Basoetako biomasa: sute gutxiago, energia gehiago
Basoa garbitzeak onura ugari ditu. Suteei aurre egiteko ez ezik, energia sortzeko ere balio du. Adar eroriak, sastrakak eta zuhaixkak biomasa bihurtzen dira, eta prozesu egokiarekin, elektrizitatea sor daiteke horietatik, modu iraunkor eta ekologikoan, gainera. Uda honetan, basoko biomasa eraldatuko duen lehen zentrala jarri dute abian Espainian, Corduente herrian, hain zuzen, Guadalajarako probintzian (2006. urtean, sute handi batek guztiz kiskali zuen han inguruko eremu bat). Basoetako biomasatik datorren energia baliabide natural batetik sortzen da, beste hainbat energia mota bezala (eolikoa, eguzkiarena, geotermikoa, fotovoltaikoa, hidroelektrikoa, itsasoarena…), eta ez du eragiten CO2 isuririk. Oraingoz, ordea, ezin die aurre egin erregai fosiletatik eta nuklearretatik lortzen den energiari, lehiakorragoak eta eraginkorragoak baitira haiek. Oraingoz…
Egurra, adarrak, hostoak
Basoetan materia organiko -biomasa- ugari pilatzen da; horietako batzuek oso erraz hartzen dute su, udan batik bat, basoak galdu egiten baitu hezetasunaren erdia. Besteak beste, horrexegatik sortzen dira suteak basoetan. Artzaintza gainbehera joan da eta egurra biltzeko modu tradizionala ere galdu egin da; ondorioz, basa-materia ugari pilatzen da basoetan, eta suteren bat sortuz gero, indartu egiten dute sua. Arazo horri erantzun nahi dio biomasa eraldatzeko zentralak. Gainera, suaren eragina jasan duen basa-materiari etekina ateratzeko aukera ere ematen du. Urritik martxora, 200 lagun aritzen dira basa-hondakinak biltzen: 26.000 tona eramaten dituzte zentralera, urte osoan lanean edukitzeko adina. Era guztietako egurrak, adarrak eta hostoak jartzen dituzte zentralerako bidean.
Lurrunaren gasa
Lehengaiarekin eta gasifikazio-prozesu batekin, 14.000 biztanleko herri batek behar duen argindar guztia lortzen dute. Turbina batek sortzen duen gasa erabiliz egiten dute; turbina horretan, irteerako gasen beroa bereganatzen dute, eta errendimendu handiko lurruna lortzen. Galdara biomasarekin elikatzen dute, modu automatikoan: uhal garraiatzaile batzuek ekartzen dute lehengaia biltegi estali batetik. Biltegiak solairu mugikorra du, eta unean uneko kontsumo-erritmora moldatzen da. Biomasa bereizi egin behar da, erretzeko balio ez duena kentzeko, eta burdina antzemateko sistemarekin eta bahearekin egiten dute hori.
Lurrunetik energia mekanikora
Erregaia, basoko biomasa, parrilla mugikor baten bidez sartzen dute. Lurrun galdaran zehar dabilen ura berotzeko, galdarak berak sortzen du behar adina energia termiko, eta lurrun gainberotua lortzen dute horrela. Lurruna turbina batera iristen da eta birarazi egiten du, eta energia mekanikoa sortzen. Kondentsagailu batek hoztu egiten du lurruna, eta horri esker, turbina azkarrago birarazten dute eta energia gehiago sortzen du. Errekuntza horretako gasek galdara zeharkatzen dute, eta hodi batzuetan barrena dabilen urari ematen diote euren energia. Ur hori garbitu eta araztu egiten dute gero, eta horrela lortzen dute partikula-isuria mugatzea, legeak ezartzen dituen mailetara ekartzea, hain zuzen. Energia mekanikoa energia elektriko bihurtzeko prozesua turbinari atxikitako alternadore batek egiten du.
Dena kontrolpean: suterik gabeko prozesua eta etorkizuna
Prozesu guztiak informatika eta monitore bidez kontrolatzen dira. Kontrol sistemak sinkronizatzaile bat egokitzen dio generadore bakoitzari eta sarrerako eta irteerako transformadore bakoitzari. Elektrizitateak 11 kilowatt-etan sartu behar du sare nagusian, eta transformadoreak doitzen du tentsioa neurri horretaraino. Lehengaia hurbil edukitzeak, komunikazio-bide onak izateak eta elektrizitatea garraiatzeko linea egokiz hornituta egoteak lehiakor bihurtzen dute zentral hau. Zentro honetan, elektrizitatea lortzeaz gain, ikerketa ere lantzen dute: biltegiratu duten materialaren kalitateak zer bilakaera izan duen aztertzen dute, biomasa erre ondoren sortzen diren errautsak nola baliatu laborantzarako, sute kopuruak zer bilakaera izan duen… Basoko biomasatik energia sortzea, azken batean, basoak ematen duenari etekin ateratzea da, guretzat eta basoarentzat berarentzat.