Unibertsitatea, bidegurutzean
Unibertsitatean lehenengoz matrikula egin dutenentzat, dena berria izaten da, oro har; inguruak, giroak, heziketa-metodoak… zerikusi gutxi izaten dute ordu arte ezagutu dutenarekin. Egokitu egin behar izaten dute, eta horrek denbora eskatzen du. Aurten unibertsitatean hasiko direnentzat, gainera, are gogorragoa gerta daiteke jauzia, ikasturte berezia baita aurtengoa: unibertsitate sistema bera ere egoera berri baten aurrean dago, eta egokitze aldi bete-betean. Goi mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura moldatu beharra dauka, edo, bestela esan, Bolognako Adierazpena deitzen den horretara. Orain arte, nagusiki lizentziak eta diplomak eskaintzen zituen unibertsitateak, baina 2010-2011 ikasturtetik aurrera desagertu egingo dira horiek, eta graduek eta masterrek hartuko dute haien lekua. Zalantza, eztabaida eta ikusmin ugari sortu du ekimenak (1999. urtean jarri zituzten lehen oinarriak), eta esan liteke bidegurutzean dagoela unibertsitatea: orainaldi nahasi samarra ikusten zaio eta etorkizuna inoiz baino irekiagoa.
Espainian 75 unibertsitate daude, eta bakoitzak bere estrategiak finkatu ditu trantsizio aldi honetarako. Batzuek dagoeneko guztiz egokitu dute euren eskaintza, eta beste batzuek mantsoago joatea erabaki dute, eta azken ordua arte itxarotea titulazioak moldatzeko. CONSUMER EROSKI-k urtero berritzen du Unibertsitateen Gida Praktikoa (www.universidades.consumer.es), eta ikusi dugunez, honako unibertsitate hauek moldatu dute euren heziketa-eskaintza Bolognak ezartzen dituen arauetara (gradu eta graduondokoetara): IE Unibertsitatea (Segovia), Madrilgo Urruneko Unibertsitatea (UDIMA), Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta San Jorge Unibertsitatea (Zaragoza). Beste zenbait unibertsitatek, aldiz, oraindik ez dute eskaintzen gradu titulurik (lizentzien eta diplomen pareko dira). Zortzi daude egoera horretan: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV-EHU), Salamancako Unibertsitate Pontifizioa, Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatea, Valladolideko Unibertsitatea, Las Palmasko Kanaria Handiko Unibertsitatea eta Avilako Unibertsitate Katolikoa.
Datorren ikasturterako (2010-2011), unibertsitate guztiek egokituta egon beharko dute Europako esparrura, ordurako egon behar baitu amaituta Bolognako Prozesuak. Unibertsitateei ez ezik, ordea, ikasleei ere eragingo die egoera berriak, bai aurten matrikulatu direnei eta bai etorkizunean egingo direnei.
Akabo lizentziak eta diplomak
Eredu berriak izena aldatuko die goi mailako ikasketei, eta ikusi batera, hori da berrikuntzarik nabarmenena. Unibertsitarioak, ikasketak amaitzen dituztenean, hemendik aurrera ez dira izango lizentziadunak edo diplomadunak (Biologiako lizentziaduna edo Gizarte Heziketako diplomaduna, adibidez); gradudunak izango dira (Kazetaritzako graduduna edo Kimikako graduduna, esaterako). Bolognak hiru maila edo ziklo ezartzen ditu Europako unibertsitate-ikasketa guztientzat: Gradua, Masterra eta Doktoregoa. 2010-2011 ikasturtean, unibertsitateek ezingo dute eskaini honako titulu hauetako bat bera ere lehenengoz matrikula egiten dutenentzat: lizentziaduna, diplomaduna, arkitektoa, ingeniaria, arkitekto teknikoa eta ingeniari teknikoa. Araudi berriak, hala ere, ez die eragingo tituluak Bologna Plana indarrean jarri baino lehenago lortu dituztenei. 2007ko urriko Errege Dekretuak zera dio (Unibertsitate-Ikasketak Antolatzeari buruzkoa da): errege dekretu hori indarrean sartu aurretik lortu diren unibertsitate-titulu ofizial guztiek bere horretan atxikiko dute balio akademikoa eta profesionala ere bai.
Ikasketak egiteko ze unibertsitate aukeratzen
den, ikastaroaren prezioa 30 aldiz garestiago
ere izan liteke
Ikasturte hasiberri honetan, beraz, trantsizio garaian den unibertsitatea aurkituko du ikasleak; unibertsitatea aroz aldatzen ari da, orain arte izan denetik etorkizunean izango denera. Nola jokatu behar du hor ikasleak? Legedi berrira moldatuta dauden ikasketetan egin behar du matrikula edo ez? Hala eginez gero, etorkizun espezializatuagorantz doan bidea hasiko du eta Europan homologatua egongo den titulu bat eskuratuko du. Hori izan daiteke alde ona. Txarra, berriz, honako hau: sistema berria oraindik ez dela guztiz perfektua edo osatua.
Itxura guztien arabera, lan merkatuak Europako plan berriaren alde egingo du, eta arau berrietara moldatu diren unibertsitateen tituluak lehenetsiko ditu hurrengo urteetan. Hain justu, ikuspegi hori gailendu izana salatzen dute zenbait ikasle kolektibok eta ikasle gutxi dauzkaten titulazioetako taldeek: hezkuntzako eskaintza produkzio-sektoreen beharretara moldatzea. Haien ustez, “ikasgelak merkatu bihurtzea” da hori, eta ikasketa batzuk desagertzeko bidean jartzea. Unibertsitate-erakundeen iritziz, “ikuspegi desegokia” da hori.
Gutxienez, lau urteko ikasketak
Tituluen izenari ez ezik, ikasketen iraupenari ere eragiten dio goi mailako ikaskuntzen berregituraketak. Bologna Prozesua ezartzen denean, ez da izango hiru urteko ikasketarik. Ondorioz, titulazio batzuetan luzatu egingo da prestakuntza aldia; beste batzuetan, berriz, murriztu egingo da, eta batzu-batzuk desagertu ere egingo dira, edo, behintzat, ez dira izango sistema tradizionalean izan diren bezalakoak.
Unibertsitate-ikasketen lehen maila edo zikloa Gradua izango da aurrerantzean; lau urteko ikasketak izango dira, eta horrek esan nahi du Europako 240 kreditu lortu behar direla (ECTS deitzen zaio kreditu sistema horri, European Credit Transfer System). Hori ere aldatuko baita, kreditu sistema, alegia. Orain, 10 eskola orduk kreditu bat ematen dute, baina ECTS sistemarekin, 25-30 ordu beharko dira kreditu bat eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi ikasleak lan gehiago egin beharko duenik. Eredu aldaketa bat da. Ebaluazioa egiteko eta ezagutzak neurtzeko ardatz nagusia ez da izango eskola orduetan ikasleak zer jaso duen aztertzea; orain, garrantzi handiagoa emango zaie norberak egiten dituen lanei, ikaslearen ekimena eta autonomia sustatzea baita helburua. Ikaskuntzari ematen zaio garrantzia, eta ez hainbeste irakaskuntzari. Horrexegatik, ikasgelan ematen den denbora aintzat hartzeaz gain, ikasgelatik kanpoko lanari dagokiona ere hartzen da: ikasten, tutoretzetan, lanak egiten, mintegietan parte hartzen… Kreditu-eredu berri horrekin, gainera, arazo handi-handi bat konpondu nahi dute: Europan banatzen diren tituluak bateratzea, homogeneo bihurtzea eta homologatzea (hori oso zaila zen orain artean).
Gradu ikasketak hasi ahal izateko, orain arte bezala, batxiler titulua edo baliokideren bat eduki behar da eta unibertsitaterako hauta-proba gainditu. Graduko irakaskuntzen bidez, ikasleak prestakuntza orokorra bereganatuko du, baita jarduera profesionaletan aritu ahal izateko oinarriak ere. Gradua amaitutzat eman ahal izateko, lan bat aurkeztu behar du ikasleak, gutxienez 6 kredituren balioa izango duena eta 30en balioa gehienez (240 ECTS horien barne daude). Zenbait ikasketak, hala ere, Arkitekturak edo Medikuntzak, esate baterako, araudi berezia dute Europan, eta 240 ECTS kreditu beharrean, 300 behar izaten dira, eta lau urte ez, baina 5.
Masterrak eta Doktoregoa ere aldatuko dira
Gradu ikasketak bukatu dituen ikasleak bi aukera ditu: lan bila hasi edo ikasten jarraitu eta graduondoko bat egin (master deituko zaie orain). Masterrek ikasturte bat edo bi iraungo dute (60 eta 120 ECTS kreditu artean), ikasketa plan bakoitzaren arabera; orain arte, ematen zituen ikastegiak soilik aitortzen zien ezagutza ofiziala masterrei, baina aurrerantzean titulu ofizialak izango dira. Masterrak bi eratakoak izango dira: lan arlokoak edo ikerketa arlokoak. Lan arlokoetan, lanbide batean aritzeko prestatzen dute ikaslea, eta ikerketa arlokoetan, doktoregoa egiteko. Eta doktoregoan ere berrikuntza ekarriko du Bolognak: ezinbestekoa izango da Master titulu bat edukitzea unibertsitate-ikasketen hirugarren maila edo zikloa egin eta doktore titulua eskuratzeko. Zehazki, Europako 300 kreditu beharko dira, gutxienez, doktoregoko ikasketei ekin ahal izateko.
Zenbat diru behar da lehen urtean?
Iraila eta urria hilabete gogorrak izaten dira etxeko ekonomiarentzat. Oporren ostean, ikasmateriala erosi behar izaten da eta, unibertsitarioek, eskolako matrikulak ere ordaindu behar izaten dituzte. Sistema publikoak ditu matrikularik apalenak, baina ezin esan horiek ere txikiak direla; unibertsitate pribatuetan, berriz, askoz handiagoak dira (30 aldiz handiagoak ere bai). Arkitektura egiteko, adibidez, 650 euro kostatzen da lehen urteko matrikula Malagako eta Sevillako unibertsitateetan; Segoviako IE Unibertsitatean, berriz, 18.000 euro.
Iaz eskaririk handiena izan zuten hiru titulazioen prezioak aztertzen baditugu (Espainiako Hezkuntza Ministerioaren arabera, Medikuntza, Erizaintza eta Haur-Irakasle ikasketak, ), hor ere alde handiak sumatuko ditugu unibertsitate publikoen eta pribatuen artean. Unibertsitate publikoetan, batez beste, 800 euro kostatzen da Medikutzako matrikula egitea (Unibertsitateen Gida Praktikotik atera dugu datua), eta pribatuetan, berriz, 5.176. Erizaintza ikasketak egin nahi dituenak ere antzeko aldeak aurkituko ditu: 850 eurokoa da matrikula, batez beste, unibertsitate publikoetan, eta 6.000 eurokoa pribatuetan. Irakasle ikasketetan zertxobait txikiagoa da aldea, baina aipagarria hor ere: 900 euro kostatzen da publikoetan, eta 3.500 euro pribatuetan.
Aukera egiteko orduan, hala ere, kalitatea lehenetsi behar da, eta matrikularen kopuruak askotan ez du zerikusirik izaten horrekin, ez eta unibertsitatea publikoa edo pribatua izateak ere.
Bologna Prozesua. Galderak era erantzunak
Aldaketa handiak gertatzen direnean edo egiturazko berrikuntzak abian jartzen dituztenean, mesfidantza eta zalantza handiak sortzen dira han eta hemen, eta Bolognako Adierazpenarekin ere horixe gertatu da. Titulazio jakin batzuetako ikasle eta irakasleek agertu dute kontrakotasun gehien, Bolognak desagerrarazi egingo dituelakoan (filologia batzuetakoek eta Artearen Historiakoek, batik bat), baina ez da eremu horietara mugatu, eta hedadura handi samarra hartu du zenbait lurraldetan. Unibertsitateek eta Espainiako Hezkuntza Ministerioak erantzun beharrean ikusi dute beren burua, eta honako azalpen hauek eman dituzte Europako esparru berrira egokitzeak ekarriko duenaren inguruan:
Egungo tituluek ez dute galduko ez baliorik eta ez ofizialtasunik. Horien lan-aukerak ere ez dira mugatuko, nahiz eta ikasketen eta tituluen egiturak moldatu. Horixe esaten du Unibertsitate-Ikasketak Antolatzeko Errege Dekretuak, 2007ko urrian onartuak; testu horrek ezarri zituen oinarriak Espainiako unibertsitateak behar bezala egokitu zezaten euren eskaintza Goi mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura.
Izango da modurik ikasketa-plan zaharra utzi eta Bolognako Planeko gradu batera aldatzeko? Karrera zein ikasketa-planekin hasi duten, harexekin jarraitu ahal izango dute ikasleek. Unibertsitarioek, beraz, eragozpenik gabe amaitu ahal izango dute euren ikasketa-plana, eta zaie aldatuko ez ikasketen egiturarik, ez edukirik eta ez garapenik. Nolanahi ere, lehenagoko unibertsitate-arauen mende dauden ikasketak egiten ari direnek aukera izango dute ikasketa berrietan hasteko, baldin eta unibertsitateak baimena ematen badie (1393/2007 Errege Dekretuak eta unibertsitatearen beraren araudiak esaten duenari jarraiki, betiere).
Egia esan, gradu guztiak ez dira izango 4 urtekoak. Zenbait ikasketa Europako araudi berezi batzuen mende daude, eta kreditu gehiago behar izaten dira horietan. Medikuntzan (360 ECTS), Albaitaritzan (300 ECTS) eta Arkitekturan (300 ECTS + Gradu amaierako Lana) kreditu gehiago eskatzen dituzte, eta, ondorioz, 4 urte baino gehiagoko ikasketak dira.
Kasurik gehienetan ez da izango beharrezkoa. Gradu titulua duenak prestakuntza egokia izango du lanean aritzeko. Espainian araututa dauden zenbait lan jarduera egiteko, ordea, beharrezkoa izango da master bat egitea, hor lortzen duten prestakuntza ezinbestekoa baita. Hori gertatzen da, esaterako, Abokatutzarekin, Goi mailako Ingeniaritzekin eta Bigarren Hezkuntzan ariko diren irakasleekin.
Bolognak ez du ezartzen inolako irizpiderik beken inguruan. Errenta-mailegu deitzen direnek -2007an sortu zituzten- beste kontzeptu bat adierazten dute, eta ez dituzte ordezkatuko egungo bekak (garrantzitsua da hori kontuan hartzea). Mailegu horiei esker, errenta-mugak gainditu eta bekarik jaso ezin duen ikasleak aukera du Masterra ordaindu ahal izateko, eta behin lanean hasita, itzuli egingo du diru hori, interesik gabe.