Alaba edo seme adoptatua etxera ekartzen dugunean

Adopzioak traumarik sor ez dezan

Haur adoptatu batek 6 hilabetetik urtebete bitarte behar izaten du inguru berrira egokitzeko
1 urria de 2009
Img consejo

Adopzioak traumarik sor ez dezan

2007. urtean, 3.648 haur adoptatu zituzten Espainian, 41 herrialdetakoak guztira. Gizarte- eta kultura-ohiturak asko alda daitezke herrialde batetik bestera, eta adopzio-prozesuak hainbat gorabehera edukitzen ditu gehienetan; hori dela eta, zailtasunak sor daitezke haurrak familia berrira egokitzeko orduan. Egokitze-aldia ez da berdina izaten haur guztientzat, baina, oro har, denek behar izaten dute sei hilabete eta urtebete bitartean. Haur adoptatu batek zenbait fase igaro behar ditu etxe berrian egonkortu arte, eta guraso berriek kontuan hartu behar dute hori. Fase edo aro bakoitzak gehiago edo gutxiago iraun dezake -haur bakoitzaren araberakoa da hori-, eta haur bakoitza modu batean edo bestean egokitzen da ordu arte guztiz arrotz izan zaion inguru batera (batzuk errazago eta besteak nekezago). Oro har, haurra zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta azkarrago eta errazago egokituko da.

Haurra iristeko unea prestatu

  • Adopzioa ongi joan dadin eta arrakastatsua gerta dadin, lehen-lehenik, den bezala onartu behar da haurra. Ez da komeni amets eta asmoen mende ibiltzea, hortik etor baitaitezke frustrazioak eta desilusioak.
  • Ez ibili kontuak egiten egokitze-aldiaren inguruan, ez haurrak zenbat beharko duen, ez familiakoek nola egingo duten… Haurra etorri aurretik halakoetan aritzea kaltegarri izan liteke gerorako. Trantsizio-aldi bat da guztientzat, bai haurrarentzat eta bai etxeko gainerako kideentzat ere.
  • Adoptatu dugun haurra nola dagoen aztertzea komeni da, eta azterketa horrek garapen-arlo guztiak hartzea: fisikoa, psikologikoa eta heldutasunezkoa, kognitiboa eta intelektuala, eta soziala.
  • Haurrak ordu arte zer bizi izan duen jakitea oso garrantzitsua da, zer gauza gertatu zaizkion, zer trauma izan dituen, zein min… Horiek guztiek baldintzatu egiten dute haurraren izaera, jokabideak, jarrera, errealitatea ulertzeko modua, garapena eta familiako bizikidetza. Aurreko gertakari horien berri edukitzea oso lagungarria izaten da haurrari utzi dizkioten ondorioak hobeto ulertzeko eta haurrak izan ditzakeen atzerapen eta nahasmenduei irtenbide egokia emateko.
  • Haurra etxera iritsi baino lehen, komeni izaten da gurasoek jakitea haurrari zer gauza gustatzen zaizkion, horren arabera prestatu ahal izateko logela berria eta erosi ahal izateko jostailuak eta arropa.

Pazientzia, maitasuna eta tinkotasuna, hirurak neurri berean

  • Haurrarekin konfiantzazko harremana sortzen saiatu beharra dago, lehen egunetik beretik. Lehen asteetan, ez da komeni luzaro egotea haurrarengandik urrun. Haren beharrei arreta jartzeak eta haren kezkei berehala erantzuteak asko lagunduko du konfiantzazko harremana egiten.
  • Pazientzia eduki behar da eta haurraren erritmoa errespetatu. Haurrak berekin ditu iraganak utzi dizkion arrastoak, eta adopzioak ez ditu desagerrarazten. Haur horiek ez dute aukerarik eduki besteen erritmo berean ikasi eta aurrera egiteko, eta denbora gehiago behar izaten dute bizimodu berrira egokitzeko edo ezezagun zaizkien egoeretan moldatzen ikasteko.
  • Tentsio uneak sortzen direnean edo haurrak okerreko erreakzio bat eduki duenean, ez da pentsatu behar gure aurka ari dela; ulertu behar dugu bizimodu aldaketaren ondorio dela edo guk adoptatu aurretik gertatu zaion zerbaiten ondorio.
  • Bereziki malgua eta tolerantea izan beharra dago haurrak bost urte baino gehiago baditu. Adin horretatik aurrera, askoz ere barneratuagoak edukitzen dituzte aurreko esperientziak eta oroitzapenak, eta nagusiki guraso berrien aurka zuzenduko dute zerbait galtzeak eta nonbaitetik bereizteak sortzen duen amorrua eta mina.
  • Lehen egunetan, haurra ez da zamatu behar familiakoen eta lagunen bisitekin. Laster jendea ezagutuko duela esan behar zaio (hau eta hura…), eta poliki-poliki jarriko dugu horiekin harremanetan, haurra seguruago senti dadin, bestela arriskua baitago haurra nahasi eta beldurtzeko.
  • Askotan, lehendik lotura afektiborik eduki ez izanak jarrera gatazkatsuak sortzen ditu zenbait haurrengan. Barren-barreneko tristura izaten da horren jatorria. Jokabide horiek saihesteko eta gurasoekiko lotura sendotzeko, ez da komeni haurra iritsi eta berehala haurtzaindegira edo eskolara eramatea.
  • Gurasoek ikusi dute haurra zein baldintza gogorretan bizi izan den ordu arte, eta hunkituta egoten dira sarri; horrek ekar lezake haurrari inolako mugarik ez jartzea eta nahi duen guztia egiten uztea. Jarrera hori naturala eta ulergarria da, baina ez egokiena. Gurasoek erakutsi behar diote haurrari eurek dutela aginpidea, eta arauak ez betetzeak ondorio txarrak ekar ditzakeela. Jarrera hori lagungarria izango zaio haurrari, lehen unetik jakin dezan zein diren jokabide egokiak bai etxean eta bai handik kanpo.
  • Haurra ez da estimuluz josi behar, ongi neurtuta eman behar zaizkio. Estimulu gehiegiak asaldatu egin dezake haurra edo kikildu ere bai hainbeste gauza aukeran eskainita. Haur horiek mugaz betetako inguruetan mugitu dira ordu arte, eta gauza guztiak berriak zaizkie.
  • Sentitzen eta pentsatzen duena adieraz dezan lagundu behar zaio haurrari. Era naturalean hitz egin behar da harekin adopzioari buruz. Entzuteko eta ulertzeko jarrera erakusten badiogu, sendotuz joango dira afektu-loturak.
  • Gerta daiteke haurra hasieran gehiago hurbiltzea gurasoetako bati eta bestearekin zailtasun gehiago edukitzea. Segur aski, umezurztegian edo egoitzan izan zituen zaintzaile guztiak edo emakumezkoak izango ziren edo gizonezkoak, eta horrek eragingo du haurrak modu horretan jokatzea.
  • Hizkuntzarekin sor daitezkeen arazoak konpontzeko aski da arreta eta interes pixka bat jartzea eta komunikazio-kode bat ezartzea; hori eginda, erraz antzemango dugu haurrari zerbait gertatzen zaiola, zerbait nahi duela, zer gustatzen zaion eta zerk beldurtzen duen.


Nazioartean adoptatzen diren
lau haurretatik batek osasun
arazoren bat izaten du

Iraganak bizi-bizi irauten du beti

  • Haurrak aurrez bizi izan dituen egoeren berri edukitzea oso lagungarria izaten da haurrak izan ditzakeen atzerapenei eta bizikidetza- eta egokitze-nahasmenduei irtenbide egokia emateko. Haurraren adinak, etniak, ezaugarri fisikoek, eskolatze mailak, jasan izan dituen gehiegikeria eta/edo utzikeriazko egoerek, horiek guztiek eragina izaten dute haurrarengan, errealitatea ikusteko moduan, garapenean eta bizikidetzan.
  • Ezin da sekula ahantzi haur horrek hutsune bat sentituko duela betiko, eta haren familia biologikoak leku bat edukiko duela ezinbestean; egiazkoa izango da edo asmatua, baina haurrak askotan oroituko du, askotan berrituko du garai hura edo amestuko du.
  • Haurrari onartu behar zaio eskubidea duela jakiteko lehengo bizitzaren berri eta adopzioaren inguruko gorabeheren berri. Haren galderak erantzuten saiatu behar dugu, nahiz eta informazio gutxi eduki.
  • Haurrak adin bat edo bestea eduki, utzi egin behar zaio iraganarekin lotzen duten gauzak gainean eraman ditzan: lagungarri izango zaizkio aldaketak sortzen dion estutasuna lasaitzeko. Haurrak abiapuntu ezagun hori atxiki behar du bizimodu berri bati ekin ahal izateko. Denborarekin, eta poliki-poliki, alde batera utziko ditu gauza horiek, guztiz modu naturalean.

Gurasoek ere egokitu behar dute

  • Gurasoek ere zaindu behar dute beren burua. Guraso biologikoek baldintza normaletan gainditu behar izaten dituzten egoerak baino konplexuagoak gainditu behar izaten dituzte haurra adopzioan hartu duten gurasoek, eta horrek nekea sor dezake, estresa eta depresioa ere bai zenbaitetan.
  • Elkarrekin urtebete igaro eta haurrak egokitu gabe jarraitzen duela sumatzen badugu edo jarrera arraroren bat ikusten badiogu, espezialista batengana jotzea komeni da. Haurrak adoptatu dituzten gurasoak biltzen dituen elkarteren batekin jar gaitezke harremanetan, eta iritziak eta esperientziak trukatu. Administrazioek ere izaten dituzte zerbitzuak haurrak adopzioan hartu dituzten gurasoei laguntzeko.

Haur osasuntsu eta zoriontsua

  • Adopzioa eta Harrera Babesteko Koordinadorak (CORA) pediatrentzat argitaratu duen gidak esaten duenez, nazioartean adoptatu eta Espainiara heltzen diren lau haurretatik batek osasun arazoak izaten ditu, erraz sendatzekoak gehienak. Honako hauek izaten dira ohikoenak: behar baino pisu eta altuera gutxiago, anemia, larruazaleko arazoak, elikadura edo lo arazoak, txerto falta edo parasitoek eragindako infekzioak.
  • Haurrak eduki dezakeen edozein patologia azkar antzematea oso garrantzitsua da ongi sendatzeko. Horretarako, mediku azterketa egin behar zaio etxera iritsi eta lehen hiru egunetan.
  • Osasun arazoak garaiz identifikatu eta sendabidean jarri ezean, ondorio kaltegarriak etor litezke gero (haurren % 20-30 inguruk osasun arazo larriak izaten dituzte, eta kasuen erdietan baino gehiagotan ez dituzte antzematen edo aurkitzen adopzioa egin aurretik). Haurren garapen fisiko, emozional eta intelektualaren kaltetan gerta liteke hori, bizi-kalitatearen kaltetan, azken batean, baina horrez gain, are gehiago zaildu dezake familia berrira egokitzeko eta han integratzeko prozesua. Adopzioak huts egiteko arriskua ekarriko luke, beraz.
  • Nazioartean adoptatzen diren haurrek eduki ohi dituzten osasun arazorik garrantzitsuenak psikologikoak izaten dira, baita atzerapen psikomotorrari dagozkionak ere (umezurztegiko sindromea esaten zaio).
  • Estrabismo kasuak ere ohikoak izaten dira; hori gertatzen da haurrak eremu oso txikietan hazten direlako eta kanpoaldera ez direlako maiz irteten.
  • Arnas infekzioak edukitzea ere ohikoa izaten da; haurren egoitzak ez dituzte haizeberritzen behar bezala eta elikadura ere txarra izaten da. Ondorioz, oso erraz kutsatzen dira haurrak.