Maniak

Esklabo bihurtzen gaituzten erritoak

Gauzak errutinaz egiteko premia duenak, antsietate biziaren eraginez, mania patologikoa nozitzen du
1 martxoa de 2005
Img interiormente listado 171

Esklabo bihurtzen gaituzten erritoak

/imgs/20050301/interiormente01.jpg
Kalean goazela ez al dugu sentitu inoiz baldosa lerroren bat ez zapaltzeko presioa? Edo automobilen matrikulak ikastea, edo butaka ilarak zenbatzea, edo iturriari tantorik ez dariola behin eta birritan egiaztatzea, edo argia itzalita edo atea ongi itxita dagoen begiratzea… Mania txikiak dira horiek guztiak baina, muturrera eramanik, jasaten dituen pertsonarentzat eta berorrekin harremanetan bizi direnentzat arazo larria bihur daitezke. Agerkera xelebrekoa izatetik jokaera konpultsiboen morroi izatera (hau da, bere borondatetik harago doan egintza burutzeko premia larria sentitzera) pasa daiteke gizakia.

Nolabaiteko maniak izatea normala da; horiek gizakiaren denbora eta egonkortasuna desorekatzen hasten direnean eta pertsona horrekin bizitzea arazo bihurtzen dutenean sortzen da arazoa. Gasa itzalita dagoen egiaztatzea ez da kaltegarria baina egiaztapen hori hiru, lau edo gehiagotan errepikatzea (pasabidea irekita ez dagoela ikusi ondoren ere) pertsona horri gaitz larria bilakatzen zaio. Azkenean, mania horien eskutik antzeko beste batzuk ere etortzen direnez, eguneroko bizitza errito bihurturiko portaerek betetzen dute.

Manien errito-segidak harritu eta gogaitu duen lehen pertsona gaitz horiek nozitzen dituena da. Ez daki zergatik gertatzen zaion, ez nondik datorkion ere, baina errito horiek bete gabe eta berorien mendeko izan gabe bizitzerik ez dagoela sentitzen du. Zergatik bilakatu da maniatiko, ostera? Kasu batzuetan nortasun obsesiboa izaten da arrazoietako bat, bestetan kontziente bilakatu gabeko motiboak edo kulturalki ikasitako azturak, baina gehien-gehienetan ez dago arrazoi taxuzkorik. Ba omen dago ezaugarri orokor bat: nortasunaren egitura zurrun samarra, pertsona atsekabetzeraino eta bere harreman sozialak galarazteraino irits daitekeen zurruntasuna. Maniatikoari gauza horiek zergatik edo zertarako egiten dituen galdeginez gero, berak ez lekike ihardespenik ematen. Dena den, badaki, ederki jakin ere, erritoa bete ondoren bakarrik dagoela gustura, bere antsietatea horrela bakarrik lasaitzen baitu. Ez da ahaztu behar, noski, ingurukoak bere onetatik ateratzen ditu, hauek bere eta haren estutasuna nozitzen duten arren, lasaitu ez baitute egiten.

Maniek ere “habia goxoagoa” dute pertsona mota batzuengan edo bizitzako une batzuetan?

Badirudi mania edo portaera-erritualak maizago gertatzen direla:

  • Primario edota kultura-maila apaleko pertsonen -ez da gauza bera pertsona ikasia, ospetsua edo aberatsa izatea eta kultua izatea- egintzak kuttun, estanpa edo keinu estereotipatuek determina ditzakete.
  • Adin handiko pertsonengan. Gizakiak bere burua zahartzen ikusi ahala, segurantziarik ezarekiko beldurrak aztura zurrunak harrarazten dizkio eta horiek, luzera, aldagaitz bilakatzen dira: bazkaltzeko ordua, irakurtzekoa, paseatzekoa…
  • Bakarrik bizitzen ohitu diren pertsonek beren bizi-espazioa moldatu dute, ohitura eta azturez josita. Pertsona bakarti hori beste inorekin, epe batez edo betirako, bizi ez den bitartean ez dago eragozpenik, baina gainerakoekin bizitzeko malgutasuna agertzen eta nork bere ohituretako batzuei uko egiten jakin behar da.
  • Lanean, oso ordenatuak, perfekzionistak eta eskrupulu ugarikoak diren pertsonek, ordena eta gainerako horiek, berez, ohitura onak badira ere, portaera zurrun -mania, alegia- bihur dezakete.
  • Gizaki xelebreek badituzte bere bitxikeriak baina berezi den hori ez da zertan izan mania, are gutxiago mania patologiko.

Bitxikeria batzuk beste batzuk baino ohikoagoak dira?

Zenbat pertsona mota hainbat mania daudela esan liteke. Mania horiek aldez edo moldez sailkatu beharko balira, berriz, ordenaren neurrigabeko obsesioa, garbitasuna, eskrupuluak, segurantziaren premia eta perfekzionismoa hartuko lirateke aintzat.

  • Ordenari dagozkion maniak
    • Etxeko gauza bakoitza bere lekuan egotearen premia. Etxeko ordena gauza mesedegarria da baina, objektu bakoitzak bere espazioa betetzen duela egiaztatu eta agindu ezean, pertsonak antsietatea eta konfliktoa nozitzen badu, mania horren mendeko da.
    • Objektuak era simetriko eta lerrokatuan antolatzeko joera.
    • Gauzak behin eta berriz zenbatzeko kezka, kontatu eta sailkatzeko premiak eraginik.
    • Norberaren eta gainerakoen puntualtasuna zernahiren gainetik jartzea.
  • Garbitasunari, eskrupuluei eta osasunari dagozkion maniak.
    • Gaixotzeko beldur irrazionalaren ondorioz, gehiegizko neurriak hartzea: sendabelar dendetan sartu ohi izatea, huskeriengatik sendagilearengana joatea, petrikiloari kontsulta maiz egitea, haize korronteetatik, kutsaduretatik, arrisku bihur daitekeen guztitik beldur izugarriz babestea.
    • Eskuak edo ahoa maiz ikuzteko premia.
    • Besteek ukitu dituzten gauzak ukitzeko beldurra.
    • Besteei bostekoa emateko nazka edo herra.
    • Etxea sarri-sarri garbitzeko ohitura konpultsiboa.
    • Elikagaiekin eta hauen osagaiekin kutsatzeko beldur izugarria.
    • Norberaren sekrezioez nazkatzea.
  • Segurantziari dagozkion maniak
    • Ate, leiho, iturri, etxetresna, argi eta gainerakoak behar bezain ongi itxita edo itzalita daudela sarritan egiaztatzeko joera.

Nola asmatu pertsona batek mania patologia nozitzen duela?

American Psychiatric Asociation elkartearen Trastorno Mentalen Diagnosi eta Estatistikako Liburuak, errito konpultsiboekin loturiko nortasunaren trastorno obsesibo-konpultsiboa diagnostikatzeko irizpide batzuk ematen ditu.

Hurrengo sintometatik lau edo gehiago agertzea profesionalarengana kontsultatzera joateko motibo izan daiteke, hara:

  • Xehetasunez, arauez, zerrendez, ordenaz, antolamenduaz edo ordutegiez kezkatzea, jardueraren objektu nagusia ez ikusteraino.
  • Lanei amaiera ematea galarazten duen perfekzionismoa. Pertsona ez da gauza proiektua burutzeko, bere exijentziak betetzen ez dituelako.
  • Lanari eta zereginari gehiegizko garrantzia ematea, adiskideekiko harremanak eta aisialdiko jarduerak baztertuta (begi bistako premia ekonomikoek aginduta ez daudenean).
  • Moral, etika edo balio gaietan gehiegizko burugogorkeria eta zurruntasuna agertzea.
  • Higatu diren edo alferrikakoak diren gauzak (are balio sentimentalik ez dutenak ere) zakarrontzira botatzeko gauza ez izatea.
  • Eginkizun edo lanak beste inorengan delegatzeko mesfidantza, besteek gauzak egiteko modua ezartzeari men egin ezean.
  • Norberaren eta besteren gastuetan zurruntasuna; etorkizuneko hondamendien prebentzioan, metatu behar den zerbait da dirua.
  • Izaera zurrun eta obstinatua.