Bizarra egiteko 5 gel eta 4 apar aztertu ditugu

Gelarekin bezain ongi egiten da bizarra aparrarekin, eta merkeagoa da

Bizarra egiteko aparra ez da gela bezain kontzentratua, baina askoz merkeagoa da (litroka neurtuta). Guk aztertu ditugun bederatzi ontziak ongi formulatuta etorri dira, eta antzeko eraginkortasuna erakutsi dute gelek eta aparrek; erabilera proba ere aise gainditu dute biek
1 urria de 2009
Img analisis

Gelarekin bezain ongi egiten da bizarra aparrarekin, eta merkeagoa da

Bizarra egiteko bost gel eta lau apar aztertu ditugu laborategian, eta erabilera proba ere igaroarazi diegu; aerosol moduan ontziratuta egon dira guztiak, 200, 250 eta 250+50 mililitroko ontzietan. Bederatzi horietako hiru “freskagarriak” edo ohikoak izan dira, eta beste seiak, “azal sentiberentzat” prestatuak. Williams etxeko apar litroak 9,60 euro balioa izan du, hori izan da merkeena aparretan (ez dugu kontuan hartu eskaintza moduan etorri den kopuru gehigarria), eta garestiena, berriz, Nivea etxekoa, 16,10 euro litroak (beste bi etxeetakoak 12 euroren inguruan ibili dira litroko). Geletan, 14,44 euro balio izan du merkeenak, Williams etxekoak (litroka ari gara, betiere), eta 22,75 euro garestienak, Gillette Fusion Piel Sensible delakoak (gainerako hiruretatik, 20 euroren inguruan ibili dira bi, eta 18 eurotik gora bestea). Bizarra egiteko aparrak, batez beste, 12,44 euro balio du litroak, eta gelak, 19,19 euro (% 54 garestiagoa da, beraz). Batez bestekoak ematea, ordea, nahasgarria gerta daiteke zenbaitetan: aztertu ditugun bost geletatik hiruk, adibidez, aparrik merkeenak (Williams Ice Blue) halako bi baino gehiago balio dute.

Pentsatu behar ote da, prezioan zer alde dagoen ikusita, gela askoz hobea dela aparra baino? CONSUMER EROSKI-k laborategian egin duen azterketak eta erabilera probak ez du halako alderik erakutsi: bi produktuek ere antzera samar laguntzen dute bizarra azkar eta eroso egiten. Zer gertatzen da, orduan? Gel litro batekin bizarraldi gehiago egin ote litezke apar litro batekin baino? Bada, halaxe gertatzen da, nahiz eta aldea ez den handi-handia ere. Gelek materia aktibo gehiago eduki ohi dituzte; tentsioaktiboak eta apar-substantziak dira materia aktibo horiek, eta geletan, batez beste, produktuaren % 13,4 dira, eta aparretan, % 10,4; beraz, produktu kopuru bera hartuta, gelak % 30 apar gehiago aterako luke, eta bizarraldi gehiago egin ahal izango lirateke. Baina gelak garestiagoak direnez aparrak baino (bi halako ere balio dute zenbaitek), esan liteke dezente merkeagoa dela aparrekin bizarra egitea, gelekin baino.

Produktuaren beraren ezaugarriak zein diren aztertzea ere komeni da. Bizarra egiteko aparren testura berezi hori gas propultsatzaile batek ematen dio xaboiari, biak aldi berean igarotzen direnean aerosolaren balbulatik. Bizarra egiteko gelak, berriz, nahastura xaboidunak dira, eta gas likuatu bat eduki ohi dute; azala ukitzen duenean, gas hori irakiten hasten da tenperatura aldearen eraginez, eta apar bihurtzen du gela. Larruazala heze dagoela eginez gero bizarra (makina elektrikoa erabiltzea da beste aukera, larruazala lehor dagoela), hainbat alderdik egiten dute bat: produktuak (gela edo aparra), bizarra egiteko xaflak, urak, bizarrak eta haren ile-folikuluak, eta erabiltzailearen aurpegiko geruza korneoak eta dermisak. Zenbat eta gehiago kostatzen den bizarra egitea, orduan eta azal gehiago eramango du xaflak. Bizarra % 35 hezetuta, askoz indar gutxiago egin behar izaten da xaflarekin ileak mozteko (% 65 indar gutxiago ere bai). Bizarra egin aurretik larruazala hidratatzea lagungarria da, beraz, baina denboratxo bat utzi behar da busti ondoren (2,5 minutu uzteak nabarmen errazten du prozesua), eta urak 40 ºC-ren inguruan egon behar du. Aparrei eta gelei esker, xaflak labain egiten du eta leun-leun igarotzen ditu larruazalak eduki ditzakeen gorabeherak, ebakirik egin gabe.

Aparra edo gela?

Antzeko produktuak dira bizarra egiteko aparrak eta gelak (osagai nagusia berbera dute biek, trietanolaminazko xaboia), eta egoki betetzen dute euren funtzioa batak eta besteak. Hortik aurrerakoa, norberaren baitan geratzen da, erabiltzaile bakoitzak ikusiko du zer gustatzen zaion gehien (prezioaren kontua lehen argitu dugu). Bizarra egiteko aparra zuzenean ezar daiteke aurpegian, eta gela, berriz, azalaren gainean mugimendu zirkularrak eginez ezarri behar da. Trietanolamina izeneko konposatuak oinarri-izaera dauka, eta normala da produktu horien pH-a larruazal osasuntsuarena baino handiagoa izatea (5,5eko pH-a eduki ohi du larruazalak). Guk aztertu ditugun gel eta aparren pH-a 8,3ren eta 9ren artean ibili da, eta egokitzat jo behar da hori. Bizarreko hileak hezetzeko lagungarria da pH handi hori, guritzen ere laguntzen du, eta errazago mozten da; bizarra egindakoan, ordea, ongi-ongi garbitu behar dira apar hondarrak, larruazalaren pH-a bere onera etor dadin (after-shave produktuak ere lagungarri dira horretarako).

Landare-estraktuak eta materia aktiboak

Bai aparrek eta bai gelek eduki ditzakete landare-estraktuak; guk aztertu ditugun guztietan artetik, bakarra etorri da horiek gabe, La Toja Piel Sensible gela. Estrakturik ohikoena aloe vera izan ohi da, eta guk aztertu ditugun bederatzi ontzietatik seik ekarri dute (dohain hauek omen ditu: zelula-berritzailea da, zauriak orbaintzen laguntzen du eta azala suspertzen du). Williams etxeko aparrak eta gelak ginseng delakoa eduki dute, eta Gillette Series aparrak, alga bat, Irlandako goroldioa. Nivea etxeko aparrak ere baditu landare-estraktuak (kotoia, aguakatea, soja eta kamamila dituela esaten du), baina ez du aloe vera-rik.

Materia aktiboek ere laguntzen dute bizarra egiterakoan. La Toja Piel Sensible gelak ekarri du mota gehien (alantoina, pantenola eta bisabolola), eta beste bost ontzik, aldiz, ez dute eduki bat bera ere. Beste hirurak, berriz, bakarrarekin etorri dira: Nivea aparrak (tokoferilo azetatoa, E bitaminaren aitzindaria), Nivea gelak (bisabolola) eta Gillette Fusion Piel Sensible (tokoferilo azetatoa).

Ikus dezagun materia aktibo horiek nola laguntzen duten bizarra egiteko prozesua. Kontuan hartu behar da kosmetikaren alorrekoak direla substantzia horiek, eta beti ez da erraza izaten ongi bereiztea zer den zientzia eta zer publizitate arloko sasiliteratura. Alantoina delakoak, itxuraz, larruazala hidratatzen du eta lagundu egiten du kanpoaldeko zelula-geruzak edo zelula hilak ezkatagabetzen; horrez gain, larruazala leuntzen omen du eta lagungarria omen da zelulak ugaritzeko, zauriak orbaintzeko, eta lasaigarriak eransten omen dizkio azalari, babestu egiten omen du eta minberatzea eragozten. Pantenola, berriz, B5 probitamina da, eta kosmetikan erabiltzen da hezetzaile moduan, bigungarri moduan eta hidratatzaile moduan. Oso ongi barneratzen da larruazalean, eta horrexegatik erabiltzen da, alantoinarekin batera, larruazaleko zauri arinei aurre egiteko. Horrez gain, hidratazioa hobetzen omen du, azkura gutxitzen eta zauriak azkarrago eta hobeto orbain-tzen omen ditu. Tokoferilo azetatoa E bitaminaren aitzindaria da, eta izpi ultramoreetatik babesteko balio du; gainera, zauriak orbaintzeko ere ona omen da. Eta bisamolak ere ba omen ditu beste hainbat dohain: eragotzi egiten du azala minberatzea, hanpatzea eta mikrobioak hedatzea.

Alergenorik gabeko produktuak beti dira hobeak, eta guk aztertu ditugun bederatzietatik, hiruk ez dute batere eduki, eta zoriontzeko arrazoia da hori (Nivea etxeko bi produktuek eta La Toja gelak). Alergenoak eduki dituztenek, hala ere, baita gehien eduki dituztenek ere (Gillette etxeko hiru produktuek, bi gel eta apar batek), ongi bete dute legeak ezartzen duena: alergenoak dituztela adierazi behar dute, baldin eta 100 zati baino gehiago badituzte milioiko (100 z/m).

Ondorioak eta konparatzeko taula

Ondorioak

Laborategiko analisiak erakutsi du bederatzi produktuak ongi formulatuta daudela ikuspuntu kimikotik. Aparren artean, Nivea etxekoaren osaera nabarmendu da (“bikaina” eduki du); geletan ez da bat bera ere nabarmendu, baina bostetik lauk emaitza ‘oso ona’ lortu dute.

Gillette etxeko Series Piel Sensible aparra eta Williams etxeko Ice Blue gela soilik geratu dira hortik behera (emaitza ‘ona’ lortu dute). Erabilera proban, zortzi atal neurtu ditugu: emaitza orokorra, usaina, difusorea, aparraren harrotasuna, ezartzeko erraztasuna eta aurpegi estaltzeko erraztasuna, larruazala nola babesten duten, aparraren trinkotasuna eta azken hondarrak kentzeko erraztasuna.

Horiek guztiak aztertu ondoren, honako hauek lortu dute emai-tzarik onena: aparretan, Williams Ice Blue eta La Toja Piel Sensible ontziek, eta geletan, Gillette Series Piel Sensible eta Williams Ice Blue izenekoek. Kalitate-prezioetan, Williams etxeko Ice Blue aparra nagusitu da: horixe izan da merkeena (10 euro baino gutxiago balio du litroak), apar horrek eduki du estraktu lehor eta materia aktibo gehien, eta erabilera proban ere emaitza ona eman du.

Gela nahiago dutenentzat, Nivea etxekoa izan daiteke aukera ona, nahiz eta ez den merkea eta nahiz eta erabilera proban ere ez den nabarmendu: materia aktibo gehien duen gela da, tokoferilo azetatoa dauka eta alergenorik gabe etorri da.

Marka WILLIAMS NIVEA LA TOJA GILLETTE SERIES NIVEA
Produktu mota Aparra Aparra Aparra Aparra Gela
Etiketako aipamenak
  • Ice Blue
  • Aloe Vera
  • eta Mentola
  • Sensitive
  • Kamomila
  • eta Care bitamina
  • Azal sentibera.
  • Gatz Mineralekin eta Aloe Verarekin
  • Azal sentibera
  • Aloe Verarekin
  • Freskagarria
  • Menda estraktuak,
  • ISO-magnesioa eta Care bitamina
Eduki garbia, berak adierazia (ml) 250 + 50 200 + 50 250 + 50 250 200
Prezioa (euro/kilo) 9,60 16,10 11,47 12,40 20
Ontziaren pisua (g/ml) 1 0,28 0,22 0,27 0,29 0,30
Osaera
Estraktu lehorra (%) 2 19,5 13,6 18,5 12,8 24,5
Materia aktiboa (%)3 12,7 10,1 12,3 6,5 17,3
pH-a, % 1ean 8,4 8,5 8,4 8,3 9,0
Landare-estraktuak 4
  • Aloe Vera
  • Ginseng
  • Kotoia
  • Aguakatea
  • Soja
  • Kamamila
Aloe Vera
  • Irlandako goroldioa
  • Aloe Vera
Kotoia
Aloe Vera (%)5
Alantoina (%)5
Pantenola (%)5 0,42
Tokoferilo azetatoa5 120
Alergenoak (z/m)6
  • Bentzil alkohola (41)
  • Liliala (11)
Ez dauka Bentzil alkohola (11)
  • Limonenoa (186)
  • Bentzil alkohola (21)
  • Bentzil salizilatoa (45)
Ez dauka
Osaera-KALITATEA Oso Ona Bikaina Oso Ona Ona Oso Ona
ERABILERA PROBA (1etik 9ra) 6,6 6,1 6,6 6,6 6,2
Marka GILLETTE SERIES WILLIAMS LA TOJA GILLETTE FUSION
Produktu mota Gela Gela Gela Gela
Etiketako aipamenak
  • Azal sentibera
  • Aloe Verarekin
  • Ice Blue
  • Aloe Vera
  • Azal sentibera
  • Gatz mineralekin
  • eta babes-substantziekin
  • Azal sentibera
  • Aloe Vera eta E bitaminarekin
Eduki garbia, berak adierazia (ml) 200 200 200 200
Prezioa (euro/kilo) 20,21 14,44 18,36 22,75
Ontziaren pisua (g/ml) 1 0,40 0,46 0,39 0,40
Osaera
Estraktu lehorra (%) 2 19,3 25,8 23,3 20,1
Materia aktiboa (%)3 11,9 12,7 13,2 11,9
pH-a, % 1ean 8,9 8,6 8,8 9,0
Landare-estraktuak 4 Aloe Vera
  • Aloe Vera
  • Ginseng
Ez ditu ageri Aloe Vera
Alantoina (%)5 0,23
Pantenola5 0,29
Tokoferilo azetatoa (%)5 0,10
Bisabolola (z/m)5 420
Alergenoak (z/m)6
  • Limonenoa (103)
  • Bentzil salizilatoa (19)
  • Bentzil alkohola (12)
Bentzil alkohola (14) Ez dauka
  • Bentzil alkohola (5540)
  • Limonenoa (89)
  • Liliala (18)
  • Lyrala (10)
Osaera-KALITATEA Oso Ona Ona Oso Ona Oso Ona
ERABILERA PROBA (1etik 9ra) 6,8 6,6 5,1 6,6

1. Ontziaren pisua. Ontziak hutsik zenbat pisatzen duen neurtzen da, eta produktuak ageri duen pisu garbiarekin zatitzen da.

2. Estraktu lehorra. Produktua bi orduz 105 ºC-tan eduki eta geratzen zaion hondar lehorra da. Zenbat eta estraktu lehor gehiago, orduan eta ur gutxiago eta orduan eta osagai aktibo gehiago edukiko ditu.

3. Materia aktiboa. Alkoholetan disolba daitekeen materia da. Zenbat eta gehiago eduki, horrek esan nahi du orduan eta substantzia apar-eragile gehiago dituela.

4. Landare-estraktuak. Osagaien zerrendan ageri diren landare-estraktuak.

5. Osagai aktiboak. Bizarra egiteko lana errazten omen duten substantziak dira. Horietako batzuek hidratatu egiten omen dute, lasaigarri gertatzen omen dira eta azala minberatzea eragozten omen dute; beste batzuek hanpaduren aurka egiten dute, mikrobioak hedatzea eragozten dute, hezetzaileak dira, zauriak orbaintzen laguntzen dute, azkura gutxitzen dute, azala leuntzen, babesten, ilea guritzen… Zenbait apar eta gelek osagai aktibo bat edo gehiago dituzte, baina bederatzitik bostek ez dute eduki guk bilatu ditugun lauretako bat bera ere.

6. Alergenoak. Alergiak sor ditzaketen substantziak dira. Horietako batzuk ohikoak dira produktu lurrinduetan, eta aparrak eta gelak hala dira. Alergeno kopurua muga batetik gora igotzen bada (100 zati milioiko), etiketan adierazi beharra dago alergenoak dituela. Analisi bereziak egin ditugu produktu hauek eduki ohi dituzten alergenoak antzemateko, eta egiaztatu ahal izan dugu guztiek betetzen dutela arauak esana. Zenbait produktuk hiru eta lau alergeno eduki dituzte, eta beste batzuek, bat bera ere ez.

Banan-banan

5 gel eta bizarra egiteko 4 apar

Williams Ice Blue

  • Bizarra egiteko aparra. 250 + 50 ml.
  • Litroak 9,6 euro balio du.
  • Hau gailendu da kalitate-prezioetan, baita gelak aintzat hartuta ere.
  • Honako hau jartzen du etiketak: “Ice blue. Aloe vera. Mentola”.
  • Osaera-kalitatea: Oso Ona.
  • Aparretan honek eduki du estraktu lehor gehien (% 19,5; ura kendu ostean geratzen dena da
  • estraktu lehorra). Aloe Vera eta Ginseng dauzka. Ez dauka materia aktiborik (alantoina, pantenola, tokoferilo azetatoa edo bisabolola), eta gainerako hiru aparretatik bik ere ez daukate. Bi substantzia alergeno ditu, oso-oso gutxi bada ere (ongi betetzen du arauak atal horri buruz esaten duena).
  • Erabilera proba: 6,6 puntu lortu ditu. Bizarra egiteko apar hau gustatu zaie gehien kontsumitzaileei. Aparraren harrotasuna nabarmendu dute, aurpegia nola estaltzen duen ere gustatu zaie eta azken hondarrak erraz kentzen direla esan dute.

La Toja Piel Sensible

  • Bizarra egiteko aparra. 250 + 50 ml.
  • Litroak 11,47 euro balio du. Aintzat hartzeko aukera da.
  • Honako hau jartzen du etiketak: “Larruazal sentibera. Gatz mineralekin eta aloe verarekin”.
  • Osaera-kalitatea: Oso Ona. Aloe Vera dauka. Ez dauka materia aktiborik (alantoina, pantenola, tokoferilo azetatoa edo bisabolola), eta gainerako hiru aparretatik bik ere ez daukate. Alergenoak dauzka, oso-oso gutxi, egia esan, eta ongi betetzen du arauak atal horri buruz esaten duena.
  • Erabilera proba: 6,6 puntu lortu ditu. Aparretan, hauxe gustatu zaie gehien, Williams etxekoaren ondotik.
  • Aparraren harrotasuna nabarmendu dute, eta aurpegia nola estaltzen duen ere gustatu zaie.

Nivea For Men Sensitive

  • Bizarra egiteko aparra. 200 + 50 ml.
  • Litroak 16,10 euro balio du, eta beste aparrak baino dezente garestiagoa da: beste hiruren artean garestien irteten denaren litroak 12,40 euro balio du.
  • Honako hau jartzen du etiketak: “Sensitive. Kamomila. Care bitamina”. Aluminiozko ontzian etorri da, eta besteak baino arinagoa da.
  • Osaera-kalitatea: Bikaina; aztertu ditugun bederatzi produktuetatik, honek izan du osaerarik onena. Apar honek eduki du pH-rik handiena (8,5). Bisabolol materia aktiboa ekarri du (eragotzi egiten omen du azala minberatzea, hanpatzea eta mikrobioak hedatzea). Produktu lurrinduek alergeno jakinak eduki ohi dituzte, baina honek ez du eduki bat bera ere (gainerako zortzietatik seik eduki dituzte).
  • Erabilera proba: 6,1 puntu lortu ditu. Kontsumitzaileei, oro har, bizarra egiteko apar hau gustatu zaie gutxien, baina aztertu ditugun zortzi ataletan, bakarrean geratu da beste aparrak baino okerrago: aurpegia estaltzeko erraztasuna neurtu duen atalean, hain zuen.

Gillette Series Piel Sensible

  • Bizarra egiteko aparra. 250 ml.
  • litroak 12,40 euro balio du.
  • Honako hau jartzen du etiketak: “Azal sentibera. Aloe verarekin” etiketa hobeto eman lezake: sorta-zenbakia ezin izan da irakurri.
  • Osaera-kalitatea: Ona. Honek eduki du estraktu lehor gutxien (% 12,8) eta materia aktibo gutxien (% 6,5). pH-a ere besteek baino txikiagoa eduki du (8,3). Ez dauka materia aktiborik (alantoina, pantenola, tokoferilo azetatoa edo bisabolola), eta gainerako hiru aparretatik bik ere ez daukate.
  • Produktu lurrinduek eduki ohi dituzten hiru alergenorik ohikoenak ditu, baina ongi betetzen du arauak atal horri buruz esaten duena.
  • Erabilera proba: 6,6 puntu lortu ditu. Ez da nabarmendu zortzi ataletako bakarrean ere, baina ezer txarrik ere ez diote antzeman. Aurpegia nola estaltzen duen gustatu zaie bereziki.

Nivea For Men Refrescante

  • Bizarra egiteko gela. 200 ml.
  • Litroak 20 euro balio du. Aparra baino gela nahiago dutenentzat, hauxe da aukerarik interesgarriena.
  • Honako hau jartzen du etiketak: “Freskagarria. Menda estraktua. ISO-magnesioa eta Care bitamina”.
  • Ontzia aluminiozkoa da, eta gel ontzi guztietan arinena izan da.
  • Osaera-kalitatea: Oso Ona. Aztertu ditugun apar eta gel guztietan, honek eduki du materia aktibo gehien (produktuaren % 17,3), eta estraktu lehorra ere beste gehienek baino gehiago (% 24,5). E bitaminaren aitzindari den osagai aktibo bat dauka, tokoferilo azetatoa. Normala izaten da produktu lurrinduek alergeno jakin batzuk edukitzea, baina honek ez du halakorik (bederatzitik hiru izan dira alergenorik gabeak).
  • Erabilera proba: 6,2 puntu lortu ditu. Erdi parean geratu da: kontsumitzaileek ez dute ezer nabarmendu, eta ezer txarrik ere ez diote antzeman.

Gillette Series Piel Sensible

  • Bizarra egiteko gela. 200 ml.
  • Litroak 20,21 euro balio du.
  • Honako hau jartzen du etiketak: “Larruazal sentibera. Aloe verarekin”.
  • Osaera-kalitatea: Oso Ona. Materia aktibo gutxien eduki duten bi geletako bat izan da hau (% 11,9) eta estraktu lehor gutxien eduki duena (%19,3), nahiz eta kopuru egokiak diren biak ere.
  • Ez dauka materia aktiborik (alantoina, pantenola,tokoferilo azetatoa edo bisabolola), eta gainerako lau aparretatik beste batek ere ez dauka. Produktu lurrinduek eduki ohi dituzten hiru alergenorik ohikoenak ditu, baina ongi betetzen du arauak atal horri buruz esaten duena.
  • Erabilera proba: 6,8 puntu lortu ditu. Bederatzi produktuetatik honek lortu du emaitza orokor onena, baina kontsumitzaileek ez dute jo besteak baino hobetzat ezein ataletan. Honen difusorea gustatu zaie, eta aparraren trinkotasuna ere bai.

Williams Ice Blue

  • Bizarra egiteko gela. 200 ml.
  • Litroak 14,44 euro balio du; gainerako lau gelak baino dezente merkeagoa da.
  • Honako hau jartzen du etiketak: “Ice Blue. Aloe vera”.
  • Osaera-kalitatea: Ona. Gel honek ekarri du estraktu lehor gehien (produktuaren % 25,8). pH-a,berriz, beste gelek baino apalagoa eduki du (8,6). Aloe vera eta ginseng dituela esaten du. Ez dauka materia aktiborik (alantoina, pantenola, tokoferilo azetatoa edo bisabolola), eta gainerako lau aparretatik beste batek ere ez dauka. Produktu lurrinduek eduki ohi dituzten alergenoetako bat dauka, baina ongi betetzen du arauak atal horri buruz esaten duena.
  • Erabilera proba: 6,6 puntu lortu ditu. Bizarra egiteko gelik onenetakoa izan da. Usain onena eduki duten bietako bat iruditu zaie kontsumitzaileei, eta aurpegian erraz ezartzen dela adierazi dute.

Gillette Fusion Piel Sensible

  • Bizarra egiteko gela. 200 ml.
  • Litroak 22,75 euro balio du; hau izan da guztietan garestiena.
  • Honako hau jartzen du etiketak: “Azal sentibera. Aloe vera eta E bitaminarekin”.
  • Osaera-kalitatea: Oso Ona. Materia aktibo gutxien duten bi geletako bat izan da (% 11,9) eta estraktu lehorra ere beste gehienek baino gutxiago eduki du (% 20,1), nahiz eta kopuru egokiak diren biak ere. E bitaminaren aitzindari den osagai aktibo bat dauka, tokoferilo azetatoa. Bederatzi produktuetatik honek eduki du alergeno mota gehien (lau), baina araua betetzen du.
  • Erabilera proba: 6,6 puntu lortu ditu. Oro har, bizarra egiteko gelik onenetakoa izan da. Usainaren atalean, adibidez, hau eta beste bat nabarmendu dituzte kontsumitzaileek. Azken hondarrak erraz kentzen direla esan dute, eta hori ere gustatu zaie.

La Toja Piel Sensible

  • Bizarra egiteko gela. 200 ml.
  • Litroak 18,36 euro balio du.
  • Honako hau jartzen du etiketak: “Azal sentibera. Gatz mineralekin eta babes-substantziekin”.
  • Osagaien zerrendan ez du ageri landare estrakturik (gainerako guztiek badituzte).
  • Osaera-kalitatea: Oso Ona. Osagai aktibo gehien duena (alantoina, pantenola eta bisabolola), eta
  • alergenorik gabea, gainera (produktu lurrinduetan ohikoenak direnak bilatu ditugu).
  • Erabilera proba: 5,1 puntu lortu ditu. Gelik txarrena, eta erdipurdiko emaitza eman duen gel bakarra.
  • Erabilera proban neurtu ditugun zortzi ataletatik, bostetan lortu du emaitzarik txarrena (difusorea, usaina, gelaren trinkotasuna, ezartzeko erraztasuna eta aurpegia estaltzeko gaitasuna).