Udal txakurtegiek zerbitzu onargarria ematen dute, baina gabeziak dituzte langileen eta informazioaren ataletan
Txakurtegiek ez daukate irudi on-onik. Jendeak animalia krakatsuak irudikatzen ditu pilan, zaunka eta ulu, noiz hilko dituzten zain. Guk ikusi duguna, ordea, ez dator bat aurreiritzi horiekin. Oro har, azpiegitura zabalak dauzkate eta zakurrek ez dute leku faltarik, jakiz ongi hornituta daude eta higienearen atala ere ongi zaindua dute. Egoera onargarrian daude, nahiz eta badiren gabezia nabarmen samarrak ere. Honako hauek, bereziki: langilez urri samar dabiltza eta herritarrei ematen dieten informazioa eta eskaintzen dieten arreta asko hobetu litezke. Halaxe egiaztatu du CONSUMER EROSKI-k 18 hiriburutako udal txakurtegiak aztertu ondotik (udalek kudeatuak dira batzuk, kontratatuak beste batzuk eta diruz lagunduak beste zenbait). Beste ondorio bat ere atera dugu: txakur bat abandonatzea ez da doan izaten. Aztertu ditugun 18 hirietatik seitan norbaitek txakurra kendu nahi badu eta txakurtegi hauetako batera jotzen badu, 25 euro ordaindu beharko ditu gutxienez baina 210 euro ere kosta dakioke hori egitea. Hiru hiritik bitan txakurra adoptatu nahi duenari ere ez zaio merke-merke aterako, 85 euro ere kobratzen ahal diote. Txakurra galdu eta udal zerbitzuek atzeman eta zaindu badute ere, diruz ordaindu beharko du jabeak (zenbat egun egon den txakurtegian, horren araberakoa izango da prezioa). Lanik ez da falta txakurtegietan. Affinity fundazioak emandako datuen arabera, 2008. urtean 120.000 txakur bildu zituzten Espainian, eta lautik bat soilik adoptatu zuten. Datu horiek ikusita, beraz, behar-beharrezkoak dira txakurtegiak edo txakurrentzako babes-etxeak (uneotan, 300 ari dira lanean Espainian).
CONSUMER EROSKI 18 hiriburutan izan da, eta hango udalek kudeatzen, kontratatzen edo diruz laguntzen dituzten beste hainbeste txakurtegi aztertu ditu. Zehazki, honako hiri hauetakoak: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Alde batetik, informazioa eskatu dugu 18 udaletan, eta, bestetik, aldizkariko teknikariak babes-etxeetara joan dira eta, bezeroaren itxurak eginez, katu bat edo txakur bat adoptatu nahi luketela jakinarazi diete hango langileei (uztailean izan zen hori). Era horretan aztertu ahal izan dugu zein egoeratan dauden babes-etxe horiek, ongi zainduak eta garbi ote dauden, eta animaliak nola dauzkaten. Horrez gain, zerbitzuz eta langilez nola hornituak dauden ere ikusi ahal izan dugu, eguneroko elikadura zertan den, eta zer-nolako heziketa eta osasun-arreta eskaintzen dieten.
Emaitzarik onena (‘oso ona’) lortu duten babes-etxeak Bartzelonakoak, Donostiakoak eta Madrilgoak izan dira. Beste bost hiritakoek (Gasteiz, Murtzia, Sevilla, Valentzia eta Zaragoza) emaitza ‘ona’ lortu dute. Valladolid, Malaga, Iruñea, Granada, Cadiz eta Alacantek emaitza ‘onargarria’ baino ez dute erdietsi, eta, azkenik, azterketa gainditu gabe gelditu dira A Coruñako, Bilboko, Kordobako eta Oviedokoak (‘nola-halako’ emaitza atera dute). Animaliek euren behar bereziak izaten dituzte (garbitu egin behar dira, txertoak eman behar zaizkie, jaten eman behar zaie…), eta langileak behar dira horiei guztiei egoki erantzun ahal izateko. Babes-etxe horietan, oro har, albaitari bat eta hiru bitartean aritzen dira lanean. Langilez ongien hornituak Madrilgo eta Bartzelonako babes-etxeak egon dira (50 langile), eta Madril zein Gasteizeko etxeek ere langile nahikotxo izan dituzte (zazpi, batez beste). Babes-etxe bakoitzak zenbat animalia har ditzakeen ere aztertu dugu. Honako hiri hauetan aurkitu ditugu handienak: Madril (500 animalia), Donostia (440), Oviedo (350), eta Malaga, Kordoba eta Bartzelona (300 bakoitzean). Gainerako guztietan, 150etik behera hartzen dituzte, eta Bilbokoan, esaterako, 30 baino ez (hori izan da txikiena, baina handitzekotan dira). Zenbait hiritan, behar baino animalia gehiago hartzen dituzte: horixe gertatzen da Granadan, Sevillan, Valladoliden, Alacanten eta Valentzian (lehen hiruretan, 10 animaliaren gorabehera daukate, baina beste bietan, lekuak halako bi dira txakurrak eta katuak).
Zer egin gainezka egiten dutenean? Guk aztertu ditugun babes-etxeetatik, lautan soilik onartu dute animaliak hiltzen dituztela (Kordoba, Murtzia, Donostia eta Zaragoza). Beste batzuek adopzio-kanpaina bereziak antolatzen dituzte (A Coruña, Gasteiz eta Oviedo) edo beste babes-etxe batzuetara eramaten dituzte (Bartzelona, Bilbo, Iruñea, Madril, Malaga, Valentzia eta Valladolid). Granadako eta Sevillako udalek eta babes-etxeek ez digute eman informazio hori, baina hango arautegiek esaten dute, behin dagokien denbora igaro ondoren, animaliak eman egingo dituztela edo hil. Animaliaren bat oso oldarkorra bada edo gaixotasun eta/edo infekzio larriak baditu edo zauri handiak eragin badizkiote, orduan hil egiten dute babes-etxe guztietan.
Etxe-animaliak horrela hiltzeak eztabaida handia eragiten du. Animalia bat abandonatu eta inork hartu nahi ez duenean, gehien-gehienetan, hil egiten dituzte babes-etxeetan. Badira, ordea, bestelako ahalegin aitzindariak ere, Bartzelonako Udalarena, esaterako: legez galarazi dute babes-etxeetan etxe-animaliak hiltzea, eta beste neurri batzuk sustatu dituzte, jendea kontzientziatzea eta kontrol kanpainak egitea, besteak beste, inork animaliarik abandona ez dezan. Udalek eta babes-etxeetako arduradunek eman dizkiguten datuen arabera, 2008. urtean 10.362 etxe-animalia hil zituzten informazio hori eman diguten 12 babes-etxeetan (gainerakoek esan digute ezin dizkigutela eman datu horiek).
Animaliak, aske eta leku zabaletan
Azpiegituren atalean, babes-etxe horiek zer-nolako instalazioak dituzten aztertu dute gure teknikariek: albaitari-gelarik baduten edo ez (eta zer hornidura daukaten), kanpoaldean eremurik egokitu ote duten animaliak paseatzeko, zein ezaugarri dituzten animalien bizitegiek, edo arraza arriskutsuak onartzen dituzten. Guk aztertu ditugun 18 etxeek, batez beste, emaitza ‘ona’ lortu dute atal honetan. Guztiek gainditu dute azterketa, eta Bartzelona, Madril eta Donostiakoek emaitza ‘oso ona’ atera dute. Babes-etxe guztietan, kaiolatan eta etxolatan egon ohi dira animaliak; barnealdean bizitegia daukate eta kanpoaldean ere badute eremua, nork bere jan-ontzi eta edalontziekin. Valladoliden eta Zaragoza ez dituzte onartzen arraza arriskutsuak, baina gainerako lekuetan bai; horietako seitan, ordea, ez dute egokitu leku berezirik horientzat, eta gainerako animaliekin bizi behar izaten dute (Valentzia, Granada, Gasteiz, Donostia, Bartzelona eta A Coruña).
Funtsezkoa da animaliak eremu zabaletan egotea, eroso senti daitezen, eta halaxe gertatzen da guk aztertu ditugun hiri guztietan (Kordoban eta Murtzian izan ezik). Babes-etxe guztietan, kanpora irteten direnean soilik lotzen dituzte animaliak, eta gainekoan aske ibiltzen dira. Txakurrek egunean behin, gutxienez, kaiolatik atera behar izaten dute, 30 minutuz edo ordubetez, jolas daitezen edo ariketa egin dezaten horretarako egokitua dagoen gune batean. Gure teknikariek ikusi dutenez, ordea, A Coruñan, Bilbon, Iruñean, Kordoban eta Oviedo ez daukate halako gunerik, edo eremu berdeak edukita ere, ez dituzte baliatzen horretarako. Gune hori daukaten babes-etxeek ongi zaindua daukate, argiztapen egokiarekin eta hesi seguruz inguratua.
Aztertu ditugun 18 babes-etxeetatik 15ek badaukate albaitari-kontsulta. Beste hiruretan (Gasteizen, Granadan eta Oviedon), albaitari-klinika pribatuetara eramaten dituzte animaliak. Lau txakurtegitatik hirutan, maiz egiten dizkiete albaitari-kontrolak animaliei, eta hirutatik bitan ezartzen diete animaliei txerto-egutegi zorrotza.
Babes-etxe hauek lortu duten emaitza ona garbitasunaren eta higienearen ataletan ere antzeman da, nahiz eta alde nabarmenak egon batzuen eta besteen artean. Egoitza horien arduradun gehienek jakinarazi digute (lautatik hiru) egunean behin garbitzen eta desinfektatzen dituztela animalien bizitegiak (Zaragozakoek ez digute eman atal honi buruzko informaziorik). Donostian eta Valentzian, egunean bitan garbitzen dituzte, goizez eta arratsaldez, eta Cadizen, berriz, bi egunez behin. Babes-etxeak gain-gainetik aztertu ondoren, gure teknikariek ikusi dute, oro har, garbitasun-baldintza egokietan daudela, nahiz eta zikinkeria pixka bat aurkitu duten Kordoban, Murtzian eta Oviedon. Berdintsu gertatzen da tenperaturarekin ere. Kaioletako usain txarrei dagokienez, batik bat Bartzelonan, Bilbon, Gasteizen eta Oviedon gertatu zaizkie desatseginak gure teknikariei.
Babes-etxeetako gainerako instalazioak maizago eta zorrotzago garbitzen dituzte. Egunean behin edo bi egunez behin egiten dute gehienek, baina Valentzian, adibidez, astean behin garbitzen eta desinfektatzen dituzte animalia guztiek erabiltzen dituzten eremuak. Segurtasunaren atalean, 7 babes-etxek emaitza ‘oso ona’ lortu dute, seik emaitza ‘ona’, hiruk ‘onargarria’ baino ez eta A Coruñakoak eta Oviedokoak emaitza ‘txarra’.
Animalia bat abandonatzea edo galtzea, diruz ordaintzen da
Egunean 78 animalia abandonatzen dituzte informazio eman diguten 15 hirietan (Alacanteko, Cadizko eta Granadako berririk ez dugu eskuratu). Arrazoiak honako hauek izan ohi dira: jabeek ez dute denborarik, gogorik edo dirurik animaliak zaintzeko. Hori egiten duten jabeen artean, % 34 joan ziren guk aztertu ditugun babes-etxeetara animalia uztera. Gainerakoek kalean abandonatu zituzten, nahiz eta jakin hori oso arriskutsua gerta daitekeela bai herritarrentzat bai animalientzat berentzat ere. Hiriz hiri begiratuz gero, honako datuak aurki litezke: Bilbon, Madrilen, Iruñean eta A Coruñan, kalean abandonatu zituzten animaliarik gehienak (% 90 Bilbon, % 84 Madrilen eta hirutatik bi Iruñean eta A Coruñan). Murtzian eta Oviedon, aldiz, gehienak babes-etxeetara eraman zituzten, % 72 Murtzian eta % 60 Oviedon.
Animalia bat abandonatzea hutsegite larritzat edo oso larritzat jotzen dute hiri guztietan, “ekintza bihozgabea eta doilorra” delako, eta babes-etxean uztea ez da doan izaten. Donostian 210 euro ordaindu beharra dago, baina hango langileek baieztatu dutenez, jabeak ordaindu ezin badu ere onartzen dituzte. Baina ikusten badute animalia garesti eta berezia dela, nahitaez ordaindu beharko du kopuru hori. Donostiaren ondotik, Gasteizek du tarifarik garestiena (86,70 euro behar dira animalia heldu bat uzteko eta 24,77 euro kumea); Bilbo dator ondoren (74,95 eta 142,65 euro artean txakurra uzteagatik eta 64,25 eta 107 euro artean katua), Iruñea eta A Coruña gero (50 euro bietan) eta Madril (32,75 euro). Kordoban, Murtzian, Oviedon, Sevillan, Valladoliden eta Zaragozan ez da ezertxo ere ordaindu behar izaten animaliak babes-etxeetan uzteagatik, eta arrazoia ere eman dute horretarako: “Jabeei ordainaraziz gero, kalean abandonatuko lituzkete askok”. Bartzelonan eta Valentzian, berriz, ez dute onartzen inork animaliarik uztea babes-etxeetan; animalia hartuko duen norbait bilatzeko konpromisoa hartzen dute babes-etxeko arduradunek, baina bitartean, jabeak zaindu behar du.
Animalia galdu egin bada, haren bila joandakoan, animaliaren mantenu-gastuak ordaindu beharko ditu jabeak, eta beharrezko bada, baita mikrotxipa jartzea (derrigorrezkoa da 18 hirietatik 10etan) eta txertoak ere. Murtzian, Oviedon eta Valladoliden ez dute halakorik ordaintzen, baina gainerako hirietan bai. Tasak, ordea, asko aldatzen dira batetik bestera. Animaliari identifikazio elektronikoa jartzea 10 euro kostatzen da Madrilen eta 38 Donostian; txertoak, berriz, 5,51 euro eta 45,67 euro artean kosta daitezke. Buruhausteak saihesteko, A Coruñan, Bartzelonan, Valentzian eta Zaragozan tarifa bakarra jarri dute: 40 euro eta 53 euro artekoa. Murtzian, udal arautegia urratuz gero soilik jartzen dute isuna (animalia kalean solte uzteagatik, identifikatu gabe edo derrigorrezko txertorik eman gabe), eta Oviedon, animalia maiz samar galtzen bada, orduan kobratu egiten dituzte haren mantenu-gastuak. Horri gehitu behar zaio animalia kaletik jasotzeak daukan gastua. Oviedon ez beste guztietan kobra-tzen dute hori (“zerbitzu publikoa” dela diote Oviedokoek), eta Donostian, furgonetak egiten dituen kilometroak hartzen dituzte aintzat. Gainerako hirietan, 11 eta 47 euroren artean dabil tarifa hori (Malaga da merkeena eta Madrilen garestiena). Azkenik, animaliak babes-etxean egiten duten egun bakoitza ere ordaindu behar izaten da. Oviedon doakoa da, A Coruñan 4 euro eskatzen dituzte eguneko eta Donostian (hiri hori da garestiena), 14,5 euro.
Animalia babes-etxera iristen denean
Txakur bat edo katu bat babes-etxera iristen denean, osasun-protokolo bat ezartzen diete. Azterketa-gune bat edukitzea izaten da onena, eta han ikustea animaliak ez dakarrela inolako gaitzik eta ez dagoela arriskurik gainerako animaliei edo langileei ezer kutsatzeko. CONSUMER EROSKI-k aztertu dituen lau egoitzatatik hirutan egiten du hori.
Hurrengo urratsa animalia identifikatzea izaten da (pisua, arraza, ezaugarriak …), albaitari-txartela egitea eta parasitogabetzea (Murtzian, Oviedon eta Iruñean ez dute egiten), eta komeni bada, antzutu egiten dituzte, txertoren bat jarri eta mikrotxipa ere bai. Bartzelonako, Bilboko eta Donostiako babes-etxeek prebentzio-neurri horiek guztiak ezartzen dituzte jabe berrien bila hasi aurretik. Granadako eta Malagako babes-etxeek ez diete halako arretarik jartzen protokolo horiei.
Txakurra jabeak ekarri badu, babes-etxeen erdiek dokumentazioa eskatzen diete, bai jabearena eta bai animaliarena (Kordoban eta Zaragozan ez dute deus eskatzen). Gainerakoetan, aski izaten da jabearena soilik erakustea edo animaliarena soilik.
Animalia galdu duen jabeak epe bat izaten du haren bila joateko (hiru egunekoa da Zaragozan eta hilabetekoa Bilbo, Cadiz eta Donostian). Datuak helarazi dizkiguten 15 hirietan, 3,282 animalia itzuli zizkieten jabeei, hau da, kalean bildu zituzten etxe-animalien % 11 (nabarmentzekoa da Bartzelonan % 30 itzuli zituztela, eta Murtzian eta Kordoban, aldiz, % 4 eta % 5, hurrenez hurren).
Animalia adoptatzeko tramitea eta konparatzeko taula
Datuak eman dizkiguten 15 hirietan 2008an abandonatu zituzten animalien % 40ri beste etxe bat aurkitu zieten. Gasteizen % 91rentzat aurkitu zuten etxea, Valladoliden % 80rentzat eta Bartzelonan, lau animaliatatik hirurentzat. Hiri horietan izan ziren emaitzarik onenak, eta Malagan eta Murtzian kaskarrenak: bost animalia abandonatutatik, bakarrari aurkitu zioten etxe berria.
Lau babes-etxetatik hirutan, animalia hartuko duenak 18 urte edo gehiago eduki behar ditu (A Coruñan, Malagan, Donostian, Cadizen eta Granadan aztertu ditugun etxeetan ez dute jartzen halako baldintzarik). Horrez gain, kontratu bat sinarazten diete jabe izan nahi dutenei (animalia bat edukitzeak zer betebehar dituen ageri da eta nola zaindu behar den ere bai), eta arriskutsu jotzen den animaliaren bat eraman nahi duenak, baimen berezi bat sinatu behar du. Babes-etxe guztietan parasitogabetuta ematen dituzte animaliak, eta hirutatik bitan, txertoa jarrita (Valladoliden, Sevillan, Alacanten, Oviedon, Granadan eta Kordoban ez), eta mikrotxipa ere hirutatik bik jartzen diete (Valladoliden, Sevillan, Alacanten, Granadan, Kordoban eta Gasteizen ez).
Animalia bat babes-etxetik hartzea ez da doan izaten. Bi lekutan soilik onartzen dute doan eramatea, Murtzian eta Valladoliden. Gainerako lekuetan, ordaindu egin behar izaten da mikrotxipa jartzea (derrigorrezkoa bada eta lehendik ez badauka), eta eman dizkioten albaitari-zerbitzuak ere bai (txertoa jartzea, antzutzea, parasitogabetzea…). Tarifak aldatu egiten dira hiritik hirira.
Azken ondorio moduan, babes-etxeetako langileek eman dieten informazioari eta tratuari erreparatu diote han izan diren teknikariek, eta beren iritziz animaliak zein egoeratan dauden ere adierazi dute. Atal horiek zenbakietara ekarriz, honako datuak ageri zaizkigu: udalek eta babes-etxeek eurek eman diguten informazioa, batez beste, ‘onargarria’ baino ez da (emaitza horixe lortu dute, hain zuzen, Iruñeak, Kordobak, Malagak, Oviedok, Valladolidek eta Zaragozak), nahiz eta salbuespen onak ere aurkitu ditugun: emaitza ‘oso ona’ lortu dute Madrilek eta Bartzelonak, eta ‘ona’ A Coruñak, Bilbok, Donostiak, Gasteizek, Murtziak, Sevillak eta Valentziak. Ezin dute gauza bera esan Alacanteko, Cadizko eta Granadako babes-etxe eta udalek (emaitza ‘txarra’ atera dute’); informaziorik apenas eman diguten udaletatik, eta langileek ere oso azalpen gutxi eman dizkiete teknikariei (gogoan hartu behar da animalia bat eramateko asmoa azaldu dutela). //
Etxe-animalia bat adoptatzen edo erosten duena erantzukizun baten jabe egiten da. Halako animalia bat ez da jostailu bat, ezpada izaki biziduna, eta behar jakinak izaten ditu. Hori dela eta, animalia bat ekarri aurretik, ongi aztertu behar da gaia, eta galdera ba-tzuen erantzunak argi eduki behar dira, erabaki okerrik ez hartzeko:
- Etxeko guztiek nahi dute animalia ekartzea? Zenbaitetan, etxe-animalia bat ekartzeko asmoa bulkada baten ondorio izaten da (gehienetan, haur baten bulkada), eta ez da kontuan hartzen zenbateko erantzukizuna eskatzen duen izaki bizidun bat etxean sartu eta hura zaintzeak eta hezteak. Aintzat hartu behar da, halaber, familiako inork ba ote duen alergiarik edo asmarik: animalien ileak (zehazki, horietan egoten diren akainek) alergiak sor ditzake, katuenak, txakurrenak, karraskarienak eta zaldienak, adibidez.
- Aski denbora badugu animaliari arreta jarri eta paseatzera ateratzeko? Animaliek ez dute ulertzen gu nekatuta edo haserre egotea. Egunero jarri behar zaie arreta, jana eta ura eman, egunean hirutan atera paseatzera (txakurrak), ariketa egitera eraman, haiekin denboratxo bat igaro… Besteak beste, familian toki bat egin behar zaie, dieta osasungarria eman eta ariketak egiteko aukera eman. Eta oporretan ere hori guztia behar izaten dute.
- Animalia bat edukitzeak sortzen dituen gastuei aurre egiteko prest gaude? Janaria, albaitaria, osagarriak… horiek guztiak ordaindu behar dira. Etxe-animalia bat edukitzea dirua kostatzen da: urtean behin, gutxienez, azterketa egin behar dio albaitariak (hortik kanpo geratzen dira gaixotasunak, ebakuntzak, bestelako tratamenduak…). Bizi osorako konpromisoa da, eta legeak betebehar batzuk jartzen dizkie jabeei: hiriko erroldan izena ematea, mikrotxipa jartzea, albaitari-zaintza ematea eta baldintza duinetan edukitzea.
- Animalia batekin bizitzeko prest gaude? Bizikidetza guztiz egokia izan dadin, animalia hezi egin behar da nahitaez (kumea dela egitea da onena). Etxe-animalia batekin bizitzeak afektu-lotura sendoak sortzen ditu eta sentimendu gogorrak ere bai (hiltzen denean, adibidez, edo haserrarazten gaituenean).
- Zein animalia mota ekarri nahi dugu? Ongi aztertu behar da zer nahi dugun eta zergatik. Txakur batek pozik lagunduko gaitu paseatzera, baina etxean gelditu zaleak bagara, hobe dugu katu bat ekar-tzea. Ongi bereizi behar da zer arraza nahi dugun, bakoitzak ditu-eta bere jokabide-ezaugarriak. Bi hilabete eginak dituzten kumeak ekartzea komeni da, lehenago amaren esnea behar izaten dute eta. Adoptatu egingo badugu, galdetu behar dugu zein txerto jarri dizkioten eta zein ez. Animalia osasun egoera onean dagoela ziurtatzeko, eskatu behar dugu mikrotxipa jarria eduki dezala, parasitogabetua egon dadila eta esterilizatua. Hala ez bada, lehenbailehen joan behar dugu albaitariarengana, eta osasun-betebehar guztiak gauzatu.