Zoriona

Eskubidea, jomuga ala amets hutsa?

1 abendua de 2001
Img interiormente listado

Eskubidea, jomuga ala amets hutsa?

“Cuéntame, cómo te ha ido, si has conocido la felicidad” zioen 70eko hamarkadako abesti ezagun baten leloak. Garai hartan hasi ginen zoriona bizitzari zentzua ematen dion jomuga gisa aipatzen. Gizakiaren zoriontsu izateko nahia eta eskubidea ez dira hainbeste egindako ahaleginen edo egintza onen sari gisa plantatzen, zoriotsu izateko derrigortasun gisa baizik, etengabeko zorion egoeran bizi izateko derrigortasun moduan. Ez dugu hemen kontzeptuen inguruko eztabaida sakonik egingo, maila filosofiko edo etikoko eztabaidarik sortuko. Printzipio bat hartuko dugu, besterik gabe, abiapuntu: eskubidea dugu zoriontsu izateko eta pertsona inteligente, sentikor eta gizarteko garen aldetik, behartuta gaude gure bizitza atsekabea baino gehiago, zoriona ekarriko digun bidetik eramatera.

Baina zoriona, bizitzako egoera objektibo gisa, ez da existitzen. Abstraktua, subjektiboa eta pertsonala da, baina mendebaldeko gure zibilizazio honetan badira oinarrizko zenbait elementu zoriontsu izateko beharrezko direnak: osasun ona, asebetetzen gaituen lana, maitasun, afektibitate eta familiako bizitza aberatsa, “betetzen” gaituzten lagunak, zaletasunak garatzeko denbora eta aukera, egoera ekonomiko ona, ongizate psikologiko eta emozionala… Eta besteei, bereziki maite ditugunei, bizitza ongi doakiela atsegin izateaz gain, pertsona gisa estimatzen gaituztela antzematea, azken batean, maite gaituztela, errespetatzen eta ulertzen gaituztela ikusteak ere laguntzen du zoriontsu sentitzen. Baina atal horietako bakoitzari norberak ematen dion garrantzia da aldatzen dena, zalantzarik gabe.

Alferrikako bilaketa

Zenbaitek, bizitza ematen du ia etengabeko zoriona bilatzeko ahalegin etengabe eta antzuan, zoriona noizbait aurkituko duten ilusioa kimera gisa hartuta. Baina zoriona, normalean, egoera iragankorra da, gutxien uste denean eta abisatu gabe desagertzen dena. Zorion absolutu eta iraunkorraren helburu horrek menpean harturik, zenbait pertsonak bere egoerak hobetu egin behar duela uste du, dauden bezala ongi sentitzeko adina arrazoi eduki arren, beste pertsona batzuek dagoeneko lortu duten goragoko maila bat, intentsu eta hobea lortzeko aukera dagoelakoan. Baina, berriro ere, besteekiko konparaketak atsekabean murgiltzen gaitu, gauza onak ekarri beharrean. Azken batean, konformista edo anbizio handiagokoa izan gaitezke, beti bezala, erdibidea da zentzuzkoena. Borrokan jarraitu behar dugu ongizatea lortzeko, ongizate materiala zein emozionala izan; baina dagoeneko lortu duguna estimatzen ere jakin behar dugu.

Espezialistek diote, ohartuta edo oharkabean, bizitzako uneren batean lortu dugula zorionarekin lotzen dugun egoera hori eta berriro bizi nahi izaten dugula. Adibidez, psikoanalisiaren teoriak dio une garrantzitsu hori loturik dagoela lehen aldiz gose izan eta amaren esneak ase gintuenean sentitu genuenarekin. Korronte psikologiko horren arabera, ase-betetzearen bizipen hori ezagutu dugunez, gure bizitzan zehar hori errepikatzea dugu amets. Beste azalpen batek dio gure kode genetikoan paradisuaren nolabaiteko ideia erantsirik dugula, azalpen zientifikoa baino espirituala gehiago den arren. Edozein argudio hartuta ere, uneren batean bizi izan dugun baina guztiz ezagutzen ez dugun zerbaiten bila gabiltza.

Azken batean, ezinezko idealizatu hori bilatzen jarraitzeari uko egitea komeni da, ez baitugu sekula aurkituko. Zoriona ez da bilaketa baten emaitza, eta are gutxiago halabeharrarena.

Helmuga ala entelekia?

Zoriontsu izatea ez da entelekia, erreferente objektibo zaila duen kreazio intelektual edo kulturala. Gizakiarengan berezkoa da nahi hori, pertsona bakoitzak bere aldetik landu eta zaindu behar duena. Pertsona bakoitzaren eskubidea eta, hein batean, betebeharra da. Zoriontsu izatea naturaren aurka bizi izatearen pareko baita. Baina zoriontsu izatea ez da beti alai egotea, gure bizitzako xehetasun bakoitzean sartuta gaudela sentitzea baizik, une bakoitzak sortzen digun emozioarekin konektaturik, gertatzen ari zaigunari erantzuten eta inguruan dugunarekin sintonizatuta. Bestela esanda, hemen eta orain gertatzen ari zaigunaz gozatzea.

Horrela, beste egoera batera salto egin behar genuke, une zoriontsuez hitz egin, eta plazer, ongizate, poz eta ahaleginaren ondoren lortutako zerbaitengatik norbere buruarekin gustura sentitzea lortu. Izan ere, bizitzako unerik onenak ez dira ezinbesteak zerbait jasotzen dugun uneak edo une lasaiak izaten. Asko baloratzen dugun zerbait lortzeko burua eta gorputza batera ahaleginetan muga-mugara iristen direnean lortu ohi dira momentu horiek. Une zoriontsua, esperientzia paregabea, norberak gerta arazten duen zerbait da. Benetako gozamen uneak, lasaitasunez eta barne-bakez beteak, ez dira normalean kanpoko gertaeren ondorioz etortzen. Bizitza luzea, konplexua eta anitza da eta amorrazio, umore txar, kezka, min, maitasun, alaitasun, plazer, gozamen eta beste era askotako uneentzat izaten da denbora, sentsazio, sentimendu eta emozioen zerrenda amaigabea sartzen da bizitzan. Ahaztu dezagun zoriona gauza abstraktu gisa eta ekar dezagun instante batera. Alabaina, zorion hori gozatzea lortzea bizitzaren aurrean dugun jarreraren menpe izango da.

Izan gaitezen positibo

Bizitzaren aurrean jarrera positiboa duten pertsonek jarrera negatiboa erakusten dutenek bezala sufritzen eta jasaten dituzten gertaera desatseginak, baina desberdintasun batekin: lehenak eraginkorrak dira arazoak konpontzerakoan eta bigarrenak, berriz, errukitu eta blokeatu egiten dira.

Jarrera baikor horrexekin lortzen da, hain zuzen, gertaera negatiboek ere bete-betean bizi izatea ez eragoztea. Kezkak, umore txarra, amorrua, norbere edo maite ditugunen gaixotasunak, arazo ekonomikoak, nekea, bokazioaren frustrazioak, bikotearekiko gatazkak edo seme-alaba edo bizitza garrazten saiatzen zaigun jendearekiko gatazkak hortxe izango ditugu beti. Baina espiritu positiboz jokatuta aukera handiagoa izango dugu konponbideak pentsatu eta bilatzeko. Azken batean, askoz hobeto eramaten da gatazka.

Zailtasunak hortxe daude eta gizarte lehiakor honek eskakizunaren marra altxatzera eta zeharka bada ere, zoriontsu ez sentitzera gonbidatzen gaitu etengabe, paradoxikoki ia zoriontsu izatera behartzen bagaitu ere, “frakasatuek” betetzen duten bazterkeriazko gune horretan kokatu nahi ez badugu behintzat. Jarrera positiboa ez da zorionaren sinonimo, bizitzan eraginkor izatearen pareko baizik: ondoez uneak etsi gabe bizi behar dira, geure burua edo besteak errudun egin gabe eta, batez ere, paralisian erori gabe. Jarrera baikor horrek lagundu egiten digu une zoriontsuez gozatzen eta inguruan dugun mundura irekitzen eta entzute aktiboa eta partaidetzazkoa bultzatzen du. Eta zaurgarri izateari utzi gabe konpartitzeko jarreran jartzen gaitu, arriskua onartu eta sentitu eta maitatzeko jarreran jartzen. Une zoriontsu horiek emozio espezifikoren batekin lotu behar bagenitu, pasioarekin lotuko genituzke. Pasioa, egiten eta bizi izaten ditugun gauzez grina sentitzearen zentzuan, norbere sormen gisa sentitu, baloratu eta horiez harro egoteko gaitasun gisa ulertuta.

Zoriontsu izateko...

Bere burua zoriontsutzat duen pertsonak badaki zorigaitza aukera bat dela beti, eta zoriona, berriz, aukeratu egiten dela. Gure bizitzan ahalik eta zorion unerik gehien izan dadin apustua egiten badugu, ongi etorriko zaizkigu ondorengo hauek:

  • Geure burua den bezala onartu eta geure buruarengan konfiantza izatea.
  • Bizitzaren aurrean jarrera positiboa izatea.
  • Gizarterako eta komunikaziorako trebeziak izatea.
  • Egoera bakoitzari errealismoz eta jarrera onez aurre egitea.
  • Sentimendu eta emozioak adierazi eta bizi izatea.
  • Instante bakoitza bizi eta gozatzeko gaitasuna.
  • Jolas egin, barre egin, deskubritu eta muga konbentzional batzuk gainditzea.
  • Daukagunarekin poztu eta proiektu berriekin gogo-berotzeko gai izatea.
  • Geure buruaz eta egitea lortu dugunaz harro egotea.
  • Geure burua zaindu, baloratu eta bizi izatearen abentura grinaz bizitzea.