Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Hiri Hondakin Solidoak: Espainiako 18 hiritan nola biltzen eta kudeatzen dituzten aztertu dugu : Gero eta zabor gehiago sortzen da eta udal batzuek ez dakite zenbat birziklatzen den

Aztertu ditugun 18 hirietatik, Iruñeak erakutsi du ardura gehien hiri hondakin solidoak birziklatzeko lanean eta zazpi udalek ez digute jakinarazi zenbat hondakin birziklatzen duten, daturik ez daukatelako. hiri hauetako biztanleek duela lau urte baino hondakin gehiago sortu zituzten 2008an, bost milioi tona, ia % 4 gehiago

Zenbat zabor eta nolakoa

Zabor gehiegi

Agintarien helbururik behinena zabor gutxiago sortzeko modua egitea da, baina emaitzetan ez da halakorik ikusten: iaz bost milioi tona hondakin baino gehiago bildu zituzten 18 hiri hauetan (duela lau urte baino % 4 gehiago ia). Guk aztertu ditugun hirien artetik, hiruk soilik lortu dute 2004an baino zabor gutxiago sortzea: Bilbo, Granada eta Bartzelona (hurrenez hurren, orduan baino % 6,7, % 4,3 eta % 1,5 zabor gutxiago sortu dute). Sevilla, Malaga eta Logroño daude beste muturrean; horiek 2004an baino % 16,3, % 13,5 eta % 10,8 zabor gehiago sortu dute, hurrenez hurren. Herritar bakoitzak zenbat zabor sortu duen aztertzen badugu, ez dugu aurkituko datu hoberik. 2004an, egunean 1,29 kilo zabor sortu zituen, batez beste, 17 hiri horietako herritar bakoitzak, eta 2008an, 1,32 kilo (hau da, 481 kilo urtean, orduan baino % 2 gehiago). Kordoban eta Sevillan sortzen da zabor gehien herritar bakoitzeko (1,52 kilo eta 1,48 kilo egunean), eta Zaragozan eta Gasteizen gutxien (1,07 kilo egunean). Nabarmentzekoa da beste datu hau ere: Sei hiriburutan ugaritu egin dira biztanleak, baina gutxitu egin da bakoitzak sortu duen zabor kopurua eta Granadan, hiritarrak zein zaborra, biak jeitsi dira. Horien artean, Bilbo aipatu behar da (duela lau urte baino % 7 zabor gutxiago sortu du bilbotar bakoitzak). Bartzelonan eta Granadan % 4 gutxitu da, Zaragozan, Gasteizen eta Alacanten % 3 eta Madrilen % 1. Sevillan, % 7 igo da eta Malaga eta Valladoliden % 10.

Hauxe du gure zabor poltsak:

Espainian sortzen den zaborrik gehiena (% 88 inguru) etxeko hondakinak dira, hau da, jendearen etxeetatik edo bestelako egoitza kolektiboetatik (erietxeak eta abar) datozen hondakinak. Hiri Hondakinen Plan Integratuak dioenez, zabor horren ia erdia (% 44) materia organikoak osatzen du, kartoia eta papera datoz gero (%21), plastikoa (% 11), beira (% 7) eta beste hondakin batzuk: egurra, oihalak, pilak… (% 17). Guk aztertu ditugun hirietan, aldiz, besterik erakusten du zabor poltsak: gutxiago ageri dira hondakin organikoak (% 28,8), papera eta kartoia (% 13), ontziak (% 7) eta beira (% 5). Etxeetatik datorren zaborrik gehiena kaleko edukiontzi finkoetara botatzen da ia hiri guztietan, baina badira salbuespenak ere. Oviedon atariz atari ibili ohi dira zaborra gaika biltzen, eta gero eta hiri gehiagok sistema pneumatikoak ezartzen dituzte auzune berrietan eta erdiguneko zenbait tokitan: postontzi moduko ontzi batek xurgatu egiten ditu hondakinak, eta lurpetik eramaten ditu hondakin-biltegi batera, han sailkatu eta behar den lekura eraman ditzaten.

Edukiontzietako zaborra bildu behar duten langileak iluntzeko zortziak eta bederatziak artean hasi ohi dira poltsak biltzen, eta gaueko hamarrak eta hamabiak artean bukatzen dute. Gauez lan egiteak badu abantaila bat, zirkulazio gutxiago izaten dela, baina ordainetan, zaratarekin arazoak sor daitezke eta eskulan gehiago ordaindu behar izaten da. Hiririk gehienetan egunero-egunero biltzen dute zaborra, Gabon egunean eta Urteberri egunean izan ezik, baina hor ere badira salbuespenak: Granadan ez dute biltzen zaborrik igande eta jaiegunetan (bi jaiegun segidan tokatu ezik), eta Valladoliden, urtean 10 egunetan izaten du jai zaborra biltzeko zerbitzuak.

Iruñea eredu da

500 biztanle bakoitzeko edukiontzi bat jarri behar da beirarentzat eta beste bat paper-kartoientzat, eta 300 biztanle bakoitzeko, ontziak biltzeko beste bat. Helburu horiexek jartzen dizkie udalei Hiri Hondakinen Plan Integralak 2015. urterako. Guk aztertu ditugun hiririk gehienek ongi betetzen dute arau hori (1,84 edukiontzi dituzte beirarentzat 300 biztanle bakoitzeko, eta 1,72 paper-kartoientzat), baina zenbait hirik badute zer hobetua oraindik ere.

Bartzelonak, adibidez. Gainerako hiriek ez bezala, behar baino edukiontzi gutxiago ditu beira eta paper-kartoiak biltzeko, nahiz eta Madril, Donostia eta Valentzia ere ez dabiltzan askoz hobeto: justu-justu iristen dira gutxienekora edo gutxigatik gainditzen dute. Ontziak biltzeko edukiontzietan, Bilbo, Iruñea, Madril, Kordoba eta Sevilla soilik iristen dira gutxienekora (edukiontzi bat 300 biztanleko). Zaragoza eta Granada muga-mugan dabiltza (0,93 eta 0,97 edukiontzi 300 biztanleko), eta gainerakoak ez dira heltzen % 80ra ere. Beraz, badute zer egina hurrengo sei urteetan, baldin eta legea bete nahi badute. Edukiontzien arloan, Iruñeak eta Iruñerriko mankomunitateak du egoerarik onena, alde handiz, gainera. Beira botatzeko 2,90 edukiontzi dituzte 500 biztanle bakoitzeko (legeak bakarra edukitzea eskatzen du, baina Bartzelona, adibidez, 0,75ean geratzen da, eta Madril 0,95ean), bost baino gehiago papera botatzeko (Kordoba hurbiltzen zaio gehien; han, 3,56 dituzte 500 pertsonako), eta ontziak botatzeko hiru edukiontzi 300 biztanle bakoitzeko. Azken atal horretan, Sevillak ere erraz gainditzen du arauak ezartzen duen gutxienekoa (ontziak biltzeko 2,21 edukiontzi ditu 300 biztanleko) eta Kordonak ere bai (3,84 edukiontzi), baina, ororen gainetik, Madril nabarmentzen da: 7 edukiontzi ditu 300 biztanle bakoitzeko, nahiz eta ohikoak baino txikiagoak diren.

Hondakin arriskutsuak edo handiak biltzeko guneak ere badituzte hiri guztiek, salbu eta A Coruñak, Kordobak, Oviedok eta Sevillak. Garbigune edo ekoparke deitzen zaie gune horiei (deixalleries katalanez), eta hiri bakoitzak 2 eta 8 artean dauzka, batez beste. Bartzelonak 28 ditu (20 finko eta 8 mugikor) eta Madrilek 20 (15 finko eta 5 mugikor).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak