Kontsumoaren barometroa sortu da

Milurteko honetako kontsumitzailea, argazkiaren erdi-erdian

Jatetxe zein tabernekin duen konfiantza orain eta txikiagoa da, baina balekoa nonbait (janaria azkar ematen duten establezimenduak kanpo utzirik). Beste aldetik, kontsumoaz jasotzen duen informazioaz konforme ote dagoen galdeturik, erdipurdiko adostasuna baizik ez du agertzen; are eta kaskarragoa da adostasun hori, komertzioak eta produktu-markek ematen dioten informazioari dagokionez.
1 abendua de 2001
Img temap

Milurteko honetako kontsumitzailea, argazkiaren erdi-erdian

Estatu espainiarreko egungo kontsumitzaileak konfiantza handia du elikagaiekin eta elikagai horiek banatzen dituen merkatuarekin; produktuen aurreko konfiantza, berriz -onartzeko modukoa bada ere-, ez da horren handia. Jatetxe zein tabernekin duen konfiantza orain eta txikiagoa da, baina balekoa nonbait (janaria azkar ematen duten establezimenduak kanpo utzirik). Beste aldetik, kontsumoaz jasotzen duen informazioaz konforme ote dagoen galdeturik, erdipurdiko adostasuna baizik ez du agertzen; are eta kaskarragoa da adostasun hori, komertzioak eta produktu-markek ematen dioten informazioari dagokionez.

Ekonomiaz galdeginik, kontsumitzaileak produktuez eta zerbitzuez bere burua hornitzeko egiten duen gastuagatik jasotzen duen ordaina ez du uste asebetetzeko modukoa denik. Honelako ondorioak eta beste batzuk -aurki eurora egokitu beharrak sortarazten dion kezka, ordainbidetzat Internet erabiltzeak beregan sortzen duen mesfidantza edo erosketak egiteko denbora-tartea murriztuko lioketen zerbitzuengatik ordaintzeko jarrera eskasa, adibidez- dira Eroski Taldea Fundazioak, Espainiako Enpresa Institutuaren laguntzaz, osatu duen Kontsumoaren Barometroko ekarpen nagusiak. Azterketa hori burutzeko, Estatu espainiar osoko 14 urtez gorako 5.000 pertsonari telefonoz dei egin zaie, helburu zehatzarekin: kontsumoaren (eta kontsumoarekin lotura duten elementuen) aurrean kontsumitzaileak nolako iritziak dituen ikertzea, alegia: oraintxe aipatutakoak eta, besteak beste, bere eskubide eta interesak defendatzeko unean nor den eraginkorrago, kontsumoari buruzko informazio-iturriek nolako konfiantza merezi duten eta beste hainbat konturi buruzko pertzepzioak.

Txosten honen helburua, kontsumo-gaietan herritarraren joera eta pertzepzioen neurriak zehaztuko duen barometroa plazaratzea da, urterik urte kontsumitzailearen bilakaera datu zehatzetan aztertuko bada. Metodologiak zuen alderdirik baldintzatzaileena, berriz, kontsumitzailearen pertzepzioak neurtu eta balioztatzeko gauza izanik, denbora joan ahala iritzi horien aldaketen joera erakutsiko luketen adierazleak finkatzea izan zen.

Kontsumitzaile zorrotza

Bere jardueran ederki trebatua da kontsumitzailea, kontsumoarekin zerikusia duten gaiez dezente baitaki. Eta, gerora begira, ikasten segitu nahi du, erabakiak hartzeko garaian asmatuko badu. Sen onez dihardu eta kontsumo-fenomenoari eraginkortasunez egiten dio aurre, bere itxaropenak ahalik eta hobekien asebetetzea jo-puntuan harturik. Bizitzako funtsezko osagaietako bat du kontsumoa eta, horrenbestez, produktu eta zerbitzuez jasotzen duen informazioarekin zorrotz jokatzen du. Zorrotz jokatze horrek eta zeharo asebeterik ez agertzeak erabateko koherentzia agertzen dute, kontsumo-gizartea osatzen duten elementuez (komertzio- eta produktu-motak, elikagaiak, markak, enpresak, Administrazioa, kontsumitzaileen elkarteak, hedabideak…) dituen pertzepzioekin (konfiantza, segurantzia, sinesgarritasuna, etab).

Kontsumoari buruzko informazio alorrean, senideak eta ezagunak ditu sinesgarrienak. Konfiantzarik gutxienekoak, berriz, Administrazioa eta enpresak. Bere eskubide eta interesen defentsan jarduteko egokiena bere burua dela uste du eta, beherago samar, kontsumitzailearen defentsaz arduratzen diren elkarteak.

Aurkezten zaion eskaintza azterturik, bere pertzepzioan, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokienen alde jotzen du. Horretan, bere itxaropenak eta premiak asebetetzeko gaitasuna eta segurantzia hartzen ditu kalitatetzat.

Elikagaien kontsumoan, segurantzia eta konfiantza

Elikagaiak kontsumitzeko herritarrak sentitzen duen konfiantza-maila asetzeko modukoa den arren (7,1 puntu), elikagai bakoitzak sortzen du bere konfiantza-indizea: handiagoa izango da indize hori, baldin eta “natural” eta produktua “prozesu industrialik nozitu gabea” bada. Era berean, elikagaien (haragia barne) segurantziaren aurrean sineskor agertzen da (6,5 puntu).

Kontsumitzaile horren konfiantza elikagaien markek ere sortzen badute ere, txikixeagoa eta arras bestelakoa izan ohi da horiena, marka horiek prestigiodunak edo ezagun-ezagunak izan (konfiantza handiagoa) ala berri eta merkeak (konfiantza apalagoa) izan. Merkataritza establezimenduen aurrean agertzen duen konfiantza asetzeko modukoa da, baina gorabehera handiak dituena: tradiziokoek erakartzen diote konfiantza handiena eta jan azkarra ematen duten jatetxeek merezi dutena, berriz, txikiena (azterketan suspentsoa).

Kontsumoari buruzko informazioa

Produktu eta zerbitzuen gaineko informazioaz herritarrak sentitzen duen gogobetetze-maila (6,2 puntu) dezente hobetzeko modukoa da, aseguruei eta etxebizitzari dagokiena bereziki. Markek ematen dutena onartzeko modukoa da (5,8 puntu) eta merkataritzatik datorrenetik, saltoki tradizional eta espezializatuetakoa ongi balioztatzen da; banketxe eta seguru etxeetakoa, berriz, okerrago (denek gainditzen duten arren). Kontsumitzailearentzat, kontsumoaren gaineko informazioa osatzen gehien laguntzen dutenak ezagunak eta familiartekoak dira; hurrengo, baina urrutixko, kontsumitzaileen elkarteak, hedabideak eta dendetako langileak datoz. Elikagaiei buruzko informazio-iturri sinesgarrienak, berriz, gertuko lagunartea, sendagile eta osasun-elkarteak eta kontsumitzaileen elkarteak dira. Herri Administrazioak eta fabrikatzaileak dira konfiantza gutxien sortarazten diotenak, hauenganako sinesgarritasuna suspenditzeko modukoa ez bada ere. Bestetik, elikagai freskoen gaineko informazio-hornitzaile nagusia saltokia da, alde handiz. Eta saltoki horretan, produktuek duten etiketak eta dendetako orritxo eta kartelak. Elikagai freskoen gaineko informazio-hornitzaile nagusitzat hedabideak eta kontsumitzaileen elkarteak dituzten herritarrak oso-oso gutxi dira. Elikagaien etiketetan gehien kontsultatzen den informazioa (kontsumitzaileen %62ak hala dio, behintzat) iraungitze-data da, hau da, produktua noiz arte den balekoa. Hurrena, baina urruti, osagaien zerrenda (%39). Produktuaren izenari, fabrikatzailearen izenari eta nutrizio-informazioari garrantzia ematen dietenak, aldiz, bakan batzuk baino ez dira. Bukatzeko, herritar gehientsuenek uste dute 2002 urtean kontsumoari buruzko informazioa hobetu egingo dela.

Kontsumitzailearen interes ekonomikoak

Produktu eta zerbitzuak eskuratzearren ordaintzen duen diruagatik konpentsazio eskas jasotzen duela sentitzen du kontsumitzaileak (5,6 puntu). Osasun alorrekoak dira gehien konpentsatzen duten zerbitzuak; etxebizitzako asegurua eta etxebizitzaren erosketa, aldiz, konpentsazio-mailarik apalenean agertzen dira (5 puntu).

Kontsumitzailearen interesen defentsa

Hiru herritarretatik bik uste dute beraiek direla kontsumo-alorreko beren interesak ongien defendatzen dituztenak. Gauzak ikusteko modu horrek kontsumitzaileen elkartea bigarren mailan uzten du (kontsumitzailearen interesen defendatzaile nagusiak elkarte horiek direla bost herritarretatik bakar batek erantzun du), Administrazioa eta enpresak zerrendatik zeharo suntsiturik. Beren interesen defentsa hobetzea dela eta, kontsumitzaileek dituzten itxaropenak ikusita, gaur egun alderdi horri dagokion gogobetetzea eskasa dela esan dezakegu.

Produktu ekologikoak, euroan sartzea, Internet…

Hiru kontsumitzaileetako batek behin ere ez du jan elikagai ekologikorik. Era berean, bostetik batek bakarrik sentitzen du bere burua ongi informatua izurrilkaririk zein ongarri kimikorik gabe landutako produktu horietaz. Oraingo dirua utzi eta euroan sartu ahal izateko, noski, informazio egokiagoa eman edo hobeki zabaldu beharra dago: atal horri dagokion asebetetze-maila erdipurdikoa baizik ez da: 5,8 puntu. Aldaketari aurre egingo dio kontsumitzaileak nolabaiteko kezkaz, jendearen eguneroko bizitzan duen eraginagatik. Asko ez, baina zerbait garestitu egingo du euroak: horrelaxe ikusten du inkesta bete dutenen erdiak. Beste erdia osatzen dutenetatik gehienak prezioek bere horretan iraungo dutelakoan daude.

Erosteko bide gisa, behintzat, mesfidantza sentiarazten du Internetek kontsumitzailearengan: ez segurantziarik, ez bermerik eskaintzen du (4 puntu baino gutxiago bietan). Azkenean, merkatu-azterketek esanak esan, kontsumitzailea ez dago erosketa egiteko denbora murriztuko luketen zerbitzuengatik ordaintzeko prest.

Egungo kontsumitzailearen bereizgarriak

  • Elikagaien aurrean (7,1 puntu) eta bere segurantziaren aurrean (7,2 puntu) konfiantza agertzen du inkesta erantzun duenak; konfiantza gutxiago baina onartzeko moduko mailan ematen diote (6,6 puntu) markek; dena den, merkeenak ez dira nahikora iristen eta berrienak… ozta-ozta. Banatzailearen markek konfiantza pittin bat ematen diote (5,6 puntu). Establezimendu sinesgarrienak tradizionalak dira eta konfiantza gutxienekoak, aitzitik, janari azkarreko jatetxeak: suspentsoa bete-betean. Supermerkatu eta hipermerkatuen aurrean 7 puntu inguruko konfiantza agertzen du, hau da, denda tradizionalen aitzina baino gutxiago.
  • Produktu eta zerbitzuez jasotzen duen informazioaz herritar estandarra ez dago oso gogobeterik (6,2 puntu baizik ez). Norberaren garbitasunerako produktuen, arropa eta oinetakoen, etxeko garbiketarako produktuen eta aisialdirako gauzen informazioari buruzko pertzepzioa hobetu egin den bitartean, etxebizitza eta seguruei dagokienez, dezente txartzen da. Markek ematen duten informazioa onartzeko modukotzat jotzen da (5,8 puntu) eta merkataritzatik datorren informaziotik, aldiz, saltoki tradizionaletakoa eta denda espezializatuetakoa ongi balioztatzen da; hipermerkatu eta biltegi handietakoa, aitzitik, onartzeko modukotzat baino ez da jotzen. Jasotzen den informaziotik txarrena banketxe eta aseguru konpainietakoa omen da.
  • Kontsumitzailea ongi informaturik mantentzeko ekarpenei dagokiela, gertueneko ezagun, adiskide eta senitartekoek ematen dutena oso ongi balioztatzen da; dezente atzerago dator kontsumitzaileen defentsarako elkarteena, hedabideena eta dendetako langileena. Enpresak eta Administrazioa datoz azken tokian, nahikora doi-doian iritsita. Elikagaiei buruzko informazio-iturri itzaltsuenak -oso ongirekin kalifikatuak- senideak eta adiskideak, sendagile eta osasun erakundeak, kontsumitzaileen elkarteak eta, ondoren, dendetako langileak dira. Enpresak eta Administrazioa doaz azkenik: horien informazioak ez ditu oso sinesgarritzat jotzen kontsumitzaileak (nahiko doi-doian). Hedabideak ere ez dira sinesteko moduko erreferentzia, komertzioen azpitik agertzen baitira.
  • Bestetik, elikagai freskoei buruzko informazioa komertzioetan batez ere bilatzen du kontsumitzaileak; %8ek bakarrik diote informazio-iturri nagusia hedabideak edo kontsumo-aldizkariak dituztela. Saltokietan, elikagaien etiketak dira -kartel eta orritxoekin batera- informazio-iturri behinena; ondotik dendetako langileak agertzen dira, beheraxeago. Etiketan kontsultatzen dena, iraungitze-data (kontsumitzaileen %62ak) eta osagaien zerrenda (%39ak). Bestelako informazioak, hala nola produktuaren eta fabrikatzailearen izena eta nutrizio alorreko datuak (%5) askoz ere jende gutxiagok kontsultatzen ditu. Datorren urtean kontsumoari buruzko informazioa nolakoa izango ote den galdeturik, gehientsuenek dagoen bezala iraungo duela pentsatzen dute eta bakan batzuek, aldiz, pittin bat hobea izango dela.
  • Produktu eta zerbitzuak eskuratzearren ordaintzen duen diruagatik konpentsazio eskas jasotzen duela sentitzen du kontsumitzaileak (5,7 puntu). Dena den, batetik bestera asebetetze-maila dezente aldatzen da: osasun alorrekoak dira konpentsatzen duten zerbitzu bakarrak. Etxebizitzako asegurua eta etxebizitzaren erosketa, aldiz, konpentsazio-mailarik apalenean agertzen dira, nahiko badute ere. Arropa eta oinetakoak, garraioa, etxeko produktuak, elikagai eta edariak, komunikazioak eta antzekoak, azkenik, oso ongitik gertu dabiltza.
  • Kontsumitzaile den aldetik, bere eskubide eta interesen defentsan jarduteko egokiena bere burua dela uste du hamar kontsumitzailetik zazpik. Toki ona betetzen dute kontsumitzailearen defentsaz arduratzen diren elkarteek ere: inkesta erantzun duten gizakien %19arentzat kontsumitzailearen defendatzailerik egokienak dira. Enpresek (%2) eta Herri Administrazioek (%2) ez dute ia inolako garrantzirik alor horretan. Datorren urtean gauzak hobetu egingo direlakoan daude gehientsuenak.
  • Kontsumitzaileen %64k bakarrik dio inoiz elikagai ekologikorik hartu duela, baina produktu horiek merezi duten konfiantza handia da. (7,6 puntu). Horrelako elikagaiei dagokienez, informazio onik ez duela aitortzen du jende askok.
  • Euroaren gaineko informazioa dela eta, gogobetetze-maila ez da batere ona (5,8 puntu). Herritarra kezkaturik dago (ez oso kezkaturik, dena den) aldaketak eguneroko bizitzari ekarriko dizkion ondorioengatik. Inkesta erantzun dutenen erdiek uste dute prezioek gora egingo dutela, gehiegi garestitu gabe.
  • Erosteko bide den aldetik, Internetek mesfidantza sortzen du kontsumitzailearengan, bai segurantziari dagokion alorrean, baita kontsumitzailearen eskubideak errespetatzeari dagokionean ere.
  • Herritarra ez dago prest erosketan denborarik aurreztearren gehiago ordaintzeko. Erosteko denbora murriztuko lioketen zerbitzuengatik ordaintzeari zein balio aitortzen dion galdeturik, 3,6 puntu ihardetsi du, hau da, bete-beteko suspentsoa.
  • Erosketa egin ala erostera joan?
    Inkestatuak biak berdintsu atsegin dituen arren (6 puntu inguru), erostera joatea gehiago gustatzen zaio erosketa egitea baino.

Denok ez gara berdinak, ordea

Elkarren artetik aski desberdinak direlarik, sei kontsumitzaile-segmentu bereizten ditu txostenak. Ikus dezagun, biztanleriaren batez bestekoa estandartzat jota, horietako bakoitzak zer duen bereizgarriena, oraingoan eginiko galderetan.

  • Lanbide ordaindua duten gazteak (14 – 29 urte)
    Elikagaietan gutxien sinesten dutenak, produktu freskoen gaineko informazio-iturritzat etiketari garrantzi gehien ematen diotenak eta etiketetako nutrizio-alorreko informazioa gehien kontsultatzen dutenak dira. Beste aldetik, produktu eta zerbitzuak eskuratzearren ordaintzen denagatik konpentsazio gutxien jasotzeko sentsazioa duen taldea da hauxe. Era berean, euroak inflazio handiagoa ekarriko duela uste dute. Azkenik, erostera joatea nahiago du talde honek erosketa egitea baino.
  • Lanbide ordaindurik ez duten gazteak (14 – 29 urte)
    Postura kritikoari eusten dioten arren, janari azkarra ematen duten jatetxeetako elikagaiez mesfidantza gutxien agertzen duen taldea da hau eta, aldi berean, produktu ekologikoetan, hipermerkatuetan eta marka berrien eta merkeenetan gehien sinesten duena. Elikagai freskoei buruzko informazio-iturritzat, komertzioetako langileari garrantzi txikia aitortzen diote eta etiketako iraungitze-datara gutxitan begiratzen dute. Gastuagatik konpentsazio onena jaso uste dute hauek, aisialdi eta kultura alorretan bereziki. Kontsumitzailea defendatzeko unean, kontsumitzaileen elkarteei garrantzi gehien ematen diete. Beste aldetik, eurora aldatzearen aurrean kezka txikiena sentitzen dute eta, erosteko bide den aldetik, Internetekin gehien sinesten dutenak dira. Biztanleria segmentu honek, era berean, erosketetan denbora aurreztearren ordaintzeko prestutasun handiena agertzen du eta erosketak egitea baino gehiago, erostera joatea nahiago izaten du.
  • Gizonezkoak (30 – 60 urte)
    Elikagaien aurreko sinesgarritasuna 2002 urtean hobetuko dela gehien talde honetakoek sinesten dute. Produktuen markek, aseguru konpainiek eta banketxeek ematen duten informazioarekin gogobetetze-mailarik eskasena erakusten du talde honek. Elikagaiei buruzko informazio-iturritzat, Administrazioari sinesgarritasun eskasa aitortzen diote. Kontsumitzailea defendatzea dela eta, horrelako elkarteei garrantzi handiagoa ematen diete (beste segmentuetakoek baino). Euroak izango dituen eragin edo ondorioez kezka gutxi eta informaziorik hoberena azaltzen dute, eta beraiek dira euroa sartzeak prezioen gorakada ekarriko duela gehien sinesten dutenak. Erostera joan edo erosketa egitea ez da oso desberdina beraientzat eta, gainera, jarduera horiek ez dituzte gustuko.
  • Lanbide ordaindua duten emakumeak (30 – 60 urte)
    Elikagaiak kontsumitzean segurantzia eskasena hautematen dutenak eta merkataritza-plegu tradizionalekin (azokak, etab.) gehien sinesten dutenak dira hauek. Elikagai ekologikoen gaineko informazio txarrena jaso uste dutenak izaki, eurora aldatzeak kezka handia sortu du emakume hauengan baina prezioak asko garestituko ez direla espero dute. Erostera joatea erosketa egitea baino atseginagoa dute, baina biak dituzte gustuko.
  • Lanbide ordaindurik ez duten emakumeak (30 – 60 urte)
    Elikadura gaietan, informazio-iturri gisa lagun eta senideekin konfiantza handiena agertzen dutenak izateaz gainera, kontsumitzailearen eskubideak hobekien defendatzen dituena norbera dela gehien sinesten dutenak eta elikagaien iraungitze-datara gehien begiratzen dutenak dira hauek. Honek, informazio txarrena jasotzen duen eta (adin handikoekin batera) kezka handiena sentitzen duen taldetzat dauka bere burua. Tamalez, euroaren sarrerak prezioak garestituko dituela espero dute emakumeok, gainerako kontsumitzaileek baino tinkoago. Erosketa egitean denbora aurrezteko dirurik ordaintzeko inongo asmorik ez dute agertzen emakume hauek.
  • Adin handikoak (60 urtetik gorako gizon-emakumeak)
    Fruta eta barazkietan gehien sinesten dutenak izaki, hamburger eta antzeko jatetxeetako janariekin, izoztutakoekin eta aurrez prestatutakoekin gutxien fidatzen direnak dira. Hipermerkatuekin, marka berrien eta merkeenekin konfiantza gutxien agertzen dutenak dira. Kontsumo gaiei buruzko informazioarekin gogobetetze-mailarik garaiena erakusten dutenak. Etiketetako osagaien zerrenda ez dute ia inoiz kontsultatzen. Produktu eta zerbitzuak jasotzearren ordaintzen dutenagatik konpentsazio txikien hartzen dutenak dira, beren iritzian. Beraiek dira, era berean, kontsumitzaileen elkarteei kontsumitzailea defendatzeko unean betekizunik kaskarrena aitortzen dietenak, euroari buruz informazio txarrena jaso uste dutenak eta kezkarik handiena dutenak. Prezioak zertxobait garestituko direla aurreikusia dute. Erosketak egiteko garaian Internetekin mesfidantza handiena dutenak dira eta, denbora nahikoa eta gehiago dutenez, erosteko denbora murrizten lagunduko lieketen zerbitzuengatik ordaintzeko inolako asmorik ez dute agertzen. Zaharrak ez dira oso kontsumistak oraindik ere: erosketa egitea nahiago du talde honek (bakarrik) erostera joatea baino.
BAROMETROAREN FITXA TEKNIKOA
  • Unibertsoa: 14 urtetik gorako populazioa.
  • Lagina:5.000 kasu, hau da, %±1,41eko akats teorikoa, laginketa aleatorio soila denean, %95,5eko konfiantza-mailan (p=q=0,5).
  • Elkarrizketa mota: telefonozkoa, erdi-egituratutako galdategiarekin, 17 bat minutuko iraupenekoa.
  • Segmentuak: lagin orokorra, azterketa-segmentuen arabera, hurrengo sei azpi-laginetan banatu zen:
    • Lanbide ordaindua duten 14 eta 29 urte bitarteko gazteak (600 kasu)
    • Lanbide ordaindua ez duten 14 eta 29 urte bitarteko gazteak (600 kasu)
    • 30 eta 60 urte bitarteko gizonezkoak (1.000 kasu)
    • Lanbide ordaindua duten 30 eta 60 urte bitarteko emakumeak (800 kasu
    • Lanbide ordaindua ez duten 30 eta 60 urte bitarteko emakumeak (1.200 kasu)
    • 60 urtetik gorakoak (800 kasu)
  • Laginketa-prozesua: segmentu bakoitzeko azpi-lagina erdiesteko, laginketa polietapiko estratifikatu proportzionala egin zen, eskualde geografiko eta habitaten tamainen arabera, puntuen hautapen aleatorioa (herriei dagokienez) eta, telefono-listina euskailu harturik, hautazko aukeraketa eginez.
  • Landa-lana: 2001eko maiatzaren 7tik uztailaren 6ra bitartean egina.
  • Gainbegiraketa, arazketa, kodeztatzea eta grabaketa.

Lurraldea bereizgarri (ez oso, hala ere) eta konparaketako taula

Barometroa osatzeko kontuan hartu diren eskualde guztietako daturik bereizgarrienak ematen ditugu ondoren; batez besteko estandarretik bereizgarrienak diren datuak, alegia.

  • Iparraldea (Kantabria, Asturias eta Galizia)
    Elikagaien kontsumoa dela eta, konfiantza gutxien agertu dutenak. Elikagai freskoen etiketei arreta gehien eskualde honetan ematen zaie. Elikagai ekologiko gehien kontsumitzen dituztenak dira eta horri buruzko informazio hoberena dutela uste dutenak. Erosketak egiteko unean, Internetekin mesfidantza handiena agertzen dutenak.
  • Euskadi eta Nafarroako Autonomi Erkidegoak
    Elikagaien kontsumoa dela eta, konfiantza gehien agertzen dutenak. Marken informazioarekin gogobetetze-maila apalena agertzen dutenak. Etxebizitzako gastuagatik konpentsazio handiena jaso uste dutenak. Kontsumitzailea defendatzeko unean, horrelako elkarteen eginkizuna hobekien jasotzen dutenak. Elikagai ekologikoei buruzko informazio hoberena izatea sentitzen dutenak. Euroaz emaniko informazioarekin aseenak eta diru berria sartzearekin kezka gutxien sentitzen dutenak. Erosketak egiteko unean, Internetekin mesfidantza handiena agertzen dutenen artekoak eta erosketan denborarik aurreztuko luketen zerbitzuengatik ordaintzeko prestutasun gutxien agertu dutenak.
  • Mediterraneo aldea (Katalunia, Balearrak, Valentzia Erkidegoa eta Murtzia)
    Marken informazioarekin gogobetetze-maila garaiena agertzen dutenen artekoak. Estatu osoko batez bestekotik gertuen dabilen eskualdea da hori, oro har.
  • Bartzelona hiria
    Fruta eta barazkiekin konfiantza gehien agertzen dutenak eta elikagaien merkataritzan establezimendu tradizionalekin gehien sinesten dutenak. Produktu-markek ematen duten informazioarekin gogobetetze-maila apalena agertzen dutenak.
  • Madril hiria
    Janari azkarra ematen duten jatetxeekin mesfidantza gutxien (aski larria, dena dela) agertzen dutenak. Ostalaritzako gastuagatik konpentsazio txikiena jaso uste dutenak. Kontsumitzailearen interesak hobekien defendatzen dituztenak horrelako elkarteak direla gehien sinesten dutenak. Elikagai ekologiko gutxien kontsumitzen dituztenak eta, era berean, horri buruzko informazio okerrena uste dutenak. Erosketak egiteko unean, Internetekin mesfidantza txikiena agertzen dutenak eta erosketan denborarik aurreztuko luketen zerbitzuengatik ordaintzeko prestuen agertzen direnak.
  • Erdialdea (Errioxa, Aragoi, Madril, Gaztela-Mantxa, Gaztela-Leon, Extremadura).

    Euroa sartzearekin kezka gutxien sentitzen dutenak eta erosketan denborarik aurreztuko luketen zerbitzuengatik ordaintzeko prestutasun gutxien agertzen dutenak. Haragiarekin eta hipermerkatuekin konfiantza gehien agertzen dutenak. Kontsumoari buruzko informazioarekin aseen daudenak Elikagai ekologiko gutxien kontsumitzen dituztenak. Datorren urtean, kontsumoari buruzko informazioa nolakoa izango den galdeturik, erantzun baikorrenak eman dituztenak.

  • Andaluzia
    Elikagai ekologikoen eta, oro har, marken aurrean, konfiantza gehien agertzen dutenak. Hipermerkatuekin gehien fidatzen direnak. Kontsumoari buruzko informazioarekin (markek ematen dutenarekin, bereziki) aseenak. Gastuak, oro har, eta ostalaritzak bereziki kobratzen duenagatik konpentsazio handiena jaso uste dutenak. Euroa sartzearekin kezkatuenak eta horrek prezioen garestitzea ekarriko duela gehien espero dutenak. Erosketak egiteko unean, Internetekin mesfidantza txikiena agertzen dutenak.
  • Kanariak
    Arrainaren aurrean konfiantza gehien eta taberna eta jatetxeen aurrean gutxien agertzen dutenak. Kontsumoari buruzko informazioarekin asebetetze-mailarik apalena agertzen dutenak. Kontsumoari buruzko informazioan garrantzi handiena hedabideei eta ezagun eta senideei aitortzen dietenak. Elikagaien informazio iturritzat, enpresa, Administrazio eta komertzioari garrantzi gehien ematen dietenak. Ostalaritzan eginiko gastuagatik konpentsazio txikiena jaso uste dutenak. Kontsumitzailearen interesak hobekien defendatzen dituztenak beraiek direla hobekien hautematen dutenak. Euroari buruzko informazioarekin gogobetetze-mailarik apalena agertzen dutenak.
Kontsumitzailearen joerarik nabarmenak. Dekalogoa
  • Erosketan, funtzionaltasuna eskatzea.
  • Geroz eta berme handiagoak eta informazio hobeagoa eskatzea.
  • Dieta, osasuna eta norberaren zainketa arreta handiagoz arduratzea.
  • Produktu berrien garrantzia: aseguruak, finantza-zerbitzuak, etab.
  • Goraka datozen produktuak eskatzea: ekologikoak, bitaminez hornituak, etab.
  • Ingurugiroari dagozkion gaiekin geroz eta kezka handiagoa agertzea.
  • Elikagaien teknologian eginiko aurrerakuntza onartzea, “naturaltasuna” ororen gainetik lehenetsita.
  • Interneten aukera berrien aldeko apustu formal hutsa.
  • Kontsumitzaile den aldetik, zor zaizkion eskubideez kontzientzi maila handia.
  • Aisia eta astia, gastuaren izari berritzat hartua.