Gimnasioak

Erdiek baino gehiagok azterketa suspenditu dute

1 ekaina de 2004
Img temap 195

Erdiek baino gehiagok azterketa suspenditu dute

Estatu espainiarreko bost milioi lagun baino gehiago joan ohi dira gimnasiora, inkestek diotenez, beren itxura, osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzeko asmoz joan ohi dira. Ondorioz, gero eta gimnasio gehiago dago, eta urte gutxiren buruan asko aldatu dira: lehenago lokal txiki eta soilak izaten ziren, oinarrizko kirol praktikak egiteko pentsatuak (muskulazioa, aerobika, bizikleta estatikoa…), eta gaur egun, berriz, zerbitzu askotako establezimenduak dira, betikoa eskaintzeaz gainera, kirol jarduera eta diziplina berriekin osatuta. Erabiltzaileak oso aukera handia aurkituko du horietan: sauna, jacuzzi, termak, ile apaindegia, masajeak, estetika, solariumak… guztia lotuago itxurari eta ongi sentitzeari kirolari berari baino.

Zaila da aurkitzea kalitate onaren gimnasio merke bat

CONSUMER-ek kirol establezimendu horiek eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea aztertu du: izena emateko matrikula kobratzeaz gainera, batez beste 60 euroko hileko kuota kobratzen dute urguneak baldin badituzte -jacuzzi, sauna, turkiar bainua, igerilekua, ur termalak-, eta 42 euro horrelakorik ez badute. Joan den maiatzean, aldizkari honetako teknikariek 130 gimnasio bisitatu zituzten, bezeroarena eginez, Madril, Bartzelona, Valentzia, Bilbo, Malaga, Coruña, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Cadiz, Castello, Burgos eta Murtzian.

Askok ez dute azterketa gainditu

Ikerketaren lehenengo ondorioa da gimnasioen erdiek baino gehiagok suspenditu egiten dutela CONSUMER-en azterketa, lau ataletan banatuta egin dena. Instalazioen egoerak eta ekipamenduek baino ez dute batez beste “ongi” nota atera (bisitatutako gimnasioen %30ek suspenditu du hala ere), eta zentroetan eskaintzen den zerbitzu aukerari begiratuta “nahikoa” besterik ez dute atera batez beste, aztertutako gimnasioen erdiek suspenditu egin dutelarik. Txarrena, batez beste nabarmen “gutxiegi” atera baitute, bezeroaganako arreta eta kirol-mediku aholkularitza izan dira. %3k baino ez dute aseguru medikorik eskaintzen (Legeak erantzukizun zibileko asegurua izatera baino ez du behartzen), hamarretik zortzik ez diote bezero berriari azterketa medikorik egiten, lautik hiruk ez daukate zerbitzu medikorik, eta hirutik bik bezeroari galdetu ere ez diote egiten zer-nolako egoera fisikoa duen. Izan ere, kirolen bat egiten hasten den orok, lesio fisikorik baldin badauka, edo gaixotasun koronarioak, kolesterol altua edo etxean kardiopatiako aurrekaririk baldin badauka, eta obesoak, sedentarioak, hipertentsoak edo erretzaileak baldin badira eta 40 urte baino gehiago baldin badute, aholkularitza egokia behar dute kirola egiteari dagokionez, baina, gainera, komenigarria da azterketa mediko-deportiboa eta esfortzukoa egitea, osasunean ager daitezkeen arazoak saihesteko, horiek oso larriak izan daitezkeelako. Hori ez da dena, ordea: hamar gimnasiotik ia zazpik ez du erreklamazio orriaren berririk ematen, erdiek bakarrik dauzkate profesioa garatzeko behar bezalako titulazioa duten monitoreak, eta hamarretik hiruk uko egiten diote bezeroa prest jartzeaz arduratuko diren gimnasioko langileen titulazio zehatzaren berri emateari.

Gimnasioek kale gehien egin duten hurrengo atala ordutegien eta tarifei buruzko kontuen ingurukoa da. Kontuan hartzen badugu gimnasio batek hilean diru asko ordaintzea esan nahi duela, gehiegizkoa dirudi lau zentrotik hiruk batez beste 42 euroko matrikula izatea urgunerik ez daukatenean, eta hori halako bi urguneak dituztenean. Gainera, lautik hiruk ez du tarifa murrizturik soilik egun edo ordu tarte jakin batzuetan joaten diren erabiltzaileentzat (adibidez, bakarrik goizetan, edo bakarrik jaiegunetan). Eta erdiak baino gehiago dira bezeroei hileko kuota helbiderarazten dietenak. Atal hau amaitzeko, aztertu diren gimnasioen %44k ez diete sartzen uzten matrikulatuta ez dauden erabiltzaileei, eta, gainera, lautik batek ez dute inolako deskonturik eskaintzen (familiak, hirugarren adina, ikasleak, jarduera edo instalazio asko erabiltzeagatik…). Horrek guztiak esan nahi du gimnasio gehienek malgutasun falta handia dutela antolamenduari dagokionez, eta oso gaizki moldatzen direla erabiltzaileen behar praktikoei eta ezaugarri bereziei dagokienez. Datu positibo bat bada: gimnasioen %18k izan ezik, gainerakoek agerian dute publikoarentzako tarifa. Eta beste bat, ordutegiak, kasurik gehienetan oso ongi pentsatuta baitaude:hamarretik bik bakarrik ixten dute eguerdian, %15ek bakarrik ez dute larunbatean irekitzen, eta bakarrik %12k ixten ditu bere instalazioak abuztuan. Ordutegiei buruz ere gabezia nabarmena dago, hala ere: hamar gimnasiotik zazpik igandean ez dute atea irekitzen, eta hori oso egun egokia da horrelako zentroak bisitatu eta kirol pixka bat egiteko.

Segurtasunean, hainbat gabezia

Segurtasunaren arloan, bisitatu diren gimnasioen %88k bakarrik dituzte instalazioen barruan begien bistan su itzalgailuak, horietako gehienak zuzen seinaleztatuta. Coruña, Burgos, Castello eta Madrilen, aztertutako gimnasioen %30etan su itzalgailuak ez ziren ikusten. Horrezaz gainera, bakarrik gimnasioen 546tan aurkitu ziren larrialdietako irteerak ongi seinaleztatutan eta erabilera oztopatuko luketen elementurik gabe. Arlo horri dagokionez, negatiboki nabarmentzen dira Burgos, Castello, Bilbo eta Iruñean aztertutakoak. Azkenik, gimnasioen %6tan bezeroen osotasun fisikoa arriskuan jar dezakeen egoeraren bat antzeman zen: obrak edo erreforma lanak seinaleztatu gabe, gehiegizko nahaspila zegoen eremuak edo gaizki argiztatuta, malda handiegia zuten eskailerak, ekipamendu edo makinak elkarren gertuegi, tartean pasatzea galarazten zutela… Bartzelonan eta Burgosen bisitatutako hamar gimnasiotik bitan arriskutsu bilaka daitezkeen egoerak aurkitu ziren, eta hamarretik batean Coruña, Valentzia, Bilbo eta Iruñean.

Prezioak eta tarifak

Gimnasioen tarifak hein handi batean bere ezaugarrien eta eskaintzen dituzten zerbitzuen araberakoak dira, baina zein hiritan dauden ere badu eraginik. Gimnasioan matrikulatzeko kostea batez beste 88 eurokoa da muskulazio, fitness eta kirol jardueretarako gelak baldin badituzte eta, gainera, urgunea ere baldin badute (igerilekua, sauna, jacuzzi, pedilubioa, termak, vichy dutxa, eskoziar dutxa, hidroterapiako tratamenduak), eta horiek aztertu direnetatik %23 dira; urgunerik ez duten gimnasioetan matrikulatzeak 42 euro balio du.

Dena dela ere, matrikula, ordaintzea mingarria den arren, behin bakarrik ordaintzen da, eta garrantzitsuena hileko kuota izan ohi da. Urgunea duten gimnasioen hileko kuota batez beste 59 euro da, hainbat hiritan merkeagoa bada ere: Cadizen (30 euro batez beste), Murtzian eta Valentzian (40 euro inguru) askoz merkeagoa da. Garestienak Madrilen aurkitu ziren (79 euro batez beste, eta 65,5 euro gimnasio merkeena), Donostia (75 euro batez beste, eta 70 euro merkeena), eta Bilbo (74,5 euro batez beste). Kuotetan alderik handienak aurkitu dira Madrilen (42 euro) eta Bartzelonan (38 euro). Eta urgunerik ez duten gimnasioen batez besteko kuotaren kostua hileko 43 euro izan da (gehienak dira multzo horretakoak). Garestienak Iruñean daude (54 euro batez beste hileko), eta Bilbo, Donostia, Gasteiz, Murtzia eta Madrilen, guztiak ere hileko 50 euroren bueltan batez beste. Merkeenak, berriz, Cadizen (bakarrik 30 euro batez beste), Coruñan (ia 34 euro) eta Malagan (35,5 euro). Kuotarik garestiena daukan gimnasioa Madrilen aurkitu zen (107 euro hileko, urgunearekin), baina beste batzuk ere oso garestien taldean sar daitezke: Bilboko bat (89 euro urgunerik gabe), Donostiako bi (79,5 euro, bata urgunearekin eta bestea gabe), eta Bilboko beste bat (74,5 euro hileko, urgunez hornituta). Merkeena berriz, Donostian aurkitu dugu (14 euro hileko), eta Cadizen eta Malagan hileko kuota 25 euroren azpitik duten gimnasioak aurkitu ditugu. Gimnasioek eskatzen dituzten hileko kuotak konparatzekotan, hiri interesgarrienak Donostia eta Bilbo dira, horietan daudelako alderik handienak (hileko 65 eta 57 euro hurrenez hurren, garestienetik merkeenera).

Kalitate-prezio erlazioari erreparatuz gero, 20 gimnasiorik garestienek eta 20 gimnasiorik merkeenek lortutako noten arabera, alde desberdinak aurkitu direla nabarmendu beharra dago. Hau da, aztertu diren 130 gimnasioetatik 20 garestienek “ongi” nota atera dute (6,2), eta 20 merkeenek “eskas” kaskarra atera dute (3,6) batez beste. Ondorioz, esan daiteke oso erlazio garbia dagoela gimnasioen kalitatearen eta prezioaren arteko erlazioari dagokionez.

Hala ere, komeni da hainbat salbuespen aipatzea: 20 gimnasio merkeenen artean bada bat aztertu diren lau aldagaietan batez beste 7,3ko nota atera duena. Alegia, oso kalitate/prezio erlazio erakargarria dauka, eta Cadizen dago. Haatik, 20 merkeenen artean dauden gimnasioetatik hiruk baino ez dute lortu azterketa gainditzea (hiruren kasuan batez besteko nota 5 inguru izan da).

20 gimnasio garestienei dagokienez, berriz, nabarmendu behar da 5 gimnasio ez direla “nahiko”ra iristen, hau da, beren kalitate/prezio erlazioa oso eskasa da (garestiak dira eta ez du gainditzen lau aldagaien proba guztira). Aldiz, aztertutako 20 gimnasio horietatik 3k “bikain” atera dute (hau da, garestienen artean dauden arren, kalitate/prezio erlazioa oso-oso ona da).

Emaitzak oro har

Estatuko gimnasioek asko dute hobetzeko bezeroei zerbitzu egokia eskainiko badiote. Baieztapen horren froga gisa aipa daiteke txosten honetan aztertu diren 130etatik heren batek baino ez duela kalitatearen azterketa hau aise gainditu, ia %30ek oso nabarmen suspenditu duela, eta beste %25 ere ez direla “nahiko”ra iritsi. Azterketa hiri bakoitzean aztertutako gimnasioen arabera begiratzen badugu, ikusiko dugu Cadiz, Malaga, Murtzia eta Valentzian aztertutako gimnasioen %70ek azterketa suspenditu egin dutela, eta Coruña, Castello, Iruñea eta Donostian aztertutakoen %60k ere ez dutela gainditu. Datuak berez mintzo dira, baina alderdi positiboa ere aipatu behar da: Bilbon begiratutako gimnasioen %80k gainditu egin zuten CONSUMER-en azterketa, Gasteizkoen %70ek berdin, eta Burgosko gimnasioen %60k ere aprobatu egin zuten. Eta hiri bakoitzeko gimnasioek elkarrekin hartuta lortu dituzten batez bestekoak begiratzen baditugu, ondoen ateratzen direnak Gasteiz eta Bilbo dira, ez dutelako atal bakar batean suspenditu, eta kalitatean batez beste “ongi” nota atera dutelako. Atzetik daude Bartzelona eta Madrilgoak (nahiz kale egiten duten bezeroaganako arreta eta aholkularitzan), eta Burgos eta Iruñekoak, ordutegietan, tarifetan eta bezeroaganako arreta eta aholkularitzan eskas dabiltzala; lau hiri horietako gimnasioek batez beste “nahiko” notarekin gertatzen dira. Hirika batera hartuta azterketan batez beste nota txarrena atera dutenak Cadizkoak izan dira (instalazioen egoeran baino ez dute gainditu) eta Castellokoak (suspenditu ez duten atal bakarra “ordutegiak eta tarifak” dira); bi hiriek batez beste “gutxiegi” atera dute. Oraindik aipatu ez ditugun bost hirietan (Coruña, Donostia, Malaga, Murtzia eta Valentzia), egoera ez zen hobea izan, batek ere ez duelako atal hau gainditu, eta nota “erdipurdi” izan da.
Azkenik, kalitatearen azterketari gimnasioen prezioa gehituz gero (matrikularena zein hileko kuotarena), ondoriozta daiteke kalitate/prezio erlazio ona duten bakarrak Madrilgoak direla, betiere hiriko guztiak batera hartuta, baina nabarmenena da hamahiru hirietatik zortzik “erdipurdiko” kalitate/prezio erlazioa dutela, hau da, eskasa. Soilik Castellokoak (kalitatean suspenditu arren, oso merkeak dira), Murtziakoak (beste horrenbeste), Iruñekoak (kalitatea nahiko ona dute) eta Donostiakoak (“erdipurdi” kalitatean) iristen dira kalitate/prezio erlazioan “nahiko”ra.

Nota atera gimnasioko zure lanari etekinik handiena

  • Bila ditzagun estimuluak ariketa fisikoak egiteko ohitura hartzeko. Erregulartasuna da sekretua, baina ez gorputza gehiegi kargatu.
  • Egin gogoeta zure ahalmen eta egoera fisikoaz aukeratutako jardueran moldatzeko eta praktikaren intentsitatea erabakitzeko.
  • Entzun espezialisten aholkuak, kirolaren arloan zein medikoan. Ariketarik onena da lan kardiobaskular edo aerobikoa eta muskuluak prest jartzea uztartzen dituena.
  • Hasteko, ariketa fisiko moderatua egin, astean hirutan txandaka. Iraupenari dagokionez, batez ere lehenengo egunetan, komeni da ariketa aerobikoa 20-30 minutukoa izatea.
  • Saiak hasteko beroketa ariketa batzuk egin, gorputza esfortzu handiagoa egiteko prestatzeko. Beroketak murriztu egiten du lesioak gertatzeko arriskua.
  • Hasi ariketak emeki-emeki, eta azkartu abiadura gradualki.
  • Hartu arnasa modu kontrolatuan. Hartu arnasa tentsioan jartzean, eta bota erlaxatzean. Ez eutsi aireari biriketan denbora asko.
  • Edan ura ariketa egin aurretik eta ondoren. Deshidratazioa eta arranpak saihestuko dituzu.
  • Saioa amaitzeko, egin estiramenduak eta erlaxatu. Estiramendu ariketek zirkulazio periferikoari eragiten diote eta giharrei hasierako egoerara itzultzen laguntzen diete.
  • Jantzirik egokienak likrazkoak edo kotoizkoak dira. Kirol oinetako egokiak eta, pisuak jasotzekotan, eskuzorroak dira beste osagarriak.
  • Astean behin edo bitan sauna erabiltzeak lagundu egiten du neke sentsazioa arintzen, eta larruazala erlaxatu eta hidratatzen du, baina tentsioa baxu dutenek denbora gutxi egon behar dute.
  • Onena gihar multzo desberdinak lantzen dituzten ariketak eta kardiobaskularrak uztartzea da.
  • Pisuko aparatuetan ia pisurik gabe hasi, hasieran garrantzitsuena jarrera teknikoa ikastea eta ekinaldi osoan jarrera egokiari eustea baita. Gainera, errepikapen asko eginez hasi behar da, erresistentzia lortzeko.

Nola aurkitu gimnasio egokia eta Konparaketako Taula

  • Ez eman izena etxetik edo lantokitik urrun dagoen gimnasio batean.
  • Ikusi instalazioak eta konparatu prezioak bat edo beste aukeratu aurretik.
  • Begiratu ordutegiaren aukera eta hori zure aisialdiarekin bat datorren baloratu. Begiratu asteburuetan irekitzen duten, eguerdian zabalik dagoen, eta gauean zer ordutan ixten duten.
  • Baloratu gimnasioan egin ditzakezun kirol jarduerak. Begiratu behar beste aukera eskaintzen duen (eskolak, squash pistak, eskalada, igerilekua eta beste), baita osasunari eta estetikari lotutako zerbitzurik eskaintzen duen ere (masajea, sauna, urgunea, etab.). Kontuan hartzeko beste zerbitzu batzuk: denda, kafetegia, jatetxea, xukaderak eta armairuak alokatzea, zerbitzu medikoa…
  • Izena eman aurretik ikusi instalazio guztiak, egiztatu ekipamendu eta makinen aukera eta kalitatea (egoera onean egon behar dute, eta mugimendu uniformearekin), ariketa aerobikoak eta indarrekoak zuzen egin ahal izateko.
  • Behar beste aparatu dagoela egiztatu, ez dadila gertatu gutxiegi dagoela edo erabiltzaile gehiegi.
  • Egiaztatu gimnasioak garbitasun eta higiene baldintza guztiak betetzen dituela. Aldagelak, dutxak eta gainerakoak garbi-garbi egon behar dira, ongi argiztatuta eta aireztatuta.
  • Monitoreak aparatu bakoitza nola dabilen erakutsi behar dizu, eta seguru egon behar du egunero egingo duzun zirkuitua ongi ulertu duzula. Gomendagarria titulazio egokia izatea (soin heziketan lizentziatua, kirol entrenatzailearen titulua…). Galdetu monitoreen titulazioari buruz, eta begiratu monitoreen kopurua bat datorren gimnasion erregistratuta dauden erabiltzaileen kopuruarekin.
  • Zentro bakoitzean galdetu jardueren eskaintza zehazki zer den. Gimnasio desberdinetan jarduera berari izen desberdina ematen diote, ez direlako izen generikoak, marka erregistratuak baizik.
  • Kirol eta osasunari buruzko azterketa egingo dizuten galdetu: presio arteriala neurtu, frekuentzia kardiakoa, esfortzu proba eta altuera, pisua, hezur masa, giharrak eta gantza neurtu. Erabiltzaileak lesiorik edo patologiarik izanez gero, ariketak beretzat bereziki diseinatu beharko dira. Horregatik, komeni da gimnasioan bulego medikoa izatea, eta erabiltzaileei azterketa medikoak egitea.