Haurrak eta elikadura

Hezkuntza, baita platerean ere

Helduaroan osasun trastornorik nozi ez dezaten, lehenbailehen elikadura osasuntsuaren tren-karriletik bideratu beharko
1 iraila de 2005
Img alimentacion listado 315

Hezkuntza, baita platerean ere

Espainiako hainbat zientzi erakundek (Pediatriako Espainiar Elkartea edota Obesitatea Ikertzeko Espainiar Elkartea, adibidez) oraindik orain eginiko ikerketen arabera, estatu horretako haur- eta gazte-populazioaren %40k aholkatu ohi dena baino pisu handiagoa du. Horietan, 2 eta 25 urte bitarteko adina duen populazioan obesitate-indizeak azken hamar urteko honetan igo egin dela egiaztatu da: populazioaren %14 gizen dagoela eta %26 behar baino pisu handiagoa duela, hain zuzen. Ezaugarri horiek eta helduaroan hainbat gaixotasun (diabetesa, hipertentsioa, gaitz kardiobaskularrak, etc.) nozitzeko arrisku handiagoa lotuta omen doaz. Egoerari aurrea hartu edo, gutxienez, bideratzeko, nutrizioaren gaineko ikasketei lehenbailehen ekin behar zaie. Komeni da haurrei elikagaiek zertarako balio duten eta nondik datozen azaltzea, elikadura on baten giltzarria osasuna dela argi eta garbi utzita. Jangaiak erosteari, kuzinatzeari, mahaia prestatzeari eta gainontzekoei dagokien guztia ikasteko eta janaz gozatzeko aukera polita da.

/imgs/20050901/alimentacion1.jpg
Obesitatearen zergatiak
Haurtzaroan eta gaztaroan elikatze azturak hartzean, familiak, komunikabideek, lagunen eta besteren eraginak maiz ohitura ez zuzenegien iturri dira (gantz gehiegi erabiltzea, otorduz kanpoko zizka-mizkak hartzea, aurrez prestaturiko jakiak, etc.) eta horiek, noski, elikatze-jokabidean zuzeneko eragina du. Opil (gantz ugarikoak) eta freskagarri (azukre soil gehiegi dutenak) lar kontsumitzen da eta, beste aldetik, fruta, barazki, labore eta horien eratorri osasuntsuak hartzeari, hein handi batean, utzi egiten zaio.

Zer egin, beraz?
Espainiako Osasun eta Kontsumoko Ministerioak nutrizio osasungarria eta ariketa fisikoa sustatzeko eta obesitatea prebenitzeko “Naos” izeneko estrategiari ekin dio berriki: proiektu honen helburu nagusia, haurren artean, bereziki, bizimodu eta elikatze-aztura osasuntsuak sustatuz, osasuna lehenestea da. Medikuntza alorrean ez ezik, famili giroan ere bultzatu nahi da prozesu hori, elikadura sektoreko pertsonak, ikastetxeak eta eskola-jantokiak bertan bilduta, besteak beste, honako ildoak ere bete daitezen: haurrei zuzenduriko jan-edarien publizitatea arautzea, ikastegietako makina saltzaileetako elikagai-aukera ugaltzea (dieta orekatuago baten mesedetan) elikadurari buruzko gidak zabaltzea, etab.

Famili giroan, berriz…
Haurtzaroan eta nerabezaroan okerreko elikatze-azturetan eta jokabide sedentarioan ohituz gero, nekez zuzen daitezke horrelakoak gerora. Familiaren eragina, adiera horretan, erabatekoa da: haurrak imitazioz ikasten du, familia da erosketak egiten dituena eta etxean nolako elikagaiak egongo diren erabakitzen duena, haurrari dirua ematen diona litxarreriak (gozokiak, freskagarriak, etc.) eros ditzan. Elikatzeko eta bizitzeko bide egokien alde jardungo badu familiak oinarri bat eduki behar du, otordu orekatuak ez ezik, erakargarriak ere planifikatu eta gauzatu ahal izateko. Hezkuntza dietetikoari esker, beraz, biharko gizon-emakumeei elikadura osatu eta anitzaren garrantzia irakatsi ahal izango zaio.

Sukaldaritza erraz eta sormenezkoa etxeko txikientzat

/imgs/20050901/tomate.jpg Haurrek gutxien preziatzen dituzten elikagaiak, oro har, barazkiak eta arrainak direnez, horiexek bakarrik aipatuko ditugu hemen.

Barazki eta frutak
Hobe da barazki platerak modu erakargarrian aurkeztea, bere kolore bizi eta guzti, desiragarriago gerta daitezen. Etxeko txikienek hainbat jaki prestatzeko unean ere esku har dezakete: entsaladak, etxean eginiko pizzak (hainbat barazki eta landarezko sormenez erantsiz: osagaiekin irudi bat marraztuz, adibidez).

/imgs/20050901/verduras.jpg Egunari hasiera emateko fruta hartzea komeni da: baso bat zuku, platano xerrak marrubiekin, etxeko fruta-mazedonia, etc. Gosaritarako labore eta esnearekin nahasiz gero, egunari energiaz zoragarri ekingo diote. Fruta eta jogurten irabiakiak moldatzean ere parte har dezakete haurrek.

/imgs/20050901/mar.jpg
Arraina
Dietan arraina oinarrizko jangaia den arren, txikiak ez ohi dira oso zaletuak. Arazoa hezurra denean, horrelakorik gabeko atal eta piezak aukeratzea da hoberena. Perka, meroa, mihi-arraina, fletan edo halibuta, enperadorea, zapoa, hegalabur eta hegaluzea aukera politak dira, inongo hezurrik ez dutelako agertzen. Arraina prestatzeko unean, hainbat modutan kuzinatzea edota saltsa bat baino gehiagorekin (bexamela, maionesa, arrosa, tartariarra, etc.) laguntzea ere egokia izan daiteke, haren usain eta zaporea hein batean leuntzeko. Arraina ogi birrindu edota arrautzatan biltzeak ere zaletasunik piztu dezake. Gustatzen ez dena arrainaren ukitua baldin bada (guri edo samurregia haur askoren ustez) aukeratu tenteagoak: enperadorea, hegalaburra eta hegaluzea, izokina, zapoa, bakailaoa, itsas aingira, perka, meroa…

Bizpahiru arrain barietate (legatza, mihi-arraina eta oilarra, adibidez) baizik kontsumitzen ez direnean, beti-beti modu berean kuzinatzen badira, oso litekeena da jatuna aspertu eta azkenean arraina gorrotagarri izatea. Arrain mota edo prestatzeko sukaldaritza-teknikak aldatzea komeni izaten da horrelakoetan. Adibide gisa esango dugu legatza hamaika modutan jan daitekeela, hala nola: arrautzatan bildu eta frijitua, entsalada eta hainbat saltsarekin hornitua, labean errea okinaren patatekin, azenario eta tipulazko ohantze gainean labean erre eta gaztaz gratinatua; budinean edota, ganbekin, kroketak osatuta…

Hona beste aukera zenbait:
  • Haragizko jakiei frutak txiki-txiki edo purea eginik eranstea (solomoa sagar purearekin, indioilarra ananarekin, oilaskoa laranjaz…)
  • Barazkiak xehe-xehe ebakita edo birrindurik haragi xehatuari nahastea, edo okela nahiz arrainezko jakietan sartzea, edo zopak loditzeko erabiltzea …
  • Barazki edota frutekin postreak moldatzea: azenario tarta, kui otamenak, frutaz beteriko bizkotxoa, sagar pastela…
  • Itxura xelebrez ebakitzako elikagaia ere desiragarriagoa gerta daiteke. Badago sandwichak letxu, tomate, azenario birrinduarekin… egitea, edo gazta, urdaiazpiko nahiz atunarekin, edo janari horiek forma orijinaletan (erronbo edo zirkuluak, esaterako) ebakitako kanapeetan sartzea.