Atsegin onuragarria
Dela berotasun lehorra saunan, dela berotasun hezea bainu turkiarrean, bi-bietan tenperatura berdintsua dago, helburua transpiratzea izaki. Egun ez da bi espazio horiek gabeko gimnasio edo bainuetxerik baina asmakuntza hori ez da atzo goizekoa. Beroa terapia gisa antzina-antzinatik erabili izan da: maiek, aztekek, greziar eta erromatarrek, turkiarrez gainera noski, lurrunezko bainuak eguneroko bizitzan zerabiltzaten eta tradizio horri eutsi diote hainbat herrialdetan. Finlandian, adibidez, sauna bizi-filosofiatzat hartzen delarik, etxe gutxi-gutxitan ez da saunarik.
Antzinako zibilizazioetan bainu publikoa -garbitzeko aukera ez ezik- kultura eta ospe handiaren ikur zelarik, egun aisialdiarekin eta gorputza zaintzearekin hertsikiago dago lotua.
Bai bainu turkiarrak (hammam) bai saunak ere, biek ere izaten dituzte osasunean eta larruazalean eragin mesedegarriak. Maiztasun jakin batez erabiltzeak organismoaren desorekak, gaitzak eta gaixotasunak prebenitzeko balio du. Bi bainu horietan helburu terapeutiko edota higienikoak erdiesteko hotza eta beroa tartekatzen dira baina forman desberdinak dira: saunan berotasun bizi eta lehorra dagoen bitartean bainu turkiarrean tenperatura ez da horren handia baina hezetasuna dezente handiagoa da; horren ondorioz eta, dirudienaz beste aldera, saunan bainu turkiarrean baino izerdi gehiago ateratzen dira. Horren zergatia gorputzaren funtzionamenduak azaltzen du: kanpoko tenperatura gorputzekoa baino beroago dagoenean organismoak, bere burua freskatzeko, izerdia kanporatzen du, zabalduta dauden poroetatik likidoa atereaz; likido horrek lurrunduko bada beroa behar duenez, organismoari berotasuna erauzi eta gorputza freskatu egiten da. Giroko hezetasunak -bainu turkiarrean gertatzen den bezala- larruazal osoa estaltzen badu izerdirik ez da kanporatzen, freskatze eginkizun hori bainuko ur-lurrunak betetzen duelako.
Sauna
Saunan berotasun(80ºC – 100ºC) lehorra dago, hezetasun erlatiboa %15era ozta-ozta iristen delarik. Saioak egurrezko gela hermetikoetan hartzen dira; bertan, hainbat altueratan, egurrezko aulkiak daude (zenbat eta gorago, hainbat eta beroago), atseden hartzeko. Berariazko ontzietan hondardun ez diren harriak berotu behar dira erresistentzia elektrikoen bitartez lortzen da berotasuna.
- Sistema kardiobaskularra eragiten du. Tenperatura handiaren eraginez metabolismo muskularra areagotu eta bihotza indartu egiten da, kapilarrak dilatatu eta bihotz erritmoa azkartzen duelako beroak.
- Toxinak suntsitzen ditu. Poroak zabaldu eta larruazaletik orbanak ezabatzen laguntzen du. Izerditzeari esker, organismoak “hondakinak” suntsitzen ditu, hala nola metal astunak (beruna, merkurioa, zinka, nikela, kadmioa, etc.), alkohola, nikotina eta sodioa.
- Arnasketa hobetzen du. Arnasketa-bideak garbitzen laguntzen du. Bronkioetan egon daitekeen mukia bigundu egiten du. Katarroa izatekotan, saio bat egin ondoren hobekuntza handia nabaritzen da. Frogatua dagoenez, biriketako estaltze-gaixotasunak nozitzen dituzten pazienteak behin-behineko hobekuntza izaten dute.
- Junturetako gaitzak arintzen ditu. Gorputza berotu, zirkulazioa arindu, endorfinak igorri eta zurrun dauden junturak berotzeari esker, mina eta molestiak arindu egiten dira. Gorputza, bero dagoela, minaren aurrean sentsibilitate gutxiago agertzen du. Sistema lokomotorean eta egoera psikoemozionalean eragin mesedegarria du, min artritikoa arintzeaz gainera.
- Bestelako tratamendu terapeutiko eta estetikoak hartzeko prestatzen du gorputza. Sauna hartu ondoren, larruazalaren eta muskuluen egoera egoki-egokian daude masajea edota hainbat produktu aplikatuz jaso beharreko tratamenduak (zelulitisa, gizentasuna, larruazala sakon hidratatzea, etc) hartzeko.
- Beste aplikazio zenbait. Ariketa egin ondoren muskuluak eta organismoa suspertzen laguntzen du, zelulitisa eta adipositateak ezabatzen laguntzen du. Okerdurak, neuralgiak, muskulu-espasmoak, junturen zurruntasuna eta hezur-muskuluen gaitzetan, oro har, mesedegarri gertatzen da sauna.
Bainu turkiarra
Bainu turkiarra, lurrun-bainua edo hammam (bainua, arabieraz) duela milaka urte praktikatzen da. Berotasun hezeko bainu honetan tenperatura ez dago uniforme: lurrean 20ºC – 25ºC dago, metro eta erdian 40ºC inguru eta buruaren altueran 50ºC. Hezetasuna hemen %99koa denez, bainu turkiarrak berezkoa den “lainoak” betetzen du dena.
Espazio hauetan, hormetan dauden erradiadore eta hodietan barrena doan ur beroak sortzen du beroa.
- Organismoak hartu duen berotasunaren eraginez funtzio metabolikoak azkartu egiten ditu: arnasketa areagotu, odol zirkulazioa arindu, nerbio eta hormona-sistemak bizkortu… horrek guztiak osasunaren hobekuntza orokorra ondorioztatzen du.
- Ehunen oxigenazio eta suspertze handiagoa eragiten du. Larruazalaren zahartze prozedura mantsotu egiten du.
- Lurrunak poroen zabaltze orekatua eta izerditze ugaria eragiten du: horrek, toxinak eta zikinkeriak kanporatzez gainera, odol zirkulazioa bizkortzen da.
- Larruazaleko poroak zabaltzeari esker, lurruna bertan sartu eta sakoneko garbitze iraunkorra egiten du, epidermisa leun-leun uzten duelarik.
- Ikuspegi terapeutikotik, bainu turkiarrak arnasketa-bideak hezetu egiten ditu eta, katarroa dagoenean (eztula, marranta, etc.) espektoratzaile eraginkorra izateaz gainera, bronkitisaren, sinusitisaren eta antzeko beste hainbat gaitzen kontrako eragile da.
- Birikek eta bronkio-sistema osoak oxigenoa trukatzeko eta organismoa arnasteko gaitasuna hobetu egiten da.
- Emakumearen genitalak (bulba eta bagina) garbitzea eta bagina-isuriaren jariatzea errazten du. Dismenorrea edo menstruazio-mina berotasunak arintzen du.
- Nerbio-sistema erlaxatzen duenez, estresa, antsietatea, depresioak eta antzeko gaitzak jasaten dituzten pazienteentzat biziki mesedegarria gertatzen da.
- Aknea nozitzen duten nerabeentzat eta gizaseme helduentzat ere onuragarria da, bizarra kentzea errazten duelako, larruazala leuntzen baitu.
- Organismoarentzat ez da sauna bezain estresagarria, “lainoak” eragiten duen efektu psikologikoa gorabehera.
Sauna eta bainu turkiarrean hartu beharreko neurriak
- Gorputzak nozitzen duen tenperatura biziaren ondorioz, taupaden erritmoa bikoiztu egiten da, minutuko 70etatik 140etaraino. Horregatik hain zuzen, sauna eta bainu turkiarra ez dira egokiak pertsona zahar, haurdun eta osasun arazoak (hipertentsioa, kardiopatiak, etc) dituztenentzat.
- Arteria-presio edo barizeak dituztenentzat ere ez dira gomendatzeko modukoak.
- Dermatitisak edo basodilatazio gaitzak pairatzen dituenak ere ez du du egokia sauna edo bainu turkiarra.
- Era berean, bronkioetako gaixotasun larria, epilepsia, anorexia edo giltzurrunetako kolikoak nozitu dituztenek ere saihets egin beharko diete.
Eman beharreko pausoak
- Estreinakoz sartzen bazara horietako batean, hobe duzu eskarmentua duen norbaitekin joatea
- Kirola egin ondoren hartu behar baduzu, sartu aurretik hobe duzu 15 – 20 minutuan atseden hartzea gorputzeko tenperatura jaitsi eta, horrela, organismoak bero-kolpea jasan ez dezan.
- Ez sartu gelatxoan goseak, ezta neke-neke aginik, ezta bazkaldu edo afaldu berritan ere (egon zaitez ordubetea janaria hartu duzunetik).
- Sartu aurretik hartu dutxa, sakon, ur epelarekin.
- Edan likidoa, gorputzak nolabaiteko deshidratazioa pairatuko du eta.
- Sauna hartu behar baduzu, hasi behereneko aulkietatik, organismoa berotasunera egoki dadin.
- Etzan edo ipini oinak eserlekuan, gorputz osoak tenperatura berdina izan dezan.
- Barruan zauden bitartean ez edan likidorik, horrela ez bailitzateke gorputzaren desintoxikazioa gertatuko.
- Barruan zaudela ez egin gimnasia ariketarik eta ez jardun solasean, modu horretan arnasketa eta zirkulazioa zamatu egiten direlako.
- Estreinakoz bazoaz, ez egon barruan hamar minutu baino gehiago, tentsioa jaits ez dakizun.
- Normalean, barruan 8 – 12 minutu eman ondoren gorputzak freskatzeko premia sentitu ohi du. Irten zaitez gelatxotik, behar adinakoa transpiratu ez duzulakoan bazaude ere. Ohitura handia duten pertsonek 15 minuturaino iraun dezakete barruan baina ordu laurden hori igarotakoan atseden hartzea komeni izaten da.
- Gelatxotik irten aurretik eser zaitez aulkian oinak eskegita, odol zirkulazioa posizio bertikalera egoki dadin. Jaiki zaitez pixkanaka; bat-batean zutituz gero, odola bildu eta zorabio edo sinkope antzekoa etor dakizuke.
- Egon zaitez minutu batzuk (gutxi, dardarka ez hasteko) saunatik kanpoan (ahal dela, aire zabalean) arnasketa-bideak freskatzeko. Birikek kanpoko airea eskatuko dizute.
- Ondoren, dutxa zaitez ur hotzarekin (odol presioa altu baduzu, ur epelarekin). Zuzendu zorrotada ataletatik gorputz erdialdera, bihotz alderantz, ohiko erritmoa har dezan berriro.
- Oraino astirik -eta gogorik- baldin baduzu ur hotzetan bainu bat hartzeak odol-hodiak erreakzionaraziko dizkizu eta arteria-presioa areagotuko dizu.
- Bero-saioak eta ur hotzeko dutxak tartekatzea komeni izaten da odol-hodien uzkurdura lortzeko: horri esker, odol zirkulazioa bizkortu, muskuluetako hondakinak suntsitu eta muskuluak elikatu egiten dira. Mundu honetan sartu berria bazara, hotz-bero zikloa behin bakarrik egin beharko zenuke; eskarmentudun bazara, berriz, bitan jardun edo, gehienez ere, saunan hirugarren aldiz sar zaitezke. Hortik gorako zikloek ez dute mesederik ekartzen, nekea baizik.
- Sauna saioaren ondoren ura edo edari isotoniko bat hartu behar duzu, izerditze ugari horretan galdutako mineral gatzak ostera berreskuratzeko.
- Ez da komeni astean bi saiotik gora egitea.