Motorrentzako olio mineralak

Ez du merezi garestienak erostea

Motorrak ahalik eta higadura gutxien nozituko badu, funtsezkoa da prestazio onak dituen olioa erabiltzea
1 abendua de 2001
Img analisisbp

Ez du merezi garestienak erostea

Oraingoan, motorrentzako 12 olio mineral aztertu dira (horietako lau, gasolinazko motorrentzat berariazkoak, beste lau gasoilezkoentzat eta, azkeneko laurak, baterako zein besterako balio dutenak). Horien prezioak 1.195 pezeta (Kraft Supermultigrado) eta 2.995 pezeta (Esso Uniflo Mineral Diesel eta Gulf Multi G) bitartean dabiltza. Motorrentzako olio ona aukeratzea funtsezkoa da gure ibilgailuak behar bezala funtziona dezan, marruskadura arindu, igurzketa eta errekuntzaren ondoriozko beroa suntsitu, hondakinak kendu, mugitzen ari diren piezen arteko atxikipena bermatu eta korrosioaren aurrean babestu egiten duelako motorra.

Motorrentzako olio mineraletan, oinarrizko fluidoa (geroago aditiboak erantsiko zaizkiolarik) petrolioaren olio gordina fintzetik dator eta, hortaz, ez da osatzen konposatuen sintesiaren bidez (olio sintetikoetan gertatzen den bezala). Olio mineralak, eskuarki, sintetikoaren erdia irauten du baina, beste aldetik, dezente merkeagoa da.

Olio baten kalitatearen funtsezko bereizgarria biskositatea da, hau da, jariatzearen aurreko erresistentzia. Hotzetan dituen ezaugarrien erreferentziazko zenbakia adierazi ohi da lehen-lehenik, ondoren W letra (honek esan nahi du olio horrek tenperatura hotzetan funtzionatzeko egokia dela) eta beste zenbaki batez, olio hori tenperatura altuetan nola egokitzen den jakinarazten duena. Estatu espainiarrean gehien erabiltzen direnak 20W 40 eta 20W 50 dira. Oliorik hoberena, tenperatura aldaketen aurrean biskositatea egonkorren mantentzen duena da. Funtzioa betetzeko egokitasuna adieraztea dela eta, olioaren biskositatea hainbat eratan neurtzen da. Horrela bada, 100º C-tako biskositate zinematikoa edo HTST biskositatea esate baterako, biskositatearen neurriak dira, tenperatura garaietan. Bietan ere, hobe da biskositate garaia izatea. CCS biskositatea eta MRV biskositatea, berriz, tenperatura hotzetan eta baldintza desberdinetan eginiko neurriak dira: lehena hotzetako abioari dagokio; bigarrenak, tenperatura hotzetako ponpaketarekin zerikusia du. Bi kasu horietan, egokienak biskositate apalak dira. Beste aldetik, biskositate-indizeak biskositatea tenperaturarekiko nola aldatzen den adierazten du: horren balioa zenbat eta altuagoa izan, orduan eta hobea da. Azterketan, 20W 40 saileko hoberena 3CV Brio Gasolina/Diesel izan zen bitartean, 20W 50 sailean 3CV Brio Plus Gasolina nabarmendu zen.

Oxidazioak olioaren biskositatea eta izaera azidoa areagotzen ditu. Oxidazioaren aurrean erresistentzia handienekoak Kraft Supermultigrado Gasolina, Elf Prestigrade TS Gasolina eta Repsol Elite Super Gasolina/Diesel izan ziren. Elf laginak du zink kopuru handiena (higaduraren eta oxidazioaren kontrako aditiboa da zinka): 1.290 zati milioiko.

Amaitzeko, aparra -motorrean behar ez bezalako lubrifikazioa eragin lezake- sortzeko joera bereziki handia agertu zuen Cepsa Platinum Gasolina/Diesel laginak (bolumena %140ean biderkatzen du). Nolanahi ere, apar hori ez da oso iraunkorra.

Hitz gutxitan, 3CV Brio Plus Supermultigrado (1.572 pezeta) eta Kraft Supermultigrado Gasolina (1.195 pezeta) aukera politak dira gasolinaz dabiltzan motorrentzako; gasoliozkoentzakoen artetik, Kraft Multigrado Super Serie 3 (1.347 pezeta) da kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena, Esso Uniflo lagina interesgarri den arren, kalitate on-onekoa delako, nahiz prezioz dezente garestia den. Bietarako balio dutenetatik, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio hoberena Repsol Elite Super 20W 50 (2.684 pezeta) laginak agertu zuen.

Diesel ala gasolina

Aditu zenbaiten arabera, gasolinazko motorrentzat zein diesel motorrentzat berariazkoak omen diren olioen artean ez dago alde nabarmenik. Izan ere, azterturiko hamabi laginetatik bakar batek dio motor mota horrentzat baizik ez duela balio. Gainerakoak, izenak izen, bi sistemetan baliatzeko modukoak dira, etekin desberdinak aterako badituzte ere.

Motorrentzako olio baten kalitatea neurtzeko sistemarik erabiliena API (American Petroleum Institute) amerikar araua da. Horrek, gasolinazko lubrifikatzaileetan (kalitate apalenetik hasita: SF, SG, SH, SJ) eta dieselezkoenetan (kalitate apalenetik hasita: CC, CD, CE, CF4, CH4) hainbat kategoria bereizten ditu. Etiketan SJ CD bereizgarria daukan motorrentzako olioak gasolinazko motorrean etekin hobezina emango du, baina gasoliozkoan ez da batere nabarmenduko. Olioak gasolina zein gasoliozkoan azalpen bat baino gehiago baldin badu (“SH eta SJ” edo “CE, CF4”, adibidez), aintzat hartuko den olioaren kalitatea goi mailakoa izango da beti.

Izaera europarreko ACEA araua, Estatu espainiarrean oraindik API estatubatuarra bezain hedaturik ez dagoen arren baliteke aurki nahitaezko erreferentzia bilakatzea. ACEA arauan, gasolinazko motorrentzako hiru olio kategoria xedatu dira (A1, A2 eta A3), eta lau dieselezko motorrentzakoetan (B1, B2, B3 eta B4). Azterturiko hamabi laginetatik seik bakarrik agertzen dituzte ACEA arauaren parametroak, eta den-denek API araukoak.

Olioaren parametro kritikoetako bat izaki, biskositatearen definizioa ezaguna dugu aspaldi: likido baten jariatzearen aurreko erresistentzia. Olio multigrado hoberenak biskositatea ahalik eta homogeneoen mantentzen du, motorreko tenperaturak gorabehera. Gaur egun, motorrentzako olio gehientsuenak hotzetan zein berotan erantzun egokia emateko diseinaturik daude (multigrado).

Biskositatea neurtzea

Biskositatea adierazteko terminorik erabiliena SAE-k proposatu zuena da, eta “W” batek bereizitako bi zenbaki ditu: horrek esan nahi du olio hori egokia dela oso klima hotzetan dabiltzan ibilgailuen motorrean aritzeko. Lehen zenbakiak jakinarazten digu motorraren abioaren abiadura tenperatura hotzetan (zenbat eta zifra txikiagoak, orduan eta erreakzio hobea). Bigarrenak, berriz, tenperatura altuetan olioak nolako gaitasuna duen adierazten du (zifra hori zenbat eta altuagoa izan, hainbat eta hobeto ibiliko da motorra tenperatura beroetan). Automobilaren barnealdeak hartzen duen tenperaturak garrantzi berezia du: ibilgailu ahaltsuagoek (beraz, tenperatura beroenak hartzen dituztenek) tenperatura handiak hobeto pairatzen dituzten olioak baliatu beharko dituzte.

Biskositatearen azterketa hiru egoera desberdinetan egin zen. Batetik, 100º C-tan hamabi laginak zuzenak diren arren, Cepsa Platinum Gasolina/Diesel gutxieneko ertzetik gertu-gertu dabil. Tenperatura garaian ere (HTST), biskositate proba olio guztiek gainditu zuten. Tenperatura hotzetako (-15ºC eta -20ºC) probei dagokienez, Cepsa markako bi laginek biskositate larregia agertu zuten: horrek esan nahi du, tenperatura baxuetan motorrari etekinak ateratzeko unean zailtasunak sor daitezkeela. Bi olio horien etiketa ez dago zuzen: Cepsa Super D Diesel ez da 20W40 (etiketan azaltzen duen bezala, alegia), eta Cepsa Platinum gasolina/diesel laginaren esparrua 20W50 baino estuagoa da.

Alde garrantzizkorik ez

Biskositate-indize altuago baten abantailetako bat, tenperatura handiagotan biskositate handiagoa lortzea da: horrek, olio-kontsumo apalagoa eta higadura txikiagoa nozitzea ondorioztatzen du, batetik; bestetik, tenperatura hotzetan biskositate txikiagoa eta, ondorioz, motorraren abioa hobetzea izango da eta, berotzean, erregai gutxiago kontsumituko du.

Isurketa-puntua, berriz, olioak mugimendurik agertzen dueneko tenperatura hotzena da. Beraz, tenperatura hori zenbat eta apalagoa izan, hainbat eta hobeto funtzionatuko du olioak neguko hotzetan. Hamabi laginetatik lauk agertu zuten isurketa-puntu hoberena: Kraft Supermultigrado Gasolina eta 3CV Brio Gasolina/Diesel (biek ere, -30ºC), BP Super V Gasolina (-33 ºC) eta, denen gainetik nabarmentzekoa (-36ºC) 3 CV Brio Plus Gasolina izeneko lagina.

Beste alde batetik, motorraren zati metalikoetan olioak nolako eragina duen neurtzen du higadura-probak. Batenaz beste, azterturiko laginek higaduraren kontra kalitate onekoak direla frogatu zuten. Emaitza guztiak antzekoak badira ere, Cepsa Platinum Gasolina/Diesel eta Ertoil Diesel dira azpimarratzekoak (0,33-0,34 mm). BP Super V Gasolina laginak, aitzitik, kalifikazio txarrena eraman zuen, emaitza kaskarren ondorio (0,53 mm-ko higadura).

Bestelako probak

Motorrentzako olio baten kalitatea adierazteko funtsezko parametroak biskositatea, aparren sortzeko joera eta higadura galaraztea badira ere, beste hainbat faktorek ere eragina izaten dutenez laborategian aztertu ditugu laginak. Hona hemen erreferentzia horietako batzuk: errauts sulfatatuen portzentajea, olioaren izaera lurrunkorra, zink-kopurua eta oxidazio-proba. Azterketa konparatibo honetan hamabi olioetako bakoitzaren kalitatea aipatzean, gainerako parametro hauek egiaztatzeko probak ere egin ditugu.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Motorrentzako 12 olio mineral (lau gasolinazko motorrentzat, lau dieselezkoentzat eta beste laurak era bateko zein beste erakoentzat) aztertu dira oraingoan; horien prezioak 1.195 pezetatik 2.995 pezetara doaz.
  • Motorrentzako olio ona aukeratzea funtsezkoa da gure ibilgailuak behar bezala funtziona dezan, marruskadura arindu, igurzketa eta errekuntzaren ondoriozko beroa suntsitu, hondakinak kendu, mugitzen ari diren piezen arteko atxikipena bermatu eta korrosioaren aurrean babestu egiten duelako motorra.
  • Olio mineralak, eskuarki, sintetikoak baino gutxiago irauteaz gainera, prestazio eskasagoak ematen ditu baina, beste aldetik, dezente merkeagoa da. Motorrentzako olio mineraletan, oinarrizko fluidoa (geroago aditiboak erantsiko zaizkiolarik) petrolioaren olio gordina fintzetik dator eta, hortaz, ez da osatzen konposatuen sintesiaren bidez (olio sintetikoetan gertatzen den bezala).
  • Olio baten kalitatearen funtsezko bereizgarria biskositatea da, hau da, jariatzearen aurreko erresistentzia. Olioak hotzetan dituen ezaugarrien erreferentziazko zenbakia adieraz daiteke lehen-lehenik, ondoren “W” letra (honek esan nahi du olio horrek tenperatura hotzetan funtzionatzeko egokia dela) eta beste zenbaki batez, olio hori tenperatura altuetan nola egokitzen den jakinarazten duena.
  • Estatu espainiarrean gehien erabiltzen direnak 20W 40 eta 20W 50 dira. Olio onena, tenperatura aldaketen aurrean biskositatea egonkorren mantentzen duena da.
  • Gasolinazko motorrentzako bi aukera polit dira 3CV Brio Plus Supermultigrado (1.572 pezeta) eta Kraft Supermultigrado (1.195 pezeta); dieselezko motorrentzakoetan prezioa eta kalitatearen arteko erlaziorik onena Kraft Multigrado Super Serie 3a (1.347 pezeta) da; bietarako balio dutenetan, azkenik, Repsol Elite Super 20W 50 (2.684 pezeta).
Marka BP SUPER V KRAFT ELF PRESTIGRADE TS 3CV BRÍO PLUS
Etiketa Supermultigrado Teknologia Minerala Supermultigrado
– Motorrak Gasolina Gasolina Gasolina Gasolina
– SAE biskositatea 20W-50 20W-50 20W-50 20W-50
– API arauak SJ/CD SG/CD SJ/CF SJ/SH/CG4/CF4/CF
– ACEA arauak A2/B2 A3/B2/E2
Prezioa (pta/ 5 litroko ontzia) 2.545 1.195 2.795 1.572
Biskositate indizea 125 121 132 133
Biskositate zinematikoa 40 ºC-tan (mm2.s-1) 150,3 154,4 148,4 174,7
Biskositate zinematikoa 100 ºC-tan (mm2.s-1) 17,22 17,23 17,73 20,05
HTST biskositatea (mPa.s) 4,50 4,59 4,61 5,18
CCS biskositatea -15 ºC-tan (mPa.s) 7400 7800 6480 7170
MRV biskositatea -20 ºC-tan (mPa.s) 32400 25300 44800 36000
Jariatze puntua (Pour point) (ºC) -33 -30 -24 -36
Desgaste testa (4 balls wear) (mm) 0,53 0,42 0,42 0,44
Oxidazioa
– Biskositatearen aldaketa 40 ºC-tan (%) 12,4 2,27 1,35 28,4
– Biskositatearen aldaketa 100 ºC-tan (%) 3,72 0,93 5,7 16,06
– Kopuru azidoko aldaketa (%) 4,5 2,8 3,3 3,4
Aparra
– Egonkortasuna (m) 1 baino gutxiago 3 1 baino gutxiago 1 baino gutxiago
– Joera (%) 60 76 50 20
Zink-edukia (mg/kg) 1040 1290 1070 1280
Errauts sulfatatuak (%) 1,082 1,175 1,361 1,532
Lurrinketagatiko galera(%) 8,1 6,4 6,9 8,7
Marka KRAFT ERTOIL CEPSA SUPER D ESSO UNIFLO
Etiketa Multigrado Super Serie 3a Multigrado Mineral
– Motorrak Diesela Diesela Diesela Diesela
– SAE biskositatea 20W-40 20W-40 D 20W-40 20W-50
– API Arauak CE/SG CD/SF CE/SF CF
– ACEA Arauak B2
Prezioa (pta/5 litroko ontzia) 1.347 1.250 1.600 2.995
Biskositate indizea 112 115 109 120
Biskositate zinematikoa 40 ºC-tan (mm2.s-1) 125,4 124,4 124,1 163,9
Biskositate zinematikoa 100 ºC-tan (mm2.s-1) 14,21 14,31 13,83 17,87
HTST biskositatea (mPa.s) 4,03 4,02 3,94 4,69
CCS biskositatea -15 ºC-tan (mPa.s) 8010 7650 9520 8680
MRV biskositatea -20 ºC-tan (mPa.s) 22100 45200 64900 32500
Jariaketa puntua (Pour point) (ºC) -27 -27 -24 -27
Desgaste testa (4 balls wear) (mm) 0,39 0,34 0,41 0,43
Oxidazioa
– Biskositatearen aldaketa 40 ºC-tan (%) 22,9 13,2 19,5 8,42
– Biskositatearen aldaketa 100 ºC-tan (%) 13,9 6,57 11,8 4,14
– Azido kopuruaren aldaketa (%) 4,3 2 2,6 3,5
Aparra
– Egonkortasuna (m) 1 baino gutxiago 1 baino gutxiago 2 1
– Joera(%) 90 30 90 30
Zink-edukia (mg/kg) 1060 775 984 1080
Errauts sulfatatuak (%) 1,073 1,008 1,222 1,333
Lurrinketagatiko galerak (%) 5,1 3,5 3,5 7,4
Marka REPSOL ELITE SUPER CEPSA PLATINUM 3CV BRÍO GULF MULTI G
Etiketa Multigrado Supermultigrado
– Motores Gasolina/Diesela Gasolina/Diesela Gasolina/Diesela Gasolina/Diesela
– SAE biskositatea 20W-50 20W-50 20W-40 20W-50
– API arauak SJ/SH/CF SJ/CF CE/CF4/SF SH
– ACEA arauak A3/B2 A3/B3 A2/B2
Prezioa (pta/ 5 litroko ontzia) 2.684 2.320 1.494 2.995
Biskositate indizea 128 122 118 125
Biskositatea zinematikoa 40 ºC-tan (mm2.s-1) 169,5 146,5 137,6 169,8
Biskositate zinematikoa 100 ºC-tan (mm2.s-1) 19,10 16,68 15,65 18,82
HTST biskositatea (mPa.s) 4,67 4,54 4,35 4,92
CCS biskositatea -15 ºC-tan (mPa.s) 6710 7960 7850 8360
MRV biskositatea -20 ºC-tan (mPa.s) 26800 78500 25500 33400
Jariaketa puntua (Pour point) (ºC) -27 -24 -30 -27
Desgaste testa (4 balls wear) (mm) 0,47 0,33 0,40 0,42
Oxidazioa
– Biskositatearen aldaketa 40 ºC-tan (%) 1,65 8,60 36,5 7,77
– Biskositatearen aldaketa 100 ºC-tan (%) 7,23 1,08 20,9 0,16
– Kopuru azidoko aldaketa (%) 4,1 3,8 3 4,4
Aparra
– Egonkortasuna (m) 1 baino gutxiago 3 1 baino gutxiago 1 baino gutxiago
– Joera (%) 55 140 38 55
Zink-edukia (mg/kg) 1150 1200 990 1210
Errauts sulfatatuak (%) 1,147 1,327 1,165 1,247
Lurrinketagatiko galerak (%) 6,7 6,1 6,4 5,6

Banan-banan

Motorrentzako hamabi olioak, banan-banan

3CV BRÍO PLUS SUPERMULTIGRADO GASOLINA 20W 50 (Gasolinazko motorrentzakoak)

  • 1.572 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Aukera polita. Biskositate-indizerik altuena (133); tenperatura garaietan, funtzionamendu on-ona. Isurketa-puntu onenekoa (-36º C). Baina lurrunketagatik galera handienak nozitzen dituenetako bat da (%8,7). Errauts sulfatatuetan, ACEA-k ezarritako goreneko ertzera iristen da.

BP SUPER V GASOLINA 20W 50 (Gasolinazko motorrentzakoak)

  • 2.545 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Etiketak ez du adierazten ACEA-ren azalpenik. Isurketa-puntu onenetakoa (-33º C), baina higadura-proban txarrenetako bat da (0,53 mm) eta, aldi berean, lurrunketaren ondorioz galera handienak nozitzen dituenetako bat (%8,1).

KRAFT SUPERMULTIGRADO GASOLINA 20W 50 (Gasolinazko motorrentzakoak)

  • 1.195 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Aukera polita. Hamabietan merkeena. ACEA-ren azalpenik gabe. MRV biskositate-indizerik onenetakoa, oxidazioaren kontra bezala, 40ºC-tan eta 100º C-tan biskositateak ia ez baitzuen aldaketarik agertu altuena. Zink-kopururik handienekoa (1290 zm); aparra sortzeko joera nabarmenegia (bolumena %76an handitzen da).

ELF PRESTIGRADE TS GASOLINA 20W 50 (Gasolinazko motorrentzakoak)

  • 2.795 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Denetan garestiena. Biskositate-indizerik hoberenetako bat (132), baita CCS (hotzeko abioari dagokion) biskositatean; Baina isurketa-puntua txarrenetakoa izan zen (-24º C). Oxidazioaren kontrako erreakzioa, ona.

ERTOIL DIESEL 20W 40 D (Diesel motorrentzakoak)

  • 1.250 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Denetan merkeena. Lurrinketaren ondorioz galera gutxien nozitzen duenetako bat (%3,5). ACEA-ren azalpenik ez. 20W40 motakoetan biskositate-indize hoberena, baita 100º C-ko biskositate zinematikoan ere. Higadura-proban, onena (0,34 mm).

KRAFT MULTIGRADO SUPER SERIE 3a DIESEL 20W 40 (Diesel motorrentzakoak)

  • 1.347 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena. ACEA-ren azalpenik ez. Biskositate-indizerik txikienetako bat (112); baita 100º C-ko biskositate zinematikoan ere (14,21 mm2/s). MRV biskositate txikienekoa, aldiz. Oxidatzeko modukoa eta aparra sortzeko joera handia, aparra egonkorra ez bada ere.

CEPSA SUPER D DIESEL 20W 40 (Diesel motorrentzakoak)

  • 1.600 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • ACEA-ren azalpenik ez. Etiketa ez dago zuzen: ez da 20W40. Tenperatura garaietan biskositate txikienak eta altuenak, aldiz, tenperatura hotzetan. Isurketa-puntu txarrenetako bat (-24 ºC). Aparra sortzeko joera handia (%90), baina apar hori ez da egonkorra. Lurrunketaren ondorioz galera txiki-txikiak (%3,5).

ESSO UNIFLO DIESEL 20W50 (Diesel motorrentzakoak)

  • 2.995 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Aukera polita, denetan garestienetako bat den arren. Hotzeko abioari dagokion CCS biskositatea, altu samarra. Oxidazioaren aurrean, erreakzio ona. Aparra sortzeko joera, apala.

REPSOL ELITE SUPER 20W 50 (Gasolina eta diesel motorrentzako olioak)

  • 2.684 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Olio mistoetan, kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena. Biskositate-indize altu samarra (128); 100º C-ko biskositate zinematikorik handienetako bat tenperatura garaietan, eta tenperatura hotzetan biskositate egokiak (apalak) Oxidazioaren aurrean, erreakzio on samarra.

CEPSA PLATINUM GASOLINA/DIESEL 20W 50 (Gasolina eta diesel motorrentzako olioak)

  • 2.320 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Etiketa ez dago zuzen: ez da 20W40. MRV biskositaterik altuena. Isurketa-puntu txarrenetako bat. Higadura-proban, onena (0,33 mm). Oxidazioaren aurrean, erreakzio aski ona. Aparra sortzeko joera handiena, baina apar hori ez da egonkorra.

3CV BRÍO DIESEL/GASOLINA 20W 40 (Gasolina eta diesel motorrentzako olioak)

  • 1.494 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Denetan merkeena. ACEA-ren azalpenik ez du ematen. MRV biskositaterik onenetako bat. Oxidazioaren aurrean, ahulena. Aparra sortzeko joera apala.

GULF MULTI GASOLINA/DIESEL 20W 50 (Gasolina eta diesel motorrentzako olioak)

  • 2.995 pezeta.
  • 5 litroko ontzia
  • Aztertutako hamabi laginetan, garestienetako bat. CCS biskositatea, handiegia. Oxidazioaren aurrean, erreakzio ona. Zink-eduki handiegia (1.210 zm).