Merkeenak, aukerarik onena
Kontserbako menestretan barazkiak egosita egon ohi dira dagoeneko, ur eta gatzez eginiko likido estalgarri batekin batera; menestra izoztuek, berriz, kontsumitzeko egosi egin behar dira. Biak dira kontsumitzeko erosoak: flaskoetako menestrei nahikoa da likido estalgarria kendu, irakite puntura iritsi gabe berotu eta ontzea. Izoztuak, berriz, nahikoa da ura irakiten dagoen ontzi batera isuri (hobe desizoztu gabe), eta behin egosi ondoren, xukatu eta ontzea. Eltze lasterrean edo presio eltzean egosten bada, nutrienteen galera murriztu egiten da. Menestra normalean lehenengo plater gisa zerbitzatzen da (olioz ondua edo baratxuri edo tipula eta urdaiazpiko olio frijituz lagunduta), baina entsalada eta okel edo arrainen hornigai gisa ere jan daiteke. Menestra (kontserba begetalen arauak adierazten duenez) ilar, orburu eta zainzuriz proportzio beherakorrean osatutako barazki nahasketa da, eta aukeran lekak, babak, azenarioak eta txanpiñoiak ere izan ditzake. Menestra izoztuak, kontserbakoaren alderantziz, ez du arau espezifikorik eta elikagai ultraizoztuen arau orokorrak ezarritakoarekin bat etorri behar du soilik.
CONSUMER EROSKIk zortzi menestra aztertu ditu, kontserbako bost eta hiru ultraizoztuak. Kontserban saltzen direnak izoztuak baino askoz ere garestiagoak dira (kiloa 8 eurotan hasi eta 10 euro baino garestiagoak ere badaude). Izoztuak kiloko 2,84 eurotan hasi eta 3,57 eurora iristen dira. Enbaseak 415 gramotik hasi eta 1 kilo bitartekoak izan daitezke. Azterketa analitikoen emaitzak hain antzekoak izan ziren, ezen kalitate-prezio onena aukeratzeko, dastatzaileen iritzia eta lagin bakoitzaren prezioa baino ez ziren kontuan hartu (argi eta garbi bereizi zituzten laginak, eta nahiago izan zituzten kontserbakoak ultraizoztuak baino). Kalitate-prezio erlazio onena Ankorentzat da, kontserbako menestrarik merkeena da eta dastatzean gehien gustatu zenetako bat. Menestra izoztuen aukera eginez gero, Bonduelle da aukerarik onena, azterketa konparatiboan guztien artean merkeena (barazkia 2,84 euro/kilo).
Etiketatzea: hiruk ez dute araua betetzen
Edozein menestratan derrigorrezko etiketatzea ondorengo hau da: izendapena (“menestra”), enpresaren identifikazioa, osagaien zerrenda, pisu garbia, lotea, lehentasunezko kontsumo data eta erabilera modua. Gainera, kontserban komertzializatzen direnak pisu xukatua eta maila komertziala adierazi behar dute. Gutarra eta Carretilla menestrek (biak ere kontserbakoak) maila komertziala ez zutela adierazten egiaztatu zen eta Bonduelle ultraizoztuak ez zuela zainzuri portzentajea adierazten, izendapenean osagai gisa nabarmentzen zuen arren. Anko menestrak etiketatzean Estra maila adierazten du, baina egiaztatu da lehen mailakoa dela. Leyenda eta Carretilla markek ez dituzte osagaiak proportzio beherakorrean adierazten.
Bestalde, analisia mikrobiologikoek erakutsi zuten lagin guztiak behar bezala garbituak, galdarraztatuak, esterilizatuak eta ultraizoztuak izan zirela, izan ere parametro guztietan emaitza zuzenak lortu zituzten eta batek ere ez zuen mikroorganismo patogenorik.
Laburbilduz eta Konparaketako Taula
Oso gomendagarriak
Menestra barazki nahasketa da, eta barazki aniztasuna zenbat eta handiagoa izan, produktua orduan eta aberatsago izango da bitamina eta mineral aniztasunari dagokionez. Hala ere, ez osagaien aniztasunak ez euren proportzioak ez dute modu erabakigarrian ez energia ekarpenean ez proteina, karbono hidrato edo koipe kopuru osoaren edukian eragiten. Menestrak 100 gramoko 45 kaloriaren ekarpena baino ez du egiten bere osaeraren ondorioz: %87 ura da, %5 eta %9 artean karbono hidratoak, %2 eta %4 artean proteinak (balio biologiko baxua dute: funtsezko aminoazidotan urriak dira) eta koipeak ez dute %1 gainditzen.
Barazkien aniztasuna dela eta, bitamina eta mineralen ekarpena balio handikoa da. C bitamina 16 mg/100 g ematen dute, gure eguneroko beharren herena ia. Eta A bitamina iturri ona dira, beta-karoteno forman. Menestra izoztuen bitamina edukia flaskoko menestrena baino handiagoa da, izan ere ultraizoztuak galdarraztatuta baino ez daude, eta kontserbako menestra, berriz, osorik egosita dago. Menestra izoztua irakite puntuan jartzen denean, kontserbakoaren antzekoa da bere hazkurri balioa.
Zuntza funtsezkoa da gure osasunerako. Menestrak 2 eta 3 gramo ematen ditu 100 gramoko, barazkiak direla kontuan hartuz espero baino gutxiago. Barazki batzuk zuritu eta zatikatu izanaren ondorioz gertatzen da hori, hau da, zatirik samurrenak mantendu eta zuntz gehien dutenak baztertzen dira. Menestra oso plater aproposa da adin guztietarako: bereziki, haur eta pertsona helduentzat, murtxikatzeko eta digestioa egiteko erraza baita. Kaloria gutxi ditu eta horregatik gomendatzen da pisua galtzeko dietetan, beti ere animalia jatorriko koipeak gehitzen ez bazaizkio, urdaiazpikoa, esate baterako, eta ontzeko orduan ez bada olio gehiegi erabiltzen. Zuntz ekarpena oso garrantzitsua du eta horregatik gomendatzen da idorreriaren prebentzio gisa eta haren aurka. Bestalde, bitamina eta mineral ekarpena handia du eta horrek ezinbesteko plater bihurtzen du dieta mediterraneoan. Sodio dieta baxuak behar dituztenek kontserbako menestraren ordez, ultraizoztua jan dezakete, kontserbakoak gatza baitu.
Ongi eginak
Menestra bakar batean ere pisu garbia ez da adierazitakoa baino baxuagoa. Kontserbako menestren pisu garbi xukatuarekin beste horrenbeste gertatu zen. Carretilla, Leyenda (biak kontserbakoak), Frudesa eta Findus (ultraizoztuak) menestrak lekez batez ere osatutakoak dira. Gutarra eta Bonduelle menestretan (biak kontserbakoak) orburuak dira nagusi eta Arkon (kontserbakoa) eta Bonduellen, (ultraizoztua), berriz, ilarrak. Zortzi menestra markek dituzte zainzuriak eta azenarioak baina lauk soilik dituzte txanpiñoiak (Carretilla -kontserbakoa- eta hiru ultraizoztuak) eta Findusek soilik (ultraizoztua) erabiltzen ditu karduak. Osagai gehien dituena (zazpi) Findus da eta Gutarrak (kontserbakoa) lau baino ez ditu eta lekak ez dituen bakarra da, hala ere, proportzio handienean ditu barazkirik garestienak.
Guztiek zituzten adierazitako barazkiak baina Gutarran soilik (kontserbakoa) osagaien zerrenda ordena bat etortzen da barazkien proportzioekin, arauak agindu bezala (modu beherakorrean bana-banaka aipatuta). Carretilla eta Leyenda menestretan lekak dira osagaietan nagusi, nahiz eta euren etiketatzean laugarren lekuan egon. Gainerakoetan ia garrantzirik gabeko diferentziak ikusi ziren. Baina araua ez da horretan geratzen, beharrezko osagaien portzentajea ere adierazi beharra dagoela dio. Kontserba begetalen arau hori (20 urte baino gehiago ditu dagoeneko) oso zorrotza da eta, ziur aski, sektorearen errealitatearekin ez dator bat: osagai bakoitzaren proportzioak zehaztean fabrikatzailearen jarduteko aukera mugatu egiten du. Merkatuak maila horietara egokitzen ez diren menestrak eskaintzen ditu, eta paradoxa ematen duen arren, kalitate komertzial handien eskaintzen dutenak dira, izan ere arauak adierazitakoa baino proportzio handiagoan eskaintzen dituzte kontsumitzaileei barazki garesti eta estimatuagoak iruditzen zaizkienak, hala nola, orburuak, ilarrak edo zainzuriak. Zalantza horiek gorabehera, beraz, esan daiteke Anko dela araua errespetatzen duen bakarra (kontserbako menestrei soilik eragiten die arauak) ultraizoztuek ez baitute arau espezifikorik izan ere onartutako proportzioetan baitituzte barazkiak. Leyendak baimendu baino %14 leka gehiago erabiltzen du eta Gutarrak %10eko proportzioan gailentzen du zainzurien muga.
Kontserbako menestretan hiru maila daude: Estra, Lehena eta Bigarrena. Iluntasunari, osagaien kalitateari eta aurkezpen erari dagokionez dauden aldeak ezberdintzen ditu produktu batzuk eta besteak. Aztertutako bosten artean hiruk baino ez dute aitortzen maila komertziala (Anko eta Leyenda “Estra” direla diote, eta Bonduelle “Lehen mailakoa”). Hala ere, Ankok ez du araua betetzen orburu erdiak ditu eta osoak beharko lukete (hori dela eta, bere maila Estra izatetik Lehen mailara pasatzen da). Gainerakoek ez dute araua betetzen ez baitute mailaren berri ematen baina laborategiko proben bitartez zehaztu ahal izan dugu Lehen mailakoak direla.
Laburbilduz, kontserba begetalei dagokienez eskatutako baldintzei erantzunez (menestra da horietako bat), aztertutako bost laginek atalen batean edo bestean ez dute araua betetzen: barazkien portzentajea, aurkezpen era edo maila komertzialaren adierazpena.
Kontserbako menestrek likido estalgarrian azido askorbikoa ote zuten egiaztatu da (C bitamina). Barazkiak iluntzea ekiditen duen antioxidatzailea da eta kaltegabekoa denez, ez du mugarik zehaztuta. Bonduelle menestran ez da azidorik antzeman. Beraz, bat dator etiketatzean adierazten duenarekin: funtzio horretarako azido zitrikoa erabiltzen du. Carretilla eta Leyenda menestrek azido askorbikoa erabiltzen dute baina ez dute euren etiketatzean adierazten, eta ondorioz ez dute araua betetzen. Barazki izoztuak ez dute antioxidatzailerik behar, enbaseek ez baitute argia pasatzen uzten.
Laburbilduz
- Zortzi barazki menestra lagin aztertu dira, bost kontserbakoak eta hiru ultraizoztuak.
- Kontserban saltzen direnak (8 eurotik hasi eta 10 euro baino garestiagoak dira batzuk) ultraizoztuak baino askoz ere garestiagoak dira (kiloa 2,84 eta 3,57 euro bitartean).
- Maila komertziala eta prezioa aldatu egiten dira osagaien kalitatearen, aniztasunaren eta barazki garestien kopuruaren arabera: orburuak, zainzuriak eta ilarrak.
- Balio energetiko gutxi dute, 50 kaloria inguru ehun gramoko eta zuntz eta B eta C mailako bitamina iturri ona da.
- Ultraizoztua egosten bada, bien hazkurri balioa antzekoa da. Kontserbakoa egosita dago dagoeneko.
- Findusek barazki eta osagai aniztasun handiena du (zazpi barazki ezberdin) eta Gutarrak gutxien. Azken honek lau berazki baino ez ditu, hala ere, proportzio handiagoan ditu osagairik garestienak.
- Carretilla eta Leyenda menestrek azido askorbikoa dute (kontserbatzailea) baina ez du etiketatzean adierazten.
- Dastatzean kontserbako menestrek ultraizoztuek baino emaitza hobeak lortu zituzten. Kontserbakoak askoz ere garestiagoak dira.
- Kalitate-prezio erlaziorik onena Anko kontserbak du (7,70 euro kiloa). Ultraizoztuei dagokienez, Bonduelle da aukerarik onena (2,84 euro kiloa).
Marka | Anko” “Barazki menestra” | Leyenda “Barazki menestra” |
Carretilla “Baratze- ko menestra” |
Bonduelle “Nafarroa- ko menestra” |
---|---|---|---|---|
Aurkezpena | Kontserba | Kontserba | Kontserba | Kontserba |
Adierazi- tako maila komertziala1 |
Estra | Estra | Ez du adierazten | Lehena |
Maila komertzial erreala | Lehena | Estra | Lehena | Lehena |
Barazki prezioa euro/kilo | 7,70 | 7,99 | 8,20 | 8,64 |
Etiketatzea | Ez zuzena | Ez zuzena | Ez zuzena | Zuzena |
Agertzen den pisu garbia (g) | 660 | 660 | 415 | 660 |
Pisu garbi neurtua (g) | 693,4 | 688,8 | 468,7 | 697,9 |
Agertzen den pisu xukatua (g) | 440 | 400 | 270 | 400 |
Pisu xukatu neurtua (g) | 473,8 | 403,2 | 268,3 | 402,8 |
Osagaiak (%): | ||||
Azenarioak (aurkez- pena) 4 |
10,4 (zerrak) | 6,3 (zerrak) | 16,3 (zerrak) | 4,9 (baby) |
Lekak 2 | 9,9 | 33,6 | 27,1 | 15,9 |
Orburuak (aurkez- pena) 3 |
28,8 (erdiak) | 20,7 (osoak) | 13,6 (laurdenak) | 41,4 (erdiak) |
Ilarrak 4 | 33,7 | 30,1 | 17,7 | 19,2 |
Zainzuriak (aurkez- pena)5 |
17,2 (osoak) | 9,3 (motzak) | 17,7 (motzak) | 18,6 (osoak) |
Txanpiñoiak (aurkez- pena) 6 |
– | – | 7,6 (orriak) | – |
Kardua | – | – | – | – |
Azido askorbikoa (ppm) 7 | 215 | 905 | 175 | < 10 |
Dastatzea (1-9) | 6,7 | 6,4 | 6 | 6,6 |
Marka | Gutarra “Nafarroa- ko menestra” |
Bonduelle “Menestra berezia zain- zuriekin” |
Frudesa “Bertako menestra” |
Findus “Baratze- ko menestra” |
---|---|---|---|---|
Aurkezpena | Kontserba | Ultra- izoztua |
Ultra- izoztua |
Ultra- izoztua |
Adierazi- tako maila komertziala1 |
Ez du adierazten | Ez da egokia | Ez da egokia | Ez da egokia |
Maila komertzial erreala | Lehena | Ez da egokia | Ez da egokia | Ez da egokia |
Barazki prezioa euro/kilo | 10,18 | 2,84 | 3,32 | 3,57 |
Etiketatzea | Ez zuzena | Ez zuzena | Zuzena | Zuzena |
Agertzen den pisu garbia (g) | 660 | 1000 + 200 | 750 | 600 |
Pisu garbi neurtua (g) | 698,5 | 1252,5 | 754,3 | 600,1 |
Agertzen den pisu xukatua (g) | 425 | Ez da egokia | Ez da egokia | Ez da egokia |
Pisu xukatu neurtua (g) | 431,2 | Ez da egokia | Ez da egokia | Ez da egokia |
Osagaiak (%): | ||||
Azenarioak (aurkez- pena) 4 |
7,9 (baby) | 25,4 (baby) | 17,6 (baby) | 16,3 (baby) |
Lekak 2 | – | 22,6 | 35,1 | 28,3 |
Orburuak (aurkez- pena) 3 |
41,7 (erdiak) | 7,7 (laurdenak) | 5,0 (laurdenak) | 6,6 (erdiak) |
Ilarrak 4 | 19,6 | 31,5 | 29,6 | 26,2 |
Zainzuriak (aurkez- pena)5 |
30,8 (moztuta) | 7,0 (gehiena zurtoinak) | 4,9 (zurtoinak- puntak) | 8,2 (gehiena zurtoinak) |
Txanpiñoiak (aurkez- pena) 6 |
– | 5,8 | 7,8 | 9,3 |
Kardua | – | – | – | 5,1 |
Azido askorbikoa (ppm) 7 | 65 | Ez da egokia | Ez da egokia | Ez da egokia |
Dastatzea (1-9) | 6 | 5,4 | 5,4 | 4,9 |
1.- Maila komertziala: menestra kontserbetan ezinbestean agertu behar du informazio honek. Hiru maila ezberdin daude: Estra, Lehena eta Bigarrena. Gutarra eta Carretilla markek ez dute araua betetzen ez dutelako informaziorik ematen.
2.- Lekak: kontserbetan %10 eta %20 artean onartzen da. Carretilla eta Leyenda markek maila hori gainditzen dute.
3.- Orburuak: menestra kontserbetan derrigorrezko osagaia. %20 eta %40 artean onartzen da. Carretilla ez da maila horretara iristen eta Bonduelle eta Carretilla maila horretatik pixka bat gorago daude.
4.- Ilarrak: menestra kontserbetan derrigorrezko osagaia. %20 eta % 50 artean onartzen da. Carretilla, Bonduelle eta Gutarra ez dira maila horretara iristen.
5.- Zainzuriak: menestra kontserbetan derrigorrezko osagaia da. %10 eta %20 artean onartzen da. Gutarra eta Leyenda markek ez dute maila hori betetzen
6.- Txanpiñoiak: kontserbetan %2 eta %5 artean onartzen da. Carretilla markak maila hori gainditzen du.
7.- Azido askorbikoa: Landare kontserbetan gehienezko mugarik gabe onartzen den antioxidatzailea. Carretilla eta Leyenda markek erabiltzen dute substantzia hori baina ez dute euren etiketatuan agertzen.
Banan-banan
Banan-banan, zortzi menestra (Kontserban eta ultraizoztuak)
Anko "Barazki menestra". Kontserbakoa.
Dastatzean 6,7 puntu lortu zituen, gehien gustatu zenetakoa izan zen: “zapore ona” duelako eta “barazki aniztasuna” duelako dute gustuko, baina “zaporea oso bizia delako” kritikatzen dute.
Leyenda "Barazki menestra". Kontserbakoa
Benetan maila komertzial Estra eskaintzen duen bakarra da. 5 osagai ditu, lekak, batez ere. Baina ez du araua betetzen ez duelako osagaien proportzio beherakorra adierazten. Antioxidatzaile gisa azido askorbikoa eransten du baina ez du osagai zerrendan adierazten (ez du araua betetzen).
Dastatzean, 6,4 punturekin, gehien gustatu zenetakoa izan zen: bere “kolorea”, “zapore ona” eta “uzten duen zaporea” goraipatzen dira, baina “osagai gutxi” dituelako kritikatzen da.
Carretilla "Baratzeko menestra". Kontserbakoa.
Etiketatze ez zuzena: ez du maila komertziala adierazten eta ez du osagaien ordena beherakorra adierazten. 6 osagai ditu, lekak batez ere. Azido askorbikoa du antioxidatzaile gisa, baina ez du osagai zerrendan adierazten (ez du araua betetzen).
Dastatzean 6.8 puntu lortu ditu, gehien gustatu zenetako izan zen: “zapore goxo eta atseginagatik”, “osagai aniztasunagatik”, “barazki samurrengatik” eta “uzten duen zaporeagatik” goraipatua. “Kolore motela” duelako kritikatzen dute
Bonduelle "Nafarroako menestra". Kontserbakoa.
Lehen mailako kategoria komertziala. 5 osagai ditu, orburuak, batez ere.
Dastatzean 6,6 puntu lortu ditu, gehien gustatu zenetakoa izan zen: bere “zaporeagatik”, “zapore onagatik” eta “uzten duen zaporeagatik” dute gogoko, baina “osagai gutxi dituelako” kritikatu dute.
Gutarra "Nafarroako menestra". Kontserbakoa.
Etiketatze ez zuzena: ez du maila komertzialik adierazten. Osagai gutxien duena da; lau baino ez, orburuak batez ere. Lekak ez dituen menestra bakarra.
Dastatzean 6 puntu lortu ditu, kontserbakoen artean gehien gustatu zenetakoa: bere “zapore ona” eta “uzten duen zaporea” gustuko izan dute, baina “kolore ilunagatik”, “osagai gutxiengatik” eta “barazkien gogortasunagatik” kritikatu dute.
Bonduelle "Menestra berezia zainzuriekin". Ultraizoztua.
Ultraizoztuak aukeratzen dituztenentzat aukerarik onena.
Etiketatze ez zuzena: zainzurien portzentaia ez du aitortzen, nahiz eta salmenta izendapenean azpimarratu egiten duen. 6 osagai ditu, ilarrak batez ere.
Dastatzean 5,4 puntu lortu ditu: bere “osagaien aniztasunagatik” eta “uzten duen zaporeagatik” dute gustuko baina “zapore faltagatik” kritikatzen dute.
Frudesa "Bertako menestra". Ultraizoztua
Findus "Baratzeko menestra". Ultraizoztua.
7 osagai ditu (aniztasun handiena du), lekak eta ilarrak ditu batez ere. Kardua duen bakarra da (arauak ez du horrelako osagairik menestretan onartzen).
Dastatzean 4,9 puntu lortu ditu: “bere itxura ona” eta “osatuena, barazki gehien dituena” izatea goraipatzen dira, baina ez dute gogoko “gatzgabea” delako eta “barazkien gogortasunagatik”.