Basoen erregearen berpizkundea
Orain dela mende batzuk hartz arrea Europa osoan zehar zebilen arren, egun egoera erabat aldatuta dago, azken urteotako gertakarien erruz, batik bat. Izan ere, Espainian, Italian eta Frantzian dira arrisku bizieneko hartz-populazioak. Eta egoera, berez tamalezkoa izaki, espainiar hartzei dagokiela harik eta larriagoa da, hartz arreak Europan dituen hiru eboluzio-lineetako baten eta mundu osoan omen diren bostetako baten ordezkari bakarrak dira-eta.
Egun, Oso Pardo fundazioaren arabera, hiru populazio bizi dira; bata Mendikate Kantaurikoan (ehun bat buruk osatua) eta beste bat Pirinioetan; honetan 17 hartz dira, bi bizigunetan banatuak: batzuk Erdialdeko Pirinioetan, Aran eta Pallars haranetan eta Frantziako eskualde mugakideetan, eta beste bat Mendebaldeko Pirinioetan, Aragoi, Nafarroa eta Biarnon. Erdialdeko Pirinioetako populazioa Esloveniatik 1996an eta 1997an ekarri eta Frantzian inolako arazorik izateke sartutako hiru hartzetatik ugaldu da. Egokipen hobezin hori Europako beste hainbat lekutan ere gertatzen ari da, hala nola oraindik orain Trentinon (Italia). Horrek garbi asko frogatzen du hartz asko dagoen toki batetik buru batzuk atera eta beste toki batera eramatea posible dela eta lekualdaketa hori maiz arrakastaz egiten dela.
Legezko babesa
Hartz arrea eta bere habitata espainiar legeak babestuta daude. Hartzen ehiza behin-behingoz debekatu zen 1952an eta behin betikoz 1967an, Espainiako Erreserba Nazional guztietan. Geroztik (1973 urtetik) espezie hori babestua dago eta hartzak ehizatzea debekatua dago espainiar lurralde osoan. Natura Kontserbatzeko 1989ko Lege espainiarrak hartzaren egoera hobetzeko neurriak har zitezen bultzatu zuen. Kode Penal berriak hartz bat hiltzegatik bi urte arterainoko kartzela-zigorra xedatu zuen, 1995ean, delitu ekologikotzat hartuta. Egun hartz bat hiltzea 300.000 eurorainoko isunaz zigortua izan daiteke.
Espainiako administrazioak ere ugaztun horren kontserbazioan eginkizun aktiboa hartzen ari dira. Kantabria, Asturias, Gaztela – Leon eta Galizia erkidegoek antolatu dituzte hartza berpizteko planak: isilpeko ehizaren kontrako neurriak, habitat naturalak mantentzekoak, ikerkuntza proiektuak mantendu eta hobetzea, giza populazioa sentsibilizatzeko programak, hartzen inguruetan bizi diren eta nekazaritzan edo abeltzaintzan diharduten profesionalentzako ordainak, hartzak eraginiko kalteengatik, etc.
Beste aldetik, Pirinioetan hartz arrea errekuperatzeko jomugaz, udazkenean Espainia, Frantzia eta Andorrako Gobernuek koordinaturiko plana martxan jartzea espero da: hartuko diren neurrien artean nabarmentzekoa da Frantziako Gobernuak bost eme askatzea (iazko azaroan frantziar isuriko azken hartz eme autoktonoa, Canelle, ehiztari batek hil ondoren). Bost hartz horien askapena, 2008 urterako hartz arrearen populazioa bikoiztea xede duen proiektuaren parte bat da.
Hartz arrearen presentziaz bereziki kezkatuak egon daitezkeen erakunde edota sektoreen inplikazioaz gainera, herritarren kolaborazioa ere biziki garrantzitsua da. Esate baterako, habitata hobetzeko lanak (baso-berritzeak, fruta-arbolak aldatzea, etc.) eginez, hartzik ikustekotan agintariei edo gobernuz kanpoko erakundeei zaintza harik eta zorrotzago egin dezaten abisatuz edota hartzaren edo bere habitataren kontrako zeinahi kalte edo amenazo salatuz ere lagun daiteke.
Hartz arrearen arriskuak
Egokiera oneko lurralde zabalen premia du hartz arreak, gizakiarekin ahalik eta interferentzia gutxien izanik. Arazoak, berriz, ganadu edo aziendari eragiten dizkion kalteen, ehizaren elkarreraginaren edo -azpiegiturak egiteko edo baso-ebaketak egiteko- bere habitata zatikatzearen ondoriozkoak izaten dira. Hona hemen hartzaren arrisku larrienak:
- Isileko ehiza: hauxe du hartzak amenazo behinena. Populazio txikietan buru bakar bat hiltzea bera ere atzera gabeko galera da. Bestelako piztiak harrapatzekoak diren arren, lakioen, lazoen, ehiza-partiden, garai kritikoen eta antzekoen biktima izan daiteke hartza.
- Habitata desegin eta aldaraztea: dela baso-ebaketagatik, suteengatik, aire zabaleko meatzaritzagatik, bide-sarea zabaltzearren, eski-pistak ezartzeagatik, hari elektrikoak ipini eta elektrizitatea garraiatzeko azpiegiturak instalatzeagatik, etc. Horiek denek hartz populazioen zatikatzea areagotu eta aniztasun genetikoaren galera eragiten dute.
- Turismoaren presioa eta molestia area sentsibleetan. Umeak dituzten hartz emeei eragiten zaizkien eragozpenak bereziki kaltegarriak diren arren, garai kritikoetan -hibernazioan, adibidez- egiten diren uxaldiak ere arras hondagarriak gertatzen dira.
Hartz arre iberiarra
Elikagaiaren bilaketak baldintzatzen ditu hartzaren bizimodua eta mugimenduak; animaliak azalera handia behar du gustura ibiltzeko, atseden hartzeko, babesa bilatzeko eta neguan hibernatzeko. Mendikate Kantaurikoan hartzak urtarriletik martxora arte hibernatzen du, epe hori neguaren zorroztasun eta elikagaien eskuragarritasunaren arabera aldatzen bada ere. Negu gorriko pausaldi horretan hartzak jateari, edateari, kaka eta pixa egiteari utzi egiten dio baina konstante funtzionalak mantendu egiten ditu, udazkenean metaturiko gantzei esker. Haragijale damututzat definitu izan dute hartza adituek: fruituak eta landareen atalik digerigarrienen kontsumo masiboari esker mantentzen bada ere, animali gaiekin -inurrietatik ugaztun handien sarraskietaraino- osatzen du elikadura. Inoiz edo behin oihaneko piztiaren bat harrapa dezake, dena alde duela, eskuarki, orkatz eta orein umeei edo, bestela, ahitu edo gaixoturiko ugaztun helduei eraso eginez.