Adingabeen behin-behineko harrera

Aldi baterako neurria

Beren familiarekin bizi ezin daitezkeen adin txikikoak behin-behingoz hartzea
1 ekaina de 2004

Aldi baterako neurria

Espainian urtero hamar bat mila haur eta gaztetxo sartzen dira behin-behineko harrera zentro edo famili babespean. Haurrei famili aterpea eskaintzeko mekanismo sozial horren xedea senideekin bizi ezin diren adingabeei etxebizitza, erakunde-zentro edo familietan babesa eskaintzea da. Helburua, berriz, mutiko edo neskatoa harrera familian erabat integratzea eta bertan partaide izatea da, edo, egoitza babestuetan bizi direnean, ahalik eta bizimodu normalena egitea da.

Haurrei laguntzeko figura hau behin betiko babes neurrietarako bidean (jatorrizko familiara itzultzea edo beste harrera-familia batean txertatzea, adibidez) urrats handia da baina, Adingabeen Babespe Juridikoaren 1/1996 Legeak xedatua duen moduan, behin-behineko harrera neurriak epe ertain edo luzerako eginkizuntzat har daitezke. Horrek esan nahi du adingabeak behin-behineko harrera egoeran hilabeteak edo urteak eman ditzakeela.

Aragoiko Gizarte Ongizateko Institutuak, Espainiako erakunde askotako datuak bildu ondoren, honelako ondorioak atera ditu: kasuen %70 – %75etan behin-behineko babespe neurria egoitzetan gauzatzen da (harrera zentro, etxebizitza babestu, pisu funtzional, egoitza txiki eta antzekoetan); gainerakoak, familietan (aurreadopzioak edo bestelakoak).

Adingabeak behin-behingoz babesteko arrazoi nagusiak, kasuen %65 – %70etan, familiak emaniko tratu txarrak, axolagabekeria edo abandonatzea izan dira. Jokamolde lege hausleak, nerabezaroan bereziki, kasuen %15 – %20 dira; gazteaz arduratzeko familiaren behin-behineko edo erabateko ezintasuna edo gaitasun falta, %10 – %15.

Behin-behingoz babestuta gertatzen diren adingabeen ezaugarri sozio-familiarrei goazkiela, kasuen %50 – %60etan “arrisku sozialeko” familietatik datoz gaztetxoak; %25 – %30etan, drogamenpekotasun edota alkoholismoarekin loturiko arazoak dituzte familiek; %15 inguru buru osasuneko arazoak dituzte senitartekoek eta %40 inguru, azkenik, arazo horietako bi baino gehiago nozitzen dituzten sendietatik datoz.

Zer da adingabeen harrera?

Mekanismo edo figura honi esker, babesik gabe dauden umeen ardura osoa (“hazi eta hezi”, esaera zaharrean) pertsona edo familiek bereganatzen dute familia biologikoak eginkizun hori bete ahal izan arte, umeak bere sendiarekiko harremana eten gabe eta adopzioa egiteko aurrerapausoa izan gabe. Kontua da adin txikiko pertsona batez arduratzea, era guztietako arrazoiak medio -ekonomia, legea, osasuna-, bere familiak ezinezkoa duen bitartean.

Zenbat harrera mota daude?

Adingabeaz nor arduratzen den eta harrerak zenbat irauten duen kontuan izaki, babes aldi hori soila izango da bi urte baino luzeagoa ez denean. Plegu horretan norbere familiak edo besteren familiak egingo dio harrera gaztetxoari, adin txikikoaren eta hartzaileen arteko loturarik dagoen kontuan izanik. Lehentasuna aurrenekoak du haurra famili girotik ateratzeari saihets egiten diolako. Beste harrera mota bat iraunkorra da: hainbat urtetan luzatu egin daiteke, are haurra adinez nagusi izan arte. Horrelako kasuak, guraso biologikoen itzulera zailtzen, okertzen edo nahasten denean agertzen dira (mendekotasunen ondoriozko arazoak, psikologikoak, kartzela zigor luzeak, etc.). Egoitzetako babesa egiten da adingabeak pisu eta zentro instituzionaletan bizi direnean. Hona bestelako babespe batzuk: administratiboa (Administrazioak agindu eta ikuskatua denean -gurasoak aldi baterako atzerrira lanera doazenean, adibidez-), asteburu eta oporraldietako babespea (honelakoetan, harrera familiari familia laguntzaile deritzo): urterik urte Sahara edota Txernobildik datozen umeekin jazotzen da.

Babespe espezializatua, azkenik, berariazko hezkuntza edo arreta bereziagoaren premia duten (ezgaitasun fisiko, psikiko edota sentsorialak, jokamoldearen trastornoak, gaixo kronikoak, etc.) gaztetxoei famili giroa eskaintzean datza.

Nork egin dezake adin txikikoaren harrera?

Ezkondu, ezkongabe edo dibortziaturiko zeinahi pertsona edo familiak, seme-alabak dituena edo ez dituena, Autonomi Erkidegoek martxan jartzen dituzten programetan esku hartu nahi badute. Adingabea babestu nahi duen pertsonak edo familiak Gizarte Ongizateko Sailean eskaria aurkeztu behar du. Hortik abiaturik, area horretako arduradunek, babespea arrakastaz burutuko badute, hautapen, prestakuntza eta balorazio prozesuari ekingo diote.

Nolako prestakuntza ematen zaie harrera familiei?

Haurrak bezala, familia hartzaileak ere aurrean egoera zeharo berria izango duenez, babespeak irauten duen bitartean hartzaileari laguntza teknikoa eman eta prozesuaren ikuskaritza lana egiten zaio, momenturik larrienetan, batez ere: harrera hastean, lehendabiziko bisitetan, familia biologikoa bisitatzean edo egoki daitezkeen bestelakoetan. Erakunde eta elkarte batzuek berariazko ikastaroak ematen dituzte, adiera horretan.

Zein adingabe izan daiteke neurri horren onuradun?

Hamazortzi urte arteko herritar guztiak. Hamazortzi urtetik aurrera harrera erregimenean bizi den pertsonak aukeratu ahal izango du: familia biologikoarekin itzuli edo familia hartzailearen baitan geratu.

Nolako abantailak ditu adingabeen behin-behineko harrera?

Haurrak dituen abantailak era guztietakoak dira: adin bakoitzean ohikoak diren errutinak antolatzetik hasita (famili giroan askozaz ere malguagoak egoitza batean baino), haurraren trebezia sozialen garapeneraino. Famili ingurunean adin txikikoak gizartearekin eta inguruko komunitatearekin oro har kontaktu handiagoa du, famili gune bateko erabakiak hartzean parte zuzenago hartzen du, ingurune psiko-sozial goxoagoan bizi da, familia, adiskide zein auzokoekiko harremanetan bat-bateko kontaktuak ugariagoak izaten dira, etc. Era berean, haurrak giro soziala baloratzen ikasiko du eta familia hartzailean hartuko du euskarri.

Nolako eragozpenak ditu?

Harreraren behin-behinekotasun horretantxe hasten dira eragozpenak. Adiera horretan, guraso eta seme-alaben arteko erlazioak normalak ez direla aitortzen dute adituek, erakunde publiko batek xedaturiko babes harreman hutsa baita. Behin-behineko izate horrek haurrarengan segurtasunik eza eta antsietatea sor ditzake, harrera familian txertatzea galarazteraino, kasu askotan. Era berean, harrera familiaren eta biologikoaren arteko gatazka ere piztu dezake egoera horrek. Areago oraino, adingabeaern eta bere familia biologikoaren arteko harremanetan eragina izan dezake harrerak.

Behin-behineko harrerak ondo funtzionatzen ez duenean…

Haurraren eta harrera familiaren arteko erlazioak funtzionatzen ez duenean, biek dute erlazioa bideratzen ahalegindu diren erakundeen aholkularitza. Horrela ere harrerak porrot egingo balu, adin txikikoa egoitzara itzuliko da beste harrera familia baten zain.

Ordaindu egiten al da umea hartzearren?

Eskuzabaltasun eta elkartasunezko egintza da haurra hartzea. Harrera familiaren egoera ekonomikoak murrizketarik nozi ez dezan eta, diru baliabideak gorabehera, era guztietako familiek haurrak hartu ahal izan ditzaten, autonomi erkidegoek harrera familiaren premia eta aukeren arabera kudeatu eta banatzen dituzten laguntzak ezarri dituzte: jaso den adingabeak eska dezaken osasun edo hezkuntza arrera bereziaren ondoriozko gastuak, adibidez, hartzen dira kontuan, laguntzak banatzean.

Familietan ez ezik, beste nonbait hartuak izan ahal daitezke adin txikikoak?

Familiek hartzen ez dituzten adin txikikoak autonomi agintaritzaren tutoretzapeko egoitza zentroetan bizi ohi dira: zentroak haurraren osotasunezko garapenaren ardura bereganatzen du eta, hortaz, haurrari bere premia biologiko, afektibo eta sozialak aseko dizkiola bermatu behar dio, segurtasun eta babes giroan. Egoitzako arretak adingabearen bestelako premiak ere betetzen ditu, hala nola osasun alorrean, premia materialak, eskolaratzea, eskolako ikasketak sendotzea eta zuzentzea eta adinean adineko beharrak bete ahal izatea. Horrelako lekuetan bizi diren bitartean, Administrazioaren kontua da haur txikiak, adibidez, bere familiarekin ahalik eta harreman afektibo luzeena izan dezan.

Familian hartzeko eta egoitzetan hartzeko “berariazko” umerik ba ote da?

Egia esan, ume eta nerabe guztiek ez dituzte ezaugarri berberak eta, horrenbestez, konponbideak ere, desberdinak eskaini behar zaizkie. Famili giroari hobekien egokitzen diren haurrak 10 urte bitartekoak izaten dira, arrera bereziz begiratzea eskatzen duten arazoak ez badituzte. Horrelako babesa eska dezakete arazo emozionalak konpontzeko tratamendua hartu duten haurrek edo, nerabezaroaren aurretik, harrera erregimenean bizi izan direnek. Aukera hori ematen zaie, era berean, bizipen horri esker onuradun gertatuko omen diren haurrei, hasiera batean famili giroan txertatzeko zailtasunak agertzen badituzte ere (gabezia edo trastornoak nozitzen dituzten adingabeak, adibidez: hauek, berariazko laguntza jaso ondoren, familiari ederki egoki dakizkioke). Familian hartzea ez da neurri egokia, aitzitik, bere burua emantzipatu nahian dabiltzan gaztetxoen kasuan edota jatorriko familiarekin lotura sendo-sendoa duten haurrak direnean, ingurune berrira egokitzea lotura horiek eragozten, galarazten dietelako. Era berean, ez zaie komeni familietan sartzea hezkuntza ingurune jakin bat izatea agintzen duten ezgaitasun psikikoek jotako haurrei ezta, jokamoldeko arazoak medio, erabat giro estrukturatuaren premia duten txikiei ere. Azkenean, guraso biologikoek harrera familiarekiko harremana onartzen ez dutenean, ez zaie horrelako harrerarik aholkatzen, guraso biologikoen jarrera horrek harreraren garapen onean eragina izan badezake.

Familian adingabearen harreraren faseak

Adingabea babesteko hautatua izanez gero, familia edo pertsona helduari harrerak dituen alderdiez ikastaro teoriko-praktikoa emango zaio: lege aldetiko informazioa, honelako haur babespearen pleguak, haurra bere familia biologikotik bereizteak izan ditzakeen inplikazio eta ondorioak, umea ingurune berriari egokitzeko pausoak, jatorriko familiari egin beharreko bisitak nola bideratu eta, jakina, neskato edo mutikoa bere jatorriko familiarekin itzul daitekeela argi eta garbi uztea. Bigarren fasean -giltzadura edo akoplamendu izenekoan- adingabearen eta bere familiaren ezaugarriez informazioa ematen zaio hartzaileari eta, umea jasotzeko, egin behar dituen egokipenak zein diren jakinarazten zaizkio. Hurrengo fasean, harreran alegia, adingabearen eta familiaren jarraipena egiten da, eta bata eta bestea Administrazioko aditu taldeak lagundu eta ikuskatu egiten ditu, gerta daitezkeen egoera korapilatsuei aurrea hartu eta konponbide eraginkorra emateko.