Txoritxoa baino askoz ere gehiago
Milaka urte beteak zetorren papera tolesteko japoniar artea Europan papiroflexia bataiatu zuten. Ezaugarri komunak dituzten arren, erabileraz eta aplikazioz desberdinak dira bi diziplinok: Japonian zaletasun hutsa baino dezente gehiago da, batzuetan jarduera bikain eta aparta ere bai. Esate baterako, hastapenetan tolesturak egintza erlijioso eta zeremoniekin lotzen ziren: jainkoei eskaintzak egiteko edo ekintza heroikoak irudikatzeko baliatzen ziren baina, papera herritartu eta bere prezioa merkatu ahala, paperezko egituren ezagutzak aplikatzen ziren eremua zabaldu egin zen eta txoritxo soilak ez ezik, irudi konplexu-konplexuak ere egitera iritsi ziren.
Hamaika aplikaziotako ikasgaia
Ikuspegi artistikotik. Artisautzazko jarduera honen emaitza, tolestura jakin bat osatzeko jarraibideak bete eta lortu nahi den horren irudikapena erdiestea da. Diziplina horretan diharduten zaletu askoren iritziz, origamik edertasuna erdiestea definitzen duten ezaugarrietako batzuk betetzen dituenez, artetzat jotzen dute. Irudien izaera sinboliko horrek, izan ere, papiroflexia mundu zabalean aintzat hartua izan dadin lortu du.
Denbora-pasa. Papiroflexia tekniketan murgildu eta geroz eta irudi zailagoak osatzea, jardunari aisi tarte ederrak eskainiko dizkion zaletasuna da baina, ordainetan, horretan aritzeak irudimen, intuizio, ordena eta nork bere burua gainditzeko interes puska bat eskatuko dio. Bestetik, denbora-pasa merkea eta malgua da eta horretan aritzeko liburuak, ikastaroak edota elkarte nahiz klubak bilatzea ez da batere zaila.
Heziketa-baliabidea. Ebakigarriak egitea hezkuntza hastapenetako jarduera baizik ez den arren, Japonia, Txina eta Eskandinaviako herrialdeetan papiroflexia diziplinarteko ikasgaitzat hartzen da aurreragoko ikasturteetan ere, beste hainbat ikasgairekin batera. Artegintzarako eta, oro har, sormena elikatzeko pedagogikoki baliozkoa dela frogatua badago ere, kontzentratzeko ahalmena areagotu egiten du, eta eskuen motrizitate fina zailtzeko modu egokia da, besteak beste, espazioaren pertzepzioa ere garatzen duelako.
Osasunean duen aplikazioa. Oraino ere ohiko ez den arren, hezur-traumatismoak sendatzeko zein nerbio nahiz muskuluetako gaitzetatik eskuak birgaitzeko fakultatiboaren preskripzioz egunero papiroflexian denbora tarte bat ematea geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Gutxitu psikikoen prestakuntza eta terapia okupazionala dela eta, origamik psikiatrian dituen abantailak ere biziki hobetsiak izan dira. Izan ere, ezintasunak nozitzen dituzten pertsona batzuk egiazko artistak dira papera toleste kontuetan.
Nola ikasi papera tolesten
Papiroflexia ez da umeen, jende aspertuaren, ekialdeko xelebreen kontua, jakina. Papera taxuz tolesten ikasteko ikusmira eta esku artatsua ezinbestekoak dira. Hasieran, papiroflexiako klubek edo aisialdi alorreko elkarteek eskaini ohi dituzten ikastaroetara joan daiteke, baina norberak ikastea ere aukera baliagarria da. Alor honetan, behintzat, eskuliburu eta web orrialde faltarik ez da. Hastapenak errazak dira -txoritxo bat moldatzeko ez da derrigorrezkoa artista handia izatea- baina, zaletasunak aurrera egin ahala, erronkak geroz eta zailagoak dira, figura bat osatzeko argibideak betetzeari dagokionean ez ezik, nork berea asmatzeko irrika eutsiezina delako.
Jarduera unibertsal honek abantaila handi-handia du: nazioarteko ikurrak berdinak dira nonahi eta, horri esker, modeloak autore batek besteari pasa diezazkioke, hizkuntza inolako eragozpenik izateke. Areago, origamik bere hizkuntza ere badu: izkina karratu baten lau angeluetako bat da beti; tolestura, papera tolesten den lerroa; marka, tolestura egin ondoren paperean geratu den arrastoa; korapiloa, bi (edo gehiago) tolestura edo marka gurutzatzen diren gunea… horrela osatzen da hamaikatxo terminotako hiztegi berariazkoa.
Tolestu…
- Maneiatzeko moduko papera baliatzea.
- Egin tolestura txukun, dotorea, erpinetan batik bat.
- Jardun azalera gogor lauan, doitasuna areagotzeko.
- Eta doitasuna areagotzeko, era berean, zapaldu hatz potoloaren atzazalarekin tolestura osoa.
Hurrengo urratsak errazago jazoko zaizkizu.
- Buruturiko figuraren kalitatea doitasunak hobetzen du.
- Bete urratsez urrats modelo bakoitzaren sekuentzia osoa.
- Ez utzi urratsik emateke.
- Jardun arreta biziz urrats guzti-guztiak, beren norabidea, exekuzioa…
- Praktikatu asko eta asmatu nola egin irudi berriak.