lanen berririk, ez du errezetarik ematen, etc. Fagor eta Ufesa, berriz, nabarmentzekoak dira, ingurugiroarekin loturiko hainbat ohartarazpen egiten dituztelako.
Potentzia, tamaina eta pisua
Plantxaren potentzia zenbat eta handiago izan, orduan eta kuzinatzeko aukera zabalagoak ditu erabiltzaileak eta, bestetik, ekipoak elektrizitate gehiago kontsumitzen du.
Plantxa hauen adierazitako potentzia 1.300 wattetik (Delonghi) 1.600 watteraino (Ariete) doan arren, adierazitakoa eta errealitatekoa ez datoz bat lagin guztietan: adierazitako eta egiazko potentziatik, azpitik %10erainoko desbideraketa eta gainetik %5erainokoa onartzen du arauak. Azterketan egiaztatu denez, Princess laginak adierazi baino %23 potentzia gutxiagorekin funtzionatzen du (baimendutakoaren halako bi eta gehiago, alegia) eta LeBonVivant laginak %11 gutxiagorekin.
Neurrietan paradoxa dugu, ikusi batera: azalera baliagarri txikieneko plantxa (Fagor, 837 cm2) aparatu txikienaren (Princess, 46×25,5×4,5 cm, guztira) bikoa da. Denetan handiena (gordetzeko unean ezerosoena, beraz) Delonghi da: txikiena baino hiru aldiz handiagoa, kasik. Azalera baliagarri zabalenekoa BJM laginak dauka, hots, txikienak (Fagor) baino %74 handiagoa.
Pisuan ere alde handiak daude, lagin batetik bestera: bi kilo pasatxotik hasita (Ufesa eta LeBonVivant) lau kilora arte (Ariete eta Delonghi).
Laburbilduz eta Konparaketako Taula
Laburbilduz
- Jangaiak erretzeko zazpi plantxa elektriko aztertu dira oraingoan; prezioak 34,90 euroetatik (BJM) 84,31 euroraino doaz (Fagor). Plaka horietan okela, arrain, ortuari eta itsaskiak olio gutxi-gutxi gaineratuta kuzina daitezkeenez, jaki osasungarriak prestatzen dira horrela.
- Delonghi, Ariete, Princess, LeBonVivant eta Ufesa laginak ez dira seguruak, heldulekuei eustean erabiltzaileak erredurak nozi ditzake-eta. Estaldura antiadherente guztietatik bakar bat ere ez da toxikoa.
- Ariete eta Princess laginen berme-agiriak ez daude zuzen. LeBonVivant eta Princess aparatuek adierazi baino potentzia urriagoa ematen dute.
- Plantxa txikiena Princess da. Handienak, ostera, Delonghi, Ariete eta BJM. Kuzinatzeko azalera txikiena Fagor laginarena da eta handiena BJM-rena. Princess, LeBonVivant eta Ufesa laginek ez daukate gantzak batzeko ontzirik.
- Seguru diren bi laginetako batek (BJM) ez du erabilera-proba gainditu, paradoxa bada ere, erabiltzaileek segurtasun apurrekotzat jo baitute. Fagor da atal honetako puntuaziorik hoberena batu duena.
- BJM eta Fagor, seguru izatearren, osoko kalitatea erakutsi duten lagin bakarrak dira eta biek eskaintzen dute kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena: lehenak, bestea baino dezente merkeagoa, ohiko erabiltzailearentzat aski diren prestazioak eskaintzen dituelako.
Marka Modeloa |
BJM “WJ-026” | FAGOR “BBC 844” | Delonghi “BG21” | Ariete “La Grigliata 760” | |
---|---|---|---|---|---|
Prezioa (euro unitateko) | 34,90 | 84,31 | 50/TD> | 57,00 | |
Kontsumitzailea informatu eta babesteaz | Ez dago zuzen | Ez dago zuzen | Zuzen | Ez dago zuzen | |
Produktuaren bermea | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Ez dago zuzen (en italiano) | |
Segurtasun elektrikoa | Zuzen | Zuzen | Ez dago zuzen | Ez dago zuzen | |
Ezaugarri teknikoak | |||||
Neurriak L x Z x A (cm) | 52×27,5×10 | 43x28x9 | 46x41x8 | 51,5×35,5×8 | |
Kuzinatzeko azalera baliagarria (cm2) | 1456 | 837 | 1104 | 1200 | |
Pisua (kg) | 2,7 | 2,9 | 4,2 | 4,6 | |
Adierazitako potentzia (W) | 1500 | 1500 | 1300 | 1600 | |
Neurturiko potentzia (W) | 1.529 | 1466 | 1190 – 1255 | 1559 | |
Hariaren luzera (cm) | 111 | 125 | 114 | 113 | |
Koipeak biltzeko ontzia | Bai | Bai | Bai | Bai | |
Pieza osagarriak | Jaki-erretilua | Egurrezko espatula lauak | Estalkia Pintxoak egiteko zotzak | Estalkia | |
Antiadherentearen toxikotasuna | Ez da toxikoa | Ez da toxikoa | Ez da toxikoa | Ez da toxikoa | |
Erabilera proba (1 – 5) | 2,8 | 4 | 3,5 | 3,4 | |
Osoko kalitatea | Ona | Oso ona | Eskas | Eskas |
Marka Modeloa |
Ufesa “GR 7450 MaxiChef” | LeBonVivant “GE 96800” | Princess “Table Chef Classic 2200” | ||
---|---|---|---|---|---|
Prezioa (euro unitateko) | 55,86 | 59 | 72,43 | ||
Kontsumitzailea informatu eta babesteaz | Zuzen | Ez dago zuzen | Ez dago zuzen | ||
Produktuaren bermea | Zuzen | Zuzen | Ez dago zuzen (sólo 1 año) | ||
Segurtasun elektrikoa | Ez dago zuzen | Ez dago zuzen | Ez dago zuzen | ||
Ezaugarri teknikoak | |||||
Neurriak L x Z x A (cm) | 53x26x10 | 50x30x8 | 46×25,5×4,5 | ||
Kuzinatzeko azalera baliagarria (cm2) | 1222 | 1380 | 1160 | ||
Pisua (kg) | 2,2 | 2,4 | 2,7 | ||
Adierazitako potentzia (W) | 1300 – 1500 | 1500 | 1500 | ||
Neurturiko potentzia (W) | 1236 – 1464 | 1338 | 1161 – 1379 | ||
Hariaren luzera (cm) | 118 | 115 | 260 | ||
Koipeak biltzeko ontzia | Ez | Ez | Ez | ||
Pieza osagarriak | Egurrezko espatula kurboa | Egurrezko espatula lauak | Egurrezko espatula lauak | ||
Antiadherentearen toxikotasuna | Ez da toxikoa | Ez da toxikoa | Ez da toxikoa | ||
Erabilera proba (1 – 5) | 3 | 3,1 | 3,3 | ||
Osoko kalitatea | Eskas | Eskas | Eskas |
Zazpi plantxak, banan-banan
Zazpi plantxak, banan-banan
BJM WJ-026
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Itzalketa-posizioa ez du “0” zenbakiz adierazten, “Off” hitzarekin baizik (arautegia urratzen du). Kuzinatzeko azalera handienekoa izaki (1.456 cm2), segurtasun proba guztiak gainditu ditu. Pieza osagarriak: erretilua. Erabilera proban, 5 puntutik 2,8 (denetan kaskarrena).
Osoko kalitatea: ona.
Fagor BBC 844
Aukera polita, honakoa ere. Itzalketa-posizioa ez du “0” zenbakiz adierazten, piktograma batez baizik (arautegia urratzen du). Kuzinatzeko azalera txikienekoa (837 cm2), bigarren txikiena da eta segurtasun proba guztiak gainditu ditu. Pieza osagarriak: egurrezko espatula lauak. Erabilera proban, 5 puntutik 4 (denetan hoberena).
Osoko kalitatea: oso ona.
Delonghi BG21
Gidalibururik onenetako bat. Aparatu handiena (46x41x8 cm) eta bigarren astunena (4,2 kg). Kuzinatzeko azalera: 1.104 cm2. Ez da aparatu segurua, heldulekuei eustean atal beroak ukitzeko arriskua baitu erabiltzaileak. Pieza osagarriak: beirazko estalkia eta brotxetak moldatzeko egurrezko zotzak. Erabilera proban, 5 puntutik 3,5. Osoko kalitatea: eskas.
Ariete La Grigliata 760
Berme legea urratzen du espainolez ez agertzearren. . Itzalketa-posizioa ez du “0” zenbakiz adierazten, piktograma batez baizik (arautegia urratzen du). Denetan astunena (4,6 kg.) eta bigarren handiena; kuzinatzeko azalera: 1.200 cm2. Ez da aparatu segurua, heldulekuei eustean atal beroak ukitzeko arriskua baitu erabiltzaileak. Pieza osagarriak: beirazko estalkia. Erabilera proban, 5 puntutik 3,4. Osoko kalitatea: eskas.
Ufesa GR 7450 Maxichef
Gidalibururik hoberenetako bat. Denetan arinena (2,2 kg). Kuzinatzeko azalera erabilgarria: 1.222 cm2. Gantza batzeko ontzirik ez du. Ez da aparatu segurua, heldulekuei eustean atal beroak ukitzeko arriskua baitu erabiltzaileak. Pieza osagarriak: egurrezko espatula kurboa. Erabilera proban, 5 puntutik 3. Osoko kalitatea: eskas.
LeBonVivant GE 96800
Bigarren arinena (2,4 kg). Itzalketa-posizioa ez du “0” zenbakiz adierazten, “Off” hitzarekin baizik (arautegia urratzen du). Adierazitakoa baino potentzia txikiagoa dauka (arautegia urratzen du). Kuzinatzeko azalera erabilgarria: 1.380 cm2. Gantza batzeko ontzirik ez du. Ez da aparatu segurua, heldulekuei eustean atal beroak ukitzeko arriskua baitu erabiltzaileak. Pieza osagarriak: egurrezko espatula lauak. Erabilera proban, 5 puntutik 3,1. Osoko kalitatea: eskas.
Princess Table chef classic 2200
Bermea ez dago zuzen: urtebetea bakarrik eskaintzen du eta gaizki erdaratua dago. Itzalketa-posizioa ez du “0” zenbakiz adierazten, ezta haria nork aldatu behar duen. (arautegia urratzen du). Adierazitakoa baino potentzia txikiagoa dauka (arautegia urratzen du). Denetan txikiena da. Kuzinatzeko azalera erabilgarria: 1.160 cm2. Gantza batzeko ontzirik ez du. Haririk luzeena dauka. Ez da aparatu segurua, heldulekuei eustean atal beroak ukitzeko arriskua baitu erabiltzaileak. Pieza osagarriak: egurrezko espatula lauak. Erabilera proban, 5 puntutik 3,3. Osoko kalitatea: eskas.