CONSUMERek 50. zenbakia atera du, kontsumitzaileari informazioa ematen lau urte eman ondoren
Aurtengo abendua, euroa indarrean sartu aurrekoa, oso berezia da CONSUMER aldizkariarentzat, 50. zenbakia duelako. Dagoeneko urruti dago 1997ko ekaina, EROSKI eta CONSUM aldizkariak -izen bereko kontsumo kooperatibek bi hamarkadatan zehar argitaratzen zituztenak-, bat egin eta CONSUMER aldizkaria sortu zen garaia. Gure aldizkari hau kontsumo arloko informazioan erreferentzia bihurtu da eta Espainiako estatuan tirada handieneko kontsumo aldizkaria.
Gure ikerketek gero eta oihartzun handiagoa dute hedabideetan eta agente ekonomiko eta sozialengan; gero eta sinesgarritasun handiagoa dugu irakurleen artean inkestetan ere hala helarazten digute eta beste hainbeste gertatzen da produktuen analisiek eta argitaratzen ditugun beste informazio batzuek herritarren kontsumo-ohituretan duten eraginarekin; horrek guztiak, beraz, behartu egiten gaitu gure eguneroko lanean darabilgun egia, zorroztasun tekniko eta erantzukizunarekiko konpromisoarekin.
Azken urteotan gauza asko aldatu da Eroski Taldea Fundazioak egiten duen informazio lanean, baina bere horretan dirau gure espirituak: kontsumitzaileari tresna praktiko eta erabilgarriak eskaintzea, erabaki onak hartu ahal izan ditzan bere eskubideei, ekonomiari, osasunari eta segurtasunari, ingurumenaren babesari eta gizarteko sektorerik ahulenekiko elkartasunari eragiten dioten gaietan.
Informazio horiek emateko Eroski Taldea Fundazioak erabiltzen dituen informazio-produktuak ere nabarmen ugaritu dira. Atera berri dugu zazpigarren CONSUMER Gida Praktikoa, “Cómo alimentarnos según nuestra edad y tipo de trabajo”, eta Interneten dugun esperientzian sakontzen jarraituko dugu: azken lau urteotan Sarean eskaintzen dugu CONSUMER aldizkaria eta duela hilabete batzuetatik hona kontsumo gaietako atari bat (Consumer.es), Eroski Taldea Fundazioaren adiskideen web gune bat (amigos.fundaciongrupoeroski.es) eta publiko espezifikoagoei zuzendutako beste web gune batzuk.
Planteamenduak gero eta helburu handiagoak ditu eta anitzagoa da, eta CONSUMER aldizkariaren 50. zenbakiak -elikadura arloko segurtasuna, produktuez jasotzen duen informazioa edo eurora aldatzeak izango dituen eraginez kontsumitzaileak dituen pertzepzio eta iritziei buruzko txosten esklusibo bat argitaratzen du-, zenbaki horrek, beraz, berretsi baino ez du egiten zorroztasun teknikoan, erabilgarritasunean eta kontsumitzailearen interes eta eskubideekiko konpromisoan oinarritutako lan-ildoaren sendotasuna.
Apaltasunez eta inolako handikeriarik gabe ospatuko dugu urteurrena, etxe honetan ohitura denez, eta geure buruari zorionak emango dizkiogu, kontsumitzaileari gero eta mundu konplexuago batean mugitzeko baliagarri izango zaizkion informazioak ematen jarrai dezakegulako. Zuek ere, irakurle maiteok, gurekin batera poztuko zaretela espero dugu eta aurrera ere sinesgarritasuna aitortuko diguzuela, hori gabe ez bailuke gure lanak zentzurik.