Ileko tindagai iraunkorrak

Kalitatez desberdin

Denetan hoberena, merkeetako bat. Kolore-intentsitate, kolorgetze eta ile zurien estaltze kontuetan, lagin batetik bestera alde handiak
1 martxoa de 2005

Kalitatez desberdin

/imgs/20050301/analisisb01.jpg
Ilea tindatzeko zortzi tindagai iraunkor beltz aztertu dira oraingoan; horien prezioak, ontziko, 5,07 eurotik (Garnier Belle Color) 10,06 euroraino (L’Oréal Excellence) doaz. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Llongueras Color Advance da: hoberena izateaz gainera, merkeenetako bat da. (5,94 euro).

Ilearen osagai nagusia keratina da eta hiru geruzetan dago egituratua: kutikula edo kanpo-geruza gardena da. Oskol edo tarteko geruzak melaninak dauzka (hauek, denetan ugariak eta egokiro banatuak daudelako, ilearen kolorea baldintzatzen dute). Barne-geruza muina da: honek argiaren errefrakzioan eta ilearen tonuan eragiten du.

Antzina-antzinako aztura

Ilea tindatzeko ohitura egiptoar klasikoengandik iritsi zaigu, beren ilea kolorez aldatzeko landarezko estraktuak (henna, adibidez) eta osagai metalikoak (berun-gatzak, esaterako) erabiltzen zituztelarik. Egun, herrialde industrializatuetako emakumeen %30 – %40 dira ilea tindatzen dutenak, horretarako merkatuaren %80 hartua daukaten koloratze iraunkorrez baliatuz. Tindagai iraunkor horiek (azal-azala bakarrik koloreztatzen duten landare-pigmentuak ez bezala) ez dira ezabatzen burua ikuztean: kolore artifiziala suntsitzeko, keratinazko zuntzak tindatzeko gauza diren produktu kimiko konplexu likido edo oretsuak erabili behar dira. Produktu horiek desagertzeko modu bakarra, beraz, ilea ebakitzea da. Tindagai iraunkor on batek burua ikuztean erresistentzia agertu behar du, ile urdin eta zuriak estali, eta kolore eta distira naturalaz jantzi behar du ilea, berau hondatu gabe.

Oraingoan aztertu diren zortzi laginetatik, L’Oréal markako biek eta Schwarzkopf Brillance laginak 120 mililitro dutenez, adats luze edo ertaina daukatenen pertsonentzat dira egokiak. Llongueras laginak 110 mililitro nahaski du eta gainerakoek 100 mililitro baino ez; kopuru hori eskas gerta daiteke, ilea luze eduki eta sustrai asko estali behar denean.

Kolore intentsitatea

Tindagai hauen bidez lortzen den kolore intentsitatea frogatzeko, produktu bakoitzarekin europar jatorriko ile estandarreko hiruna lagin tindatu ziren, etiketek adierazten dituzten argibideen arabera. Ondoren, emaitzak sei adituk balioztatu zituzten. Kalifikazio hoberenak L’Oréal Recital, Llongueras eta Wella laginek eraman zituzten eta kolore motelagoa agertu zutenak Colorcrem, L’Oréal Excellence, Garnier Belle Color eta Schwarzkopf izan ziren.

Tindagai hauen eraginaren iraupena balioztatzeko, tindaturiko hiru xerloetatik bi sodio-sulfatodun laurilekin ikuzi ziren, hirugarrena erreferentzia gisa utzi zelarik. Tindagai sendoenak Llongueras, Wella Kolestint eta L’Oréal Recital izan ziren eta Colorcrem, L’Oréal Excellence, Garnier Belle Color eta Schwarzkopf, aldiz, ahulenak. Garnier Nutrise erdibidean agertu zen.

Tindatu ondoren, oso litekeena da adats luzea edo ertaina daukatenek, aurreneko ile-ikuzteak egindakoan, alkandorako lepoaldea edo ilea lehortzeko erabili duten toaila zikintzea. Tindagaiek uraren aurrean nolako erresistentzia ezartzen zuten neurtzeko, beraz, xerlo tindatu berriak lehortu arte kotoizko oihal zuri batean utzi ziren, ehuna zikintzen zuten ala ez egiaztatzeko. Schwarzkopf izan zen hoberena (ez du batere zikintzen), ondotik L’Oréal Recital Préférence (arrastorik uzten du arropan) zetorkiola; beste muturrean Wella agertu zen (arropa oso tindaturik uzten du); horren atzetik Colorcrem, Llongueras eta Garnier Belle zetozen.

Kolorea: tindaturiko xerloak ondoren ikuzi ziren, tindua galtzen segitzen zuten atzemateko: zortzi tindagaietatik seik dezente galdu zuten baina Colorcrem eta Schwarzkopf laginek utzitako arrastoa askozaz ere txikiagoa izan zen.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Ile urdinak estaltzea

/imgs/20050301/analisisb02.jpg
Ilea kolorez janzteaz gainera, tindagaiek ile urdin eta zuriak estali behar dituzte. Produktuek horrelako ileak nola tratatzen zituzten neurtzeko, lagin bakoitzarekin hainbat xerlo urdin eta zuri tindatu ziren: L’Oréal Recital Préférence, Colorcrem eta Llongueras izan ziren ile zuri guzti-guztiak estali zituztenak; L’Oréal Excellence eta Schwarzkopf laginekin trataturiko xerloek, aldiz, “ezkutatu gabeko” ile zuri asko agertu zituzten.

Krema koloratzaile hauek aplikatuta larruazalak nolako tolerantzia duen aztertzeko, 20 boluntario heldu osasuntsuren besoetan 0,02 mililitro produktu huts aplikatu eta partxe batekin itxita eduki zen, 45 minutuz. Erreakzio alergikorik (eritema, edema, lehorketa, hazkura) agertu ote zen aztertu zuen dermatologoak. Zortzi laginetatik zazpi ez dira kaltegarri. L’Oréal Recital Préférence, berriz, “narritadura arin bat” eragin zuen. Emaitza hori larruazal-mota batetik bestera aldatu egin daitekeenez, ilea estreinakoz tindatu aurretik edo markaz aldatzean, hobe da produktu tanto bat belarriaren atzealdean bi egunez ipintzea, arazorik ondorioztatuko ez digula segurtatzeko.

Zortzi etiketak zuzen daude: erabiltzeko argibideak, ohartarazpenak, osagaien zerrenda eta legeak agintzen dituen gainerako datu guztiak (enpresaren izen eta helbidea, lotea, etc.) argi eta era ezabaezinean agertzen dituzte lagin guztiek.

Osoko kalitate teknikoa

Tindagaien kalitatea balioztatzeko unean parametro guztiak ez dira modu berean baloratu: kolorearen intentsitateari azken kalifikazioaren %30 aitortu zitzaion, ile urdin eta zuriak estaltzeari, kolorearen erresistentziari eta ehunean tindurik uzteari kalifikazio osoaren %20, eta laginek larruazala narritatzeko gaitasunari, berriz, %10. Etiketa ez zen aintzat hartu, lagin guztiek nota bera erdietsia baitzuten.

Horren arabera, kalitate handieneko tindagaiak L’Oréal Recital Préférence eta Llongueras Color Advance izan ziren, biak “oso ongi” kalifikatuak: kolorearen intentsitatea, behin bakarrik eta lau aldiz ikuztearen aurreko erresistentzia eta ile zuriak era egokian estaltzearren; dena den, L’Oréal Recital laginak pittin bat narritatzen duela atzeman zen. Wella Kolestint eta Garnier Nutrisse Natea laginek “ongi” hutsa jaso zuten, lortzen duten kolorearen intentsitateagatik eta ikuztearen aurreko erresistentziagatik; dena den, ile urdinak estaltzen ez dira biziki eraginkorrak.

Colorcrem, L’Oréal Excellence Creme, Garnier Belle Color eta Schwarzkopf Brillancek kalifikazio txarrak eraman zituzten oinarrizko parametro batzuetan, hala nola kolorearen intentsitate eta erresistentzian. Bestetik, Garnier Belle Color laginak ez ditu ile zuriak egokiro estaltzen eta L’Oréal Excellence eta Schwarzkopf Brillance ez dituzte xerloak era homogeneoan tindatzen, “tigre” antzeko burua utzirik.

Erabiltzeko aholkuak

Etxean tindagai iraunkorra aplikatzea eginkizun zaila ez bada ere, emaitzarik hoberena lortuko badugu aholku batzuk bete behar ditugu:

  • Nahasgai osoa erabiltzea beti. Ilea tindatzeko ontziko produktua amaitu ez badugu ere, gainerakoa ezin gorde dezakegu hurrengo batean erabiltzeko. Bota egin behar da.
  • Nahaskia prestatu eta berehala aplikatzea, tarterik utzi gabe.
  • Ontzian datozen eskularruak jantzita egin behar dira eragiketa guztiak.
  • Oraingoan ilea estreinakoz tindatu edo markaz aldatu behar badugu, hobe dugu sentsibilitate-test bat egitea: belarri-gingilaren atzealdean tanto bat tindagai aplikatu eta bertan utziko dugu 48 orduz, bertan erreakzio alergikorik (gorritzea, narritadura, etc.) agertzen den ikusteko.
  • Permanente egin ondoren eta ilea tindatu aurretik gutxienez bi eguneko tartea itxoitea komeni izaten da.
  • Tindagaiarekin, ahal dela, arropa edo azalera porotsurik ez ukitu: horrelakoetan orban ezin ezabatuzkoak gera daitezke eta.
  • Horrelako tindagaiek ez dute balio betileak edo bekainak tindatzeko, ezta ilea tindatzeaz bestelako ezein erabileratarako ere.

Laburbilduz

  • Ileko zortzi tindagai iraunkor beltz aztertu dira oraingoan; horien prezioak, ontziko, 5,07 eurotik (Garnier Belle Color) 10,06 euroraino (L’Oréal Excellence) doaz.
  • L’Oréal markako bi laginek eta Schwarzkopf Brillancek tindagai kopuru handiena ematen dutenez (120 ml.), adats luzeak tindatzeko egokiagoak dira. Llongueras laginak 110 ml dauka eta gainerakoek 100 ml baizik ez.
  • Kolore beltz-beltzena Llongueras, Wella eta L’Oréal Recital Préférence laginek lortzen dute; beltz hitsenak, berriz, Schwarzkopf, Colorcrem, L’Oréal Excellence Creme eta Garnier Belle Color laginek.
  • L’Oréal Recital Préférence, Colorcrem eta Llongueras laginek bakar-bakarrik estaltzen dituzte ile zuriak. L’Oréal Excellence Creme eta Schwarzkopf laginek, aldiz, ile zuri ugari utzi zuten estaltzeke.
  • Ilea hobekien uzten dutenak L’Oréal Recital Préférence eta Llongueras Color Advance dira, kolore intentsitate handiagoz janzten dutelako eta ile zuriak erabat estaltzen dituztelako.
  • Osoko kalitateari dagokionez, Llongueras eta L’Oréal recital Préférence laginek “oso ongi” kalifikazioa irabazi dute; Garnier Nutrisse Natea eta Wella-k “ongi” eta Colorcrem, L’Oréal Excellence Creme, Garnier Belle Color eta Schwarzkopf laginak, azkenik, “kalitate apalekoak” dira.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Llongueras Color Advance laginak eskaintzen du: merkeenetako bat izaki, kalitate eta eraginkortasun handienekoa da. L’Oréal Recital Préférence ere aukera polita da: garestixeago da baina emaitza on-onak erakusten ditu.
Marka Llongueras color advance Lóreal recital référence Wella kolestint Garnier nutrise natea
Kolorea 1 Beltza 1 Napoli 2/0 Beltza 1 Beltza
Prezioa (euro kutxako) 5,94 9,23 6,29 6,55
Etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Kutxako osagaiak Krema errebelatzailea
Krema koloratzailea
2 eskularru
Nutrizio- tratamendua
Errebelatzailea
Xanpu koloratzailea
2 eskularru
distira- iraunarazlea
Kolore- eragilea
Krema koloratzailea
2 eskularru
Zaintza- krema
Esne Errebelatzailea
Maskara koloratzailea
2 eskularru
Olio elikagarria
Zaintza- krema
Aplikatzeko kopurua (ml) 110 120 100 100
Kolore- intentsitatea Oso ona Oso ona Oso ona Ona
Ikuzketari erresistentzia xerlo tarteetan Oso ona Ona Ona Ona
Ikuzketari erresistentzia erreferentziarekiko Oso ona Oso ona Ona Ona
Tindatu ondoren, ehunen gainean arrastoa uztea Gaizki Ona Gaizki Ona
Ikuzi ondoren, ehunen gainean arrastoa uztea Gaizki Gaizki Gaizki Gaizki
Ile urdinak estaltzea Oso ona Oso ona Hainbestekoa Hainbestekoa
Narritagarritadurarik Ez da atzeman Pittin bat narritatzen du Ez da atzeman Ez da atzeman
Osoko kalitatea Oso ona Oso ona Ona Ona
Marka Garnier Beller color Eugene perma colorcrem Schwarzkopf brillance Lóreal excellence creme
Kolorea 1 Beltza 20 Beltzarana 890 Beltza 1 Beltza
Prezioa (euro kutxako) 5,07 5,23 6,34 10,06
Etiketa Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen
Kutxako osagaiak Esne Errebelatzaileaa
Krema koloratzailea
2 eskularru
Krema elikatzailea
Krema errebelatzailea
Krema koloratzailea
2 eskularru
Emultsio Errebelatzaileaa
Krema koloratzailea
2 eskularru
Kolore eta distira- zaintza
Krema errebelatzailea
Krema koloratzailea
2 eskularru
Serum babeslea
Zeramidazko proteinak
Aplikatzeko kopurua (ml) 100 100 120 120
Kolore- intentsitatea Apala Apala Apala Apala
Ikuzketari erresistentzia xerlo tarteetan Apala Apala Apala Apala
Ikuzketari erresistentzia erreferentziarekiko Oso ona Oso ona Oso ona Oso ona
Tindatu ondoren, ehunen gainean arrastoa uztea Gaizki Gaizki Oso ona Oso ona
Ikuzi ondoren, ehunen gainean arrastoa uztea Gaizki Ona Gaizki Gaizki
Ile urdinak estaltzea Hainbestekoa Oso ona Gaizki Gaizki
Narritagarritadurarik Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman Ez da atzeman
Osoko kalitatea Apala Apala Apala Apala

Banan-banan

Zortzi tindagai iraunkorrak, banan-banan

Llongueras Color Advance

/imgs/20050301/llongueras.jpg 5,94 euro ontziko
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. “1 Beltza” kolorea.
110 mililitro krema koloratzaile. Bere kolore intentsitatea eta ikuztearen aurreko erresistentzia on-onak dira eta, gainera, ile zuri guztiak estaltzen ditu. Beste alderditik, arropa zikintzen du.
Osoko kalitatea: oso ona.

L'Oréal Recital Préférence

/imgs/20050301/loreal.jpg 9,23 euro ontziko
Aukera polita, hau ere. “1 Nápoli” kolore beltza.
Adats luzedun pertsonentzat egokia, tindagai gehien ematen duen lagina baita (120 mililitro). Bere kolore intentsitatea eta ikuztearen aurreko erresistentzia on-onak dira eta, gainera, ile zuri guztiak estaltzen ditu. Larruazala narritatzen du, baina pittin bat bakarrik.
Osoko kalitatea: oso ona.

WELLA Kolestint

/imgs/20050301/wella.jpg 6,29 euro ontziko “2/0 Beltza” kolorea.
100 mililitro krema koloratzaile: kopuru gutxien ematen dutenetako bat. Bere kolore intentsitatea eta ikuztearen aurreko erresistentzia on-onak dira baina ile zuri guztiak ez ditu estaltzen.
Osoko kalitatea: ona.

Garnier Nutrisse Natea

/imgs/20050301/garnier.jpg 6,55 euro ontziko
“1 Beltza” kolorea.
100 mililitro krema koloratzaile: kopuru gutxien ematen dutenetako bat. Azterturiko parametro guztietan kalifikazio ertainak lortu ditu. Ile zuri guztiak ez ditu estaltzen.
Osoko kalitatea: ona.

Garnier Belle Color

/imgs/20050301/belle.jpg 5,07 euro ontziko, denetan merkeena.
“1 Beltza” kolorea.
100 mililitro krema koloratzaile: kopuru gutxien ematen dutenetako bat. Bere kolore intentsitatea eta ikuztearen aurreko erresistentzia ahulenetakoak dira. Arropa zikintzen du eta gainera ile zuri guztiak ez ditu estaltzen.
Osoko kalitatea: apala.

EUGENE PERMA Colorcrem

/imgs/20050301/eugene.jpg 5,23 euro ontziko
Kolore beltza, “20 beltzaran”.
100 mililitro krema koloratzaile: kopuru gutxien ematen dutenetako bat. Tindatu ondoren, ilea zaintzeko inolako tratamendurik eskaintzen ez duen lagin bakarra. Bere kolore intentsitatea eta ikuztearen aurreko erresistentzia, ahulenetakoak dira. Ile zuri guzti-guztiak estaltzen ditu.
Osoko kalitatea: apala.

Schwarzkopf Brillance

/imgs/20050301/schwar.jpg 6,34 euro ontziko
“890 Beltza” kolorea
Adats luzedun pertsonentzat egokia, tindagai gehien ematen duen lagina baita (120 mililitro). Ile zuri asko tindatzeke uzten ditu. Bere kolore intentsitatea eta ikuztearen aurreko erresistentzia, ahulenetakoak dira.
Osoko kalitatea: apala.

L'Oréal Excellence Creme

/imgs/20050301/excellence.jpg 10,06 euro ontziko: denetan garestiena
“1 Beltza” kolorea.
Adats luzedun pertsonentzat egokia, tindagai gehien ematen duen lagina baita (120 mililitro). Ile zuri asko tindatzeke uzten ditu. Bere kolore intentsitatea eta ikuztearen aurreko erresistentzia, ahulenetakoak dira. Osoko kalitatea: apala.