Geokokatzailea duten sakelakoak

Geokokapena: non zer, eta ez edozer

Geokokapenak bi baliabide uztartzen ditu, esku telefonoaren GPSa eta Interneteko informazioa eta mapak; horren bidez, leku jakin batean dagoen erabiltzaileari hangoxe zerbitzuen, edukien eta iragarkien berri eskaintzen diote
1 urria de 2009
Img internet listado 536

Geokokapena: non zer, eta ez edozer

/imgs/20091001/internet1.jpg
Phillip K. Dick idazle estatubatuarrak kontatzen du ‘Minority Report’ zientzia fikziozko eleberrian: protagonista doan lekura doala, iragarki panelak pertsonalizatu egiten zaizkio, eta begi bateko irisa irakurriz jakiten dute zein den bera, zer gustatzen zaion eta zein joera dituen. Etorkizunari aurre hartu zion K. Dick-ek eszena horrekin, eta egun geokokapena deitzen dugun fenomenoa iragarri zuela esan liteke. Eta zer da, bada, geokokapena? Esku telefonoen GPS nabigatzailea eta erabiltzaileari buruz Sarean dagoen informazioa konbinatzen ditu, eta Interneteko hainbat gunetan dauden mapekin osatzen da (Google Maps, Yahoo! Maps edo Bing Maps); mapa horiek hainbat jatetxe, botika edo saltokiren informazioa dute, eta erabiltzailea non, han inguruko informazioa helarazten diote. Itxuraz, hau izango da iragarkiak egiteko modu nagusia etorkizunean. Erabiltzaileak sakelakoaren GPSa abiarazi eta zehatz-mehatz kokatu ahal izango du bere burua; jarraian, telefonoan instalatuta daukan beste programa bati esker, inguru horretako informazioa lortu ahal izango du. Jatetxe bat aurkitu nahi badu, programak esango dio non dagoen gertuena, eta zerbitzuak aurrez baldin badaki erabiltzaile horri zer gustatzen zaion, horrexen araberako informazioa emango dio. Eta berdin egingo du gainerako negozio mota guztiekin ere. Botikei dagokienez, adibidez, erabiltzaileak gaixotasun jakin bat badauka, etorkizunean programa batek esango lioke zein botikatan aurki lezakeen behar duen sendagaia.

Taxia, behatz-kolpe batean

Oraingoz ez gara iritsi horretaraino, baina bide horretan goazela dirudi. Bartzelonan, esaterako, programa berezi bat diseinatu du enpresa batek, erabiltzaileak jakin dezan taxi geltokirik gertuena non daukan eta ea taxirik baden; oraindik ez dute abian jarri, baina laster, sakelakoaren botoi bati eman eta zerbitzuak esango dio erabiltzaileari, dagoen tokian egonda, taxirik baden handik gertu eta zenbat denbora barru etorriko zaion.

Google eta beste zenbait konpainiak Android izeneko sistema eragilea sortu dute esku telefonoentzat, eta horrek eskaintzen dituen zenbait aplikaziok GPSa eta Interneteko informazioa bateratzen dituzte. Sherpa izenekoa da horietako bat, eta hori sakelakoan instalatuta, erabiltzaileari oroitarazten dio zein ibilbide egin ohi dituen eta zein ostatu motatan sartzen den. Oraingoz, ordea, Ameriketako Estatu Batuetan soilik erabil liteke.

Erabiltzaileak Sherpa-n begiratzen duenean, han agertuko zaizkio inguru hartako zenbait negozio, beste nonbait eta noizbait erabili dituen horien antzekoak: jatetxe motak, arropa dendak… Hori egiteko, Google Maps zerbitzuak negozioei buruz bilduta duen informazioa erabiltzen du, eta hiria mapa moduan erakutsiko dio, airetik egindako argazkien bidez edo kaletik ateratako argazkiekin.

Sakelakoa, erabiltzailearen ‘itsuaurrekoa’

/imgs/20091001/internet2.jpg
Zerbitzu bakoitzak bere buruaren geokokapena ematea izango da arrakastarako bidea, itxura batean. Arrazoi bategatik baino gehiagogatik, gainera: batetik, beste edozein tresna elektronikorekin baino denbora gehiago pasatzen dutelako erabiltzaileek esku telefonoarekin; bestetik, informatikan gero eta joera handiagoa dagoelako Sarera nonahitik sartzeko, kable eta halakoen beharrik gabe, eta, batik bat, etengabe mugitzeko modua edukita.

Beraz, erabiltzailea beti hara eta hona badabil eta ez badago ordenagailu aurrean eserita, eta beti Sarera lotuta egon nahi badu, unean-unean dagoen lekuari buruzko informazioa helarazteko aukera edukitzea abantaila handia da, jendearen beharrei erantzuteko modua ematen baitu, zerbitzuen bidez, erosketa bidez, datuz bidez… Hori horrela izanik ere, geokokapena erakusten duen informazioa ez da guztiz txertatu kontsumitzaileen artean. Arrazoi nagusia ekonomikoa da. Hasteko, era horretako informazioa emateko gai diren telefonoak hirugarren belaunaldikoak dira (3G), horiek baino apalagoak ez baitaude prestatuta GPS nabigatzaile bat edukitzeko eta sarbiderik ere ez dute izaten Interneterako edo datu-sarerako, eta elementu horiek behar-beharrezkoak dira geokokapena erakusten duten informazioa eskaintzeko. Zenbat ezaugarri eta aukera biltzen dituzten ikusita, 3G motako telefonoek 500 euro baino gehiago balio dute (smartphones edo sakelako adimendunak ere esaten diete), eta hori ez dago gehienen eskura. Telefono operadore batzuek nahiko prezio onean jartzen dituzte, hala ere, kontratu bat sinatzearen truk, baina halakoetan, ongi aztertu behar izaten da zenbateko tarifa jartzen duten sarera konektatzekoagatik.

Azkenaldian zertxobait merkatu dira tarifa horiek eta ez dira lehen bezain garestiak, baina mugak ere handi samarrak izaten dira zenbaitetan: ezin izaten da nabigatu nahi den denbora guztian eta datu-zirkulazioa ere mugatua izaten da. Kontratatu dugun kopurua gaindituz gero, asko garestitzen da zerbitzua, eta ordainagiria uste baino handiagoa izaten da.

Geokokapena erakusten duten zenbait aplikazio

Sky Map: Android sistema eragilearentzat funtzionatzen du, eta, bereziki, HTC Magic telefono modeloarekin; hala ere, ahalmen handiko programa da beste modelo eta sistema eragile batzuekin ere erabiltzeko. Erabiltzailea non dagoen jakinda, GPS nabigatzaileari eta iparrorratz digital bati esker, erabiltzaileak noranzko jakin batean begiratzen duenean, une horretan ikus daitezkeen izarren izena erakusten du pantailan. Places Directory: Programa hau ere Android-entzat diseinatu dute, eta erabiltzailearengandik gertu dauden hainbat saltokiren berri ematen du (dendak, jatetxeak, tabernak, gasolindegiak…). Bakoitzaren helbide geografikoa adierazten du aplikazioak, eta zenbateko distantzia dagoen hara iristeko. Beste erabiltzaile batzuen iritzi eta iruzkinek osatzen dute gida.

Search with my Location: Google-k bertsio berezi bat dauka sakelakoentzat, eta bilatzaile hauxe asmatu du horiekin erabiltzeko. Erabiltzailea non dagoen zehazten du, eta bilatu nahi duen horrekin harremana duten emaitzak eskaintzen dizkio. Iphone eta Blackberry telefonoekin erabiltzeko modua dago. Google Maps: Google-ren mapak ikusteko ere, bertsio berezi bat sortu dute sakelakoentzat, eta erabiltzailearen kokapenetik abiatuz egin litezke bilaketak; horretarako, jakina, erabiltzailea non dagoen zehaztu behar du GPS nabigatzaileak (kokapen zehatza izaten da hori), edo, bestela, estaldura ematen dion antenaren arabera zehazten da kokapena (ez da izaten bestea bezain zehatza). Hirugarren belaunaldiko telefono gehienekin erabiltzeko prestatua dago.