Hiri Hondakin Solidoak: Espainiako 18 hiritan nola biltzen eta kudeatzen dituzten aztertu dugu

Gero eta zabor gehiago sortzen da eta udal batzuek ez dakite zenbat birziklatzen den

Aztertu ditugun 18 hirietatik, Iruñeak erakutsi du ardura gehien hiri hondakin solidoak birziklatzeko lanean eta zazpi udalek ez digute jakinarazi zenbat hondakin birziklatzen duten, daturik ez daukatelako. hiri hauetako biztanleek duela lau urte baino hondakin gehiago sortu zituzten 2008an, bost milioi tona, ia % 4 gehiago
1 maiatza de 2009
Img tema listado

Gero eta zabor gehiago sortzen da eta udal batzuek ez dakite zenbat birziklatzen den

Hondakinen gaiak bereziki kezkatzen ditu agintariak eta herritarrak. Gero eta gehiago kontsumitzen dugu, eta, ondorioz, gero eta hondakin gehiago sortzen. 1995. urtean, Espainiako herritar bakoitzak 378 kilo hondakin sortu zituen, 2003. urtean, 502 kilo, eta 2007an % 17 gehiago (urtean 588 kilo herritar bakoitzak). Datu horiek Europako batez bestekoaren gainetik jartzen dituzte espainiarrak (522 kilo sortzen du europar bakoitzak urtean). Azken urteetan erruz ugaritu dira erabilera bakarreko ontzi eta bilgarriak, eta horrek ekarri du zabor kopurua etenik gabe handitzea; egun sor-tzen dugun zabor guztiaren % 60 dira ontzi eta bilgarri horiek, eta pisu guztiaren % 33 hartzen dute. Erabili ahala botatzen jarraitzen badugu, 2020rako hirietan sortzen den zaborra % 50 haziko da. Eta zenbat eta hiri hondakin gehiago sortu, orduan eta aurrekontu handiagoak beharko dira horiek bildu, garraiatu eta tratatzeko; egun jada udal aurrekontuen % 20 hartzen du arlo horrek. Egoera neurri horietaraino irits ez dadin, administrazio guztiak (Europakoa, Espainiako Estatukoa, autonomia erkidegoetakoak eta udalak) arau zorrotzak jartzen hasita daude; besteak beste, Hiri Hondakinen Plan Integrala egin dute. Plan horren helburua da beiraren eta kartoiaren % 70 birziklatzea eta plastikoen % 30. Plana bukatzeko zazpi urteren faltan, ordea (2015ean bukatzen da), ez doa bide on-onetik. Hamaika hirik jakinarazi diote CONSUMER EROSKI-ri zenbat zabor birziklatzen duten (beste zazpik ez digute daturik eman, nahiz guk behin eta berriz eskatu), eta batez beste, paper-kartoien % 47 birziklatzen dute, pilen % 44 eta ontzien % 18. Egoera, hala ere, asko aldatzen da hiri batetik bestera. Iruñeak eman du emai-tzarik onena guztietan, eta esan liteke hiri horixe dagoela gertuen Hiri Hondakinen Plan Integralak ezar-tzen dituen helburuetatik. Nafarroako hiriburuan beiraren % 53 birziklatzen dute, paper-kartoien % 69 eta ontzien % 28.

Oro har, 18 hiri hauetako herritar bakoitzak duela lau urte baino % 2 hondakin gehiago sortu du 2008. urtean (1,32 kilo egunean bakoitzak), eta hiru hirik soilik lortu dute 2004an baino zabor gutxiago sortzea: Bilbo, Granada eta Bartzelona.

Espainiako 18 hiritan hiri hondakinak nola biltzen eta kudeatzen dituzten aztertu du CONSUMER EROSKI-k, eta orain arte esandakoak nabarmendu litezke ondorioen artean. Honako hiri hauetan galdetu dugu: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Logroño, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valencia, Valladolid eta Zaragoza. Udalek oso informazioa gutxi eman ahal izan digute, eta deigarria gertatu zaigu hori. Deitu eta zazpi hiritan ezin izan digute zehatz esan zenbat hondakin berreskuratzen dituzten, Bartzelonak eta Kordobak 2007ko datuak soilik eman ahal izan dizkigute, Malaga ia kanpo utzi behar izan dugu Udalak laguntzarik eman ez digulako eta Murtzia azterketatik kanpo geratu da, ez Udalak eta ez zaborra biltzen duen enpresak eman nahi izan digutelako informazioa.

Hiri Hondakinen Plan Integratuak edukiontzi kopuru bat jartzeko agintzen du hiritar multzo bakoitzeko, eta hiririk gehienak gutxieneko kopurua jartzera mugatzen dira: beira-edukiontzi bat 500 biztanle bakoitzeko, paper-kartoien edukiontzi bat 500 biztanle bakoitzeko eta ontzien edukiontzi bat 300 biztanle bakoitzeko. Bartzelonak 2007ko datuak soilik eman ditu, eta Madril, Donostia eta Valentzia muga-mugan ibili dira, gutxieneko kopurura iritsi ez iritsi. Iruñea nabarmendu da edukiontzi kopuruan ere, beste guztien gainetik.

Zaborren udal tasa kobratzeko orduan, udal bakoitzak bere sistema dauka, eta horregatik, zaila da elkarrekin alderatzea. Hiri gehienetan urtean behin ordaintzen dute (Sevillan eta Granadan hilero; Bilbon hiruhilabetean behin eta Logroñon urtean bitan), eta kopurua ez da berdina leku guztietan; hiri berean ere guztiek ez dute berdin ordaintzen, alderdi bat baino gehiago hartzen baitituzte kontuan: kaleak zein zerga maila duen, zenbat ur kontsumitzen duen etxe bakoitzak edo etxebizitza zer neurritakoa den. Sevillan, 24 eurokoa da urteko gutxieneko tasa, eta Madrilen, berriz, urtean 190 euro ordaintzera ere irits litezke.

Zenbat zabor eta nolakoa

Zabor gehiegi

Agintarien helbururik behinena zabor gutxiago sortzeko modua egitea da, baina emaitzetan ez da halakorik ikusten: iaz bost milioi tona hondakin baino gehiago bildu zituzten 18 hiri hauetan (duela lau urte baino % 4 gehiago ia). Guk aztertu ditugun hirien artetik, hiruk soilik lortu dute 2004an baino zabor gutxiago sortzea: Bilbo, Granada eta Bartzelona (hurrenez hurren, orduan baino % 6,7, % 4,3 eta % 1,5 zabor gutxiago sortu dute). Sevilla, Malaga eta Logroño daude beste muturrean; horiek 2004an baino % 16,3, % 13,5 eta % 10,8 zabor gehiago sortu dute, hurrenez hurren. Herritar bakoitzak zenbat zabor sortu duen aztertzen badugu, ez dugu aurkituko datu hoberik. 2004an, egunean 1,29 kilo zabor sortu zituen, batez beste, 17 hiri horietako herritar bakoitzak, eta 2008an, 1,32 kilo (hau da, 481 kilo urtean, orduan baino % 2 gehiago). Kordoban eta Sevillan sortzen da zabor gehien herritar bakoitzeko (1,52 kilo eta 1,48 kilo egunean), eta Zaragozan eta Gasteizen gutxien (1,07 kilo egunean). Nabarmentzekoa da beste datu hau ere: Sei hiriburutan ugaritu egin dira biztanleak, baina gutxitu egin da bakoitzak sortu duen zabor kopurua eta Granadan, hiritarrak zein zaborra, biak jeitsi dira. Horien artean, Bilbo aipatu behar da (duela lau urte baino % 7 zabor gutxiago sortu du bilbotar bakoitzak). Bartzelonan eta Granadan % 4 gutxitu da, Zaragozan, Gasteizen eta Alacanten % 3 eta Madrilen % 1. Sevillan, % 7 igo da eta Malaga eta Valladoliden % 10.

Hauxe du gure zabor poltsak:

Espainian sortzen den zaborrik gehiena (% 88 inguru) etxeko hondakinak dira, hau da, jendearen etxeetatik edo bestelako egoitza kolektiboetatik (erietxeak eta abar) datozen hondakinak. Hiri Hondakinen Plan Integratuak dioenez, zabor horren ia erdia (% 44) materia organikoak osatzen du, kartoia eta papera datoz gero (%21), plastikoa (% 11), beira (% 7) eta beste hondakin batzuk: egurra, oihalak, pilak… (% 17). Guk aztertu ditugun hirietan, aldiz, besterik erakusten du zabor poltsak: gutxiago ageri dira hondakin organikoak (% 28,8), papera eta kartoia (% 13), ontziak (% 7) eta beira (% 5). Etxeetatik datorren zaborrik gehiena kaleko edukiontzi finkoetara botatzen da ia hiri guztietan, baina badira salbuespenak ere. Oviedon atariz atari ibili ohi dira zaborra gaika biltzen, eta gero eta hiri gehiagok sistema pneumatikoak ezartzen dituzte auzune berrietan eta erdiguneko zenbait tokitan: postontzi moduko ontzi batek xurgatu egiten ditu hondakinak, eta lurpetik eramaten ditu hondakin-biltegi batera, han sailkatu eta behar den lekura eraman ditzaten.

Edukiontzietako zaborra bildu behar duten langileak iluntzeko zortziak eta bederatziak artean hasi ohi dira poltsak biltzen, eta gaueko hamarrak eta hamabiak artean bukatzen dute. Gauez lan egiteak badu abantaila bat, zirkulazio gutxiago izaten dela, baina ordainetan, zaratarekin arazoak sor daitezke eta eskulan gehiago ordaindu behar izaten da. Hiririk gehienetan egunero-egunero biltzen dute zaborra, Gabon egunean eta Urteberri egunean izan ezik, baina hor ere badira salbuespenak: Granadan ez dute biltzen zaborrik igande eta jaiegunetan (bi jaiegun segidan tokatu ezik), eta Valladoliden, urtean 10 egunetan izaten du jai zaborra biltzeko zerbitzuak.

Iruñea eredu da

500 biztanle bakoitzeko edukiontzi bat jarri behar da beirarentzat eta beste bat paper-kartoientzat, eta 300 biztanle bakoitzeko, ontziak biltzeko beste bat. Helburu horiexek jartzen dizkie udalei Hiri Hondakinen Plan Integralak 2015. urterako. Guk aztertu ditugun hiririk gehienek ongi betetzen dute arau hori (1,84 edukiontzi dituzte beirarentzat 300 biztanle bakoitzeko, eta 1,72 paper-kartoientzat), baina zenbait hirik badute zer hobetua oraindik ere.

Bartzelonak, adibidez. Gainerako hiriek ez bezala, behar baino edukiontzi gutxiago ditu beira eta paper-kartoiak biltzeko, nahiz eta Madril, Donostia eta Valentzia ere ez dabiltzan askoz hobeto: justu-justu iristen dira gutxienekora edo gutxigatik gainditzen dute. Ontziak biltzeko edukiontzietan, Bilbo, Iruñea, Madril, Kordoba eta Sevilla soilik iristen dira gutxienekora (edukiontzi bat 300 biztanleko). Zaragoza eta Granada muga-mugan dabiltza (0,93 eta 0,97 edukiontzi 300 biztanleko), eta gainerakoak ez dira heltzen % 80ra ere. Beraz, badute zer egina hurrengo sei urteetan, baldin eta legea bete nahi badute. Edukiontzien arloan, Iruñeak eta Iruñerriko mankomunitateak du egoerarik onena, alde handiz, gainera. Beira botatzeko 2,90 edukiontzi dituzte 500 biztanle bakoitzeko (legeak bakarra edukitzea eskatzen du, baina Bartzelona, adibidez, 0,75ean geratzen da, eta Madril 0,95ean), bost baino gehiago papera botatzeko (Kordoba hurbiltzen zaio gehien; han, 3,56 dituzte 500 pertsonako), eta ontziak botatzeko hiru edukiontzi 300 biztanle bakoitzeko. Azken atal horretan, Sevillak ere erraz gainditzen du arauak ezartzen duen gutxienekoa (ontziak biltzeko 2,21 edukiontzi ditu 300 biztanleko) eta Kordonak ere bai (3,84 edukiontzi), baina, ororen gainetik, Madril nabarmentzen da: 7 edukiontzi ditu 300 biztanle bakoitzeko, nahiz eta ohikoak baino txikiagoak diren.

Hondakin arriskutsuak edo handiak biltzeko guneak ere badituzte hiri guztiek, salbu eta A Coruñak, Kordobak, Oviedok eta Sevillak. Garbigune edo ekoparke deitzen zaie gune horiei (deixalleries katalanez), eta hiri bakoitzak 2 eta 8 artean dauzka, batez beste. Bartzelonak 28 ditu (20 finko eta 8 mugikor) eta Madrilek 20 (15 finko eta 5 mugikor).

Birziklaia, zaborraren prezioak eta konparatzeko taula

Gutxi birziklatzen dugu

Guk aztertu ditugun hirietako biztanle bakoitzak, batez beste, 35 kilo paper eta kartoi sortzen ditu urtean, 15 kilo beira, 13 kilo ontzi eta 0,10 kilo pila.

Sortu bai, badakigu zenbat sortzen den, baina birziklatu? Zenbat birziklatzen da? Ez da batere erraza hori jakitea. Hiri guztietan galdetu dugu horri buruzko informazioa, baina bost hiritan ez dute jakin erantzuten, daturik ez daukatelako (Alacant, Bartzelona, Granada, Malaga, eta Zaragoza, aipaturiko Murtziaren kasuaz gain), eta Kordoban 2007ko datuak soilik eman dizkigute. Gainerakoek erantzun digute, eta datuak ikusita, lan eskerga egin beharko dute hurrengo urteetan Europako legedia bete nahi badute. Europako Parlamentuak 2008an onartu duen zuzentarauak esaten duenez, EBko kide diren herrialdeek hondakin bihur-tzen duten paperaren, plastikoaren eta beiraren % 50 birziklatu edo berrerabili beharko dute 2020. urterako. Espainiako Ingurumen Ministerioak eman dituen datuen arabera, Espainia hortik hurbil samar dabil, baina CONSUMER EROSKI-ri informazioa eman dioten 11 hiriak ez: beira-hondakinen % 47 birziklatzen dituzte, paper-kartoien % 44 eta ontzien % 18 (duela lau urte baino zertxobait gehiago). Orain ere, orduan bezala, Iruñea nabarmendu da: beiraren % 53 birziklatzen dute (Bilbon ere bai), eta paper-kartoien % 70 (Donostia soilik hurbiltzen zaio zertxobait: % 64).

Eta materia organikoa?

Materia organikoa ere birziklatu daiteke, eta konposta sortu. Lurra ongarritzeko erabiltzen da konposta, elikagaiak eta oliogoelementuak ematen baitizkio. Materia organikoa egoki birziklatu ahal izateko, zaborra gaika biltzeko sistema bat ezarri beharko litzateke eremu oso batean, eta herritarrei eskatu beharko li-tzaieke bereizita jar ditzatela janari hondarrak eta lorategietakoak (konpostatu daitezkeen poltsetan, ahal izanez gero), eta edukiontzi gris edo marroietara bota ditzatela. Horrez gain, konpostari etekina aterako liokeen merkatu bat egon behar luke, lorategietan eta parkeetan erabiltzeko. Guk bildu ditugun datuek, ordea, hortik oso urrun gaudela erakusten dute. Hiririk gehienek badute konposta egiteko plantaren bat (Oviedok, Malagak eta Granadak ez digute informaziorik eman), baina oso gutxik daukate sistema bat materia organikoa bereizita biltzeko. Oraingoz, Valentziak, Iruñeak, A Coruñak, Valladolidek Bartzelonak eta Donostiak egiten dute hori (Donostian proiektu pilotu moduan). Batez beste, materia organikoaren % 18 soilik birziklatzen dute, eta Hiri Hondakinen Plan Nazional Integratuak % 50 birziklatzea jartzen du helburu. Kordoba soilik hurbiltzen da kopuru horretara: zabor organikoaren % 43 birziklatzen dute han.

Udal tasak

Txosten honetan aztertu ditugun hiririk gehienetan, urtean behin kobratzen dute zaborraren tasa. Salbuespenak ere badira, ordea: Valladolidek eta Malagak ez dute kobratzen zabor tasa zerga bereizi moduan, Bilbon hiru hilez behin kobratzen dute, Granadan eta Sevillan hilero eta Logroñon urtean birritan. Donostian tarifa bakarra dago hiritar guztientzat (109,03 euro urtean), baina gainerako guztiek hainbat alderdi hartzen dituzte aintzat tarifa hori ezartzeko orduan: kaleak zein zerga maila duen (A Coruñan, Bilbon, Kordoban eta Logroñon), etxebizitzak zer katastro-balio duen (Madrilen eta Iruñean), edo zenbat ur kontsumitzen duten etxean (Sevillan eta Bartzelonan). Baldintza horien arabera, zergaren prezioak asko alda daitezke. Madrilen, adibidez, 4 euro ordaintzen dute batzuek eta 190 euro beste batzuek, eta Logroñon, 20 eurotik 125 eurorainoko aldea dago. Azken lau urteetan, % 10 eta 22 artean igo dira udal tasak; Zaragozan, aldiz, % 15 jaitsi dira, eta Donostian izugarri garestitu (% 90 baino gehiago). Hiri Hondakinen Plan Nazional Integralak/Integratuak honako irizpide hau erabiltzea proposatzen du tarifa ezartzeko: bakoitzak zenbat hiri hondakin sortzen duen, hainbeste ordain dezala.