Abentura-kirola

Segurtasun eta zerbitzu-kalitate aldetik, gaizki

Espainia osoko abentura-kiroleko ehun enpresak emaniko informazioa aztertu da. Horietako batetik bestera, prezioetan alde handiak
1 martxoa de 2005
Img temap 219

Segurtasun eta zerbitzu-kalitate aldetik, gaizki

/imgs/20050301/tema01.jpg
Naturarekin tradizioz loturiko kirolei (mendian ibiltzea, eskia, hipika, bela) aspaldi honetan naturari ahalik eta zuku handiena ateratzea xede duten kirol-jarduera berriak erantsi zaizkio: praktika hauetako bereizgarria emozio handia eta estresa izaten dira. Parapentea, delta hegoa, raftinga, arroilen jaitsiera, puentinga, erorketa askea eta beste hamaika abentura-kirolek erabiltzaileari ohiz bestela ariketa egin eta gozatzeko aukera eskaintzen diote; hori bai, kasu gehienetan, eskarmentuaz gainera, erakusleak, instalazioak, ekipoak eta materialak eskaintzen dituzten enpresa espezializatuen eskutik.

Kirol berri horiek nolako baldintzetan praktikatzen diren aztertu du CONSUMER EROSKI-k; zehazkiago esateko, arrisku-faktoreak noraino kontrolatzen diren eta, sektore horretan, Espainian hogei urte baino gutxiago daramaten enpresa horiek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea nolakoa den zehaztea zen kontua. Hamahiru espezialitatetan (delta hegoa, alpinismoa, erorketa askea, arroilen jaitsiera, eskalada, espeleologia, flysurf edo kitesurfa, hidrospeeda, parapentea, piraguismoa, raftinga, puentinga eta urpekaritza) diharduten ehun enpresaren zerbitzuak aztertu dira. Enpresa horien -turismo aktibokoak ere esaten zaie- egoitzak hurrengo hirietan daude: Huescan (aztertuetatik 14), Asturias (11), Madril (10), Girona (8), Kantabria (7), Nafarroa (5), Alacant (5), Lleida (4), Cadiz (4); hiruna Bizkaia, Tarragona, Sevilla, Málaga, Gipuzkoa eta Almerian; bina Teruel, Pontevedra, Murtzia eta Bartzelonan; bakarra Zaragoza, Valentzia, Granada, Castelló, Cáceres eta Araban.

Azterlanetik ondorioztatzen da Espainian abentura-kirola oraingoz ez dela inondik ere heldutasunera iritsitako eta finkaturiko enpresa-sektorea, komertzializatzen duten produktuari berez arriskua zor zaion arren, segurtasun-alorrean duen defizitari konponbiderik aurkitu ez zaiolako, funtsez: azterturiko enpresa guztien %27k ez dute proba gainditu; bestetik, %34 “onartzeko modu” apalean agertu dira. Zerbitzuaren kalitatea, gainera, urri-urria da: enpresen %54k ez dute CONSUMER EROSKI-ren azterketa gainditu. Prezioetan, aldiz, sekulako aldeak hauteman dira: kontratatzen den abentura-kiroleko enpresaren arabera, flysurf-en ikastaroa, laguneko, 200 eta 300 euro bitartean kosta dakioke erabiltzaileari; egun bakarreko eskalada-saioa 10etik 110 euroraino eta alpinismoa, eguneko, 12 eurotik 88raino.

Abentura-kiroleko enpresa horiek duten hutsune nagusia segurantzia da, batik bat, alderdi hori behar bezain ongi bermaturik ez baitago. Segurantzi kontuetan enpresen laurdenak ez du azterketa gainditu baina, horrez gainera, kalifikazio on bat merezi dutenak %39 baizik ez dira. Gabeziarik ohikoena, jarduerari ekin aurretik, beraiek egin beharreko kontrol meteorologikoa da: gehien-gehienek ez dute egiten edo, gehienez ere, telebistan zein irratian albisteak entzute hutsa izatera mugatzen da neurri hori. Arriskudun praktika horietan esku hartzeko baimena eman aurretik bezeroei eskatu behar dizkieten baldintza eta betebeharrei (tituluak edo osasun-egiaztagiriak) dagozkien probak ere gainditzeke utzi dituzte enpresa gehien-gehienek. Era berean, bezeroen prestakuntza fisiko eta psikologikoa ezagutzeko egitea komeniko litzatekeen proban ere azterketa gainditu gabe utzi dute ia denek. Segurtasun alorreko hoberena: erakusleek erabiltzaileekin batera joatea, erantzukizun zibileko asegurua egitea eta erakusle gehienek titulu egokia edukitzea da. Informazio hau guztia eta txosten honetan agertzen den gainerakoa azterturiko abentura-kiroletako enpresek emanikoa da.

Kontuan izan dezagun, segurtasun-eskaera dela eta, kirol-espezialitate horiek guztiak ez daudela maila berean: kalifikazio hoberena hidrospeed eta urpekaritzak jaso dute. Nota txarrenekoa, paradoxa bada ere, ikusi batera arrisku handienetako batentzat izan da: erorketa askea. Honakoa, kontrol meteorologikoan, bezeroei eskatu beharreko baldintzak eta erabiltzaileen egoera fisiko eta psikologikoaren balorazioan azterketa gainditzeke uzteaz gainera, erakusleen titulazioak ere akatsak agertu ditu: den-denek ez daukate behar bezalako titulua eta irteerak egoera prekarioan egiten dira: botikinik, komunikatzeko aparaturik, maparik, ipar-orratzik eta prismatikorik gabe, alegia.

Zerbitzuaren kalitatean eta bezeroarenganako arretaz, berriz, azterturiko enpresen erdiak baino gehiagok “gutxiegi” eraman du eta laurdenek ozta-ozta gainditu dute proba. Enpresa horien %15ek “ongi” kalifikazioa jaso dute eta %6k soil-soilik, “oso ongi”. Hobekuntza gaitzena eskatzen duen alderdia aski jeneralizatua dagoen praktika bat da: erabiltzailearekin kontraturik hitzartzen ez denez, bezeroak defentsarik gabe egokitzen dira, gerora erreklamaziorik egin behar izatekotan. Beste aspektu akastun bat erabiltzaile ezinduarenganako arreta urri-urria da: instalazio gehien-gehienak eta ia jarduera guztiak -salbuespen gutxiz: delta hegoa eta flysurf edo kitesurfa- ez daude elbarri edo ezindu dauden bezeroentzat egokituak eta, era berean, horientzako berariazko ikastarorik ez da antolatzen. Beste aldetik, ostera, enpresa horiek badituzte azpimarratzeko moduko alderdi onak beren zerbitzuetan: horietako bat, praktikatu nahi den kirolean aritzeko beharrezkoa den ekipoa alokatu ahal izatea da. Beste bat, oraino: jarduera horiek praktikatzeko garaia aresti arte bakoitzaren goi-denboraldia baizik ez zelarik, orain urteko ia-ia zeinahi sasoitan praktika daitezke, kirol horien berri ezagutu nahi dutenen mesedetan. Aintzat hartzeko modukoa da, besteak beste, alor hauek dezente hobetu direlako (ikus CONSUMER 35 zk, 2000ko uztailekoa) ingurugiro alorreko arautegia betetzea eta instalazioak hobetu izana: egun, honelako gehientsuetan, bulegoa, aldagelak, material-biltegia eta parkingak izaten dira.

Segurtasuna: oraindik ere, dezente hobetzeko

/imgs/20050301/tema02.jpg
Analizaturiko hamahiru kiroletatik bostek bakarrik gainditu dute azterketa segurtasun alorrean: urpekaritza, hidrospeeda, raftinga, arroilen jaitsiera eta alpinismoa dira.

Bete beharreko baldintzak: bezeroak egoera fisiko eta psikologiko onean dagoela bermatzea dela eta, enpresen %18k ez die eskatzen inolako baldintzarik (adina, egoera fisikoa, titulua edo eginiko ikastaroak, osasun-egiaztagiria…) betetzea; %55ek eskatu egiten badie ere, oso-oso modu oinarrizkoan egiten du. Beraz, azterturiko hamahiru kirol-espezialitateetan ez dabiltza ederki enpresa horiek.

Bezeroari egin beharreko azterketa fisiko eta psikologikoa: dagokion kirol-jardueran bezeroa esku hartzeko prestaturik dagoen ez dute ebaluatzen enpresen %21ek; bestetik, %23k sekulako kontrola gaindiarazten die, osasun-egiaztagiria edo, bestela, jarduerarekin zerikusirik izan dezaken titulurik eskatuz. Gainerakoek galdetu eta bezeroaren itxura fisikoari erreparatu baizik ez dute egiten, ezta balorazio objektibo eta osorik ere: enpresen %21ek aski du begiz harturiko ebaluazioa eta %35ek afera hauetaz bezeroekin hitz egiten dute.

Aurretiazko entrenamendua: kirola praktikatzen hasi aurretik enpresen %53k bakarrik egiten dute bezeroarekin entrenamendurik. Flysurf eta kitesurfak lortu dute sail honetako kalifikazio hoberena, ondotik erorketa askea, arroilen jaitsiera eta hidrospeeda datozkiela. Atzeko postuetan espeleologia, eskalada, parapentea eta piraguismoa daude: honelako jarduerak praktikatzea eskaintzen duten enpresa guztien erdiak baino gutxiagok egiten du entrenamendurik aurretiaz.

Erakusleak: kasuen %14tan erakusleak ez doaz bezeroekin batera jarduerak praktikatzera. Beste aldetik, ordea, behar bezalako titulu eta prestaketaz jantzi gabe dauden monitoreak %6 baizik ez dira. Tituludun erakusleen gabezia larriena agertzen duten jarduerak erorketa askea eta flysurf edo kitesurfa dira, ondoren espeleologia datorrela. Puentingak ozta-ozta gainditu zuen eta gainerako kirol-motak ederki agertu ziren atal honetan.

Kontrol meteorologikoa: aztertu ditugun enpresen %14k bakarrik dituzte erakunde espezializatu baten zerbitzuak kontrataturik, beren kokaleku eta jarduerekin loturiko informazio meteorologiko zehatza jasotzeko. Hamarretik seik oinarrizko kontrola baizik ez dute egiten (telebistan edo Interneten eguraldi-aurreikuspenak kontsultatzen dituzte) eta hamarretik ia batek ez du horrelako informaziorik ere jasotzen, aldizkari honi aitortu ziotenez. Prebentzio-proba hau kirol-jarduera guztiek gainditu gabe utzi duten arren, puenting, delta hegoa, flysurf eta parapentea goitiagotik ibili dira.

Larrialdiko materiala: hamar enpresatik bederatzik, antolaturiko kirol-jardueretara botikina eramaten dute eta hamarretik seik ekipaian komunikatzeko aparaturik sartzen dute, hala nola telefono mugikorra edo walkie-talkiak. Segurtasun alorreko beste hainbat alderdiri dagokiola, enpresen %18k bakarrik daramate erreskatea egiteko materialik, %7k dauzka elikagai energetikoak, %5ek baizik ez dute ipar-orratza, %4k mapak eta %3k prismatikoak eta burusi termikoa. Alderdi hauxe da kirol-jarduera batzuetan gutxi-gutxien zaintzen dena, hala nola erorketa askea, delta hegoa, flysurfa, parapentea eta urpekaritza; hauek, beraz, “gaizki” kalifikazioa baizik ez zuten merezi. Azterturiko gainerako kirolak gainditze horren ertzean geratu dira.

Erantzukizun zibileko asegurua: honelako kirol-jardueretan nahitaezkoa den aseguru mota hau denek egiten dutela adierazi diguten arren, lautik hiruk bakarrik aitortu dute ezbeharrik gertatzekotan derrigorrezkoa ez baina arras komenigarria den osasun-artapeneko aseguru hori hitzartua dutela. Jardueraka, atal honetan kalifikazio kaskarrena flysurfak eraman du: “onartzeko moduan” baino ez du erdietsi. Erorketa askea, delta hegoa eta parapentea “ongi” soilera iritsi dira eta gainerakoek “oso ongi” eskuratu dute.

Zerbitzuaren kalitatea eta bezero-artapena

/imgs/20050301/tema03.jpg
Abentura-kiroleko enpresek alor honetan ere asko-asko hobetu behar dutela egiaztatu da azterlan honetan: horietako %54k azterketa gainditzeke utzi du eta %25ek ozta-ozta gainditu baino ez du egin; %15ek “ongi” eta %6 apalegiak “oso ongi” jaso du batez beste. Zerbitzuaren kalitate aldetik kirol eskasenak parapentea, espeleologia, alpinismoa, eskalada, arroilen jaitsiera eta puentinga izan dira. Flysurfak “ongi” kalifikazioa lortu zuen eta gainontzekoak “onartzeko moduan” geratu dira. Atal honetako alderdi eskasenak bi dira: kontraturik ez izatea (eta horrek ondorioztatzen duena: enpresa hauek bezeroekin inolako konpromisorik ez bereganatzea, alegia) eta jarduera hauetan aritu nahi duten ezindu eta elbarriak ia erabat bazterturik edukitzea.

  • Idatzizko kontratua: enpresen %53k ez du inongo kontraturik ituntzen bezeroarekin, nahiz eta betebehar hori Autonomi Erkidego batzuek beren legerietan exijitzen duten. Bestetik, formalizatzen den kasu askotxotan, kontratua osagabea da: bezeroak enpresak ezarritako baldintzak eta kontrataturiko prezioak (ekipoen alokairua, monitoreak, ezbehar-asegurua, kontratatua betetzeko eta baliogabetzeko baldintzak, etab.) onartzen dituela bakarrik adierazten da bertan. Atal honetan ere, kirol-jarduera guztien kalifikazioa “gutxiegi” da.
  • Hasierako ikastaroak: enpresen %83k ikastaroak ematen dituzte, bai hastekoak, baita trebatzekoak ere. Atal honetako kirolik egokienak parapentea, delta hegoa eta urpekaritza dira, jarduerok berez prestakizun hobea eskatzen badute ere. Okerrenak, espeleologia, puentinga, arroilen jaitsiera, hidrospeeda eta raftinga.
  • Jarduerak eskaintzen diren denboraldiak: hamar enpresatik zazpik zerbitzuak urte osoan zehar eskaintzen dituzte, etenaldirik gabe, meteorologiak bide ematen badu, noski..
  • Ekipoaren alogera: jarduerak praktikatzeko ekipo egokia alokatzen dute enpresen %94k. Hauxe da, izan, bezeroaz artatzeari dagokionez, atalik hoberena: batez besteko kalifikazioa, jakina, “bikain” izan da.
  • Eskuratzeko moduko azpiegiturak: hamar enpresatik zortzik jarduera praktikatzeko oinarri edo instalazio egokitua daukaten arren, horietako erdiek ez daukate aparkalekurik eta, areago, %18k ez dute ez dutxarik ezta aldagelarik ere. Enpresen erdiek ez daukate kafetegi edo taberna zerbitzurik eta lautik bakar batek du jatetxea; adieraz dezagun, era berean, jan-edariak saltzen dituzten makinak enpresen %48k dauzkatela. Zerbitzuen atalari amaiera ematearren, bi enpresatik bakarrak dauka telefono publikoa eta ur edangarriko iturriak enpresen %43tan bakarrik daude. Instalazio kaskarrenak parapenteko enpresetan atzeman ziren.
  • Ezinduentzako jarduera eta ikastaroak: kolektibo horrentzat inolako ikastarorik ez du antolatzen enpresen %68k. Atal honetako kirol-jarduerarik egokienak parapentea, paraxutismoa eta raftinga dira. Zerrendaren beste muturrean espeleologia eta alpinismoan diharduten enpresak dira.
  • Instalazioetarako irispideak: sei enpresak hamarretik onartzen dute instalazioak ez dituztela ezindu edo elbarrientzat egokituta. Jarduerez ari garela, delta hegoa eta flysurfek bakar-bakarrik gainditu dute proba.

Prezioak: sekulako ald

Prezioen desberdintasuna nekez ulertzeko modukoa gertatzen da, are kirol-jarduera berean ere: flysurfeko ikastaroa, laguneko, 200 eta 300 euro bitartean kostatzen da, eskaladan emaniko jardunaldia 10 eurotik 110etaraino eta alpinismoa egitea deliberatuz gero, 12tik 88 eurotaraino, segun-eta zerbitzua zein enpresarekin kontratatzen den. Prezioetan alderik txikienak puentinga (merkeenetik garestienera 20 euroko aldea), raftinga eta hidrospeeda (25 euroko aldea) eskaintzen duten enpresetan atzeman dira.

Kirolik garestiena flysurfa da: 200 eurotik gora, batez beste, ikastaroko. Erorketa askea ere garesti samarra da: 165 euro batez beste. Parapentea eta delta hegoa prezio ertainekoak dira: 67 euro. Rafting, urpekaritza, hidrospeeda, alpinismo, arroilen jaitsiera, espeleologia edo kirol-eskaladan aritu nahi izanez gero, jardunaldiko 30 – 40 euro ordaindu behar izaten dira. Esan gabe doa jardueren prezioak ariketaren iraupenaren eta kontrataturiko zerbitzuen arabera aldatzen da, hots, ez da gauza bera puentinga (prezioa jauzi bakarrekoa da eta azpiegitura ez da oso-oso ugaria) egin edo erorketa askea (kirol-hegazkintxoa beharrezkoa izaki) praktikatzea. Horrenbestez, jarduerako prezioez ez ezik, tarifa horietan zehatz-mehatz zer sartzen den jakin behar du erabiltzaileak: jauzi kopurua (horrelakorik bada), ikastaro mota (hastapena, hobekuntza, trebatzea), jardueraren iraupena (ekipo eta materiala barne), garraioa, janariak, lojamendua, etc.

Bestetik, enpresa gehientsuenek taldeei deskontuak egiten dizkietenez, nolako deskontua egiten duten galdetzea komeni izaten da. Bestela esateko, prezioak enpresa bat baino gehiagotan galdetzea komeni da baina, dena den, funtsezko alderdi batzuk -kirol-eskaintzaren kalitatea, monitore edo erakusteen titulazioa eta tratamendua, aseguruak, ikastaroak, instalazioak, zerbitzuak, iraupenak, etc.- aintzat hartu behar izaten dira erabakia hartzeko unean. Dudarik gabe, enpresa batzuek kalitate oneko zerbitzua modu-moduan eskaintzen dute.

Abentura-kiroleko enpresa hautatzeaz

  • Egin jaramon ahoz ahokoari: ez aukeratu aurretiaz ezagun ez duzun enpresarik, erreferentziarik eskuratu arte. Enpresara iritsi zarela, instalazioak eta materiala begiz egiaztatzea garrantzitsua da, enpresa horren profesionaltasun eta seriotasunaren berme izan daitekeelako.
  • Egiazta ezazu erantzun zibileko asegurua (baita beste batzuk ere, hala nola, istripurik nozitzekotan, osasun-asistentziakoa, etc.) kontratatua duzula. Galde ezazu, ezbeharrik gertatzekotan jarduera-protokoloa ba ote duten eta, erantzuna baiezkoa bada, protokolo hori zertan den.
  • Egiazta ezazu enpresa hori autonomi erkidegoko turismo jardueren erregistroan alta emana dagoela.
  • Egiazta ezazu monitoreek eska dakizkiekeen tituluak dauzkatela eta jarduera praktikatzera bezeroarekin doazela behar adina erakusle.
  • Erabiltzaileen eskura dauden ekipo eta materialak behar bezalako segurtasun berme eta homologazioak eguneratuak eduki behar dituzte. Galdetu eta egiaztatu hori horrela dela.
  • Erabiltzailearekin enpresak kontratua idatziz formalizatu behar du: bertan azalduko dira hitzarmen horren edukia, zerbitzuen azalpen xehekatua eta prezioak.
  • Eska ezazu informazioa alderdi jakin batzuez: helbideak, egin beharreko ibilbideak, ekipo eta materialen erabilera, ezinbesteko ezagutzak, aukeratutako kirola praktikatzeko gutxieneko adina, arriskurik izatekotan hartu beharreko neurriak, aurreikusitako segurtasun neurriak, etc.
  • Exiji itzazu behar bezalako instalazio egokiak: tokiak, komunak, dutxak, aldagelak, takilak, etc. higiene eta mantenu-egoera onean.
  • Bila ezazu ingurune kultural eta naturalaren aurrean begirunea agertzen duen enpresa. Galde ezazu alderdi horretan nola diharduten.