Koherentzia jardunaren jardunaz irakasten da
Inori bizitzen erakustea autonomiarako heltze-prozesuan haren bidaide izatea da. Bide horretan irakasten duenak jarrera aktibo, gertuko, begirale mantendu bai baina, aldi berean, errespetua agertu behar du, beste pertsona horrek berez esan, pentsatu edo egin dezakeenik esan, pentsatu edo egin gabe. Bestetik, zeinahi ikaskuntzatan bezala (are nabarmenago bizitzaz egiten den horretan), ikasten ari denari eskain dakiokeen segurtasuna izango da egunerokotasunean helduleku irmoa. Hezkuntza, beraz, bi ardatz horien gainean eraiki behar da: errespetuan eta konfiantzan. Lehenago, eta horretara iristeko, irakasten duenak irakatsi behar duen horrekiko koherentzia agertu behar du, bere hitzen eta, batez ere, bere egintzen bidez, eredu bilakatuko baita ikaslearentzat.
Maitasuna eta onespena
Pertsona bilakatzeko txango horretako bidazti onak maitasun eta onespenez josten ditu bere buruaren erabilgarritasun eta konpromisoa. Bere burua maitatua sentitu behar du ikasleak eta gainera horrelaxe entzun behar du hori. Afektibitatez mintzatuko zaio, ukimena ahantzi gabe: bere pertsona aintzat hartzen dugula ikasiko du gorputzaren bitartez; bera ez da abstrakzio edo errealitate kontzeptual bat, maite eta laztantzen dugun norbait baizik (ez bakarrik ninia denean). Era berean, bera den, pentsatzen duen eta sentitzen duen bezala onartua sentitu behar du bere burua, pentsatzeko eta sentitzeko eran bera hezten duenarekin bat ez badator ere. Haren segurtasuna irmotu egingo da baldin eta den bezala onartzen badugu, baldintzarik gabe, deskalifikazio eta etiketarik gabe. Kontura gaitezen onartzea ez dela gustatzearen pareko. Oso litekeena da hezten ari garen horren nortasuna gure gustukoa ez izateaz gainera, gure balio eskalako antipodetan egotea, baina horrek ez du justifikatzen pertsona hori ez onartzea. Gizakia beste gizakietatik independente eta desberdina da.
Denok geure buruan dugun konfiantza, halako batean bizitzako bidearen hastapenetan bidaide izan genuen hark baldintzatua dago, hein handi batean. Bidezkoa dugu, beraz, segurtasun eta konfiantza zerk ematen duen galdetzea. Ihardespena hitzetik hortzera dator: espero eta enpirikoki ezagun dugun horrek, koherentziaren abala dakarren horrek. Hezitzaileak, pertsona sinesgarri, sinesteko moduko eta, beraz, gu segurtasunaz janzteko gauza den pertsona bihurtuko duen koherentzia hori nola eskain dezakeen galde egiten badu, munduan nola dagoen ikasi beharko dugu. Hona:
- Egiatia da, pentsatzen duena esan eta esaten duena pentsatzen du.
- Zintzoa da: izena eta izana, hitza eta egintza, jokamoldea eta ereduak, sinesmenak eta iritziak bat datoz harengan.
- Sentimenduak azaleratu eta komunikatzen dituenez, horiek pentsamendua ez bihurritzea eta harremana ez etetea lortzen du.
- Bere ahots tonua eta bolumena, jarrera eta begirada eta adierazten ari dena ez daude kontrajarrita, bat datoz eta osotasun bakarra egiten dute.
- Haren hitzek diotena gorputzak ere hala dio eta halaxe sentiarazten dio berak entzuleari.
Balioak etsenpluaren bidez transmititzen dira
Heztea ibilbide osoan bidaide jokatzea da. Hezkuntzan laguntzen dugun pertsona horren ahalmen eta gaitasunak elikatu, bideratu eta aberastea da. Eta pertsona horren hoberena bere baitatik ateratzea esan nahi du. Dena den, kontzeptu eta teoriak hitzen bitartez transmiti daitezkeen bitartean, azterketa eta jorraketarako gai izan daitezkeen bitartean, jokamoldeak eta jarrerak ezartzen dituzten balio eta arauen ikasketan lehentasuna daukana etsenpluak imitatzea da. Etsenpluak esana eta eginaren arteko koherentzia agertzen duenean, hezi beharreko pertsonak egin denari buruzko datua gordeko du bere baitan, esan denaren kontrakoa dela jakinik ere; baina eginak karga eta balio handiagoa du esanak baino, eta hobeki frogatzen dira gauzak eginarekin hitzekin baino. Bada hor esaera zahar zuhurra: “hobe hamaika hitz baino irudi bakarra”. Koherentziarik ez denean irakatsitakoaz zalantza eta mesfidantza harrotuko dira eta, areago, irakasten ari den horren izaera bera ere auzitan jarriko da, akaso.
Nork bere burua errespetatzea
Izan ere, koherente izatea besteen ideiak, sentimenduak, bizipenak eta erabakiak errespetatzea da, baina norberarenak ere bai. Garbi jokatzen ez dugunean, pentsatzen, sentitzen edo esaten duguna mozorrotzen dugunean edo, areago horretaz lotsatzen garenean, nahi dugun edo behar dugun hori baztertzen ari gara. Horrek geure burua salatzera eramango gaitu ereduzko den horren aurrean eta ikaslearengan nahasmena sortuko du: ez sinestea, ez norabide segurua izatea, ez segurantziarik izatea, hitz batez. Koherentziak, izan ere, ezinbesteko du geure bizitzaz hartzen dugun erantzukizuna. Geure buruaren ongizate eta zoriontasunarekin konpromiso harturik bizitzea dugu bizitzeko arteaz irakaskuntzarik hoberena. Elkarreraginean bizitzeko arte hori -pertsona sozialak garen neurrian- nork bere buruarekin sentitzen duen harmonian, auto-estimazioan, abiatzen da eta, gerora, etsenplua emanez transmitituko zaie gainerakoei.
Koherentziak gure bizitzan eta, horrenbestez, hasiko dugun hezkuntza orotan duen ahalmena ikusirik, ahalegin gaitezen alderdi hauetan:
- Gure hitzek gure pentsamendua islatzen.
- Gure intonazio, hitzen bolumen eta gorputz adierazpenak gure aldartea islatzen.
- Gure jokamoldea eta gure balioak bat eginik azaltzen.
- Baiezkoa eman behar dugunean baietz eta ezezkoa eman behar dugunean ezetz esaten ausartzen.
- Gure mugak lotsatu gabe bizitzen -beraz, haien gainetik igaro gabe-.
- Premiazko duguna argi eta garbi eskatzen, xantaia edo amarruetara jo gabe.
- “Guregandik espero duten” horren itxurak egiteari ekiditen eta garen bezala azaltzen, horixe baitugu geure koherentziaren bermerik egokiena.