Haurtzaindegiak

Behar beste plazarik ez, oraino, haurtzaindegi publikoetan

Azken sei urteotan egoera ez da ia-ia aldatu egin: publikoak, oro har, hobeak dira pribatuak baino. Langile zuzkidura eta kualifikazioa egokia da orain ere
1 iraila de 2005
Img tema de portada listado

Behar beste plazarik ez, oraino, haurtzaindegi publikoetan

Sei urte arteko milioi eta erdi haur joango dira ikasturte honetan (2005-2006) Espainiako haur eskoletara (hauetako gehienak lehen irakaskuntza eta DBH ematen duten zentroetan integratuak daude). Iazko ikasturteko joerak bere horretan dirau -ezerk ez digu sinestarazten egoera aldatu denik- eskola publikoetan haur guztien %65 bakarrik sartu ahal izango dira, eta gainerakoek matrikula pribatuan egin beharko dute. Haurtzaindegi edo haur eskola horiek pedagogo eta pediatrek aholkaturiko aukera izateaz gainera, gurasoen premiei irtenbidea emateko modu egoki bilakatu dira, lan-alorreko arrazoiak medio, sei urte arteko (adin horretan hasten baita derrigorrezko eskolaratzea) seme-alabez arduratzerik ez baitute izaten.

Erroldaz zor zaizkien ikastegi publikoetako plazak ukatu egiten zaizkiela ikusirik, guraso asko hasten dira haurtzaindegi pribatuen bila, besteak baino garestiago izan arren. Orduantxe zuzendu behar da arreta haur eskola on baten bereizgarri diren alderdietara: azpiegiturak (ikasgelak, komunak, jantokia, patioa edota lorategia), haur kopurua ikasgelako, haur kopurua hezitzaileko, ordutegiak, hezitzaileen profesionaltasun eta prestakuntza akademikoa, instalazioen segurtasuna, ostalaritza alorreko kalitatea, tarifak (hainbat kontzeptutan: matrikula, hileko kuota, jantokia, aparteko ikastorduak, garraioak, etc), haurrengan transmititzen duten informazioa, langileen maitagarritasun eta eraginkortasuna, etab.

CONSUMER EROSKI-k ikastetxe edo ikastegien mende ez dauden 200 haur eskola aztertu ditu (horietatik 76 publiko, 113 pribatu eta 11 hitzartu) Madril, Bartzelona, Murtzia, Malaga, Sevilla, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, A Coruña, Nafarroa, Zaragoza, Kantabria eta Valentzian. Aldizkari honetako teknikariak, haurtzaindegi bila zebiltzan gurasoak baliran bezala, berrehun zentroak bisitatu eta, ondoren, haurtzaindegien arduradunei telefonozko deien bidez, informazioa osatu zuten.

Haurtzaindegi pribatua, aukera bakarra familia askorentzat

Haurtzaindegi publikoetan ordaindu beharreko tarifa aldatu egiten da kasu batetik bestera, aplikatzen diren baremoen arabera (familiaren egoerari eta diru-sarrerei hertsiki lotuak). Gurasoak lanean dabiltzan bitartean, haurrak helduen ardurapean uzteko aukera bakarra haur eskola pribatuetan uztea dute, beraz. Aldizkari honek bisitatu dituen haurtzaindegi pribatuetako prezioak (hileko batez bestekoa 254 euro da, jardunaldi osoa, bazkaria eta merienda barne) biziki aldatzen dira: hilean 390 euro kobratzen ditu garestienak eta 117 euro, aldiz, merkeenak. Lurralde batetik besterako aldeak ere nabarmenak dira: Murtzian pribatuek batez beste hilean 198 euro kobratzen dute (jardunaldi osoa eta janariak) eta Nafarroan, berriz, 309 euro. Lurralde berean ere badira alde handiak, dena den: Murtziako garestiena eta merkeenaren arteko aldea 193 eurokoa da hilean; alde hori, Madril eta Malagan 250 euroraino doa.

Instalazioen segurtasuna eskasa da horrelako eskolen %12an, ate-leihoak baldintza egokietan ez daudelako. Beste aldetik, ordea, kontserbazioa eta garbitasuna txalogarriak dira kasuen %90etan.

Kalitatea eta prezioa

Gehiago ordaintzea eta zerbitzu hobea izatea ez doaz beti elkarren eskutik. Hezitzaileko haurren kopuruari dagokiola, publikoak, batez beste, hiru adin-taldeetan hobe daude pribatuak baino: urtebete arteko haurretan (5,5 haur hezitzaile bakoitzeko publikoetan eta 6,2 haur pribatuetan), urtebete eta bi urte artekoetan (8,6 haur hezitzaile bakoitzeko publikoetan eta 9 haur pribatuetan), eta bi eta hiru urte arteko haurretan (9,5 haur hezitzaile bakoitzeko publikoetan eta 11 haur pribatuetan). Dena den, langile zuzkidura egokia da kasu guztietan, hezitzaile bakoitzak artatu beharreko haur-taldeari dagokionez, aholkatzen den kopurua ez baita gainditzen kasu bakar batean ere.

Azpiegiturei goazkiela, pribatu baino publiko gehiagok dute patioa edo lorategia (%91 eta %76) baina pribatu gehiagok eskaintzen dute jantoki zerbitzua. Pribatuen alderdi sendoa ordutegia da, oro har, zabalagoak eta ordutegi ofiziala betetakoan, haurrak ikastetxean beste ordubetez geratzeko eskaintza dutenak. Hona beste ondorioetako batzuk: zentro horietan onartzen diren haur-kopuruen desberdina (batez bestekoa 64 haur delarik, batzuek 300 haur ere jasotzeko prest daude eta beste batzuk hamarretik gora ez), hezitzaileko haur kopuruen desberdina (batez beste, lau edo hamazortzi haur, haurtzaindegien arabera) eta haurrez arduratzen diren langileen %70en profil akademiko egoki-egokia (Irakasle-ikasketak, Haurtzaindegiko Teknikari espezializatuak, Haur hezkuntzako Goi Teknikariak, etc.); gainerakoak puerikultoreak, psikologoak, pedagogoak eta goian aipaturiko titulu horietako praktiketako ikasleak dira.

Datu hauek eta, antzeko azterketa baten ondorioz, CONSUMER-ek 1999an argitara emanikoak konparatuz gero, funtsean egoerak aurrera askorik egin ez duela egiaztatzen dugu, haurtzaindegi publikoetako plaza gabezia ez baita arintzen. Hezitzaile bakoitzari dagokion haur kopurua ere ez da aldatu (9 haur, bi azterketetan ere). Aldaketarik nabarmenena segurantzian eginiko aurrerakuntza a: funtsezko gabeziak dituzten haurtzaindegien proportzioa erdira ekarri da.

Ordutegiak eta haurrak onartzeko irizpideak

Haur eskola pribatuetako batez besteko ordutegia, eguneko, 10 ordu eta 30 minutu da, hau da, publikoetakoa baino ia-ia 2,5 ordu gehiago. Pribatu batzuetan, gainera, egunean 12 ordutako zerbitzua ematen dute.

Ordutegi luzatua (aparte ordaintzen dena, halako zerbitzua baita) hamar zentrotik seitan (gehien-gehienak, pribatuak) eskaintzen da. Araba, Nafarroa eta Bizkaian azterturiko zentroen %10ek ordutegi luzatu hori eskaintzen dute. Pribatuetan ordaindu beharreko prezioa, batez beste, hileko 26 euro da, haurrak haurtzaindegian egunero beste ordubete ematen badu. Beste aukera bat, haurrak sartu eta irteteko ordutegi librea izatea da, umea gurasoen premietara egokitu ahal izateko: hori posible da azterturiko eskolen %94tan (pribatuetan gehixeago). Amaitzeko, hamar haurtzaindegitatik zazpi zabalik daude urtean hamaika hilabetez (abuztuan bakarrik daude itxita). Beste askok (pribatuek, gehienbat) uda partean ordutegi murriztua dute eta Aste Santuan eta Eguberrietan itxita egoten dira. Haurtzaindegien %82k (publikoetan gehixeago pribatuetan baino) lauoinkan oraino ez dabiltzan haurrak onartzen dituzte, baina guztien %17k bakarrik egiten diete matrikula lau hilabetez beherako haurrei eta hamarretik bik bakarrik (ia denak, pribatuak) egun solteetan egonaldiak egiteko aukera ematen dute. Ia-ia eskola publiko denetan aparteko hezkuntza-premiak dituzten haurrak onartzen dituzte baina hamar pribatutik bitan ezin matrikula daitezke horrelako haurrak.

Pribatuetan haurrak onartzeko baldintzarik ez dagoela esan daiteke baina publikoetan sartzeko, aldiz, betebehar eta lehentasunak bete behar izaten dira (familiako diru-sarrerak mugatuak izatea, udalerrian erroldatua egotea, gurasoen egoera laborala, familiaren ezaugarriak, hezkuntza-premia bereziak edo ezintasunak dituzten haurrak, etc.), eta horien arabera betetzen dira erabilgarri dauden plaza urriak.

Hezitzaileek haurrez dituzten iritziak gurasoekin iruzkintzen dituzten arren, hobe izaten da horrelakoak idatzizko txostenetan jasotzea: haurtzaindegien %20k baizik ez dute entregatzen hilean behin, gutxienez, horrelako txostenak (1999urtean %33 ziren). Ahozko informazioari dagokionez, haur eskolen %64k egunero ematen duela dio eta %7k bakarrik onartzen du gurasoek eskatzen dutenean bakarrik ematen duela.

Zenbat kostatzen da haurtzaindegia?

Faktore askoren arabera aldatzen dira tarifak: elementu behinena, eskola publiko ala pribatua izatea da baina, nolanahi ere, eskolan haurrak ematen duen ordu-kopuruak, prezioan bazkaria eta merienda (are gosaria ere) sartuak egoteak, baliatzen diren zerbitzuak (garraioa, igerilekua, txangoak, etc.) eragina izaten dute. CONSUMER EROSKI-k kasu estandar bat hartu du oinarritzat: umeak haurtzaindegian egunean zortzi ordu pasatzen ditu, bertan bazkaria eta merienda ematen zaizkio (zentroak horrelakoak eskaintzen baditu) hil osoan. Pribatuetako batez besteko prezioa 254 euro da (42.255 pezeta) eta publikoetan, aldiz, ordaindu beharreko kopurua faktore askoren arabera aldatzen denez, batez bestekoen bila aritzea ez da bidezko. Lurralde batzuk eta besteetako haurtzaindegi pribatuetako prezioen arteko aldeak eta lurralde bakoitzean ikusiriko prezio merkeen eta garestienen artekoak, testuok lagungarri dituzten koadroetan agertzen dira. Hileko kuotaz gainera, haurtzaindegi pribatu gehienek (%92) haurra matrikulatzea ere kobratzen dute. Izen emate horren batez besteko prezioa 86 euro den arren, Madril, Bartzelona, Araba eta Valentzian azterturiko haur eskola pribatuak batez besteko horrez gainetik dabiltza, 100 euro inguruan alegia, eta gainerako lurraldeetan (Sevillan izan ezik, honakoa batez bestekoan doi-doi agertzen baita), matrikularen batez besteko kostua apalagoa da. Prezio horretan haurtzaindegiek eskola asegurua eta, zentroetako bakarren batek, eskola materiala sartzen dute. Beste batzuetan matrikulaz aparte hainbat kontzeptu sartzen dira fakturan, hala nola uniformea, eskolaz kanpoko jarduerak, garraioa, etc. Haurtzaindegi pribatuetan jantoki zerbitzuaren batez besteko prezioa hileko 92 euro da, merienda barne; dena den, bost eskolatik batek zerbitzu hori ere hileko kuotan sartzen du. Pribatuen %5etan, haurrek etxetik eramaten duten janaria berotu eta zerbitzatzearren ere kobratzen dute.

Zer gertatzen da haurtzaindegi publikoetako tarifekin?

Haurtzaindegi publikoetako gehieneko tarifak garesti izan daitezkeen arren, oso-oso gutxitan aplikatzen dira: plaza eskasia larria denez, tokiak diru-sarrera urriagoak dituzten familietako haurrek betetzen dituzte, lehentasun hutsez. Haurrak onartzeko irizpideak (familiaren errenta norbanako, helbidetik gertu egotea, familia ugaria edo zentroan beste senideren bat matrikulaturik edukitzea) lagungarriak dira eskola-tarifa eta zerbitzuak ezartzean. Eskola publiko gehientsuenetan matrikularik ez da kobratzen eta, hala egiten dutenean, gehieneko tarifa 60 euro da; pribatuetan, aldiz, izen ematearren 180 eurotik gora kobratzen da. Jantoki zerbitzuaren prezioak hileko kuotan sartzen dira batzuetan eta, bestetan, aparte ordaintzen dira. Jardunaldi osoko eskola-tarifetan ere alde handiak daude: Madril, Malaga, Sevilla edota Valentziako publikoetan ez ordaintzea ere posible da, familiaren egoerak hala agintzen duenean; bestetik, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoetan (180 euro hilean) eta Bartzelonakoetan (136 euro) diskriminazio positiboa sarreran bakarrik egiten da: faktura beti bera da. Haur eskola garestienak Malaga eta Sevillan daude: 240 euro hilean. Ordutegi luzatuaren kostua (ordutegi konbentzionala baino ordubete gehiago ematen du umeak eskolan) merkea da, 10 euro ingurukoa; dena den, publikoek ohiko ordutegia zabaltzen dute askotan, zazpi ordutatik zortzi ordutara.

Nola aukeratu haurtzaindegia

  • Bisita ezazu zentro bat baino gehiago, bakoitzean eskaintzen dituzten zerbitzuak, dauzkaten azpiegiturak, ordutegiak etab. konparatzeko.
  • Eskolatik gure etxe edo lantegirainoko distantzia garrantzitsua da.
  • Aukeratu haurrak adinen arabera, talde txikitan sailkatuak dituen haurtzaindegia:
    • Urtebete arteko haurrentzat: hezitzaile bakoitzeko 8 haur, gehienez
    • Urtebetetik bi urte arteko haurrentzat: hezitzaile bakoitzeko 13 haur, gehienez
    • Bi eta hiru urte arteko haurrentzat: hezitzaile bakoitzeko 18-20 haur, gehienez
    • Hirutik sei urtera arteko haurrentzat: hezitzaile bakoitzeko 25 haur, gehienez
  • Baliozta ezazu haur eskolaren segurantzia:
    • Leihoak: haurrek ireki ezin dezaketen altueran.
    • Ateak: haurren hatzak harrapa ezin ditzaketen sistemez eta kisketez hornituak.
    • Entxufe eta aparatu elektrikoak: ohiko altueratik gora edota babestuak.
    • Garbitzeko produktu eta antzekoak: armairu edo geletan itxita, giltzapean.
    • Izkina eta zutabeak: gomazko zerrendez babestuak.
    • Kalefakzio sistemak: hobe zoru erradiatzailea ohiko erradiadoreak baino (babestuak egon behar dute).
  • Galde ezazu nolako hezkuntza programa duten: helburu pedagogikoak, jarduera programa, etc.
  • Egiazta ezazu hezitzaileen titulazioa. Horretarako egokienak hauek dira: Haur Hezkuntzan Espezializaturiko Irakaslea eta Haur Hezkuntzarako Goi Teknikaria. Homologaturiko Haur Hezkuntzako ikastaroak ere baliozkoak dira eta egokiak, era berean, pediatria edota psikologiako tituluak ere.
  • Haurtzaindegiko langileen prestasun, atsegintasun eta haurrekin agertzen duten pazientziaz informazioa jasotzea komeni izaten da.
  • Erabilera esklusiboko establezimendua izan behar du haurtzaindegiak, berariazko sarbide independentea daukana, eta gutxieneko espazio batzuk eduki behar ditu. Hurrengoak izango ditugu erreferentzia orokorrak: haurren adinen arabera sailkaturiko ikasgelak, 20 metro karratukoak, gutxienez, ongi egurastu eta argitsuak (ahal dela, argitasun naturalez). Erabilera anitzeko espazioa, gutxienez 30 metro karratukoa, jolasetan aritzeko espazio zabala eta patioa, aire zabalean, ahal dela. Ikasgela bakoitzak bere komuna eduki behar du, behar bezainbesteko material sanitarioz hornitua (bi komun, bi lababo eta kristalezko bereizketa, haur batek komuna darabilen bitartean hezitzaileak gainerako haurrak ikus ditzan), ikasgelatik ikusteko eta bertatik sartzeko modukoa. Langileentzako berariazko komunak, haurrenetatik bereiz. Zuzendaritza edo idazkaritza bulegoa.
  • Zoruak goxoak izango dira, koskarik gabeak, behaztopa ez egiteko, labaingarri ez den materialezkoak eta garbitzeko errazak. Hormak lauak, irtenik gabeak eta erraz garbitzeko modukoak.
  • Hobe ordutegia malgua bada, haurrak ordu desberdinetan irten eta sartu ahal izan daitezen. Dena den, zentroan eguneko zazpi edo zortzi ordu baino gehiagorik eman ez dezaten aholkatzen dute adituek. Haurtzaindegi askotxok ordutegi luzatua dute (haurra ordubete geroago jaso dezake gurasoak edo ohiko ordutegia hasi baino ordubete lehenago sar daiteke). Zerbitzu hau aparte kobratzen da hilero.
  • Jantokiari dagokionez, baliozta itzazu prezioa, instalazioetako higienea eta otorduak haurren nutrizio-premietara egokitzea. Eska ezazu informazioa eman dakizun egunero bazkarian eta meriendan hartu duenaz: horrela, afarian eman ahalko dizkiozu eguerdi eta arratsaldean harturiko elikagaien osagai egokienak.
  • Galde ezazu zure haurraren eboluzioaz idatzizko informazioa emango zaizun, umeak eginiko jarduerez, bere portaeraz, aurrerabideak, beste umeekin edo hezitzaileekin izan dituen gorabeherak, ondo jaten duen…
  • Eska ezazu harremanetarako telefono zenbakia, zeinahi gorabehera gertatuz gero, bertara deitzeko.
  • Izan kontuan beste hainbat prestazio, hala nola garraioa (galde itzazu prezio, ordutegi eta ibilbideak), ordutegi luzatua, haurrei gosaria ematen zaien, etc. Prestazio horien prezioa aparte ordaintzen da eskuarki baina oso-oso baliagarriak izaten dira.
Haurrari haurtzaindegian egokitzen kostatzen bazaio...
  • Hasiera batean eskolara ordu gutxitan joango da eta pixkanaka ordutegia luzatuz joango da. Eskola batzuetan, aurreneko egunetan gurasoak umearekin ikasgelan gera daitezke, txikia ingurune berriarekin ohitu edo egokitu arte.
  • Haurtzaindegira joateak eragiten diona berariazko modu batean azaleratzen du haur bakoitzak: batzuk negarrari ematen zaizkio, beste batzuk bazter batean isolatzen dira, zenbaitek gaizki lo egiten du… Areago, bada apetitua galtzen duenik eta artega ipintzen denik ere. Egokitzapen prozesuaren osagaietako bat da hori eta, halakotzat ulertu behar da: urduritasun hori pixkanaka ezabatuz joango da baina, erne, prozesua ez baita beti uniformea, oso litekeena da gorabehera latzak azaltzea. Pazientzia, beraz.
  • Ez egin besteekiko konparaziorik: ume bakoitza besteak ez bezalakoa da, berezia.
  • Eraman itzazu haurtzaindegira presarik eta itobeharrik gabe. Hobe da umeak lasai joan daitezen. Horregatik ere, hobe agurtzeak larregi ez luzatzea.
  • Haurtzaindegian jardunaldia amaitutakoan, anima dezagun gure haurra bizipenak gurekin parteka ditzan; erakuts dezagun interesa, poza, jakin-nahia, haren aurrerakuntzak ikusita.
  • Parteka itzazu hezitzaileekin zalantzak eta emozioak: orientabide eta lasaigarri izango dituzu horiek.

Kontuan hartzekoa...

  • Eduki haurtzaindegiko langileekin etengabeko harreman jarraitua; egunero, umea jasotzera zoazenean, aprobetxa ezazu haren eboluzioaz galde egiteko; hartu parte eskolak antolaturiko jardueretan; hitz egin gainerako gurasoekin eta eskatu elkarrizketa bat hezitzaileekin, zure seme edo alabak portaera arrarorik agertzen badu.
  • Haur eskola publiko gehienek ez dute onartzen haurrak bertan zortzi ordu baino gehiago ematea, egunean. Pribatuetan ordutegia zabalagoa da, baina hauetako tarifak ere biziagoak izan ohi dira.
  • Haurtzaindegi batzuek (pribatuek, batik bat) bestelako zerbitzuak ere eskaintzen dituzte (gosaria, igerilekua, ludoteka), aparte ordaindu beharrekoak. Pribatu asko-askotan, era berean, urtean behin edo bitan “eskola materiala” kontzeptua kobratzen da.
  • Segurtasun alorreko arrazoiak tarteko, haurrak eskolako arduradunei jakinarazita eta berariaz baimendutako pertsonek bakarrik jaso ditzakete. Horretan aldaketarik izatekotan, jakinaraz ezazu ordezkoa nor den behar bezain aurretik.
  • Haurrak eskola-ordutegian botikarik hartu behar baldin badu, zehaztu ezazu idatziz botika ontzian dosia, hartzeko ordua, tratamenduaren iraupena eta haurraren izena. Ez badakizu ere, haur eskola batzuetan ez dira gauzak horrela egiten.
  • Haurrak haurtzaindegian bazkaltzen badu, jakinaraz ezazu elikagairen baten aurrean alergiarik agertzen duen edo dieta berezirik eman behar zaion.
  • Haur eskola batzuek deskontua egiten diete zentroan haur bat baino gehiago dituzten familiei. Aukeratzeko unean, beraz, elementu hori ere kontuan hartu beharko duzu.