Komunerako zintzilikailuak, likidoak eta pastillak

Garestien aldera jotzea merezi du, gehiago irauten dute eta

Karea denek suntsitzen dute, distirarik batek ere ez du lortzen, batzuek bakarrik garbitzen dute ondo eta bi laginek lurrindu ere ez dute egiten
1 ekaina de 2004
Img analisis 2 listado

Garestien aldera jotzea merezi du, gehiago irauten dute eta

Komunaren barnealdean ezartzen diren zintzilikailu horietako sei aztertu dira oraingoan, lau gel gisa eta beste biak pastillan komertzializatzen direnak. Erabilera bakoitzeko horien prezioak 0,2 zentimotik (Pato Activo, pastilla) 0,8 zentimora doaz (WC Net, likidoduna). Azterketatik atera den ondorio nabarmenena: laginen iraupenak biziki desberdinak direnez, produktu hauen egiazko prezioa dirudienetik urrun dago; ikusi batera, prezio handienekoak diren bi zintzilikailuak (Harpic pastilla, 45,85 euro kiloko eta Pato pastilla, 38,21 euro kiloko) errealitatean merkeenak dira (0,003 euro eta 0,002 euro erabilera bakoitzeko, alegia). Era berean, merkeenetako bi (WC Net, 33,33 euro litroko eta Harpic likidoduna, 32,12 euro litroko) errealitatean garestien gertatzen dira: 0,008 euro eta 0,007 euro erabilera bakoitzeko). Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Harpic pastilla laginak eskaintzen du: kalitate egokiduna izaki, denetan bigarren merkeena da. Ambipur likidoduna ere aukera polita da: merkeenetako bat izanik, asetzeko moduko kalitatea erakusten du eta.

Komuneko zintzilikailuak zikinkeria metatzea eragotzi, karea suntsitu, lurrin erakargarria zabaldu eta, batzuek, komuneko ura desinfektatu eta koloreztatu egiten dute. Komuneko tanga husten den bakoitzean substantzia garbitzaile bat automatikoki dosifikatzea da zintzilikailu horren zeregina. Substantzia horren osaketaren elementu nagusiak tentsoaktibo anionikoak dira, aparra sortzeaz gainera, orbanak egitea eta karea metatzea galarazten dutelako. Metaturik dagoen karea desagertzeko fosfonatoak eta sodio-zitratoa baliatzen dituzte. Produktuaren formula aromek eta kontserbagarriek osatzen dute.

Formatuak

Lau zintzilikailu likidoak berdeak dira, 55 mililitroko edukierakoak, Ambipur laginak 50 mililitro baizik ez daukalarik. Bi solidoek berriz 40 gramokoak dira baina formaz eta kolorez desberdinak: Pato pastilla berdea da Harpic laginak pastilla zuria eta gel more lurrintsu bat dauka, gainera. Ambipur da tanga hustearekin batera produktua dosifikatzen ez duen zintzilikailu bakarra: aparatuari produktua etengabe darionez, iraupenak ez du zuzeneko loturarik egiazko beharrarekin.

Egin diren proba guztietan, lau senideko familiak honelako produktu bat benetan erabili ohi lukeen modua imitatzen saiatu dira teknikariak, hau da, egunean 17 hustuketa eginez, era aleatorioan banatuak. Proban baliaturiko komunak ere arruntak dira. Zintzilikailuek ahalik eta hobekien funtziona dezaten bermatzeko kokagune egokian instalatu dira: komuneko ertzean, ura iristen den hoditik gertu. Produktu hauek garbitzeko duten gaitasuna eta beren aparraren bolumen eta kalitatea hertsiki lotuak daude. Atal honetan Harpic (likido eta pastilla) laginak hoberenak dira: apar gehien sortarazten dute, komun hondo osoa (are tanga hustu eta handik bost minutura ere) estaltzen duena. Ambipur da denetan txarrena: “zuzen” hutsera doi-doi iritsi da, bits gutxi eta iraupen urrikoa sortzen duelako.

Lurrin kontuak

Zintzilikailuen eragin garbitzailea bezain garrantzitsua da usain txarrak suntsitu edo estaltzeko gaitasuna. Parametro hau neurtzeko, 2 m3 bolumeneko esparru hermetikoetan itxirik kokatu dira komunak; bertako usainak aditu ahal izateko gidaridun atea dute esparru horiek. Bi egunean, 34 hustuketa egin ondoren, hogei pertsona adituk usainaren intentsitatea bakar-bakarrik puntuatu zuten (lurrin baten edo beste baten aldekotasunak at utzirik). Pato likidodun lagina da usaintsuena (oso egokia), ondotik Harpic (egokia) markako bi laginak datozkiola. WC Net likidodun eta Pato pastilla baliatu ziren esparruetan adituek usainik apenas hauteman zutenez, lagin horiek ez zuten proba gainditu.

Distira eragiteko eta karearen kontrako gaitasuna neurtzeko, berriz, barruan zeramikazko hiru azulejo (bi, zintzilikailuaren albo banatan eta bestea hondoan) zeuzkan komun batean 200 hustuketa egin ziren. Ondoren, azulejo horiek eta zintzilikailurik ez zeukan erreferentziazko komunean kokaturiko hirurak konparatu zien. Distira-proba hori lagin bakar batek ere ez zuen gainditu, kasu guzti-guztietan hasierako distiraren parte bat galdu egin baitzen. Ambipur, Harpic eta WC Net likidodun eta Pato pastilla dira, “zuzen” hutsean, azulejoetan distira gutxien jan zutenak. Karearen kontra, ordea, lagin denek eraginkortasun handia erakutsi dute, inolako produkturik gabe tratatu ziren azulejoen aldean. Denetan eraginkorrenak Harpic eta Ambipur likidoa dira.

Irauteak duen garrantziaz

Produktu bakoitzaren iraupena neurtzeko, egunean, tarte irregularretan, 17 hustuketa noziarazi zitzaizkien zintzilikailuei (hau da, lau senidek osaturiko familia batek erabiltzen duen batez bestekoa) edukia zeharo agortu arte. Saiakuntza beste bitan egin da, gutxienez, emaitzetan balizko desbideraketa solterik ez gertatzeko. Pato pastilla da gehien irauten duena: 641 hustuketa (38 egun), hots, etiketan iragartzen duen 450 hustuketa hori baino dezente oparoago. Harpic pastilla eta Ambipur likidoduna datoz hurrengoak: 554 hustuketa (33 egun) eta 535 hustuketa (32 egun). Harpic likidoduna (252 hustuketa) eta WC Net likidoduna (221 hustuketa) dira, askozaz ere, gutxien dirautenak. Harpic likido laginaren kasua harik eta larriagoa da, proba honetan iraupen txikia erakustearren porrot egiteaz gainera, etiketan adierazten duenaren erdian baizik ez duelako iraun produktuak errealitatean.

Laginen osoko kalitatea definitzean, elementu guztiak garrantzi berekotzat jo ordez, aparraren bolumen eta iraunkortasunari (azken notaren %30) eta produktuaren usain intentsitateari (notaren %30) balio handiagoa eman zitzaien. Era berean, produktuaren iraunkortasuna ere funtsezkotzat hartu zen (azken notaren %25). Distira proba (azken notaren %10) eta karearen aurkako eragina (%10) apalago balioztatu ziren guztirako kalifikazioan.

Baremo honen arabera, kalitate handieneko zintzilikailuak Harpic pastilla eta Pato likidoduna dira, biak ere “oso ongi” kalifikazioarekin. Bi lagin horien ahulunea, ordea, distira eragiteko ahalmen urria da, baina biak nabarmentzen dira eginiko aparrarengatik, Harpic lagina erabilera luzekoa delako eta, Pato likidoaren kasuan, lurrinaren intentsitateagatik. Pato pastilla eta Harpic eta Ambipur likidodun laginak “ongi” agertzen dira eta WC Net “onartzeko moduan” dabil, usain ahul-ahula duelako eta sei laginetan gutxien iraun duelako.

Komuneko sei zintzilikailu hauek karearen metaketa eragozteko unean eraginkortasun handia agertu dute. Ura gogorregia (kare gehiegi daukana) duten tokietan garrantzi handikoa da parametro hau, karea baita bainugelako kanila, txorrota eta gainerako aparatuen etsai ankerrenetako bat. Karea zeharo desagertzea eta bainuko azalerek itxura distiratsua erakuts dezaten lortzea zaila da baina arrisku gorriagoa, ordea, beste bat da: kareak hoditeria erabat itxi dezake, gure patrikaren kaltetan.

Karea kanila edo txorroten kanpoaldean pilatu bada, geuk atera dezakegu hortik: garbitu beharreko azalerak bildu ditzagun ozpin-esentziaz blaituriko komuneko paperetan edo bendetan eta eduki horrela gau osoan. Biharamunean ur ugaritan garbitzea aski izango dugu. Kareak hodia itxi baldin badu, instalazioa desmuntatu egin beharko da; era horretan, kareztaturiko zona hori ura eta akuafortez osaturiko nahasketan murgildurik utziko dugu bizpahiru orduz. Ur ugaritan garbitu behar da ondoren, bertan akuaforte hondakinik geratu ez dela bermatzeko. Kareak eraginiko arazoa larria bada, agian egokiena etxebizitzara ura sartzen den gunean iragazkia instalatzea izango da, aurrerantzean eragozpenak zeharo suntsitzeko.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Zikinkeria metatzea eragozten, karea suntsitzen eta komuna lurrintzen duten sei zintzilikailu aztertu dira; horietako lau, gel gisa eta beste biak, pastillatan. Egiazko prezioa eta dirudiena oso desberdinak dira: bi merkeenak garestien gertatzen dira erabilera bakoitzeko, eta alderantziz. Erabilera bakoitzeko prezioa bakarrik kontuan izaki, denetan merkeena Pato pastilla da (0,2 zentimo tangaren hustuketa bakoitzeko) eta garestiena, aldiz, WC Net (0,8 zentimo).
  • Pato pastilla da denetan iraupen luzeenekoa (tangaren 641 hustuketa) eta, beste muturrean, Harpic eta WC Net likidodun laginek 252 eta 221 hustuketa baizik ez dute irauten. Beste aldetik, Harpic likidodun laginak etiketan iragartzen duenaren erdia baino ez du irauten.
  • WC Net likidodun eta Pato pastilla laginek ez dute gainditu usainaren proba (bi lagin horien eragina ez baita hautematen). Distira proban lagin bakar batek ez du emaitza bikainik erdietsi; areago, Pato likido eta Harpic laginek gainditu ere ez dute egin.
  • Produktuen osoko kalitateaz ari garela, hainbat klasifikazio bereizi behar dira: “oso ongi” eskuratu dute Pato likidodun eta Harpic pastilla laginek; “ongi” hutsean geratu dira Harpic likido, Ambipur likido eta Pato pastilla; “zuzen” baizik ez du lortu WC Net likidodunak.
  • Kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokiena WC Harpic pastilla da: merkeenetako bat izaki (0,3 zentimo erabilera bakoitzeko), kalitate hoberena eskaintzen du (“oso ongi”). Ambipur likidoduna ere aukera polita da: kalitate “egokia” duelarik, gutxi kostatzen da erabilerako. Pato pastilla da lagin denetan merkeena eta gehien irauten duena baina adituek ez dute egokitzat jo funtsezko proba den lurrinaren intentsitatea gainditu ez duelako.
Marka Izendapena HARPIC 2 in 1 AMBIPUR Flush lurrindu eta garbitu PATO Eragin hirukoitza PATO Eragilea WC NET Hygiene & lurrin HARPIC Garbitzaile likidoa
Egoera fisikoa Pastilla zuria + gel more lurrintsua Likido berde lurrintsua Likido berde lurrintsua Pastilla berde lurrintsua Likido berde lurrintsua Likido berde lurrintsua
Aroma Izpilikua Basoa Berde freskoa Pinu berdea Basoa Pinua
Formatoa 40 g 50 ml 55 ml 40 g 55 ml 55 ml
Prezioa (euro kiloko edo litroko) 45,85 32,07 32,03 38,21 33,33 32,12
Prezio (zentimo deskarga bakoitzeko) 1 0,3 0,3 0,4 0,2 0,8 0,7
Erabilera: emaitzak
Aparraren balorazioa 2 Oso egokia Zuzen Oso egokia Oso egokia Egokia Oso egokia
Usain intentsitatea 3 Egokia Zuzen Oso egokia Eskas Eskas Egokia
Distira eragiteko gaitasuna 4 Eskas Zuzen Eskas Zuzen Zuzen Zuzen
Karearen aurkako eraginkortasuna 5 Egokia Oso egokia Zuzen Egokia Egokia Oso egokia
Iraupena (deskarga kopurua) 6 554 535 476 641 221 252
Osoko kalitatea Oso ongi Ongi Oso ongi Ongi Onargarria Ongi

1. Prezioa (zentimoak deskargako): komuneko tanga husten den bakoitzean gastatzen den produktuaren kostea, alegia. Honela kalkulatu da sei laginen kostua elkarrekin konparatu ahal izateko.

2. Aparraren balorazioa: bai sortu den aparraren bolumena, bai uretan iraun duena hartu dira gogoan.

3. Usain intentsitatea: 2 m3 duen esparru itxi batean produktu bakoitzak jario duen usainaren intentsitatea adierazten du

4. Distira eragiteko gaitasuna: komuneko materiala distiratsu uzteko gaitasuna islatzen du.

5. Karearen aurkako eraginkortasuna: komuneko azaleran kare hondakinik pilatu ez dadin produktuak duen eraginkortasuna, alegia.

6. Iraupena: produktua erabilgarri dagoen bitartean, komuneko tanga zenbat aldiz hustu daitekeen adierazten du.

Banan-banan

Komuneko sei zintzilikailuak, banan-banan

HARPIC 2 in 1

  • WC zintzilikailu pastilla
  • 0,3 zentimo hustuketa bakoitzeko
  • Osoko kalitatea: oso ongi
  • Prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena. Kiloko preziorik garestiena (45,85 euro) baina, erabilera bakoitzeko, merkeenetako bat (0,003 euro). Izpiliku lurrina. Totxo solidoa (garbitzen duena) eta gelez (lurrintzen duena) beteriko mekanismo bat, bereiz, dauka. Bigarren iraupen luzeenekoa: 554 hustuketa. Karearen kontrako eragina, egokia. Garbitzeko gaitasuna (aparra), “oso egokia”. Distira eragiteko gaitasuna, eskas.

AMBIPUR flush lurrin eta garbitasuna

  • WC zintzilikailu likidoa
  • 0,3 zentimo hustuketa bakoitzeko
  • Osoko kalitatea: ongi
  • Aukera polita hau ere. Basoko lurrina. Hedapen sistema automatiko eta etengabea duenez, ez du irauten hustuketa-kopuruaren arabera. Hirugarren iraupen luzeena: 535 hustuketa. Karearen aurkako eragina, oso egokia.

PATO eragin hirukoitza

  • WC zintzilikailu likidoa
  • 0,4 zentimo hustuketa bakoitzeko
  • Osoko kalitatea: oso ongi
  • Lurrin berde freskoa. Iraupen ertaina: 476 hustuketa. Usain intentsitatea eta garbitzeko gaitasuna (aparra), oso egokiak. Karearen kontrako eragin txarrena, baina zuzena. Distira eragiteko gaitasuna, eskas.

PATO eragilea

  • WC zintzilikailu pastilla
  • 0,2 zentimo hustuketa bakoitzeko: denetan merkeena
  • Osoko kalitatea: ongi
  • Kiloko preziorik garestiena (38,21 euro) baina erabilera bakoitzeko kosturik merkeenetako bat (0,002 euro). Lurrina, pinu berdea. Gehien irauten duena: 641 hustuketa. Garbitzeko gaitasuna (aparra), oso egokia. Karearen kontrako eragina, egokia. Usain intentsitatea, eskas.

WC NET hygiene & perfume

  • WC zintzilikailu likidoa
  • 0,8 zentimo hustuketa bakoitzeko: garestiena
  • Osoko kalitatea: egokia (denetan apalena)
  • Litroko, preziorik merkeenetako bat (33,33 euro), baina erabilera bakoitzeko, garestiena (0,008 euro). Baso lurrina. Karearen kontrako eragina, egokia. Gutxien irauten duena: 221 hustuketa. Usain intentsitatea, eskas.

HARPIC garbitzaile likidoduna

  • WC zintzilikailu likidoa
  • 0,7 zentimo hustuketa bakoitzeko; bigarren garestiena
  • Osoko kalitatea: ongi
  • Litroko, preziorik merkeenetako bat (32,12 euro) baina, erabilera bakoitzeko, bigarren garestiena (0,007 euro). Pinu lurrina. Erabilera-iraupen laburrena: 252 hustuketa, nahiz eta etiketak horren bikoa iragartzen duen. Garbitzeko gaitasuna (aparra) eta karearen kontrako eragina, oso egokiak.